Osteguna, 2024ko martxoak 28
Gora joan

Soziolinguistika

Txerra Rodriguez
Txerra Rodriguez

Emuneko hizkuntza aholkulari legez egiten dut lan. Beraz, soziolinguistika aplikatuan jarduten dut bete-betean, ahaztu barik soziolinguistika teorikoa eta, batez ere, soziolinguistika horren dibulgazioa (eta jendarteratzea). Jakinek beste aukera bat eman dit horretan aritzeko, aukera nagusia Garaigoikoa bloga izaten jarraitzen duen arren.

Etorkizunaren mezu gara

2015-10-20

Grezia denon ahotan ibili da azken urteotan. Astintze sozial handiak izan dira han eta ematen du geroan ere izango direla. Ni ere hara begira ibili naiz sarritan; hori bai, betaurreko soziolinguistikoak kenduta hasiera batean. Izan ere, bestelako kezkek ere biziarazten naute. Eta hango anarkisten diskurtsoak eta praktikak arretaz behatu ditut behin baino gehiagotan. Eta, gura barik, betaurreko soziolinguistikoak lanean hasten dira.

Anarkista horien leloetako batek, gainera, kolpatu nau behin eta berriro Fernando Ramalloren ‘Neofalantismo’ izeneko artikulua irakurtzen ari nintzela. «Etorkizunaren mezu gara». Hori da, hain zuzen ere, gutxiengo aktibo batzuen pentsaera eta jarduna laburbildu eta sintetizatzeko modu egokia. Etorkizunaren mezu gara. Hain zuzen ere.

Fernando Ramallok galizierazko ‘neofalanteak’ (gurean ‘euskaldun berri’ terminoaren pareko-edo) honela definitzen ditu: «Gaztelaniaz hitz egiten ikasi duen pertsona, bere familia hizkuntza hori izan zuena eta bizitzaren momenturen batean galizieraz beti edo ia beti hitz egiten hasi dena». Eta esaten du Galizian, gaur egun, 70.000 pertsona direla gutxi gorabehera neofalante.

Horren ondoren, galdera zeharo egoki bat egiten du Ramallok: «Zelan azaldu pertsona batek bere ama-hizkuntza bazterrean uztea erabaki duela, hizkuntza hori denean komunitatean prestigio gehien duena?». Berak galdera horri erantzun bat baino ez dio ematen. Haren ustez, neofalante horiek gutxiengo aktibo gisa jarduten dute (mugimendu bat osatzen dute, neofalantismoa, alegia), etorkizunaren mezu gisa jarduten dute. Hain zuzen ere.

Gutxiengo aktiboa, ostera, zer demontre da? Eredua ematen (edota heziketaren bidez) jarduten duen talde sozial minoritarioa da, jendartean eraldaketak eragiteko asmoz, jendartearekiko dituen dibergentziak tarteko. Ramalloren berbetan, zaila da edozein aldaketa sozial azaltzea gutxiengoen eragina aintzat hartu barik. Orduan, haren ustez, «neofalanteak gutxiengo aktibo gisa hartzeak azaldu ditzake boterearen, gehiengo sozialaren eta normaltasunaren hizkuntza bazterrean uztearen atzean egon daitezkeen motibazioak».

Hiztun horiek, euren jardunaren bidez, bere bizi-eremuaren errealitate soziolinguistikoaren gaineko interpretazio-marko berriak eragiten dituzte. Izan ere, hiztun berri horien presentziak berak ordena soziolinguistikoa aldatzen du eta tentsio batzuk sorrarazten ditu: identitateari lotutakoak, sinbolikoak eta dialektoen artekoak. Galizian eta gurean.

Eredu batzuk

Neofalante horiei buruzko bibliografiarekin elikatzen ari nintzen garai bertsuetan ari zen Lutxo Egia bere performance soziolinguistikoa aurrera eramaten: Bilbon 31 egunez bizitzea gaztelania ahaztuta, euskaraz eta ingelesez aritzen, ‘Bi-lingual transitoak’ izenarekin (bide batez, oso gomendagarria Lutxo Egiak berakk Berria egunkarian haren egunez egunekoa kontatzen idatzi duen bloga).

