Osteguna, 2017ko irailak 21
Gora joan

Mapak

2015-05-07

Bilboko Uribarri auzoan orain dela gutxi ibili dira hango taberna, denda, gune eta abarrak mapa batera ekartzen, mapatzen, alegia. Guk ere aspalditik erabiltzen ditugu betaurreko soziolinguistikoak geografiari begiratzeko. Aspalditik ikusten ditugu mapak hizkuntza gaitasun edota erabilera adierazten duten koloreekin. Aspalditik.

Orain dela gutxi, Nafarroako mapa soziolinguistikoa aurkeztu dute. Uemak ere udalerri euskaldunen gaineko azterketa sozioekonomikoa eta soziolinguistikoa kaleratu du. Eta han eta hemen ziur naiz bestelako datu makrokuantitatiboak plazaratu direla azken aste eta hilabeteotan. Euskal makrosoziolinguistikaren makina elikatzeko beste datu mordo bat (eta, bide batez, iritzi eta analisi mordoa paperezko eta sareko komunikabideetan).

Mapa soziolinguistiko eta inkesta soziolinguistiko batzuk baditugu dagoeneko. Bakoitzetik bost, hain zuzen ere. 1986tik hona makina bat datu makro ditugu txukun-txukun jasoak eta alderaketak egiteko moduan. Ikerketa eta mapa horien fidagarritasuna zalantzan jarri barik (eta jar daitezke, baina hori agian beste batean), beti etorri zait galdera bat burura honakoak plazaratzen direnean: niri zer axola dit Derion euskaldunak %29 edo %33 izateak inkesta horien arabera? Egunerokoan zertarako balio didate datu horiek? Errealitateari antzemateko gako gehiago jasoko dut horrela?

Datu makrosoziolinguistiko (eta kuantitatibo) horiek guztiek joerak marrazten edo zirriborratzen dituzte, baina aldatzeko palanka gutxi ematen dizkigutelakoan nago. Izan ere, diagnostikotik harago joan ahal izateko, bestelako gauza batzuei egin behar diegu kasu, nik uste. Betaurrekoak bai, baina baita mikroskopioa ere.

Interpretazio egokia(k) egiteko, datu makrokuantitatibo horiek hurbilpen mikrokualitatiboetatik erauzitako informazioarekin osatu beharko genituzke. Eta, horrela, Derioko euskaldunen ezagutza datuak bere horretan beste esangura bat izan ahalko luke eta jendartean aldaketak egiteko gakoak eman. Miren Artetxek ere aldarrikatu du makrotik mikrora egin behar dugula bidea Topaguneak 2015ean antolatutako Topaldian. Makrotik mikrora.

Datu makro asko ditugu, baina mikroak ere izan baditugu. Hiznet graduondokoaren ikerlanen gordailua benetako harribitxia eta altxorra da. Urtetik urtera ikerketa-corpus oso esanguratsua jarri dute Hiznetekoek denon eskura. Euskal soziolinguistikaren poliedroa osatzeko ezinbesteko piezak. Ia 150 ikerketa. Mila prismatatik gure errealitatearen azterketa betaurreko soziolinguistikoekin.

Baina ikerketa eta azterketa horiek, makroak ez bezala, ez dute komunikabideen arretarik jasotzen, ez dute iritzi-emaileen erretorika elikatzen, ez dute Interneteko trollen sumina merezi. Eta, agian, ikerketa kualitatibo horietako batzuek soziolinguistika aplikatuan gabiltzanon ikusmina eta jakin-mina bultzatzen dute. Edo agian ez.

Mugarria

Hizneteko ikerketa horien guztien izenburuak irakurtzen dituen batek zailtasun latzak izango lituzke soziolinguistika zer izan daitekeen definitzeko. Izan ere, zer ote da soziolinguistika?

Iratiko oihana soiltzeko beste paper erabil daiteke soziolinguistika zer den zedarritzeko. Haren mugak tolesak dira erabat, eta ez dago jakingaiaren barrunbeak zehatz finkatuko dituen teoria orokor eta onarturik. Eta, gainera, ematen du bolada batean behintzat ez dela egongo. Eta, agian, horrek egiten du erakargarri(ago) kontzeptu mugaezin hori.

