Asteartea, 2024ko martxoak 19
Gora joan

Nor garen Jakin talde berria

1977tik aurrera modu finkoan Jakin gidatu duen talde historikoa osatu dute Joseba Intsaustik, Jose Azurmendik, Paulo Agirrebalatzategik eta Joan Mari Torrealdaik. Aurretik –1959tik, aldizkariaren beraren ia sorreratik–, Jakin proiektuaren inguruan ibili dira beste askorekin batera. Hamarkada luzeetan lan eskerga egin eta gero, 2014ko maiatzaren 15ean erreleboa eman zioten talde berri bati.

Eta, horrenbestez, Jakineko zuzendaria orain Lorea Agirre da, Joan Mari Torrealdairen lekua hartuta, eta Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakari kargura igaro da, eta baita talde berriko kide izatera ere.

Guztira hamalau laguneko taldea osatu da Jakin aurrera eramateko. Joan Mari Torrealdai eta Lorea Agirrez gainera, Haizea Barcenilla, Harkaitz Cano, Xabier Eizagirre, Idurre Eskisabel, Patxi Juaristi, Joan Mari Larrarte, Maialen Lujanbio, Imanol Murua, Andoni Olariaga, Olatz Osa, Gexan Sors eta Eguzki Urteaga dira jakinlari berriak.

Lorea Agirre
(Beasain, 1968)

Informazio Zientzietan eta Antropologian doktore-gai da Euskal Herriko Unibertsitatean. Hizkuntza, kultura eta komunitatearen arteko loturak dira bere ikergai nagusiak. Argia, Euskaldunon Egunkaria eta Berria-n aritu da kazetari. Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean irakasle izan zen, eta fakultate bereko Sorguneak ikerguneko kide. Gezurra ari du. Egunkariaren itxieraren kronika (Euskal Editorea, 2004) liburuaren egilea da, eta baita Rosa Luxemburg eta Joxemi Zumalaberen biografia banarena ere.

Haizea Barcenilla
(Lezo, 1981)

Artearen Historian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta arte komisariotzako masterra egina du Londresko Unibertsitateko Goldsmiths College-n. EHUko Artearen eta Musikaren Historia Saileko irakaslea da. Bere ikergai nagusiak dira gizarte antolakuntzarekin lotura duen artea, eta artearen historiaren eraikuntzaren azterketa, batez ere genero ikuspegi batetik. Arte kritikaria izan da Berria-n eta Gara-ren egunkariaren Mugalari gehigarrian. Erakusketa askoren antolatzaile eta komisarioa izan da, eta erakusketetako katalogo askotako testuen egilea.

Harkaitz Cano
(Lasarte-Oria, 1975)

Zuzenbidean lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Idazlea da. Lubaki idazle gazteen taldeko kide gisa hasita, ibilbide oparoa egin du euskal literaturgintzan. Besteak beste, Belarraren ahoa (Alberdania, 2004) eta Twist (Susa, 2011) nobelen egilea da (Euskadi Sariaren irabazleak biak, 2005 eta 2012an hurrenez hurren), eta baita Neguko zirkua (Susa, 2005) narrazio liburuarena eta Kea behelainopean bezala (Susa, 1994) eta Norbait dabil sute-eskaileran (Susa, 2001) poema liburuena ere.

Xabier Eizagirre
(Zarautz, 1966)

Filosofian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. EHUko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakaslea izan zen. Hainbat argitalpen egin ditu zientziaren filosofiaren esparruan; besteak beste: Zer da zientzi teoria delako hori? (EHU, 1992; Patxi Baztarrika, Andoni Ibarra eta Jabier Oiangurenekin batera), Zientzi razionaltasuneranzko urratsak (EHU, 1998; Andoni Ibarrarekin batera), Dogmak zientzian? (Jakin, 2003; Juan Bautista Bengoetxearekin batera). 1999tik Jakineko erredakzio arduradun izan da, eta 2014tik aurrera erredakzio buru izango da.

Idurre Eskisabel
(Beasain, 1970)

Kazetaritzan eta Antropologian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. EHUko Kazetaritza II Saileko irakaslea da. Egiten ari den doktorego tesian, euskal izendegitik abiatuta genero eta nazio identitateak nola eraikitzen diren eta elkarri nola eragiten dioten aztertzen ari da antropologiaren eta komunikazioaren ikuspegitik. Kazetaritzan ibilbide luzea du: Euskaldunon Egunkaria eta Berria-n egin du lan, eta hainbat hedabiderekin kolaboratu du: Euskadi Irratia, Euskalerria Irratia, Info7 irratia, Goierritarra aldizkaria, Goierri TB... Gaur egun eguneroko zutabegilea da Berria-n.

Patxi Juaristi
(Markina-Xemein, 1967)

Soziologian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. 1993tik EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakaslea da. Euskal kulturari buruz, euskaldunon balioei, euskarari eta orokorrean hizkuntzei buruzko hainbat ikerketa, artikulu eta liburu argitaratu ditu, baita Gerra Zibilari loturiko hainbat ere. 2000ko Euskaltzaindiaren Mikel Zarate saiakera saria irabazi zuen (Euskal Herria globalizazioaren aurrean, BBK-Euskaltzaindia, 2001), eta 2009ko Arabako Foru Aldundiaren Becerro de Bengoa saiakera saria (Maiatzeko artoaren ardura eta bost seme-alaba dauzkana ez dago musika bila, Arabako Foru Aldundia, 2010).

