Osteguna, 2024ko maiatzak 02
Gora joan
Menua

'Nik sinesten dizut', bortxaketa kulturaren erradiografia

2016ko sanferminetako erasoaren harira, bortxaketa kulturaren gaineko liburua osatu du Samara Velte kazetariak

2019-05-05

2016ko sanferminetako talde bortxaketa abiapuntu hartuta, indarkeriaren eta bortxaketaren kulturaren inguruko erradiografia osatu du Samara Velte kazetariak Nik sinesten dizut Aleka bildumako liburuan. «Ez da kronika liburu lau bat», zehaztu du egileak. «Helburua da bortxaketaren kultura deitzen zaion hori aletzea, ulertzea eta deszifratzea; hain zuzen ere aldatzeko». Aditu, eragile nahiz kazetariak elkarrizketatu ditu horretarako.

Joxe Azurmendi Kongresua egingo da abenduan Donostian

Komunikazio proposamenak bidaltzeko epea zabalik da

2019-03-21

Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresua antolatu dute elkarlanean Jakinek eta EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateak Joxe Azurmendi filosofo eta jakinlariaren ibilbide eta pentsamendua aztertzeko. 2019ko abenduaren 11tik 13ra egingo da Donostiako San Telmo Museoan.

Jose Ramon Etxebarria, hegaldi luzeko 'txepetxa'

Irakasle, fisikari eta euskaltzalearen urratsei segika osatu du elkarrizketa Miren Rubio Iturria kazetariak

2019-03-06

Gure historia hurbilari leku egiteko Jose Ramon Etxebarriaren elkarrizketa sakona jaso du Jakin aldizkariaren Historia bizia sailak. Zentral nuklearren borroka, euskarazko materialaren idazketa, Espainiako erregearen kontrako Gernikako protesta, EHUko pankartako mugimendua... ezinbesteko memoria ariketa.

Txillardegiri eskainitako sailarekin abian da 'Dabilen pentsamendua' liburu bilduma

Jakinek eta UPV/EHUk elkarlanean osatu dute bilduma. Txillardegiren biografiarekin ekin dio, eta AEKren babesa jaso du lehen liburu honek

2019-02-06

XX. eta XXI. mendeko euskal pentsalari eta kulturgileen lana ezagutzera emateko osatu dute Jakinek eta UPV/EHUk elkarlanean Dabilen pentsamendua izeneko liburu bilduma berria. Aukeratutako lehen autorea Txillardegi da, eta bere biografia eta testu hautatuekin sail propioa izango du. Biografiak AEKren babesa jaso du, aurtengo Korrikako omendua izaki.

Euskaltzaletasuna eta feminismoa Bilbon

Bilboko Kafe Antzokiak, UEUk eta Jakinek antolatu dute 'Euskaltzaletasuna eta Feminismoa: zer ikasi, hura elikatu' ikastaroa

2019-01-27

Idurre Eskisabel eta Lorea Agirreren hitzaldiarekin abiatu da UEUk, Gabriel Aresti Euskaltegiak, Bilboko Kafe Antzokiak eta Jakinek elkarlanean antolatutako 'Euskaltzaletasuna eta Feminismoa: zer ikasi, hura elikatu' ikastaroa. Euskaltzaletasunaren eta feminismoaren arteko elkargune eta harremanez jardungo du ikastaroak, eta, bakarka nahiz solasaldian, zazpi hizlarik hartuko dute parte: aipatutakoez gain, Saioa Iraola Urkiola, Jaime Altuna Ramirez, Aizpea Otaegi Mitxelena, Itziar Gandarias Goikoetxea eta Amelia Barquín Lópezek.

Jakin 229: kultur esparruak eman duenari begira

Hamazazpi idazle nahiz irudigileren 2018ko kultur balantzea jasotzen du aldizkariak

2019-01-10

2018ak eman duenari erreparatuz osatu du Jakinek 229. zenbakia. Hausnarketa librean nahiz diziplinaka, hamar lagunek osatu dute kultur kronika. Sustrai Colina eta Izaro Ieregi sortzaileek idatzi dituzte testu nagusiak. Laburrago, librean jardun dute Alberto Barandiaran eta Nora Alberbide kazetariek; eta diziplinaka, berriz: Maite Berriozabal bertsolaritzaz, Xabier Gantzarain arte plastikoez, Ines Arrue Unanue zinemaz, Oier Guillan antzerkiaz, Peru Iparragirre literaturaz eta Gorka Erostarbe musikaz. Guztiak Txakur Gorria, Adur, Axpi, Dani Fano, Diego Pallés, Eider Eibar eta Paula Estevezen irudi-balantzeekin osatuta.
Kultur kronikaz gaindi, Garazi Arrula Ruizek itzulpengintzari eta identitatearen auziari heldu dio Gaiak sailean.