Diziplinarteko diziplina da, ertz, zoko eta bazter askotakoa eta askotarikoa. Soziologiatik, jendarte psikologiatik, zuzenbidetik, antropologiatik, komunikaziotik, politikatik, enpresagintzatik eta abarretik edaten du, mila erpineko aurpegia izan arte. Baina ez gaitezen eztabaida sasi-akademikoetan gal, mesedez, antzua baita horren gainean garesti dugun denbora xahutzea.

Orain arte gurean diziplina horren ingurumarian ikuspegi soziologikoa izan da nagusi. Hor ditugu Jose Maria Sanchez Carrion, Xabier Erize, Jose Luis Alvarez Enparantza, Iñaki Martinez de Luna, Mikel Zalbide eta abarrek egindako ikerketak eta interbentziorako ekarpen baliotsuak. Soziolinguistikaren aniztasunetik beti ere, baina soziologiara lerratuak nolabait.

Azken urteotan, ordea, gero eta gehiago dira antropologiara nola edo hala lerratzen ari diren ikerketak. Jone Miren Hernandez edo Miren Artetxeren lanak, kasurako. Baina, gaurkoan, Paula Kasaresek egindako doktore tesia hartu nahi dut hizpide: Euskaldun hazi Nafarroan. Euskararen belaunez belauneko jarraipena eta hizkuntza sozializazioa familia euskaldunetan.

(Ez al da deigarria gizonezkoek, oro har, gehiago jotzea soziologiara eta emakumezkoek, oro har, antropologiara? Antropologia eta soziologia ikasten ari direnen artean horrelako banaketarik al dago? Akaso antropologia feministak gurean eragin handiagoa du soziologia feministak baino? Eta, hala bada, zergatik?)

Nire ustez, Paula Kasaresek euskal (eta hizkuntza gutxituen) soziolinguistikaren soropilean mugarri bat ezarri du. Orain arte ia oharkabean erabiltzen genituen kontzeptu asko zalantzan jarri, irauli eta haien geroko erabilgarritasuna kolokan jarri du. Begiratu ditzagun horiek banaka-banaka eta txiri-txiri.

Kontzeptuak irauli

Hizkuntzaren jarraipena eta ordezkapena (edo Paulak tesian lantzean behin erabiltzen dituen iraupena eta iraungipena) zeren baitan dago? Orain arte, asko egin da berba determinismoaz (determinismoa aipatu barik, jakina). Ba, haren ustez, iraupenaren oinarrian hiztunon hautu-erabakiak baino ez daude. Iraupena (eta, beraz, ordezkapena) hizkuntza hautaketa kolektiboaren epe luzeko emaitza besterik ez da.

Hori dela eta, haren ustez transmisio kontzeptuak ez digu balio gaur eta hemen. Izan ere, ezin da esplikatu euskararen iraupena eta iraungipena goitik beherako harremanen bidez bakarrik. Horregatik, transmisioa baino sozializazioaren inguruan ondu du bere ikerketa.

Eta zer da sozializazioa? «Haurrari edo heldu hasiberriari komunitate jakin baten gizarte bizitzan eraginkortasunez eta egoki parte hartzeko beharrezkoak diren ezagutzak, joerak eta jarduerak eskuratzea ahalbidetzen dion prozesua da». Beraz, sozializazioa ez da haurtzarora mugatzen. Ez da jendarteak ezarri eta bakoitzak pasiboki jasotzen duena. Norberaren nahiak eta ekimenak ere zerikusia dute.

Horrez gain, sozializazioan haurren rola ez da pasiboa (transmisioaren ikerketa eta interbentzio askotan bezala). Aktiboa da eta gurasoen sozializatzaile ere izan daitezke. Ahaztu barik adinkideen arteko elkarreraginek duten garrantzia.

Azkenik, sozializazioa ez da etxera edo familiara mugatzen. Eskolak, adin berekoen taldeek, hedabideek, hurbileko komunitateak, herri giroak eta abarrek zerikusia dute sozializazioan eta euskararen iraupenean.

