Asteartea, 2024ko apirilak 30
Gora joan
Menua

‘Bigarren sexua’: Simone de Beauvoir feminista bihurtu zuen saiakera

Irene Arrarats Lizeagak euskaratu du pentsalari frantsesaren klasikoa

2019-11-29

«Emakumea ez da jaiotzen. Egin egiten da». Esaldi ezagun horrek laburbiltzen du Simone de Beauvoirren Bigarren sexua saiakera. 1949an argitaratua, aitzindaria izan zen emakumearen ustezko izatearen naturalizazioa eta zapalketa sistemikoa azaleratzen, ikerlari baten zehaztasun eta sakontasunez.

Vatikanoak debekatutako liburuen zerrendan sartu arren, sekulako hedapena lortu zuen argitaratu eta segidan. Hala ere, benetako aitortza 70eko hamarkadako olatu feministarekin iritsi zitzaion, eta geroztik Mendebaldeko pentsamenduaren eta feminismoaren giltzarrietako bat da. Klasikoetan klasiko.

Eskafandra bildumak euskarara ekarri du Irene Arrarats Lizeaga itzultzailearen lanari esker, eta Iratxe Fresneda eta Nora Alberdik Bigarren sexua(z). Collage film laburra osatu dute, saiakeran planteatutako ildoei helduz. Klasikoa ez ezik, egun ditugun auzietako asko mahairatzen baititu Simone de Beauvoirren saiakerak.

Txillardegi, Simone de Beauvoir eta maitasuna Durangon

Landako guneko Goienkaleko 81. zenbakian izango da Jakinen standa

2019-11-24

Aurten argitaratutako nobedade sorta eramango du Jakinek Durangoko Azokara: Simone de Beauvoirren Bigarren sexua saiakera, Irene Arrarats Lizeagak itzulita; Maitasuna politikoa da Jakin aldizkariaren azken monografikoa; Txillardegi. Batasunaren pentsalaria Miren Rubio Iturria kazetariak idatzitako biografia eta Txillardegiren pentsamendua jasotzen duten hiru liburuki, Alaitz Aizpurua Joaristi filosofoak egindako hautaketarekin; eta, azkenik, Samara Velte kazetariaren ‘Nik sinesten dizut. Bortxaketaren kultura eta sanferminetako kasua’ saiakera.

Joxe Azurmendiren kongresuak 50 aditu elkartuko ditu

Izena emateko epea zabalik dago. Hizlarien artean daude Joseba Zulaika, Miren Azkarate, Joan Mari Torrealdai, Jule Goikoetxea, Markos Zapiain, Alaitz Aizpuru...

2019-11-19

Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, 1941) filosofoaren ekarpen emankorra egungo begiradatik aztertu eta landuko du Jakinek, UPV/EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuak. Horretarako, berrogeita hamar aditu elkartuko ditu abenduaren 11tik 13ra Donostiako San Telmo museoan. Parte hartzeko izen-ematea zabalik da: hemen.

Jakin 233-234: 'Maitasuna politikoa da' monografikoa

Maitasunaren ideologia aztertu dute hamaika adituk, eta Joxe Azurmendiren pentsamenduaz idatzi du Haritz Azurmendi Arrue filosofoak

2019-11-12

Maitasunaren ideologiak geure buruak, harremanak eta espazioa nola eraikitzen dituen aztertu du Jakinen 233-234 zenbaki bikoitzak hamaika aditurekin: Mari Luz Esteban, Zaloa Basabe Gutierrez, Irati Mogollon Garcia... Horretaz gain, Joxe Azurmendik naziotasunaren gainean eraiki duen pentsamenduaz idatzi du Haritz Azurmendi Arrue filosofoak.

“Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan” proiektuak irabazi du Martin Ugalde beka

Eneko Bidegain Aire, Ainhoa Larrañaga Elorza, Zuriñe Maguregi Sanchezek aurkeztu dute proiektua

2019-11-10

Martin Ugalde bekari esker, euskal hedabideek Euskal Herria nola irudikatzen eta izendatzen duten aztertuko dute Eneko Bidegain Aire, Ainhoa Larrañaga Elorza eta Zuriñe Maguregi Sanchez Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko ikus-entzunezko komunikazioko kideek. “Izan ala ez izen? Herriaren irudikapena euskal hedabideetan” euren proiektua saritu baitu epaimahaiak, aurtengo deialdiaren helburuekin bete-betean zetorrelako.

Hiru ardatz izango ditu lanak. Batetik, Euskal Herriaren irudikapenaren eta tratamenduaren argazkia osatuko dute mapak, terminoak, grafikoak nahiz datuak aztertuz. Bestetik, erabilera horren atzean dauden arrazoiak aletzen ahaleginduko dira kazetariekin izandako elkarrizketen bidez. Eta, azkenik, egoera horren aurrean aterabideak proposatuko dituzte. Horretarako, bost hedabide hartuko dituzte lagin moduan: Berria, ETB1, Euskadi Irratia, Euskal Irratiak eta Euskalerria Irratia.

8.000 euroko saria jasoko dute azterketa egin ahal izateko, eta emaitza idatziz aurkeztuko dute urtebete barru.

Berria Fundazioak, Martin Ugalde Kultur Parkeak, Elkar Fundazioak eta Jakin Fundazioak antolatzen dute beka, bi urtean behin, Andoaingo Udalaren laguntzarekin. Bekak bi gairen gaineko ikerketa egiteko aukera ematen du: Martin Ugalde bera ikertzeko aukera, eta euskal kazetaritzaren gaineko ikerketak egiteko aukera.

Mariano Ferrerren gogoetak Jakinen

Kazetari donostiarra Jakinen kolaboratzaile finko izan zen 90eko hamarkada hasieran

2019-07-15

«Komunikabideak askoz haratago doaz gaur egun: ustez deskribatzera edo aztertzera mugatzen diren errealitate horren elementu baldintzatzailea dira. Errealitatearen bilakaera aldaraz dezakete, haren izaera alda dezakete. Berez inoiz gertatuko ez zatekeen zerbait sortarazi ere egin dezakete». Mariano Ferrer kazetari eta adierazpen askatasunaren ekintzailearen hitzak dira, 1994an Jakinen idatzitakoak ‘Komunikabideak erakundeen gatibu’ artikuluan. Bizi osoan zehar izan zituen kezka eta borrokak ardazten zituen bertan. «Gaur egun komunikabideak dira, hiria, osasuna, hezkuntza edo ekologiaren maila berean, arazo garaikide handietako bat».