Ostirala, 2024ko apirilak 26
Gora joan
Menua
Eskafandra

‘Bigarren sexua’: Simone de Beauvoir feminista bihurtu zuen saiakera

Irene Arrarats Lizeagak euskaratu du pentsalari frantsesaren klasikoa

2019-11-29

«Emakumea ez da jaiotzen. Egin egiten da». Esaldi ezagun horrek laburbiltzen du Simone de Beauvoirren Bigarren sexua saiakera. 1949an argitaratua, aitzindaria izan zen emakumearen ustezko izatearen naturalizazioa eta zapalketa sistemikoa azaleratzen, ikerlari baten zehaztasun eta sakontasunez.

Vatikanoak debekatutako liburuen zerrendan sartu arren, sekulako hedapena lortu zuen argitaratu eta segidan. Hala ere, benetako aitortza 70eko hamarkadako olatu feministarekin iritsi zitzaion, eta geroztik Mendebaldeko pentsamenduaren eta feminismoaren giltzarrietako bat da. Klasikoetan klasiko.

Eskafandra bildumak euskarara ekarri du Irene Arrarats Lizeaga itzultzailearen lanari esker, eta Iratxe Fresneda eta Nora Alberdik Bigarren sexua(z). Collage film laburra osatu dute, saiakeran planteatutako ildoei helduz. Klasikoa ez ezik, egun ditugun auzietako asko mahairatzen baititu Simone de Beauvoirren saiakerak.

 

Ez zen feminista

«Lehorte garaia zen. Sufragismoaren mugimendu historikoa bukatua zen ordurako, eta 70eko hamarkadako olatu feminista iritsi gabea», gogorarazi du Arraratsek (entzun elkarrizketa). «Gainera, garai hartan berak ez zuen inolako kontzientzia feministarik. Filosofoa eta existentzialista zelako heldu zion gaiari».

Abiapuntu horri jarraituz, beraz, jabetu zen emakumearen zapalketaz. «Existentzialista zenez, esentziarik ez zegoela pentsatzen zuen, eta gako hori emakumeari aplikatzerakoan, ordura arte inork egin ez zuena egiten hasi zen: kulturaren mekanismo zapaltzaile batzuk deskubritzen». Alegia, emakume izatea ez dela izaera bat ondorioztatu zuen Simone de Beauvoirrek, egoera bat baizik. «Gizaki emeei izanarazten zaien hori delako emakume izatea». Eta hori hala izateko sistema oso bat zegoela azaleratu zuen. «Patriarkatuaren tripetan sartu zen nahi gabe».

 

Zirujau baten pare

Modu oso metodiko eta analitikoan lan egin zuen pentsalariak. «Hori izan zen berrikuntza. Analisi hotz hori egin izana, zirujau baten bisturia atera eta zorrotz eta hotz aritu baitzen analisian». Bere jakintza zabalari esker lortu zuen hori. «Existentzialismoa, antropologia, Hegelen ideiak... horiek guztiak gurutzatu zituen emakumearen egoerarekin».

Saiakera bi ataletan banatu zuen –horrela argitaratu du Eskafandrak liburua, bi liburukitan banatuta–. Lehenengo liburukiak emakumeari buruz esan dena aletzen du, hainbat ikuspegitatik. Bigarren liburukiak, berriz, emakumeen bizimoduari erreparatzen dio, bere egoera eta baldintzei: amatasunari, ezkonduaren bizimoduari, prostituzioari, lesbianen egoerari, haurtzaroari... Gainera, emakumeen kontra emandako justifikazioak ere aztertu zituen: «Aipu pila bat dago beste idazle eta filosofoenak. Platonekin hasi eta bukatu Kierkegaard, Schopenhauer... Horien justifikazioak ere jasotzen ditu».

 

Eskandalua klasiko

Kritika zaparrada jaso zuen argitaratu bezain pronto, dio Arraratsek. Halakoa izan zen Bigarren sexua-k sortu zuen harrabotsa, ezen lehen astean 22.000 ale baino gehiago saldu baitzituen. Elizak eta pentsalari kontserbadoreek ez ezik, kamaradatzat ere izan zituenek egin zuten bere aurka. «Esaterako, bere laguna zen Albert Camus idazlea haserretu egin zitzaion. Gizaseme frantsesa barregarri utzi zuela esan zion».

Eskertza zaparrada ere etorri zitzaion. «Emakume pila batek idatzi zion eskerrak emanez. Jende askorentzat begiak zabaltze moduko bat izan zen: hain zoritxarreko sentiarazten zituen hori beraiei bakarrik gertatzen ez zitzaiela konturatu zirelako, egitura eta arrazoi sakonak zeudelako hor atzean. Urteetan jaso zituen eskutitzak».

 

Egun ere baliagarri

«Gure errealitatea hortxe dago». Simone de Beauvoirren liburuaz ari da Arrarats. «Hau irakurri eta konturatzen zara orain dela 40 urte esandakoak berriro esaten ari garela, baina kontzientziarik gabe». Horregatik da garrantzitsua euskaraz ere Bigarren sexua eskura izatea, azpimarratu du Arraratsek, egungo auzietako askori heltzen diolako Simone de Beauvoirren klasikoak.

Ildo berean, eta saiakerari hedapena emateko asmoz, Bigarren sexua(z). Collage film laburra osatu dute Iratxe Fresneda eta Nora Alberdi zinegileek. Horretarako, hainbat elkarrizketa egin dituzte: Amaia Lasa, Jule Goikoetxea, Jenofa Berhokoirigoin... Horien hitzak uztartzeko gero pentsalari frantsesarenarekin.

Hemen teaserra