Osteguna, 2024ko martxoak 28
Gora joan

Soziolinguistika

Txerra Rodriguez
Txerra Rodriguez

Emuneko hizkuntza aholkulari legez egiten dut lan. Beraz, soziolinguistika aplikatuan jarduten dut bete-betean, ahaztu barik soziolinguistika teorikoa eta, batez ere, soziolinguistika horren dibulgazioa (eta jendarteratzea). Jakinek beste aukera bat eman dit horretan aritzeko, aukera nagusia Garaigoikoa bloga izaten jarraitzen duen arren.

Jarrerak, gaitasunak eta erabilerak

2017-05-11

Txepetxek argi adierazi zuen eta, gaur egun ere, nazioarte mailako hizkuntza plangintzari buruzko ikerketek hiru arlo nagusiri egiten diete erreferentzia (integralak izan gura badute): jarrerei, gaitasunei eta erabilerei. Hiru horiei ere egiten diete erreferentzia Bat aldizkariaren 99 eta 100. zenbakiek. Izan ere, bi zenbaki horietan azken 35 urteen errepaso soziolinguistiko paregabea egiten dute hainbat egilek, eta, nire ustez, merezi du Jakinen horiei ere leku egitea (nire galbahetik pasatuta, jakina).

Jarrerak

Jarreren inguruko artikulu nagusia Xabier Erizek egin du. Hautu linguistikoa jartzen du berak bere azterketaren erdigunean. Izan ere, «hiztunek (bakarka zein taldeka) hautuak egiten dituzte hizkuntzen edo barietateen artean, eta hautu horien bidez hiztun komunitate baten edo bestearen balioekin lotuak izateko nahia adierazten dute». Hautuak, hortaz, kolektiboak edo indibidualak izan daitezke (eta unean unekoak edo iraunkorrak).

Galdera nagusia baita hauxe soziolinguistikan, egilearen iritziz:

Zergatik jendeak hizkuntza bat baino gehiago erabiltzeko aukera duenean, nahiago du bata ala bestea erabili? Bata zein bestea erabiliko dute, alde batetik, haien lehentasun, nahi, balio eta beharren arabera, eta, bestetik, kontuan hartuta aukera bakoitzaren kostu materialak eta ez-materialak, hautaketen baldintzak direna, azken batean.

Horri (eta beste kontzeptu batzuei) tiraka ontzen du bere artikulua Erizek: «komeni da ulertzea herritarrek, hiztunek, portaera linguistikoak dituztela, hautaketak egiten dituztela eta motibo subjektiboak dituztela horiek egiteko, baldintza sozial objektiboak ere badaudela ahaztu gabe». Marko horren barruan aztertzen ditu azken 35 urteotan euskararekiko jarrera eta motibazioen inguruan gauzatu diren ikerketak.

Amaitzeko, aurrera begira Xabier Erizek ere gomendio bat ematen digu: «euskararen sustatzaileek kontuan hartu behar dituzte/ditugu herritarren motibo subjektiboak: hizkuntza-politikan, plangintzan, lan praktikoan eta ikerkuntzan».

Artikulugile nagusiari beste egile batzuek erantzun diote. Jone Miren Hernandezek identitatearen kontzeptuari heltzen dio bere azterketan. Haren ustez, «identitateak bere kutsu esentzialista galtzen du eta norbanakoak bere identitatea eraikitzerakoan duen partaidetza azpimarratzen da, hiztunak eginkizun honetan azaltzen duen grina eta inplikazioa nabarmenduz». Edo beste berba batzuekin esanda: «Euskaraz egiteak laguntzen du giro nahiz testuinguru euskaldun bat sortzen eta lortzen, baina, gainera, aritze horrek badu ondorio bat nire/gure burua euskaldun bezala irudikatzeko garaian». Hortaz, identitatea ez da berez datorkigun zerbait, egunez egun eraikitzen duguna baizik.

Nekane Arratibel, Asier Irizar eta Joxpi Irastortzak ere erantzun diote Erizeri. Egile horien iritziz, «euskararen hautua egiten da, gehienetan, euskal hiztunen komunitatearen gune sinbolikoak erdigunea hartzen duenean». Hau da, «edozein komunitate linguistikoren erdi-erdian, boterean, alegia, euskal hiztun osoak, euskaltzaleak... egon beharko luketela normalizazioa gauzatuko bada».

