Asteartea, 2024ko martxoak 19
Gora joan

Jakin 248-249

Jakin 248-249
Erlazionatutako albistea

Aurkezpen irekiak hiriburuz hiriburu

Jakin 2022-03-01

Jakin aldizkariaren 248-249. zenbakia aurkezteko solasaldi irekiak programatu dira, Agora Filosofia Elkartearekin elkarlanean. Filosofiatik ezabatutako emakumeak du izenburu, eta emakumeek filosofiari egindako ekarpena bistaratzeko 11 artikulu bildu ditu. Hain zuzen, Agora Filosofia Elkarteak eta EHUko Filosofia eta Antropologia Fakultateak antolatutako izen bereko UEUren ikastaroa oinarri hartuta.

Aldizkaria Erosi
PDF 10.88 MB 23,00 €
Papera 23,00 €
Izan zaitez Jakinkide Harpidetu

Gai nagusia sailean, filosofiaren historian emakumeek jasan duten ikusezintasuna nabarmendu eta iraultzeari ekin diote Itsaslore Yarza Lopez, Idurre Eskisabel Larrañaga, Arantza Etxeberria Agiriano, Agustin Arrieta Urtizberea, Lore Lujanbio Etxeberria, Irati Zubia Landa, Maite Arraiza Zabalegi, Alaitz Aizpuru Joaristi, Yolanda Barrios Colodrón, Iratxe Retolaza Gutierrez, Naiara Gago Povedano eta Maitane Nerekan Umaranek. Beauvoir eta Arendten filosofia Batxilergoan lantzeko edukiak eta testuak erantsi dira.

GAI NAGUSIA: FILOSOFIATIK EZABATUTAKO EMAKUMEAK

Hitzaurrea

Filosofiatik ezabatutako emakumeak ikastaroa aurkezten da: filosofiatik emakumeak ezabatzearen kausak eta ondorioak, pentsamendu feministak filosofiari egindako zenbait ekarpen eta Bigarren Hezkuntzako curriculumaren egoera.

Euskal pentsamendua eta feminismoa: ezinbesteko elkargune batzuk

Euskal pentsamenduak eta feminismoak ez dute orain artekoan elkargune bereziki trinkorik osatu. Hala ere, elkarrekin gurutzatu direnetan ekarpen interesgarriak egin dizkiote elkarri. Ekarpen horiek azaltzen dira, eta, bereziki, uztarketa horren premiaz gogoetatzen da.

Hilekoa eta subjektu filosofiko gorpuztua

Emakumea subjektu berria eta ezberdina da filosofian, agian gorpuztuago bizitzeagatik, hilekoetan adibidez, eta filosofiaren izaera zein ekintza interpelatzen ditu. Weilen ildotik esanda, pentsatzeko edo filosofatzeko gogoa eta gaitasuna zapalkuntzak soilik eragozten ditu.

Pentsamendu feminista filosofiarako sarrera batean

Filosofiarako sarrera bati begira, pentsamendu feministatik egin diren ekarpen batzuk aurkezten dira. Zehatzago, ‘errealitatea’ ordenatzeko edo sailkatzeko moduari eta etikaren eta estetikaren arteko mugari lotutako zenbait auzi jorratzen dira.

Zaintza eta gobernamentalitate neoliberala

Zaintza kontzeptuaren inguruko eztabaida feminista azaldu eta ikuspegi historikoaren garrantzia nabarmentzen da. Horrela, esentzializatzeko eta feminizatzeko mekanismo heteropatriarkalak gobernamentalitate neoliberalarekin erlazioan arakatzen dira.

Injustizia epistemikoak: Agoran sartzeko zailtasun bat gehiago

Filosofian emakumeek duten presentzia urriaren inguruko hainbat hipotesiren inguruan dihardu. Zehazki, injustizia epistemiko kontzeptutik abiatuz, honakoa defendatzen da: testigantza-injustiziek eta injustizia hermeneutikoek zerikusi handia izan dezakete horretan.

Zaintzaren filosofia

Zaintzen krisiaren nondik norako nagusiak, zaintzaren garrantzia eta ‘zaintzari’ buruzko hurbilpen kontzeptual ezberdinak plazaratzen dira ikuspegi kritiko feminista batetik, zaintzak filosofiari egiten dizkion zenbait ekarpen nabarmen azpimarratuz.

Simone de Beauvoir, bizitzeko pentsamendu bat

Simone de Beauvoirren pentsamendua aztertzen da, bere emaria interpretatzen laguntzeko giltzarri batzuk proposatuz eta Beauvoirren lanean zahartzaroaren gaiak izandako garrantzia eta La vieillesse (1970) liburuko ideia nagusi batzuk aipatuz.

Hannah Arendt, pentsatzeko ausardia. Hannah Arendt ezagutzeko hastapenak

Hannah Arendten identitateari, biografiari eta obra nagusiei buruzko zertzelada batzuk eskaintzen dira, filosofoa ezagutzeko interesa piztearren.

Virginia Woolf (1882-1941), pentsamenduaren uberak

Virginia Woolf (1882-1941) idazle britainiarraren idazlanetan gorpuzturiko pentsamendu-ildo eta gogoeta-molde zenbait aletzen dira, honako alderdi hauetan arreta jarrita, besteak beste: idaztankera eta mundu-ikuskera, saiakeratan jorraturiko zenbait gogoeta-lerro eta egiletzaren oihartzunak.

Tractatus kritiko-feminista. Filosofiaren historiako mugarri berri bat

Tractatus kritiko-feminista aurkezten da: filosofiaren ikaskuntza-irakaskuntza feminista sortzeko hainbat mandamentu proposatzen dira modu irekian; hau da, bizirik dagoen planteamendua den heinean, iradokizun guztiak bereganatzeko pentsatuta dago.

Egunen Gurpilean
Kontrazala
Izan zaitez Jakinkide Harpidetu