Astelehena, 2017ko azaroak 20
Gora joan

Ziklo bat amaitu al da?

2017-03-10

Etorkizuna ei da oraina eta iragana txirikordatzen den une hori. Zapatistek, Txepetxi kopiatzen (nahiz eta eurek, agian, jakin ez), etorkizuna iraganean zegoela esaten zuten burua estalita oihanaren barren-barrenetatik. Eta hala gabiltza azken aldion ere euskalgintzetan, etorkizuna asmatu guran edo, agian zehatzago, iraganetik eta orainetik ikasten etorkizun hobea marrazteko denon artean, kolektiboki.

Laginak handik eta hemendik hartu ditut, txikitik eta handitik. Ziklo bat amaitzen ari den zurrumurrua aspaldi entzuten da (Topaguneak 2011n egin zuen kongresua izan zen lehenetariko deia, nire ustez), baina urtetik urtera forma hartzen ari da: euskalgintzek ziklo bat bete ei dute eta ziklo berri bat abiatu behar dute, astiro-astiro eta erabateko iraulketarik gabekoa izango dena.

Laginak, esan bezala, mordo bat dira, eta gehitzen ari dira azken aldion. 2016ko amaieran eta 2017ko hasieran honako lagin hauek batu ditut bazterrotan: Euskal Herrian Euskaraz-ek hausnarketa prozesua abiatu du (autokritika latza eginez), Bat aldizkariaren 99-100. zenbakiek azken 30 urteotako balantze soziolinguistiko zehatz, sakon eta zorrotza dakarte (Jakinen hurrengo zenbakietan jorratu beharko ditut hango irakaspen nagusiak, behinik behin), Garikoitz Goikoetxeak argitaratu duen Euskara irabazteko bidean liburu dibulgatiboa (iragana, oraina eta etorkizuna batzen dituena), Kontseiluak eta beste hainbat mugimendu sozialek aurkeztutako Protokoloa, herririk herri egiten ari diren aktibazio esperimentuak (Egiakoa abiapuntu, Hernani, Agurain, Arrigorriaga edo Lasarte-Orian egindakoak)... Eta, ziur, nire buru madarikatuak ehizatu ez dituen beste hainbat.

Horiek guztiak eltzean sartu ditut su motelean eta ganbara hasi zait borborka. Ziklo bat amaitzen ari da, eta ziklo berria jaioko da laster asko (jaio ez bada ere, zaila da dinamikaren barrunbeetatik jakitea zikloa hasi den ala ez, eta hori gure gerokoek esan beharko dute, haiek datatu beharko dute). Eta, jakina, galderak datoz trumilka: zeintzuk izango dira ziklo berriaren ezaugarriak? Zeintzuk ziklo berriko ekintza nagusiak? Zeintzuk aurrerapausoak? Zeintzuk ekinbideak? Zeintzuk oztopoak? Eta zeintzuk gainditu beharreko troinuak?

Galdera parrastada eta Jakinen leku eskasa horiei guztiei behar duten sakontasunez eta zorroztasunez kasu egiteko. Gainera, ez naiz aztia, ez naiz xamana eta ez dakit zer gertatuko den etorkizunean (horiek jakin dezaketela sinistuz gero). Baina, tira, intuizio batzuk partekatu nahi ditut talaia honetatik. Apal-apal eta nire egiak direla (gaur eta hemengo egiak esan beharko nuke zehatzago) aldez aurretik zuoi argi utzita.

