Joan Mari Torrealdairen azken esker hitzak: «Harro nago eraikitakoaz»
Andanaka herritar eta euskaltzalek eman diote azken agurra Usurbilen Joan Mari Torrealdairi. Familiak ere eskerrak eman nahi dizkie gerturatutakoei
«Bakean joan naiz familiak inguratuta, bizitzak eman didan guztiari eskertuta». Esker hitz horiekin hasten da Joan Mari Torrealdaik berak utzitako hil ondorengo agur mezua. Andanaka herritar eta euskaltzale elkartu ziren Usurbilgo elizan Torrealdairi azken agurra emateko, eta elizkizunean bertan irakurri zuen alabak Torrealdaik idatzitako agurra. «Ezin izan zaituztet zuek guztiok banan-banan agurtu, baina badakit ulertu eta barkatuko didazuela. Harro nago eraiki dudanaz, bai familia eta lagunarte mailan, baita euskal kultura eta gizarte mailan ere. Ezin hobea izan dut bizitza, eta eskertua nago guztiz».