Ostirala, 2024ko martxoak 29
Gora joan

Soziolinguistika

Dabid Anaut Peña
 Dabid Anaut Peña

Euskal filologia ikasitakoa eta euskara teknikaria izaki, euskara dut ofizio eta afizio, eta horrek ematen dit aukera nahiz aitzakia —eta zorioneko egiten nau horrek, bidenabar esanda— euskararen inguruko gorabeheren berri izateko eta horien gainean gogoeta egiteko. Horietako batzuk ikusiko dituzu blog honetan jasota, balizko irakurleari ere gogoetarako aukera eta aitzakia emateko asmoz ekarriak.

2014-12-03

Lehendabiziko aldiz Henrike Knörr entzun nuen «zernahi gisaz» esaten, eta aitortu behar dut nolabaiteko aire pedantea hartu niola. Geroxeago, Nafarroako iparraldeko emakume baserritar bati entzun nion, eta hark pedantetik ez zeukan deus ere. Objektiboki sekuentzia akustiko berdina zen. Subjektiboki ezberdinak ziren, itxura denez. Hiztun batek «baina zer egin didazu?» esaten badigu, eta beste batek «baño ze in diezo?», oso litekeena da bati kutsu jatorra hartzea eta besteari ez, eta bi hiztunak gure aurreiritzien arabera sailkatzea.

2014-10-15

Hizkuntza politikaren alorrean edo, zabalago agian, soziolinguistikaren esparruan nolabaiteko esku-hartzea egin nahi duenak hamaika aldagai edo faktore izan beharko ditu gogoan ziurrenik, eta zenbait tresna beharko ditu. Informazioa, adibidez, egoeraren zentzuzko balorazio eta estimazio bat egiten utziko diotenak. Datuak edukitzea komeniko zaio, ahalik eta zehatzenak, errealitatea ongi interpretatzen lagunduko diotenak.

Datuak izateak, ordea, zenbaitetan izaten dugun datu zaparradak esaterako, ez du nahitaez esan nahi egoerak ongi kudeatuko ditugunik. Gerta liteke, izan ere, zuhaitzek basoa ikusten uzten ez diguten moduan, datuen erauntsi horrek ikuspegi osoaren jabe egin gaitezen galaraztea, zenbaki zehatz eta xeheek liluratuta; edo gerta liteke, konparaziora, giltza non galdu dugun jakin gabe farolak ematen digun argiaren ondoan bilatzen dugun bezala, hizkuntzaren normalizazioaren alorrean ere eskuragarri ditugun datuen argipean gakoen bila aritzea, erantzun garrantzitsu batzuk beste nonbait bilatu behar ditugula ohartu gabe. Datuen azterketan erantzun linealak bilatzea ere litekeena da, noski, akaso erantzun ez-linealak eta konplexuak behar diren tokian.

2014-06-23

Zuzeu orainkari horizontalean (www.zuzeu.com) Kligeroa-k sinatutako testu batean, Soziolinguistika Klusterrak 2014an banatu dituen Hausnartu Sariak direla-eta, honakoa irakur daiteke:

Garbi gera bedi, dena dela, lanak gutxiesteko asmorik gabe ari garela honetan, behar-beharrezkoak baitira horiek ere.

Baina besterik da hemen planteatzen dena, lan horien aitzakiarekin bada ere.

Belarririk duenak, beraz, entzun beza!

Lan horiek hautatzean, beste hobeagorik ezean beharbada, soziolinguistika-estilo bateko lanak saritu ditu Klusterrak.

Eta hortik dator kezka.

Zeren eta, suposatzen den bezala, izenburuak bat badatoz lanetan garatu den mamiarekin, haiek irakurri gabe suma daiteke panorama postmoderno horietako baten aurrean egon gaitezkeela Euskal Soziolinguistikaren alorrean ere.

Panorama teknologiko-teknokratikoa, arazoaren erroetan sakontzako premiarik ez duena, ideologien amaiera laudatzen dutenetakoa, konponbide estrukturalak behar dituzten kontuen aurrean partxeoak bideratzen dituena...

Kezkatzekoa litzateke, beraz, errealitate soziolinguistikoaren azaleko gabeziak bakarrik aintzat hartuz jokatzen hasiak bagina. Ikuspegi politikoetatik ihesean doazen diskurtso eta baliabide aseptikoak garatuz jokatzen hasiak bagina. Edo hizkuntza eta gizatalde menderatzaileekiko kritikarik gabeko ustezko soluzio neutroak eskaintzen hasiak bagina.

Kezkagarria, egiatan, tokian tokiko ekintzatxoak prestatzera mugatzen diren proiektuak bakarrik sustatzen hasiak bagina: zuk hor lantegian, nik hemen eskolaz kanpoko ekintzetan, hark han mendi-elkartean...

Besterik behar du gure hizkuntzak, normalkuntzarako erreferentzia makroa galdu nahi ez badu behintzat.

Bide okerretik goaz, guztiz okerretik, saguteran harrapatutako sagutxoek eskapatzeko egiten dituzten azken ahalegin alferrikakoak bezala irudikatzen hasten bagara gure lana.