Osteguna, 2024ko apirilak 25
Gora joan

Soziolinguistika

Txerra Rodriguez
Txerra Rodriguez

Emuneko hizkuntza aholkulari legez egiten dut lan. Beraz, soziolinguistika aplikatuan jarduten dut bete-betean, ahaztu barik soziolinguistika teorikoa eta, batez ere, soziolinguistika horren dibulgazioa (eta jendarteratzea). Jakinek beste aukera bat eman dit horretan aritzeko, aukera nagusia Garaigoikoa bloga izaten jarraitzen duen arren.

Ekina

2015-06-11

Batzuek euskara (euskaldunok!) gaur egun arte historian iraun izana berba horrekin azaltzen dute. Ez dakit hala den, datuak falta zaizkit horretarako (baina litekeena da horrek ere zerikusia izatea). Baina argi daukat azken urteotako garapena, hein handi batean, berba horrekin definitu daitekeela.

Eta berba hori ekina da, behintzat Txorierri aldean duen esangurari lotzen bagatzaizkio. Ekina izateak hauxe esan gura du: tematia izatea, jarraitzea, ez etsitzea, behin eta berriz egin eta saiatzea. Baina, kontuz, adjektiboa da, pertsonak (eta animaliak) kalifikatzeko erabiltzen dena.

Manifestu itxurako testua irakurri zuen Lorea Agirrek azken Korrikaren amaieran. Euskahaldun lelopean, herri honen zoramen kolektiborik handienak, paregabeenak irribarrea marraztu du gure mapatxoan beste behin, kolorez bete ditu bazterrok. Poza eta harrotasuna jariatzen baitira furgonetaren ihes-hoditik eta korrikalarien poroetatik. Eta lekukoaren barruan XXI. mendean euskaltasuna bizitzeko manifestu irudimentsua. Eta manifestu horretako berba gakoetako bat ekin izan da (egia da aditz moduan erabili duela Lorea Agirrek).

Albistea izan da, halaber, Gaizka Garitano derioztar entrenatzailea. Almeriako prentsa aretoan izan zuen jarrera ausartak hautsak harrotu ditu han eta hemen. Ez da ohikoa euskaldun batek bere hizkuntza duintasunez defendatzea publiko aurrean, antza. Hala ere, askok sare sozialetan gogorarazi dugu Almeria ere bertan dagoela (#Almeriabertandago traolarekin, hain zuzen ere).

Nafarroa Beherean ere hango euskaldun kontzientziadunek erakutsi digute Almeria ere mugaren beste aldean badela. Hango euskara elkarteek elkarlanean eratu dituzte lehenbizikoz Ipar Euskal Herriko barnealdean egin diren TELP tailerrak. Geure burua ahalduntzeko momentuz asmatu ditugun modurik eraginkorrenak dira tailer horiek, nire iritziz.

Egunerokoan euskara gehiago erabili nahi dugunontzat dira aproposak Katalunia aldean sortutako TELP izeneko tailer horiek (Emunek gurera egokitu eta ematen ditu). Atelier horietan egunerokoan erosoago eta tenteago ibiltzeko trikimailuak eta baliabideak eskaintzen dira, hainbat egoeratan sufritzen dugun deserosotasuna murriztu, hizkuntza jokabide asertiboak zer diren eta nola egin ikasteaz bat. Euskaraz eroso noiznahi eta nonahi sentitzeko tresnak, alegia.

Aipatutako hiru adibide horietan (Korrika, Garitano eta Baxenabarreko euskaldunak) ekina da berba gakoa. Askoz erosoago litzateke erdaren autobietan arin batean ibiltzea. Baina bide artezak ez dira beti izaten egokienak, ezta?

Outing

Euskahaldun leloa erabili du Korrikak, ingelesezko empowerment kontzeptua nolabait gurera ekarrita. Euskaraz, aldiz, lau aditz erabili izan dira empowerment kontzeptua azaltzeko: konturatu, jabetu, ahaldundu eta boteretu. Nire ustez, gradualak dira lau horiek. Lehendabizi konturatu egin behar gara zerbait ondo ez dabilela. Ondoren, jabetu behar gara egoera hori menpeko egoera dela. Hori egin ostean, ahaldundu egin behar dugu geure burua. Eta, azkenik, prozesu indibidual askotxo batzen direnean, boteretze kolektibora heldu ahal izateko modua izango genuke.