Hegietatik eragiten aritu izan da Lutxo Egia, ertzak lausotzen zelanbait. Hautu-determinazioa muturrera eraman du eta etorkizunaren mezu bihurtu da bere ekintza. Nork bere buruaz ahalduntzeko ekintza artistikoa egin du, artea eta eguneroko bizitza gurutzatzen diren espazio gandu bezain aberasgarrietan.

Lutxo Egiak performancearekin ere gure errealitate soziolinguistikoaren gaineko interpretazio marko berriak eragin ditu. Bide batzuk ireki ditu eta orain talde-lanean guztioi dagokigu sasiak garbitu eta bide zabalago eta erosoagoak egitea. Izan ere, «gure aurrekoek honaino ekarri dute gurdia eta orain gure txanda da», Malores Etxeberriaren berbetan esanda. Eta hala da. Gure txanda da. Eta nago horren moduko ekintza berritzaileak beharko ditugula gure etorkizunean mezu egokia paratu nahi izanez gero. Hala ere, banakoetatik taldera egin beharko dugu salto inoiz. Eta eragin, eta egin. Eta sortu, eta birsortu. Eta bizi, eta biziarazi. Interpretazio marko berriak sortu eta birsortu, errealitatea moldatu eta aldatzeko.

Esate baterako: zer gertatuko litzateke Eusko Jaurlaritzako (jarri beste edozein administrazio zuen gustura) langile batek euskara hutsez lan egiteko determinazioa hartuko balu? Eta bat izan beharrean, hamaika balira?

Hegietatik eragiten aritu da Lutxo Egia, eta beste batzuk ere, lan isilagoaren bidez, saiatzen dira horretan. Eta horren lagin, Ebete enpresako Iñaki Eizmendik eta Itziar Larzabalek Arabako Foru Aldundiaren enkarguz ondu duten gida: Haur eta gazteen jardueretarako hezitzaileentzako gida.

Gida guztiz praktikoa da, eguneroko elkarreragiteak kontuan hartzen dituena. Orain dela urte batzuk argitaratutako Begiraleek asko egin dezakete entzutetsutik tiraka eta abiatuta, praktikoago, zehatzago eta eraginkorrago egin dute lana. Eguneroko praktiken bidez, interpretazio marko berri batzuk sortzeko.

Eguneroko praktiketarako aholku sorta dakar gidak. Orokorrak batzuk eta zehatzagoak bestetzuk: kirol entrenatzaileentzako, antzerki, dantza zein musika irakasleentzako, aisialdiko hezitzaileentzako (ludoteka, udaleku zein gaztelekuetan aritu) eta jantokiko hezitzaileentzako. Egunerokotik abiatu eta egunerokora helburu.

Izan ere, eskola orduz kanpoko jarduera gehienak haur eta gazteen gustukoak izan ohi dira: ludikoak dira, lagunartean gozatzen dute geletatik kanpora eta asko jarduera mugituak izaten dira. Horiek guztiek bizipen positiboak ekarri ohi dituzte eta, euskaraz eginez gero (haur eta gazteen artean beti ere), euskararekiko bizipen positiboak elikatzeko modua ematen dute.

Gidan plazaratzen den aholku nagusi bat nahi dut hona aldatu: hezitzaileek berritsu aritu behar dute. Hau da: elkarrizketa asko sortu eta elkarrizketa askotan parte hartu. Banakoak eta taldekoak. Haiek euskara gehiago erabiltzea nahi badugu, bide ona da zuzeneko eragina, baina ahaztu gabe errefortzu positiboak.

Aldahitz

Azken finean, hizkuntza ohiturak aldatzeari buruz ari dira Lutxo Egia zein Ebetekoen aholkuak (eta Galizia aldeko neofalanteak). Eta, bide horretan, hizkuntza ohiturak aldatzeko moduak eta prozesuak sakonago ikasi (ikertu) beharko ditugu. Orain dela urte batzuk, Iñaki Arrutik esan zuen hizkuntza ohituren aldaketa didaktizatu behar genuela. Nago oraindik bidea dugula egiteko, baina pauso sendo samar batzuk egin ditugu norabide horretan ordutik.

Pello Jauregi dugu prozesu horietan bide-erakusle nagusi. Bi ikerketa zehatz ondu ditu berak azken urteotan: ohetik gaztelania bota duten (hau da, bikoteetan gaztelaniatik euskarara salto egin duten) eta lankideen artean ohitura aldatu duten pertsonak miatu eta aztertu ditu.

