Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 27
Gora joan

Soziolinguistika

Txerra Rodriguez
Txerra Rodriguez

Emuneko hizkuntza aholkulari legez egiten dut lan. Beraz, soziolinguistika aplikatuan jarduten dut bete-betean, ahaztu barik soziolinguistika teorikoa eta, batez ere, soziolinguistika horren dibulgazioa (eta jendarteratzea). Jakinek beste aukera bat eman dit horretan aritzeko, aukera nagusia Garaigoikoa bloga izaten jarraitzen duen arren.

2017-11-08

Aldaketa sozialaren ebaluazio fidakorra izateko, konparatzeko moduko neurketak ez ezik, ahalik eta kasu gehienetan errepikatzen diren neurketak ere behar ditugu. Hain zuzen ere, orain gutxi kaleratu diren Inkesta Soziolinguistikoaren eta Erabileraren Kale Neurketaren tankerakoak. Izan ere, bi horiek tarte finkoetan egindako argazki sozialak dira, unean uneko hizkuntza egoerari egindako erretratu sozialak.

2017-06-29

Mari Luz Estebanek Feminismoa eta politikaren eraldaketak liburua plazaratu berri du Susa argitaletxean, Lisipe bilduman. Liburu mamitsua da eta, nire ustez, betaurreko soziolinguistikoekin irakurtzeko parada ematen du; are gehiago, kontuan izanik azken urteotan euskalgintza eta soziolinguistika arloetatik behin baino gehiagotan bihurritu dugula burua feminismoetara.

2017-05-11

Txepetxek argi adierazi zuen eta, gaur egun ere, nazioarte mailako hizkuntza plangintzari buruzko ikerketek hiru arlo nagusiri egiten diete erreferentzia (integralak izan gura badute): jarrerei, gaitasunei eta erabilerei. Hiru horiei ere egiten diete erreferentzia Bat aldizkariaren 99 eta 100. zenbakiek. Izan ere, bi zenbaki horietan azken 35 urteen errepaso soziolinguistiko paregabea egiten dute hainbat egilek, eta, nire ustez, merezi du Jakinen horiei ere leku egitea (nire galbahetik pasatuta, jakina).

2017-03-10

Etorkizuna ei da oraina eta iragana txirikordatzen den une hori. Zapatistek, Txepetxi kopiatzen (nahiz eta eurek, agian, jakin ez), etorkizuna iraganean zegoela esaten zuten burua estalita oihanaren barren-barrenetatik. Eta hala gabiltza azken aldion ere euskalgintzetan, etorkizuna asmatu guran edo, agian zehatzago, iraganetik eta orainetik ikasten etorkizun hobea marrazteko denon artean, kolektiboki.

2016-11-09

«Zer da artea?» galdetu zenidan serio-demonio taberna ilun hartan barrea eragiten duen zilindro ketsua nire eskuetan pausatuta. Nik burlati «Zuhaitz mota bat?» erantzun nizun. Eta, orduan, eskuarekin antiojoa begietara bultzatuta, hauxe esan zenidan: «Artea da espazio publikoan esku-hartzeko arma, ekintza zuzenerako erreminta». Zeharo harritua utzi ninduzun eta ordutik behin baino gehiagotan gogoratu izan dut erantzun hura.

2016-07-18

Jaime Altunak ikerketa plazaratu du azken Hausnartu sarietan eta bigarren geratu da. Euskara pasilloetan galduta. Praktiken aldaketak eta hizkuntza mudantzak nerabezaroan du izenburua bere lanak. Nerabeek zer esaten duten euskarari buruz asko interesatzen zaidan gaia da. Izan ere, nerabeek ez dute gezurrik esaten (gezur sozialak, behinik behin).

2016-07-12

Gurean sarritan hizkuntzaren aldeko mugimendu soziala euskalgintzaren kontzeptuaren aterkipean aztertu da. Behin baino gehiagotan hizkuntzaren aldeko mugimendu sozialaren sinonimotzat hartua izan da. Izan ere, euskalgintza gurean asko erabiltzen den berba da. Hala ere, inork gutxik hartu du termino hori zedarritzeko lanik.