Baina hirugarren aditzean jarri gura dut arreta. Ahalduntzean, alegia. Outing egitea eskatzen duen prozesua da ahalduntzea. Gure erosotasun gunetik atera (armairutik atera) eta deseroso egon gaitezkeen egoeretara salto egin. Beste modu batera esanda (eta Lorea Agirrek barka biezat lapurreta beste behin), plazan sartu, bazterretik erdigunera egin.

Prozesu hori psikologikoa da, jakina, baina hori baino askoz gehiago ere bada. Soziala da, kolektiboa da, politikoa da. Izan ere, ahalduntzeak geure buruari euskara plana egitea eskatzen du ezinbestean. Zer gaitasun dut eta zeintzuk beharko nituzke? Zer eremutan praktikatzen dut eta zeintzuetan gustatuko litzaidake erabiltzea? Zer emozio, bizipen dut eta zeintzuk izatea gustatuko litzaidake?

Barrukoa ematen du, pertsonala, norberarena. Dimentsio sakonagoa eta potoloagoa du auziak, ostera. Gaitasun, praktika eta emozio horiek hobetzea gure esku dago hein batean. Hala ere, kontxo, hizkuntza partekatzea da batez ere. Eta sentitzen dut, baina geure buruarekin ditugun elkarrizketak kenduta, beste guztiek gutxienez beste pertsona bat eskatzen dute, nahitaez.

Eta, horregatik, ezinbestean ahalduntze prozesuak aliatuak eskatzen ditu, lagunak eskatzen ditu, babestuko gaituztenak eskatzen ditu. Izan ere, prozesua soziala ere bada, talde mailakoa, jendartea eraldatu nahi den momentutik bertatik.

Eta ahalduntzea ere zentzu batean trebatzea da, ikastea da. Soziolinguistika domestikoan trebatzea, hain zuzen ere (gure kasuan behinik behin). Egunerokoan agertzen zaizkigun mila arazotxo soziolinguistikoentzat aterabideak bilatu nahi ditu soziolinguistika domestikoak. Eta horretan herren gabiltza oro har, salbuespenak salbuespen.

Baina kontuz. Denok beharko genuke oinarrizko formazio soziolinguistikoa (domestikoa nahi bada). Hala ere, ez zara meteorologoa izan behar haizearen norabidea zein den jakiteko (harako hark esaten zuen bezala). Eta, horretan ere, eredu izan daiteke feminismoa eta haren eraginez sortu diren Jabekuntza edo Ahalduntze eskolak. Eguneroko kontuei buruz trebatu eta entrenatzeko, aritu eta jakiteko.

Ikus dezagun ba, esate baterako, Tolosako Jabetze Eskolak bere buruari emandako definizioa (beste hainbat daude denon eskura Interneten bilaketa arina eginez gero):

Zer da Jabetze Eskola?
Ez da ohiko prestakuntza leku bat. Hori baino gehiago, erreproduzitu egiten du Mugimendu Feministak –emakumeok bizi dugun errealitateari izena jarri ahal izatearren– sortu zuen jakintzaren produkzio kolektibo eta partekatutako metodologia. Esperientziak, jakintzak eta narrazioak partekatzea da kontua, baina baita gorputzaz disfrutatzea ere, eta diskurtsoak, artea, errebindikazioak produzitzea, hau da, munduaz dugun pertzepzioa aldatuko digun eta, aldi berean, mundua aldatzeko tresnak eskainiko dizkigun esperientzia bat bizi izatea.
Espazio hau emakumeon partaidetza eta jabekuntza sendotzeko dago pentsatuta, eta gizarte justu, askotariko eta osoago bat lortzeko.

Beraz, erronka botako dut talaia honetatik: noiz irekiko du euskalgintzak lehen ahalduntze/jabetze eskola? Non? Nortzuk (euskara elkarteek, udaletako euskara zerbitzuek, elkarlanean)? Zer edukirekin? Dibulgazioa eta formazioa nork sustatuko du? Nork egingo du zabalkundea? Uste dut horrelakoekin esperimentatzen hasteko sasoi aproposa izan daitekeela honako hau.