Iritziak iritzi, nire ustez argi dago jarrera, hautu, identitate, motibazio eta gai horien inguruan oraindik asko dugula ikasteko, asko dugula fintzeko eta asko dugula probatzeko eta esperimentatzeko. Norbanakoaren indarra gutxietsi barik, kolektiboaren indarra gutxietsi barik, azturek eta ohiturek eragiten dutela ahaztu barik, esaten denetik egiten denera tartea badagoela ahaztu barik. Eta ahaztu barik, jakina, identitatea ez dela berezkoa den zerbait, hautuz hautu eraikitzen den zerbait baizik.

Gaitasunak

Gaitasunen inguruko artikulu nagusia, ostera, Iñaki Martinez de Lunak egin du. Transmisioa ere izan du ikerketa-gai. Hauxe dio berak horren inguruan:

Familia bidezko euskararen transmisioa ari da kasu gehienetan bermatzen guraso biak euskaldunak direnean. Hala ere, transmisioa ez dago guztiz ziurtatuta, eta hori zergatik den ezagutu eta galera eteteko aukerarik ote dagoen aztertu beharko litzateke.

Eta ez hori bakarrik: EAEn euskara hutsezko transmisioa handiagoa da Nafarroan eta Iparraldean baino.

Era berean, transmisio bikoitzaz ere egiten du berba (hau da, euskara eta gaztelania, euskara eta frantsesa). «Egokia litzateke ikertzea zein diren hizkuntza-transmisio bikoitz horren bidez eratortzen diren aukerak eta mugak, betiere HINBE prozesuari begira» (HINBE Fishmanen RSLren euskal akronimoa da: hizkuntza indarberritzea esan gura du).

Eskolaz ere egiten du berba. Eragin mugatua du horrek sozializazioan. Hala ere, «aztertu beharko litzateke irakaskuntzaren lorpen partzialak nola bermatu eta osa litezkeen, denbora igaro ahala galdu ez daitezen».

Euskarazko gaitasuna aztertzerakoan, Iñaki Martinez de Lunak nabarmentzen du hizkuntza gaitasun erlatibo terminoa sortu/asmatu izana. Izan ere, «jakina baita hainbat kasutan hobekien ezagutzen den hizkuntza dela erabilia izateko aukera gehien duena».

Martinez de Lunaren artikulu nagusiari ere beste egile batzuek erantzun diote. Batetik, Iñaki Iurrebasok gaitasunari buruzkoak aipatzen ditu eta, bestetik, Patxi Juaristik transmisioari buruzkoak.

Azken horrek mahai gainean jarri ditu datu esanguratsuak.

Emakumeek gizonek baino gaitasun gehiago dute euskaraz komunikatzeko (hobeto ulertzen, hitz egiten, idazten eta irakurtzen dute euskaraz), euskararekiko atxikimendua handiagoa eta baita euskararekiko jarrera hobeagoa dutelako.

Ezagutza, gaitasunak, transmisioa, sozializazioa. Lau berba horien artean ibili da gure azken urteotako soziolinguistikaren jarduna, hara eta hona. Oraindik jo beharko dugu bide horretatik, baina harremanetan jarriz ostean datozen erabilerekin eta praktikekin, eta aurretik etorri diren jarrera eta motibazioekin.

Erabilerak

Erabilerei buruzko artikulu nagusia Mikel Zalbidek egin du, beti bezala, luze eta sakon. Mintzaldaketaz egiten du berba luze, arnasguneei buruz, baita nazioarteko hainbat eta hainbat erreferenteri kasu egin ere (Fishman buru, jakina).

Eskolaren mugak aipagai ditu berak. «Eskola barruko saiorik sendo, sakon eta teoriaz jantzienak ere ezin izan dio herri-giro osoaren erdalduntze bortitzari aurre egin». Izan ere, «adin batetik aurrera ordain-sarien gizarte-sistemak gobernatzen du neurri handian gaztejendeak euskaraz ala erdaraz egin».