2016-05-26

Ez-leku dira gure mapen koordenatuetan kartografiatzen ditugun gune asko, ez-leku euskaraz aritzen garenontzako. Beste gune batzuk, ordea, arnasgune. Joshua Fishmanek asmatu zuen azken termino eta kontzeptu hori (physical breathing space originalean), eta Mikel Zalbidek gurera ekarri arnasgune bezala. Ordutik urte batzuk pasa dira eta berbak bere bidea egin du.

2016-05-19

Natur zientzien alorreko metaforak jendarte gaietan erabiltzea ariketa arriskutsua da oro har. Izan ere, natur zientzietako metaforek naturan dute sorburu, eta gizakion arteko harremanetara ekartzean beti arriskua dago. Arriskua gizakiok aukeratu ahal dugulako, agentzia dugulako (mugak muga), eta arriskua gizakion arteko harremanak aldakorrak eta askotan iragartzeko zailak direlako. Baina, tira, erabili erabiltzen dira.

2016-05-12

Arau sozialak gora, arau sozialak behera aritzen gara askotan soziolinguistika mikroaren aldekook. Baina zer demontre dira arau sozialak? Arau sozialak jendartean dauden arau inplizituak dira, idatzi bakoak. Eta arau horiek portaera bat ohiko bihurtzen dute, portaera bat behin eta berriro errepikatzea dakarte. Baina hori zelan egiten da?

2016-03-16

Topaguneak urtarrilean antolatu dituen XIII. Topaldian ere autoeratzea aztertu dute (ahalduntzea eta performatibitatearekin batera, euskaltzaleen aktibazioaren aterkipean). Autoeratzea gai hartuta, hiru berbaldi izan ziren: Imanol Larrañagak ‘Autoeraketa: Euskaltzaleen Elkarteen Mugimenduaren sorreratik hainbat irakaspen’, Mikeldi Zeberiok ‘Autoeraketa XXI. mendean. Hondarribiko Blagan euskara elkartearen sorrera prozesua’ eta Joxemi Zumalabe Fundazioak ‘Parte hartzea XXI. mendean. Aktibismoa: militantzia vs boluntariotzaren alternatiba gisa?’.

2016-03-08

Iraganari buruz pentsatzen ari ginen, etorkizuna irudikatzen. Triste jarri ginen, beldurtu ginen, amorratu ginen, mina borborka genuen. Protesta egin genuen, kalera atera ginen. Aldarrikatu genuen, eskatu genuen.

Itxaron genuen.

Eta ezer ez.

2015-12-15

Mapa berriak tolestuta ei datoz oraingo garai nahasi hauetan. Eta, beraz, ematen du gaitzagoa dela etorkizuneko purrustak margotzea. Hala ere, ziurtasun txiki batzuk baditut pilatuta nire buruko ganbara pitzatuan. Ahaztu barik zalantzak ziurtasunak baino itzel handiagoak direla. Horregatik, galderekin hasiko naiz etorkizuneko sintesi hori harean egin nahian.

2015-12-10

Jakinen aurreko zenbakian esaten nuen sarri gogoratzen garela etorkizunaz. Eta hala da. Horren seinale Patxi Saez Belokik www.erabili.eus agerkarian argitaratu duen artikulua: ‘Euskararen elefantea ikusi’. Patxik hurrengo 30 urteetako euskalgintzaren zikloa zeharkatu behar duen estrategia marraztu eta zirriborratu gura izan du.

2015-12-03

Beltzean mintzo izeneko dokumentala ikusteko aukera izan dut Arrasaten. Dokumental horretan, Ameriketako 14 pertsonek haien hizkuntza komunitateari buruz egiten dute berba: kitxua, nasa, nahuatl, kaqchiquel, aimara, maputxe eta maia komunitateei buruz. Baina, euren egoeraz berba egiteaz aparte, zelan ikusten gaituzten eta euskararen herriari buruzko haien gogoetak oparitu dizkigute. Beste behin, argi utzi dute behatzaileak behatzen duen errealitatean ere eragiten duela.

2015-10-20

Grezia denon ahotan ibili da azken urteotan. Astintze sozial handiak izan dira han eta ematen du geroan ere izango direla. Ni ere hara begira ibili naiz sarritan; hori bai, betaurreko soziolinguistikoak kenduta hasiera batean. Izan ere, bestelako kezkek ere biziarazten naute. Eta hango anarkisten diskurtsoak eta praktikak arretaz behatu ditut behin baino gehiagotan. Eta, gura barik, betaurreko soziolinguistikoak lanean hasten dira.

