Asteartea, 2024ko martxoak 19
Gora joan

Soziolinguistika

Txerra Rodriguez
Txerra Rodriguez

Emuneko hizkuntza aholkulari legez egiten dut lan. Beraz, soziolinguistika aplikatuan jarduten dut bete-betean, ahaztu barik soziolinguistika teorikoa eta, batez ere, soziolinguistika horren dibulgazioa (eta jendarteratzea). Jakinek beste aukera bat eman dit horretan aritzeko, aukera nagusia Garaigoikoa bloga izaten jarraitzen duen arren.

Argazki finkoak

2017-11-08

Aldaketa sozialaren ebaluazio fidakorra izateko, konparatzeko moduko neurketak ez ezik, ahalik eta kasu gehienetan errepikatzen diren neurketak ere behar ditugu. Hain zuzen ere, orain gutxi kaleratu diren Inkesta Soziolinguistikoaren eta Erabileraren Kale Neurketaren tankerakoak. Izan ere, bi horiek tarte finkoetan egindako argazki sozialak dira, unean uneko hizkuntza egoerari egindako erretratu sozialak. Hortaz, irakurketak gehiago izan beharko lirateke argazki horiek urterik urte erakusten duten joerei buruz, eta ez herri edo eskualde batean igoerak edo jaitsierak egon diren, baina tira. Apokalipsiaren turutak entzutea maite dugun gure herri honetan...

Ez naiz luzatuko bi horien emaitzen eta abarren azterketa sotilean. Horren beharra duenak Berria egunkarian Garikoitz Goikoetxeak gidatuta egin zen seriea begiratzea badu. Han badira analisi finak, datuen azpiko joerak marrazteko saiakerak, baita aurrera begirako balizko konponbideen zirriborroak ere. Eta ziur naiz datu horien gaineko analisi sendoak egingo direla urte honetan argitaratuko den Bat aldizkari monografikoan.

Aipatutako artikulu-serie horretan nik ere hartu nuen parte. Eta nire idazkiaren azken esaldian sendotze komunitarioa ekarri nuen hizpidera. Horixe baita nik aurrera begira zirriborratu nuen konponbideetako bat. Eta badirudi horretan ari garela, apurka-apurka, herririk herri martxan jartzen ari diren aktibazio proiektuekin.

(Bide batez, baldin eta euskaldunak aktibatzeko proiektua antolatzeko asmoa badu baten batek, derrigorrez irakurri behar ditu Bagera elkarteak argitara eman dituen bi gidaliburuak: Nola egin dute? eta Ekitea da kontua).

Sendotze komunitarioa bai. Logika permakulturala erabiliz. Eta zer da permakultura ba? Wikipediaren arabera:

Permakultura gizakiok lurrean kokatzeko sistema jasangarria eta harmonikoa da, inguruan integratzeko modu egokia kontsumismotik kanpo eta naturaren baliabideak gordetzen. Permakultura hitza ingelesetik dator, ‘permaculture’, eta bi hitzen arteko kontrakzioa da: permanent eta culture, hau da, kultura (eta nekazaritza) iraunkorra. Permakulturak izadian behatutako patroiak jarraituz, giza-habitat iraunkorrak sortu nahi ditu. Diseinu ekologikoa, ingeniaritza ekologikoa eta ingurumenaren diseinua konbinatzen ditu nekazaritza eredu berri bat sortzeko.

Ematen du horrek ez duela loturarik hizkuntzen biziberritzearekin. Baina badu: izan ere, giza habitat iraunkorrak sortzeko, beharrezkoa da habitat horietara ondoen egokitutako hizkuntzak erabiltzea. Tokian tokiko hizkuntzak, hain zuzen ere. Hortaz, sendotze komunitarioa lortu, baina logika permakulturala erabiliz. Edo irauntza, iraultza iraunkorra. Logika irauntzailea, iraultzailea baino (irauteko irauli behar dela ahaztu barik).

Deserosotasunaren pedagogia

Sendotze komunitario horren adibide aipagarrienetako bat Agurain izan da. Han ere, beste herri batzuetan bezala, euskaldun batzuek euskara hutsez bizitzeko esperientzia pertsonala haragitu dute, gorpuztu dute. Horiek lehen pertsonan bizi izan dute esperimentua. Egoera erosoetatik atera dira (armairutik ere batzuk) eta hizkuntza ohiturak erdigunera ekarri dituzte, haiek aztertu eta, ahal den neurrian, aldatzen saiatzeko. Lehen aipatutako aktibazioa, hain zuzen ere.

Eta, hori samurrago izan zedin, pedagogia soziala egin dute, hizkuntzen inguruko pedagogia soziala. Gurean administrazioek mila bider eta mila gairen inguruan egiten dute pedagogia soziala (beste eztabaidagai bat litzateke ea kanpaina horiek eraginkorrak diren edo behar bezala egiten diren, baina tira). Esate baterako, tabakoarekin, botikekin, alkoholarekin, trafiko istripuekin eta beste hainbat gairekin. Baina hizkuntzekin sekula ez. Inoiz ez.