Joanmari Larrarte
(Hernani, 1967)

Euskal Filologian lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean. Hainbat lan eta kargu bete ditu euskalgintza eta kulturgintzaren esparruan: euskara irakasle eta didaktikaria AEKn (1987-1994), Gipuzkoako AEKren arduraduna (1994-1999), Martin Ugalde Kultur Parkeko koordinatzailea (1999-2003), Egunkaria SAren kudeatzailea (1999-2003) eta Berria Taldeko kontseilari ordezkaria (2003-2013). 2013tik aurrera Berria Taldeko Marketin eta Publizitate Sailaren arduraduna da.

Maialen Lujanbio
(Hernani, 1976)

Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bertsolaria da. Plazaz plazako bertso jardunean ibili luzea du egina, eta horretan dihardu gaur egun ere. Bertso txapelketetan parte hartu izan du; 2009an Euskal Herriko txapeldun izan zen, eta 2013an txapeldunorde. Bertsozale Elkarteko lantaldeetako kide da. Bertsogintzatik abiatuta, beste esparru batzuetako sortzaileekin elkarlanean ari da. Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoa burutu zuen, eta ikasturte haren emaitza da Hau koaderno bat zen (Lanku, 2010). Hainbat hedabiderekin kolaboratu du: Berria, Argia, Euskadi Irratia...

Imanol Murua Uria
(Zarautz, 1966)

Informazio Zientzietan lizentziaduna da eta Gizarte Komunikazioan masterra egina du Euskal Herriko Unibertsitatean. Argia, Euskaldunon Egunkaria, Jakin, Egunero eta Berria-n aritu da kazetari. Gaur egun, ETAren jardun armatuaren bukaerari buruzko doktorego tesia egiten ari da Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroan. Besteak beste, liburu hauek argitaratu ditu: Suetena Belfasten (Susa, 1996; Humberto Unzuetarekin batera), Palestina zauritua (Susa, 1998), Euskaltzaindia. Ekin eta jarrai (Euskaltzaindia, 2009; Joan Mari Torrealdairekin batera) eta Loiolako hegiak (Elkar, 2010).

Andoni Olariaga
(Berriz, 1984)

Filosofian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Doktorego tesian erlatibismoaren azterketa egiten ari da amerikar pragmatismoaren pentsamendutik abiatuta, batez ere epistemologiaren esparruan dauden afera nagusiak aztertuz. Udako Euskal Unibertsitatean Filosofia Saileko arduradun izandakoa, eta Euskal Herriko pentsamendu kritikoa XX-XXI. mendeetan graduondokoaren sustatzaileetako bat, irakasle izateaz gain. Gara egunkarian kolaboratzaile izan da. Jon Jimenezekin batera Modernitatearen auziaz saiakera idatzi du (Jakin, 2009).

Olatz Osa
(Oñati, 1970)

Pedagogian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Hainbat urtez egin zuen lan EKBn, eta urtebetez Donostiako Ilazki euskaltegiaren zuzendaria izan zen. Hamar urtetik gora dira Elkar argitaletxean lanean hasi zenetik. Elkar argitaletxeko zuzendaria da gaur egun, eta Euskal Editoreen Elkarteko lehendakariordea..

Gexan Sors
(Errenteria, 1983)

Enpresa Zientzietan lizentziaduna da eta Kanpo Merkataritzan masterra egina du Deustuko Unibertsitatean. Euskadiko Kutxan, Ederton, AMPOn eta Plazagunean ibilia da lanean. Gaur egun Elkar Taldeko marketin zuzendaria da.

Joan Mari Torrealdai
(Forua, 1942)

Teologian eta Informazio Zientzietan lizentziaduna eta Soziologia eta Zie Poln doktorea da. Jakin aldizkariaren zuzendaria izan da 1967tik 2014 arte, eta gaur egun Jakin Fundazioaren lehendakaria da. Ibilbide luzea du euskalgintza eta kulturgintzaren esparruan: Anaitasuna hamabostekariaren zuzendaria; Elkar argitaletxearen sortzaileetako bat, eta Elkar Fundazioaren Patronatuko kidea; Euskaldunon Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko kidea eta lehendakaria... Bere ikergai nagusiak dira euskararen eta euskarazko kultura idatziaren historia soziala, liburuaren mundua, euskarazko komunikabideak eta zentsuraren auzia frankismo garaian. Hainbat aldizkaritan (Jakin, Anaitasuna, Egan, RIEV, Euskera...) idatzitako artikulu ugariez gain, 20 liburutik gora argitaratu ditu; besteak beste: Euskal idazleak, gaur (Jakin, 1977), Euskal kultura gaur. Liburuaren mundua (Jakin, 1997) eta Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura (1936-1983) (Susa, 2000), baita XX. eta XXI. mendeko euskal liburu guztien katalogoak ere. 2007tik euskaltzain osoa da.

Eguzki Urteaga
(Biarritz, 1973)

Soziologian doktorea eta lizentziaduna da Victor Segalen Bordeaux 2 Unibertsitatean, eta Historian lizentziaduna Pau et des Pays de l’Adour Unibertsitatean. Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakaslea da, eta ikertzaile atxikia Social and Business Research Laboratory ikerketagunean. Europako hainbat unibertsitatetan (Bordele, Lovaina, Coimbra, Paris, Rennes) irakasle gonbidatua izateaz gain, 29 liburu argitaratu ditu, baita 150 artikulu zientifiko baino gehiago ere Europa, Hego Amerika eta Kanadako aldizkari zientifikoetan. Pariseko Mare et Martin argitaletxeko bilduma zuzendaria da eta hainbat hedabiderekin kolaboratzen du: ETB, Radio Euskadi, Deia, Gara...

Jakin talde berriaren argazkia