Ikerketak beste kontzeptu asko jarri ditu amildegiaren ertzean. Adibidez, euskaldun eta erdaldunen arteko dikotomia. Gero eta zailagoa da gurean hiztunen tipologiak bereiztea: continuum bat da hizkuntzari lotutako gaitasuna. Era berean, euskaldun berri eta euskaldun zaharren arteko dikotomiak ere ezbaian jarri ditu. Izan ere, hiztunok bizialdian zehar hizkuntzak ahaztu, galdu, berrikasi edo berreskuratu egiten ditugu, gero eta gehiago.

Horrez gain, Paularen iritziz hiztun bilakatzeko prozesua ezin da ingurune soziolinguistikotik bereizi. Paulak frogatu du Iruñean euskara atxikitzeko hiztunen guraria ezinbestekoa dela. Hau da, euskara ikasi arren (etxean edota eskolan), hiztunak ez baditu bilatzen erabilerarako guneak, atxikitzeko zailtasun handiak izango ditu delako hiztun horrek.

Ama-hizkuntza edo lehen-hizkuntza kontzeptuak ere ezbaian jartzen ditu Paulak. Baina, kasu honetan, bere hitzekin adieraziko ditut kontzeptu horri berak ikusten dizkion eragozpenak:

Hiztunaren eta hizkuntzaren arteko harremana sortzez ezarririk ez badago, hiztunak mintzairarekin duen lotura egunerokoan eratzen eta berreratzen ahal badu eta bere mintzaira gaitasuna, atxikimendua, ideiak eta hautuak bizitza aurrera joan ahala motibazio, harreman sare, gizarte aukera nahiz bertze aldagairen baten aldaketarekin batera alda badaitezke, orduan ama hizkuntza kontzeptuak, euskal soziolinguistikaren harroinetako bat izan denak, zertarako balio digu?

Beraz,

Ama edo lehen hizkuntza izateak ez dakar per se mintzaira hori hiztunaren bizitzan nagusia izatea, ez ohikoena edo usuena, ez eta maiteena edo nahiena ere edo hiztunak seme-alabekin solasteko hautatuko lukeena izatea. Ama hizkuntza ez da kontzeptu zehatza, ez eta eragingarria ere hiztunen bilakabidea aztertzeko.

Beste alde batetik, Pello Jauregik behin baino gehiagotan ikertu du hizkuntza bat hautatzeko talde naturalek duten eragina. Paula Kasaresek ere leku beretik jo du. Izan ere, bere ikerketan, gaztaroan euskara (berr)eskuratzeari ekindako gehienek adinkideen laguntza azpimarratzen dute. Euskaraz aritzen hasteko bultzatzaileak haurrideak, adiskideak, kirol taldekideak, bikotekidea... izan dira.

Eta Pello Jauregiren ikerketen harira, bereziki gomendatzeko modukoak dira hizkuntza ohiturak aldatzeari buruz egindakoak (zenbaki hau argitaratu orduko Aldahitz ikerketa-interbentzioaren inguruko liburua kalean egongo da). Ondorio guztiak ez ditugu oraingoan aipatuko. Luze joko luke. Baina horien artean bat bai: hizkuntza gaitasun mugatua ez da hizkuntza erabiltzeko oztopo.

Paula Kasaresek ere ondorio bera plazaratu du bere tesian. Bere berbetan esanda, «hizkuntzan ondo moldatzea euskaraz bizi izateko aldez aurreko baldintzatzat baino gehiago euskaraz bizi izatearen ondoriotako agertzen da».

Amaitzeko, ikerketaren elementu deigarri bati egin nahi diot leku. Paula Kasaresen arabera, haurrek hizkuntzaren jendarte egoerarekin bereziki eraginberak dirudite. Hau da, hizkuntza batek familiatik kanpo, inguruneko jendarte harremanetan «zenbat eta indar handiagoa izan, orduan eta eragingarritasun handiagoz jokatzen dute haurrek hizkuntza nagusia etxera eraman eta familiaren elkarrekintzetan sartzeko».

Beste hainbat gauza aipatuko nuke tesi horren inguruan. Baina ez dago lekurik. Hala ere, iruditzen zait hurrengo urteotan tesi horrek ondutakoei eta azaleratutakoei kasu handia egin beharko diegula, gure etorkizunarekin eta orainarekin kezkatuta gaudenok behinik behin.