Osteguna, 2024ko maiatzak 02
Gora joan
Menua

Azkueren obra digitalizatu du Jakinek

Resurreccion Maria Azkueren argitaratutako obra guztia dago sarean eskura

2018-12-26

Resurreccion Maria Azkueren 922 idazlan katalogatu eta digitalizatu ditu Jakinek Euskaltzaindiarentzat, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Denetarikoak: artikuluak, liburuak, gutunak nahiz itzulpenak. Lehen argitalpena 1888koa da, eta azkena 1951koa. Horien artean Azkueren lau liburu enblematikoak topatuko ditu erabiltzaileak: Diccionario vasco-español-francés, Cancionero popular vasco, Morfología vasca eta Euskalerriaren yakintza.

Horiek guztiak daude orain herritarren eskura Euskaltzaindiaren webgunean, «Resurreccion Maria Azkue» atalean. Urteka, gaika nahiz hitzen bidez bilaketak erraz egiteko moduan.

Akademiako lehen euskaltzainburua izan zenari omen egin nahi dio horrela Euskaltzaindiak. Jakin ere bat dator Azkueri egin nahi zaion aitortzarekin, bere obra digitalki denon eskura ipiniz.

 

«Jakin plaza izan da»

Gipuzkoako 2018ko Urrezko Domina jaso du Jakin Taldeak pentsamenduan, kultur eragiletzan, argitalpengintzan, euskal kulturan, euskara batuaren bultzadan eta transmisioan egindako lanarengatik

2018-12-20

Jakinen talde historikoak jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina. Pentsamenduan, kultur eragiletzan, argitalpengintzan, euskal kulturan, euskara batuaren bultzadan eta transmisioan egindako lanaren aitortza da saria, Aldundiaren hitzetan.

Itxaron zerrenda zabalik da 'Euskaltzaletasuna eta Feminismoa: zer ikasi, hura elikatu' ikastarorako

90 lagun baino gehiagok eman dute izena Bilboko Kafe Antzokian egingo den ikastaroan

2018-12-03

Urtarrilaren 28an hasiko den 'Euskaltzaletasuna eta Feminismoa: zer ikasi, hura elikatu' ikastarorako lekuak agortu dira. Itxaron zerrenda zabalik da hemendik aurrera matrikulatuko direnentzat. Hileko azken astelehenetan arituko dira solasaldian Idurre Eskisabel Larrañaga, Lorea Agirre Dorronsoro, Saioa Iraola Urkiola, Jaime Altuna Ramirez, Aizpea Otaegi Mitxelena, Itziar Gandarias Goikoetxea eta Amelia Barquín López.

Bertsolaritza genero ikuspegitik

Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolariek eta Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabarrek eta Mariñe Arbeok osatu dute horma-irudia

2018-11-27

Genero ikuspegitik, bertsolaritzaren azken lau hamarkadak errenditu dituzte horma-irudi bakarrean. Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolariek eta Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabarrek eta Mariñe Arbeok osatu dute, «modu artistikoan» irudikatuta eta begi-kolpe azkarrean jasotzeko moduan.

Emakumeen gorputza menperatzeko ituna

Maialen Berasategik itzuli du Carole Patemanen 'Kontratu sexuala' saiakera

2018-11-22

Emakume eta gizonen arteko desberdintasun sozialen erroetara jo zuen Carole Pateman politologo feminista britainiarrak The Sexual Contract saiakeran. 1988an argitaratua, emakumeen gorputza menperatzeko dagoen gizarteko hitzarmen patriarkala azaleratzen du liburuak. Jean-Jacques Rousseau pentsalariak izendatutako kontratu sozialaren oinarrian itun sexual-soziala baitago, egilearen hitzetan. Maialen Berasategi Catalán itzultzaileak ekarri du euskarara Eskafandra bildumarako.

Utopia 68/18: iruditeria berrien bila

Jakin Jardunaldian eztabaidatutakoa dakar osatuta Jakinen 227-228. zenbaki bikoitzak

2018-10-28

Utopia 68/18. Iruditeria berrien bila Jakin Jardunaldian eztabaidatutakoa dakar orain osatuta Jakinen 227-228. zenbaki bikoitzak: utopiaren esanahiaren aldaketa aztertu dute Alba Garmendia EHUko filosofian doktoregaiak eta Eduardo Apodaka EHUko irakasle eta soziologoak; Elixabete Garmendia Lasa kazetariak Euskal Herriko 60ko utopiei erreparatu die; zaintzari eta sozioekologiari buruz osatu dute artikulua Uzuri Aboitiz Hidalgo antropologian doktoregaiak, Iñaki Barcena EHUko irakasleak eta Anaiz Agirre eta Xabier Harluxet Bizi! mugimenduko kideek; bizipen zehatzak ere gerturatzeko jaso ditugu Amaia Lasa idazleari, Begoña Zearreta adinekoen egoitzetako langileari eta Begoña Huarte ekintzaileari egindako elkarrizketak.