Management

Soziolinguistika iturri askotatik edaten duen diziplina da. Artikuluan orain arte psikologiatik eta teoria feministatik (batez ere) edan badut, azken zati honetan kudeaketatik edango dut, enpresen eta erakundeen kudeaketa zientziatik, ingelesez management deitzen den horretatik, hain zuzen ere.

Xabier Erizek berriki idatzi du artikulu gogoangarria horren inguruan: ‘Management-eko kontzeptuak eta hizkuntza-plangintza’ (Euskaltzaindiaren Euskera agerkarian argitara emana 2014ko uztailean).

Artikuluaren oinarrian honako galdera hau dago: «Nor dago euskara sustatzeko helburuen eta ekimenen erdigunean: herritarrak eta haien behar eta nahi linguistikoak, ala erakunde sustatzaileak eta haien interpretazioak eta nahiak?».

Izan ere, euskal soziolinguistikak galdetu beharko luke ea zergatik erosi beharko lukeen batek euskara. Ez da ohiko galdera eta, bere ustez, ikuspegi aldaketa ekarriko luke hizkuntza plangintzan behinik behin. Hortik abiatuta, erdigunean jarriko lirateke herritarren kezkak eta erabakiak. Eta, gainera, ez genuke jakintzat emango herritar guztiek euskarari onurak ikusten dizkiotela.

Horrek ezinbestean herritarren nahi eta behar linguistikoak ikertzea ekarri beharko luke. Eta, horrela, euskalgintzak ez lituzke horiek hartu behar euskararen mesedeen edo sarien jasotzaile bezala, alderantziz baizik. Euskararen munduak ase behar dituen pertsonak dira herritarrak. Horretan datza aldaketa.

Azken finean, ikertu beharko genituzke zeintzuk diren euskaldun batek euskara hautatzeko izan dituen eta dituen arrazoi eta motiboak. Ikertu beharko litzateke funtsezkoa den galdera hori. Edo Xabier Erizeren berbetan esanda, hizkuntza batekiko leialtasuna oso lotuta dago herritarrak hizkuntza jakin batean lortzen duen asebetetze mailarekin. Eta horren arabera erabakiko du horrek hizkuntzari eustea edo hizkuntza alde batera uztea.

Eta, horrela, soziolinguistikaren muinean dagoen galderara heldu gara. Soziolinguistika, Ralph Fasold-en arabera, bakarrik existitzen da diziplina bezala pertsonok hautuak egiten ditugulako hizkuntzen erabileran (nik gehituko nuke hizkuntza bat baino gehiago dakigunok, baina tira). Eta, horrela, konturatuko gara gure kezka lokalek ere bat egiten dutela mundu mailako kezkekin, ez garela horren bereziak, haatik.

Orduan, zergatik jendeak, hizkuntza bat baino gehiago erabiltzeko aukera izanda, nahiago du bata ala bestea erabili? Xabier Erizeren ustez, herritarrek bata ala bestea erabiliko dute haien lehentasun, nahi, balio eta beharren arabera. Gainera, hartuko dituzte kontuan aukera bakoitzak dakartzan onura eta kostuak (materialak zein ez-materialak).

Hortaz, euskalgintzak arrakasta izango du, bere iritziz, herritarrak euskararen bezero bihurtzen badira eta euskara erosten badute. Erabakia, beraz, herritarren esku dago, unean uneko zein iraupen luzeko prozesu indibidual eta kolektiboen bitartez. Berriro ere norberaren ikuspegia eta jendarte mailako ikuspegia bat eginda.

Izan ere, herritarraren (bezeroaren) nahiak, beharrak eta erabakiak jartzen badira erdigunean, nahi eta behar horiek eraldatzen egin beharko dugu lan. Hau da, beste berba batzuk erabilita, jabetze zein ahalduntze indibiduala eta kolektiboa aktibatzen egin beharko dugu lan (inoiz boteretzera heltzeko helburua gure begien bistatik galdu barik).