Ostirala, 2024ko apirilak 26
Gora joan
Menua

“Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan” proiektuak irabazi du Martin Ugalde beka

Eneko Bidegain Aire, Ainhoa Larrañaga Elorza, Zuriñe Maguregi Sanchezek aurkeztu dute proiektua

2019-11-10

Martin Ugalde bekari esker, euskal hedabideek Euskal Herria nola irudikatzen eta izendatzen duten aztertuko dute Eneko Bidegain Aire, Ainhoa Larrañaga Elorza eta Zuriñe Maguregi Sanchez Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko ikus-entzunezko komunikazioko kideek. “Izan ala ez izen? Herriaren irudikapena euskal hedabideetan” euren proiektua saritu baitu epaimahaiak, aurtengo deialdiaren helburuekin bete-betean zetorrelako.

Hiru ardatz izango ditu lanak. Batetik, Euskal Herriaren irudikapenaren eta tratamenduaren argazkia osatuko dute mapak, terminoak, grafikoak nahiz datuak aztertuz. Bestetik, erabilera horren atzean dauden arrazoiak aletzen ahaleginduko dira kazetariekin izandako elkarrizketen bidez. Eta, azkenik, egoera horren aurrean aterabideak proposatuko dituzte. Horretarako, bost hedabide hartuko dituzte lagin moduan: Berria, ETB1, Euskadi Irratia, Euskal Irratiak eta Euskalerria Irratia.

8.000 euroko saria jasoko dute azterketa egin ahal izateko, eta emaitza idatziz aurkeztuko dute urtebete barru.

Berria Fundazioak, Martin Ugalde Kultur Parkeak, Elkar Fundazioak eta Jakin Fundazioak antolatzen dute beka, bi urtean behin, Andoaingo Udalaren laguntzarekin. Bekak bi gairen gaineko ikerketa egiteko aukera ematen du: Martin Ugalde bera ikertzeko aukera, eta euskal kazetaritzaren gaineko ikerketak egiteko aukera.