2015-06-11

Batzuek euskara (euskaldunok!) gaur egun arte historian iraun izana berba horrekin azaltzen dute. Ez dakit hala den, datuak falta zaizkit horretarako (baina litekeena da horrek ere zerikusia izatea). Baina argi daukat azken urteotako garapena, hein handi batean, berba horrekin definitu daitekeela.

Eta berba hori ekina da, behintzat Txorierri aldean duen esangurari lotzen bagatzaizkio. Ekina izateak hauxe esan gura du: tematia izatea, jarraitzea, ez etsitzea, behin eta berriz egin eta saiatzea. Baina, kontuz, adjektiboa da, pertsonak (eta animaliak) kalifikatzeko erabiltzen dena.

2015-05-07

Bilboko Uribarri auzoan orain dela gutxi ibili dira hango taberna, denda, gune eta abarrak mapa batera ekartzen, mapatzen, alegia. Guk ere aspalditik erabiltzen ditugu betaurreko soziolinguistikoak geografiari begiratzeko. Aspalditik ikusten ditugu mapak hizkuntza gaitasun edota erabilera adierazten duten koloreekin. Aspalditik.

Orain dela gutxi, Nafarroako mapa soziolinguistikoa aurkeztu dute. Uemak ere udalerri euskaldunen gaineko azterketa sozioekonomikoa eta soziolinguistikoa kaleratu du. Eta han eta hemen ziur naiz bestelako datu makrokuantitatiboak plazaratu direla azken aste eta hilabeteotan. Euskal makrosoziolinguistikaren makina elikatzeko beste datu mordo bat (eta, bide batez, iritzi eta analisi mordoa paperezko eta sareko komunikabideetan).

2015-03-17

Hizkuntza hiztunok egunero aldatu, sortu, katramilatu, traskildu, manipulatu, limurtu, zimurtu, eraldatu, murtxikatu, zukutu, marruskatu, estutu, zabaldu eta biziarazi egiten dugu. Hizkuntza metafora saldo bat baino ez da, mendetatik datozenak batzuk eta gaur egun sortutakoak beste batzuk. Hiztunok mendez mende erabili, modan jarri, deserabili, asmatu, batu eta artefakturik ederrena eta miresgarriena sortzen ari gara: hizkuntza. Lagun hizkuntzalari batek behin esan zidan moduan, hizkuntzalaritza zientzia puruz mozorrotu arren, soziala da edo ez da.

2015-03-06

Ildo horretan, hiztuna jarri behar dugu orain arte baino erdigunerago. Begirada berri batekin jantzi behar dugu hiztuna, gugandik hasita. Imanol Minerren berbetan, «hiztuna osatu, askatu, autodeterminatu, ahaldundu, jabetu eta boteretu behar dugu». Eta, horretarako, berak emakume, lesbiana eta gay mugimendukoei kasu egiteko gomendioa ematen digu.

Haiengandik ikasi dugu pribatua politikoa dela. Beste berba batzuetan esanda, pribatuan egiten ditugun hizkuntza hautuak politikoak direla. Kontsumo bidezkoak, ezezagunen aurrean, seme-alabekin, bikotekidearekin, lagunartean, eta abar. Politikoak dira. Hala ere, ez gaitezen engaina. Den-dena ez dago gure esku: hizkuntza interakzioa da, eta, beraz, solaskidearen gaitasunek mugatzen dute gure hautua, gure erabakia.

2015-02-25

Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx oso idazle aipatua dugu gure literatura soziolinguistikoan. Batez ere, bere Un futuro para nuestro pasado liburua. Urte askotxo pasa dira liburua argitaratu zenetik, eta egileak berak inoiz aitortu du liburuaren pasarte asko gaurkotu eta moldatu beharko liratekeela. Hizkuntzen ikaskuntzari buruzko pasarteek, ordea, balio dute haren iritziz.

Hiru ontzien eredu famatuaren bidez azaltzen du Txepetxek hizkuntzen ikaskuntza. Ezagutza, erabilera eta motibazioaren ontziak eta euren arteko fluxu eta jarioak. Naturala eta kulturala. Ontzi batetik bestera eta alderik aldeko mugimenduan, elkarri lotuta eta elkarri eragiten. Ume zein nagusitan kontrako ibilbidea izan arren. Garrantzitsuena, beti ere, ontzien arteko jarioa dela ahaztu barik.