Estrategiak

Orain dela urte batzuk egin behar izan nuen lan batean ondorioztatu nuen hiru estrategia nagusi egon direla euskararen (euskaldunon!) biziberritzeari dagokionez: pertsonarengan arreta jarri dutenak, komunitatearengan arreta jarri dutenak eta eskubideetan arreta jarri dutenak. Hiru estrategia nagusi esatea sinplifikazioa da, jakina; ez dago inor estrategia horietako bakar batekin arazo guztiak konponduko direla sinesten duenik. Garbi. Baina, tira, egia da hiru bide egon direla orain arte, hirurek bat egin dute inoiz, eta hirurek bat egiten jarraituko dute geroan ere. Nik ez ditut zehatz-mehatz aipatuko orain arte bide bakoitzak lortutakoak (eta lortu ez dituztenak). Ez dago horretarako astirik, eta, gainera, iruditzen zait ariketa ez dela oso interesgarria (lorpenen eta lortu gabekoen gaineko sintesi on bat dakarte lehendik aipatutako Bat aldizkariaren 99-100. zenbakiek, nahiz eta hiru estrategia horiei erreferentzia zuzenik egin ez). Nire ustez, interesgarriagoa da ziklo berrian estrategia bakoitzetik aprobetxatu daitezkeen kontu batzuk mahai gainera ekartzea. Eta hori egingo dut hemendik aurrera.

Pertsonen gainean lupa jarri duten estrategiek badute kritikatzeko nahikoa (asko ez esatearren). Izan ere, inozoak ginateke uste badugu euskararen (euskaldunon!) arazoa psikologia mailakoa dela. Ez da, inondik ere, eta ez da izango (eta hala diote mundu zabaleko soziolinguistikan aritu eta aditu diren beste guztiek ere, ezelako zalantzarik agertu barik). Hala ere, nire ustez, ziklo berri honetan pertsonei gehiago begiratu behar diegu (euskaldunei bereziki, baina baita euskaldun ez direnei ere).

Euskaldunen aktibazioa dabil bolo-bolo ahotik ahora azken aldion. Eta, gainera, berbetatik pasatu gara behingoz eta praktikara eramaten hasiak gara. Egia estiloaren kontzeptua zabaltzen ari da, han-hemenka, eta lanketa oso interesgarriak egiten ari dira. Nire ustez, hurrengo urteetako erronka izango da praktika horiek orokortzea (eta lekuan lekura egokitzea), eta denboran iraunkor egitea. Gure esku egon daitezkeen kontuetan orain arte baino burugogorrago jardun behar dugu, eta dauden zirrikitu eta arrakala guztiak aprobetxatu.

Era berean, feminismotik (eta gay eta lesbianen mugimendutik) ikasten jarraitu behar dugu, eta aliantzak (txikiak eta hauskorrak badira ere) egiten jarraitu. Nik nire betiko matraka badut (ahalduntze eskolak sortzea herri batzuetan), baina, tira, etorriko dira (edo ez). Hala ere, diskurtsoetan, praktikan eta munduari begiratzeko eran elkar elikatzen jarraitu behar dugu mugimendu horiekin (batez ere feminismotik, garapen intelektual zein praktiko indartsuena duen heinean).

Gazte-jendea ere ez genuke ahaztu behar. Baina, orain arte ez bezala, utzi behar ditugu alde batera ‘kriminalizazio’ saioak. Ez dira errudunak, euskaldun agertzea gaur eta hemen korrontearen kontra joatea da (eta hala izango da etorkizunean ere). Entzun behar diegu, euren bizipenak, sentimenduak eta kezkak ulertu eta tresnak eman behar dizkiegu (dauden heinean, bestela sortu beharko ditugu). Soziolinguistika domestikoko tresnez ari naiz, badaezpada diot (tresna linguistikoak edo makrosoziolinguistikakoak ere bai, baina erabateko lehentasuna mikro mailakoek dute, nik uste).

Azkenik, ez nuke ahaztu gura euskaltasun guztiak baliotzea beharrezkoa dugula. Euskaldun izatearen modu askotarikoak jarri behar ditugu komunitatearen alde (Jone Goirigolzarriri lapurtu dizkiot bi esaldi horiek). Eta, zentzu horretan, ez dirudi euskaldun berrien kategoriak hiztun berrien legitimitatean laguntzen duenik. Hau da, ez dirudi benetako hiztun sentitzen laguntzen duenik. Eta, hortaz, nire ustez, lehenbailehen desagerrarazi beharko genuke kategoria hori gure hiztegietatik eta, batez ere, gure egunerokotik. Bestelako proposamen batzuk daude mahai gainean (euskaldun 2.0, transeuskaldun eta abar), noiz gatzatuko zain.

