Asteazkena, 2024ko apirilak 24
Gora joan
Menua
Durangoko Azoka

Txillardegi, Simone de Beauvoir eta maitasuna Durangon

Landako guneko Goienkaleko 81. zenbakian izango da Jakinen standa

2019-11-24

Aurten argitaratutako nobedade sorta eramango du Jakinek Durangoko Azokara. Alde batetik, argitaratu berri den Eskafandra bildumako Simone de Beauvoirren Bigarren sexua saiakera izango da Jakinen standean, Irene Arrarats Lizeagak itzulita. Alboan izango du Maitasuna politikoa da Jakin aldizkariaren azken monografikoa, maitasunaren ideologiari buruzko bederatzi artikulurekin.

Gainera, aurten omendua izan den Txillardegiren lau liburu ere izango dira eskura: Txillardegi. Batasunaren pentsalaria Miren Rubio Iturria kazetariak idatzitako biografia, eta Txillardegiren pentsamendua jasotzen duten hiru liburuki, Alaitz Aizpuru Joaristi filosofoak egindako hautaketarekin. Azkenik, Samara Velte kazetariaren ‘Nik sinesten dizut. Bortxaketaren kultura eta sanferminetako kasua’ saiakera ere izango da standean.

Guztia Durangoko Azokaren bihotzean, Goienkaleko 81. zenbakian.

 

MAITASUNA POLITIKOA DA

Maitasunaren ideologiak geure buruak, harremanak eta espazioak nola eraikitzen dituen aztertu du Jakin-en 233-234 zenbaki bikoitzak hamaika aditurekin: Mari Luz Esteban, Zaloa Basabe Gutierrez, Irati Mogollon Garcia... Horretaz gain, Joxe Azurmendik naziotasunaren gainean eraiki duen pentsamenduaz idatzi du Haritz Azurmendi Arrue filosofoak.

 

 

SIMONE DE BEAUVOIR: ‘Bigarren sexua

“Emakume ez da jaiotzen: egin egiten da. Ezein destino biologikok, psikikok, ekonomikok ez du definitzen gizaki emeak gizartean duen irudia; zibilizazio osoak sortzen du gizonaren eta zikiratuaren tarteko emaitza hori, femeninotzat jotzen den hori”. Emakumetzat jotzen den horren eraikuntza aztertu eta aletu zuen Simone de Beauvoirrek Bigarren sexua saiakera mardulean. Liburu klasiko bat da feminismoaren baitan, baina baita pentsamendu eta politikaren eremuan ere. Bi liburukitan banatuta, Irene Arrarats Lizeagak ekarri du euskarara Eskafandra bildumarako.

 

TXILLARDEGI: Biografia eta antologiak

Dabilen pentsamendua bildumak XX. eta XXI. mendeko euskal pentsalari eta kulturgileen lana ezagutzera eman nahi du, egilekako eta gaikako antologiekin. Hautatutako lehen autorea Txillardegi da. Izan ere, XX. mendeko bigarren erdiko une erabakigarri guztietan Euskal Herriak behar izan duen pertsona izan da Txillardegi, Joxe Azurmendi filosofoaren hitzetan. Pentsalari zein eragile, aitzindari izan baita Txillardegi hainbat arlotan. Ekarpen hori aitortu eta ezagutarazi nahi du bildumak, bere ibilbidea kokatzen duen biografiarekin aurrenik, Miren Rubio Iturria kazetariak osatu duena, eta testu hautatuekin osatutako liburukiekin ondoren, Alaitz Aizpuru Joaristik egindako hautaketarekin. Hain zuzen ere, honakoak: Euskara batua, Hizkuntzaren filosofia eta Nazioa auzia.

 

NIK SINESTEN DIZUT’: Samara Velte

Nik sinesten dizut ez da 2016ko sanferminetan gertatutako taldeko bortxaketari buruzko kronika liburu soil bat. Ikuspegi kritiko batetik aztertzen du auzia, eta agerian uzten du nola gurutzatzen diren indarkeria sexistaren hainbat forma kasu bakar batean: biolentzia fisikoaz harago, nola osatzen duten erasoa epaiketan ateratako argudio sexistek eta paraleloan zabaldutako epaiketa mediatiko eta sozialak. Liburu honen helburua da bortxaketaren kultura deitzen zaion hori aletzea, ulertzea eta deszifratzea; hain zuzen ere, kultura hori aldatzeko.