Hala ere, eskola «belaunez belauneko jarraipenaren lagungarri sendoa da». Eta, zentzu horretan, eskolak bost helburu nagusi ditu, edo izan beharko lituzke. Batetik, «etxetik euskaldun diren ikasleen gaitasuna, euskaraz mintzatzeko ahalmena, sendotu egin dezake euskal eskolak». Bigarrenik, «etxetik (erabat edo nagusiki) erdaldun diren ikasleak euskaldundu egin ditzake eskolak, halako neurri batean». Hirugarrenik, «curriculumaren euskal dimentsioa aurrez aurre landu dezake eskolak. Euskaldun izateaz harro dagoen gazte-jendea behar-beharrezkoa du hiztun-elkarte ahuldu orok». Laugarrenik, eskola «buru-langile eta buruzagi berrien harrobia» da. «Edozein hiztun-elkarte sendok, belaunez belaun bizirik aterako bada bere gogoetagile propioak, bere sormen-eragileak, bere eliteak eta bere buruzagiak behar izaten ditu». Bosgarrenik eta azkenik, «milaka euskaldun profesionalen bilgune eta pizgarri da eskola-mundua».

Arnasguneen gainean, esan bezala, luze eta zabal jarduten du bere ohiko estiloan.

Etxe giroko jarduera trinkoa menderik mende eta belaunez belaun euskararen transmisio naturalaren abiaburu eta oinarri izandakoa, bere buruari ozta-ozta eusten edota nabarmen ahultzen ari da oro har.

Bere ustez:

Soluzioa ez dago lehenari iltzaturiko euskal erreserba etnolinguistikoetan. Biziko bada, lana eta jana behar du arnasguneetako jendeak, lehenik eta behin. Mundutar zabal sentitzeko komunikabideetarako lotura-aukera eta bizimodua itxura gabe ez oztopatzeko behar besteko zerbitzu-eskaintza eta aisialdi erakargarria ere bai.

Horrez gain, arnasguneetan behetik gorako plangintza goratzen du.

Bertako bizilagunek ulertu, hobetsi eta asumitu behar dute, lehenik eta behin, abentura demografiko, soziokultural eta soziolinguistiko konplexu eta berrian, Europan pare-pareko adibide handirik gabekoan, sartzera doazela bide hori aukeratzen badute, eta, onik aterako badira, beren konpromisoz eta beren kemenez zurkaiztu, osatu eta garatu beharko dute XXI. menderako bide-erakusle izango den arnasgune berria.

Artikulu horri Olatz Altunak eta Xabier Aierdik erantzuten diote. Azken horrek Jone Miren Hernandezen ildotik jotzen du (Iñaki Martinez de Lunak ere bai hein handi batean). «Ez gara uste duguna, praktikatzen duguna baizik».

Era berean, etorkizunerako errezetak mahaigaineratzen ditu.

Lasaitasun jarrerak eta larrialdi garaietarako neurriak uztartu beharrean gaude, hori baita gure egungo dilema. Ez dugu non begiratu, non kopiatu eta gugandik kanpo ez dago eredurik. Teoria propioak garatu beharrean gaude.

Arnasguneen gainean ere aritzen da. Herri txikiak baino, eskualdeak ikusten ditu berak oinarri.

Urola Kosta, Durangaldea, Goierri, Debagoiena, Tolosaldea. Eskualde hauetan jokatzen eta bermatzen da euskararen etorkizun hurbila. Horietan daude arnasgune erabakiorrak. Eskualde hauek ez dira guztiz urbanoak biztanleria eta udalerrien biztanleria kopurutik, baina bai kultura urbanoaren hedaduratik.

Praktikak eta horrek identitatean dituen ondorioak, eta horrek gaitasunetan dituen ondorioak eta horrek jarreretan dituen ondorioak. Praktika erdigunean jarri. Horixe izan da azterketa sakon horietatik atera dudan ondorio nagusia. Eta bigarren ondorioa da euskal soziolinguistikak ezagutu behar duela Judith Butler eta haren ekarpena, baina, tira, hori ere etorriko da.

Benetan ere pentsarazleak izan dira bi zenbaki horietan jasotakoak. Horiek nire galbahetik pasatutako ohar mentalak baino ez dira izan, eta bi zenbaki horietako artikulu mamitsuak irakur ditzazuen amua baino ez. Segi haien bila atoan.