Hortik landa, Pello Jauregik lankideen artean hizkuntza ohiturak aldatzeko esku-hartzeak ere diseinatu ditu: Aldahitz du izen generikoa, eta 2013-2014. urteetan hainbat lantegi zein administraziotan probatu eta ikertu da. Orain dela gutxi argitaratu du eskuliburua Soziolinguistika Klusterrak, eta bidea zabaldu dute hemendik aurrera beste lantegi batzuetan ere egikaritzeko.

Baina finkatu dezadan gogoz begirada aurretik aipatutako bi ikerketa horietan. Biak ezberdinak dira, bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina apur bat hazka eginez gero, bietatik ondorio komun batzuk atera daitezkeela ikus dezakegu. Nik sei ondorio aurkitu ditut bietan, eta jarraian haiei egingo diet jaramon.

Hasteko eta behin, erabilera erabileratik dator. Pernandoren egia dirudi, baina hala da. Kasu gehienetan ez da itxaron aldaketako protagonistek gaitasun maila altua izan arte, ez da itxaron gaitasun ‘on’ bat izan arte eta gero erabiltzen hasi. Momentu batetik aurrera erabaki dute euskaraz egitea eta momentu horretan hasi dira erabiltzen.

Bigarrenik, aldaketa bikoteetan gertatu da. Bikoteen kasuan, argi eta garbi, eta lankideen kasuan lankide bat izan da akuilu eta laguntzaile, eta, gero, harreman horretan oinarrituta beste batzuekin ere hasi da ‘lagundua’ ohiturak aldatzen. Badirudi hizkuntza ohiturak aldatzeko harreman babestua eta berezia beharrezkoa dela, intentsitate eta mai(z)tasun handikoa.

Hirugarrenik, bikoteetako kide bat edo lankide bat izan da gidari eta zaintzaile. Horretan oinarrituta, Pello Jauregik diseinaturiko esku-hartzeari ‘eusle metodologia’ deitu izan dio. Izan ere, euslearen figura da funtsezko hizkuntza ohiturak aldatzeko. Eta kide hori izango da une oro prozesua lideratuko duena. Kasurik gehienetan, gainera, zaintzaile izan den kidea euskarazko gaitasun handiena duena izan da.

Laugarrenik, araua une batetik aurrera aldatu da, ez da izan aldaketa progresiboa. Askotan lan arloan euskararen kudeaketan aholkulari gabiltzanok, behinik behin, ohiturak aldatzeko tresna progresiboak erabili izan ditugu, baina ez dirudi eraginkorr(en)ak direnik behin betiko aldaketak gauzatzeko, arau aldaketak gauzatzeko.

Bosgarrenik, kasurik gehienetan frogatu da ohitura berria mamitzeko urtebete inguru beharrezkoa dela. Epe hori igarota, ohitura berria gatzatuko da eta, beraz, arau sozial berria sortuko da bikoteetan. Eta, ordutik, ohitura aldatzeko zailtasuna aldez aldatuko da.

Seigarrenik, kasu askotan hizkuntza gaitasun mugatua ez da izan oztopo ohitura aldatzeko. Izan ere, ematen du euskara ikasi eta sendotzeko bide ezin aproposagoa izan dela ohituraren aldaketa. Hizkuntza gaitasuna praktikarekin guztiz bat datorren ustea berriro ere indartua.

Ondorio eta gako esanguratsuak atera ditzakegu bi ikerketa horietatik. Seguruenik, nik nabarmendutakoak baino gehiago izan daitezke aipagai, baina espazioa mugatua da, hartara. Hala ere, ziur nago ohitura aldatu nahi duen ororentzat abiapuntu egokia izan daitekeela hemen batutakoa.

Sarri gogoratzen gara etorkizunaz, sarri ekartzen dugu gogora. Etorkizuneko mezu izan gura badugu, hizkuntza ohiturak aldatzeko moduez jabetu behar gara. Eta horietara ekin, aktibo, eusle, berritsu, berritzaile. Bakoitza bere txokotik eta errazenetik. Soziolinguistika domestikoa egikaritzeko garaiak dira. Interpretazio marko berriak eragiteko garaiak dira.