Osteguna, 2017ko irailak 21
Gora joan

Militantzia

2016-03-16

Topaguneak urtarrilean antolatu dituen XIII. Topaldian ere autoeratzea aztertu dute (ahalduntzea eta performatibitatearekin batera, euskaltzaleen aktibazioaren aterkipean). Autoeratzea gai hartuta, hiru berbaldi izan ziren: Imanol Larrañagak ‘Autoeraketa: Euskaltzaleen Elkarteen Mugimenduaren sorreratik hainbat irakaspen’, Mikeldi Zeberiok ‘Autoeraketa XXI. mendean. Hondarribiko Blagan euskara elkartearen sorrera prozesua’ eta Joxemi Zumalabe Fundazioak ‘Parte hartzea XXI. mendean. Aktibismoa: militantzia vs boluntariotzaren alternatiba gisa?’.

Bereziki interesgarria iruditu zitzaidan Marta Luxanek eta Pili Alvarezek aurkeztutako ponentzia, Joxemi Zumalabe Fundazioaren izenean. Militantziari, aktibismoari buruz aritu ziren Durangon, autoeratzearen inguruan, aldez edo moldez.

Orain arte, militantzian muturreko bi ereduren arteko soka-dantzan ibili ei gara: sakrifizioaren kulturaren eta bizipozaren kulturaren artean, hariaren gainean ibiliz. Lehenengoaren paradigman, «egin egin behar da», «tokatzen da» eta horrelakoak izan ohi dira aipagai. Bigarrenaren paradigman, ostera, «nahi dudanean, nahi dudalako eta nahi dudan bezala» dira aipatzen direnak.

Mutur batek zein besteak abantailak eta desabantailak dakartza. Eta, horren aurrean, fundaziokoek proposatzen dute hiruki bati egin behar zaiola beti kasu. Hiruki hori honako elementu hauek osatzen dute: niak, taldeak eta proiektuak. Prisma hirukoitz horren arabera aztertu behar da militantzia, eta prisma hirukoitz horren arabera proposatu behar dira irtenbideak eta etorkizuneko ildoak. Hau da: horrek laguntzen al nau? Laguntzen al du taldea? Laguntzen al du proiektua?

Hogeita lau orduko militantziari buruz ere aritu ziren Joxemi Zumalabe Fundazioko kideak. Eta esan zuten 24 orduko militantzia ez dugula ulertu behar disposizio moduan, ez dugula momentu oro prest egon behar militantziak eskatzen dituenak emateko. Ez. Aitzitik, bizi-eredu moduan ulertu behar dugu. Hau da, militatzen dugun proiektu politikoa gaurdanik bizitzeaz ari dira, hemen eta orain bizitzeaz. Beste modu batera esanda, etorkizunean nahiko genukeena aurretiaz bizitzea dakar (edo ekarri beharko luke) 24 orduko militantziak.

Izan ere, amesten dugun jendarte berria ez da berez sortuko, ezta dekretuz ere (horiek laguntzen duten arren). Guk geuk eraiki beharko dugu, egin beharko dugu egunez egun, gaurtik hasita. Inori itxaron barik, ezeri itxaron barik, autoeratuz. Jendarte aldaketa eragin nahi dugu, euskararen biziberritzea hori baino ez da: oraingo jendartea aldatzeko sakoneko proiektua. Eta, beraz, aldaketa horri lagunduko dioten bizi-ereduak sustatu, bultzatu eta lagundu behar ditugu gaurtik. Etorkizunaren mezu izanda.