Asteartea, 2024ko martxoak 19
Gora joan
Menua

Liburu behatokia

Sarrera

Liburuaren eta batez ere euskal liburuaren behaleku izateko bokazioz jaio den gune honek liburuaren inguruko informazioa bildu, aztertu eta eskaini nahi du. Eta informazioa jakintza bihurtu.

Liburuak definizio zabala du, eta are zabalagoa da bere mundua. Edozein delarik euskarria, prozesu baten katebegi bat da liburua, guztiz lotua autorearekin, irakurlearekin, argitaratzailearekin, banatzaile zein liburu dendarekin. Hori guzti hori da liburuaren mundua.

Behatokiaren oinarria eta funtsa euskal liburuen katalogoa da, XX. eta XXI. mendeetako fitxa bibliografikoz osatua.

Fitxa bibliografikoak hamazazpi osagai biltzen ditu, horien artean: titulua, autorea, itzultzailea, moldatzailea, marrazkilaria, argitaldaria, urtea, bilduma, edizioa, orrialde kopurua, gaia.

XX. mendearen hasieratik XXI. mendeko lehen 12 urte bitartean 50.265 titulu bildu ditugu , erditik gora (%52,5) mende berriko lehen 12 urteetakoak. XX. mendearen aurreko urteetan, 1935 arte, urteko 36 titulu atera ohi ziren, frankismo garaian 50 titulu eta geroztik 1.300dik gora . XXI. mendean, urteko batez bestekoa 2.200 titulu da.

Kontu bakarra ez da zenbat titulu ateratzen den, baizik eta zer-nolakoak diren, gizarte ereduaren arabera aldatzen baitira. Adibidez, berrargitalpena, egun, produkzio osoaren %30 pasea da, eta frankismoan %7 besterik ez, aurreko aldian baino ere gutxiago (%13). Hemen ikusten da frankismo garaian, adibidez, liburuak bizitza sozial oso eskasa izan zuela: gogoratu erbestea, klandestinitatea, zentsura.

Gaur egun irakaskuntza sailean argitaratzen da gehien, baina ez da izan beti horrela . Franco hil ostean, euskal kultura normalizatzen hasi zenean, alegia, liburugintzak haur eta gazteen mundua landu du gehiena, gaur arte. Frankismo garaian gai sail landuenak literatura eta erlijioa izan ziren. Eta aurreko garaietan erlijiozko liburuak ziren nagusi, eta ondoren literatura.

Literaturaren barruan ere generoen tratamendua garai batetik bestera nabarmen aldatzen da . Garai berrietan narratiba da nagusi (%67,6), olerkiaren aurretik (%14,7). Frankismo garaian bien arteko aldea txikiagoa zen askoz: narratibak %35 egiten zuen, eta olerkiak %24. Aurreneko garaian, aldiz, ez bata eta ez bestea ziren garaile, antzerkia baizik (%51,5).

Informazio hori guztia jakin-mina duen nornahiren esku dago katalogoan, iristeko modu ugari erabil daitezkeelarik; nagusiki, titulua, egilea, data, gaia, editorea, edizioa.