Osteguna, 2024ko maiatzak 02
Gora joan
Menua

Lehendakariaren lekukotza

Carlos Garaikoetxea lehendakariari egindako elkarrizketa luzea plazaratu du Aleka bildumak

2018-10-16

Francoren diktaduraren osteko lehen lehendakaria izan zen Carlos Garaikoetxea. Enpresa munduan eta Nafarroako ikastolen aldeko mugimenduan buru-belarri ibilia zen ordurako. Lehen legealdia gogorra bezain oparoa izan zela gogoan du Garaikoetxeak, dena hutsetik hasi behar zuen gobernuko buru izaki. Bigarren legealdia ezin izan zuen amaitu, ordea; EAJren baitan sortutako krisiagatik dimisioa aurkeztu zuen, eta EA alderdiko hautetsi eta presidente gisa jarraitu zuen politikagintzan.

Bere ibilbideaz luze bezain zabal aritu da solasean Garaikoetxearekin Elixabete Garmendia Lasa kazetaria. Politikari gisa emandako urteez gain, bere senide, zaletasun eta kezkei buruz ere galdetu dio. Solasaldi horien emaitza da elkarrizketa liburu hau: Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari.

Lehendakaria gertutik ezagututako zortzi lagunen hitzekin osatu du elkarrizketa: Mirentxu Purroy eta Charo Zarzalejos kazetariak, Pedro Miguel Etxenike fisikari eta lehen Jaurlaritzako Kultura sailburua, Ignacio del Burgo, Patxi Zabaleta eta Koldo Amezketa politikariak, Mari Carmen Garmendia ekonomilaria eta lehen Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, eta Maritxu Uria, Imanol Murua Zarauzko alkate eta Gipuzkoako diputatu nagusi izandakoaren emaztea. Horiek guztiek esandakoekin jaso du Garmendia Lasa kazetariak Carlos Garaikoetxearen lekukotza.

Hurrengo belaunaldiei

Euskaltzaindiaren euskara batuaren adierazpena landu eta irakurri zuen Joan Mari Torrealdaik akademiaren Mendeurren Biltzarrean

2018-10-06

Jakinek eta euskara batuak elkarrekin egin dute bidea aldizkariaren sorreratik bertatik. Horregatik, euskara batuaren 50. urteurrenean ere, bat hartuta izan dira: Euskaltzaindiak Joan Mari Torrealdai euskaltzain eta Jakin Fundazioko lehendakariari eman dio euskara batuaren adierazpena idatzi eta irakurtzeko enkargua, akademiaren XVII. Biltzarraren amaierako ekitaldian.

Hitzaldiak: 'Utopia 68/18 . Iruditeria berrien bila'

Berria egunkariak grabatu ditu Jakin Jardunaldiko hitzaldi guztiak.

2018-07-13

68ko Maiatzetik mende erdia pasa dela eta, bederatzi aditu eta aritu elkartu ditu 'Utopia 68/18. Iruditeria berrien bila' Jakin Jardunaldiak uztailaren 12 eta 13an Usurbilen, UEUren ikastaroen baitan. Hitzaldi guztiak dituzu ikusgai Berria egunkariaren eskutik.

'Euskaltzaletasuna eta Feminismoa' ikastaroko hitzaldiak ikusgai

Mari Luz Esteban, Miren Artetxe, Amelia Barquín, Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Ane Labaka, Jaime Altuna eta Aizpea Otaegik hartu dute parte hitzaldietan

2018-06-28

Hizkuntzaren eta generoaren arteko gurutzaketaz jarduteko osatu dugu 'Euskaltzaletasuna eta Feminismoa: zer ikasi, hura elikatu' ikastaroa UEUk, Oihaneder Euskararen Etxeak eta Jakinek elkarlanean. Hilean behin gonbidatu dugu adituren bat Gasteizko Oihanederren egoitzara eta bertan eskainitako hitzaldi eta mahai-inguruak dituzu orain ikusentzunezko bihurtuta. Bost guztira, honako adituekin: Mari Luz Esteban, Miren Artetxe, Amelia Barquín, Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Ane Labaka, Jaime Altuna eta Aizpea Otaegi. Guztien bideoak ikusteko sartu albistean.

Jakin 226: Zenbat gara? Kultur kontsumoaren mugak eta aukerak

Josu Amezaga, Gorka Arrese, Arantxa Iturbe, Olatz Osa eta Joxemari Sorsek hausnartu dute kultur kontsumoaz. Liburugintzaz, aldiz, Joan Mari Torrealdaik.

2018-06-26

Euskal kultur kontsumoaz Elkar Fundazioak Siadeco Ikerketa Elkarteak ateratako argazkia begirada zorrotzez behatu dute Josu Amezaga, Gorka Arrese, Arantxa Iturbe, Olatz Osa eta Joxemari Sorsek Jakinen 226. zenbakian. Datuetatik haratago jotzeko. Beste hainbeste egin du Joan Mari Torrealdaik 2016ko liburu ekoizpenaren ikerketarekin.

Jakin Jardunaldia: '68/18 Utopia. Iruditeria berrien bila'

Egun utopia zer den eta non kokatzen dugun aztertuko du jardunaldiak bederatzi aditu eta ariturekin.

2018-05-28

Mende erdi pasa da 68ko Maiatzetik. Aukera aparta da egungo aldarri eta gizarte auzi eta eraldaketei erreparatzeko. Bederatzi aditu eta aritu bilduko ditu horretarako 'Utopia 68/18. Iruditeria berrien bila' Jakin Jardunaldiak. Jarraitu zuzenean Berriarekin.