Asteazkena, 2023ko martxoak 22
Gora joan

Glokalia

Joanes Igeregi Santamaria
Joanes Igeregi Santamaria

Bizitzak batetik bestera eraman nau, ala batetik bestera eraman dut. Uribe Kostak eta Bilbok irakatsi zidaten euskararen ertz batean euskaraz bizitzen, Debagoienan autoeraketarekiko interesa piztu zitzaidan, eta Abya Yalako lagun indigenekin ikasi nuen gurea ez dela munduan bizitzeko modu bakarra. Une honetan, hanka bat hizkuntza lankidetzan daukat, eta beste bat mugimendu ekologistan. Ibilbide horretan, denetik apur bat ikasi dut, ezertan espezialista izan gabe. Orriotan ikuspegi zabal horretatik begiratuko diot bizi gaituen garaiari.

Urteak daramatzagu etorkizunerantz ostikadak jotzen. Etorkizunerantz, eta etorkizunari. Konponbideak atzeratu eta atzeratu gabiltza eta, bitartean, hurrengo belaunaldien arazoak larriagotzen. Gure ekintzen ondorioak aurreikusi, aukera ezberdinak aztertu eta erabaki razionalak hartzeko gaitasuna da, zenbait antropologoren arabera, gizakiok gainerako animaliengandik bereizten gaituen ezaugarrietako bat. Horrela bada, ez gara oso gizaki jokatzen ari.