
Urte berria etorri zaigu, urtero bezala. Elkarrekin ari gara hazten, nagusitzen, zahartzen. Elkarrekin bizi dugu denboraren misterioa. Denbora. Horixe izan zen azkenengo Pentsatu! jaialdiaren gai nagusia, 2017az geroztik ospatzen dugun festa ederrean. Ospakizuna Donostian eta azaroan izaten da, filosofiaren aldeko nazioarteko egunarekin batera. Solasaldi filosofikoan animotsu aritzeko aukera bikaina izaten dugu, denboraren inguruan bueltaka aritzekoa, besteak beste. Oraingoan, iraganari, orainaldiari eta etorkizunari buruzko hiru mikroeztabaida egin ziren Tabakaleran, bata bestearen atzetik.