Bigarren estrategia nagusiak komunitatearengan lupa jarri izan du orain artean, esan bezala. Edo, beste era batera esanda, euskaldunontzako gune hegemonikoak sortu, elikatu eta iraunarazten saiatu dira estrategia hori lehenetsi dutenak. Taldetasuna, komunitatea zentroan ipini dute, eta, nire uste makalean, etorkizuneko estrategia zentrala izan beharko luke.

Norbanakoa garrantzitsua da, bai, baina taldetasunak ematen dion bermearekin. Gure arazoak ez dira psikologikoak (gustatuko litzaidake, baina ez da hala), soziologikoak baizik (edo politikoak nahi bada, politikaren zentzu zabalean beti ere). Izari kolektiboa hartu behar dugu oinarri, babes kolektiboak ehundu behar ditugu, lastaira sozialak eraiki. Artikulazio kolektiboa izan da giltzarri eta geroan ere izango da, gura ala ez.

Hortaz, arnasgune soziofuntzionalak sortu, mantendu eta daudenen arteko harremanak saretu behar ditugu. Hori da gure etorkizuneko erronka nagusia. Arnasgune soziofuntzionaletatik abiatuta, geolurraldezko arnasguneak sortuz joan, apurka-apurka (paradigmatikoa da, bere argi-ilunekin, eskola alorrean azken 30 urteetan egindako esfortzu kolektiboa; erronka da beste alor batzuetan horren moduko ereduak biderkatzea eta bistaratzea).

Eta, jakina, esan barik doa: komunitatea sortzen, mihigintza elikatzen, behetik gora eraikitzen, mintzaidegoa trinkotzen jarraitu beharko dugu. Hori bai, orain arte asko jardun dugu berariazko euskalgintza moldeetan. Eta bide batezko euskalgintza moldeak indartu beharko ditugu, sustatu eta, ahal den neurrian, orokortu.

Hirugarren estrategiaren hanka falta da analisia amaitzeko. Eskubideetan (edo hizkuntza politikan) lupa jarri duen estrategia litzateke hirugarrena. Asko izan du orain arte aldarrikatzetik, eta ez horrenbeste gauzatzetik. Pausoak egin ditugu han-hemen (udal mailakoak dira sakon eta sendoenak; ematen du herritarrarengandik zenbat eta urrunago, orduan eta makalagoak direla pausoak) eta horien emaitzak begi-bistakoak dira (erakundeen babesak zerikusia du azken 30 urteotako aurrerapenekin, nahiz eta bultzada nagusia behetik gorakoa izan den; ikusi bestela azken 30 urteotan zer gertatu den erakundeen babesik izan ez duten eskualdeetan, bereziki Ipar Euskal Herrian).

Badirudi estrategia honetan Kontseiluak orain gutxi plazaratu duen nazioarteko protokoloak mugarria jarriko duela (ikuskizun dago, hala ere). Dena dela, eskubideak izatea ondo dago (eta gehiago behar ditugu, jakina), baina batez ere eskubide horiek gauzatzen baditugu. Bestela, papera dira, eta papera diren eskubideek ez dute beste eskubideek izaten duten eragina, inondik ere.

Hala ere, nire ustez ez dugu itsutu behar eskubideen estrategiarekin. Beharrezkoa da, baina ez da zentralena nire uste makalean. Legeek aldaketak gauzatu ditzakete, jakina; baina horretarako beharrezkoa da komunitate sendo batek aldaketa horiek babestea. Eta nago, gaur eta hemen, komunitate sendo hori ez dela guk nahiko genukeen bezain sendo.

Izan ere, hiru estrategia horiek ekarri gaituzte gaur gauden lekura. Eta, zentzu horretan, estrategia bakoitzari aitortu behar zaio bertuteak dituela, kritikatzekoak ere dituen modura, noski. Baina ezin dugu ahaztu hirurek elikatzen dutela elkar. Hortaz, eta esandakoak borobiltzeko asmotan, nire ustez komunitatea eratu, sortu, birsortu, osatu, trinkotu, berreratu, berregituratzeak izan beharko luke helburu; baina, beste bietan aurrerapausorik eman ezean, ez da behar bezala gatzatuko aipatutako helburu hori.