Herritarroi behin baino gehiagotan leporatu izan zaigu euskararen erabilera eskasaren ardura. Hau da, kodeak irauli, estutu, zabaldu eta bortxatu behar ditugu, baina ezelako laguntza sozial barik. Norberak egin behar du, gordin, eta korrontearen kontra. Horregatik, behar-beharrezkoa da pedagogia soziala egitea egunerokoan, aldeko giroa piztea tokirik toki.

Baina ezin da ahaztu hautu pertsonalek ere badutela eragin soziala. Kapital sozialaren inguruko teoriagile nagusietako batek, Robert Putnamek, honako hau dio:

Egunero hartzen ditugun milaka eta milaka erabaki txikiek [Oihana Bartraren berbetan, erreferendum txikiek] duten garrantzi kolektiboaz ohartarazi nahi dut eta gure herritarren irudimen zibikoa piztu gure bizitzetan gertatu diren aldaketei erantzungo dieten lotze sozialerako modu berriak sortu eta asmatzeko.

Hortaz, benetako eragin sozialaz berba egiteko, benetako aldaketa soziala gauzatzeko, lehenik eta behin, hautu pertsonalak beharrezkoak dira, baina nahikoa ez. Hautu pertsonal horiek babestuko dituen, bultzatuko dituen giro soziala ere beharrezkoa da. Eta euskaldunak aktibatzeko han eta hemen isiotzen ari diren sormenezko zirimolak horretan aurrerapauso nabarmena dira. Praktikatu daitekeenaren mugak aztertzen dituztelako, errealitatearen sintaxia eta deklinabidea hackeatu nahi dutelako. Pedagogia soziala egiten ari direlako praktikaren bidez.

Hala ere, aurrera begira matxinatutako portaera eta joera horiek arau bihurtu behar ditugu, arau sozial bihurtu, oharkabean beteko diren arau bihurtu. Saiatu, dastatu, entrenatu eta, inoiz, ohitu eta nagusitu. Hor dugu erronka.

Maurizia

Adrianne Richek honakoa dio: «metafora deritzon dialektoa da hizkuntza». Eta bat nator. Eta, gainera, bat baino gehiago dira metafora hori kontrolatu eta nahierara erabili nahi dutenak. Gurean, baita beste edozein jendartetan ere. Izan ere, hori baino ez da han eta hemengo hizkuntzen akademien zeregin nagusia.

Eta, kontrol horren ondorioz, tirabirak egon dira, daude eta egongo dira, han eta hemen. Esate baterako, Galizian ia 40 urte daramate bi ortografia arauen artean sokatiran, ñ eta nh ikur bihurtuta, tiraka, soka inoiz apurtuko den arren. Eta gurean ere (olatuak apar gutxiagokoak diren arren) badira tirabirak eta norgehiagokak (metaforaren zentzurik hertsienean).

Lagin interesgarria dakargu Ibon Sarasolak (nahiz eta ur azpiko korronteak usnatu bakarrik egiten diren) argitara eman duen Bitakora kaiera liburuan. Hala ere, ez gara horien hausnarrean ibiliko lerro hauetan. Badira gauza interesgarriagoak euskaltzainen arteko xextrak baino. Esate baterako, Ibon Sarasolaren iritziz, euskara batua da euskaldunon komunitateak inoiz egin duen miraririk handiena. Edo, bere berbetan esanda, «euskara batuaren arrakasta da, ziur aski, euskaldunen komunitatearen historiako gertaera garrantzizkoena».

Beste hainbat konturi ere heltzen dio Ibon Sarasolak bere liburuan. Bere iritziz, corpus alorrean, «gero eta normalagoak» gara. Hau da, gure inguruko hizkuntzen parera iristen ari gara. Izan ere, bere ustez, euskara gero eta beregainago jokatzen ari da, hizkuntza-akademiari gero eta jaramon gutxiago eta idazle «onei» gero eta jaramon gehiago egiten dielako.

Nik ez nuke hainbeste esango. Hurreratzen ari garela ez dut zalantzan jartzen, baina iristen ari garela ez nuke esango. Izan ere, gure inguruko hizkuntzetan corpusa berritzeko biderik emankorrena ez dira idazleak, komunikabideak baizik. Eta gure komunitateak hutsune oso nabarmenak ditu komunikabideen inguruan, batez ere ikus-entzunezkoen alorrean. Eta, hortaz, hurreratzen bai (beste euskarrietan komunikabide duinak ditugun heinean), baina iristeko oraindik bide luzea geratzen zaigu begien aurretik, nire ustez.

Hortaz, eta corpus alorrean ere bai, hurrengo urteotan tokatzen zaigu sumendi lokartuen erupzio prozesu kolektiboak esnatzea han eta hemen, hizkuntzaren corpus alorrean eta, batez ere, estatus alorrean, hau da, komunitate alorrean, logika permakulturala aplikatuz. Irauntzan. Ausardiaz eta harro, behinolako Maurizia Aldaiturriaga kantari protopunk haren gisara. Aupa Maurizia!