Ostirala, 2023ko ekainak 02
Gora joan
Menua

Torrealdai, Azurmendi eta pandemia Durangoko Azokan

Durangoko Azoka digitalaren bidez egingo da aurten salmenta

2020-12-04

Pandemiara egokitzeko, Durangoko Azokak sarearen bidez plazaratuko ditu aurtengo nobedadeak, abenduaren 4tik 8ra zabalik izango den denda digitalarekin. Bertan topatuko dituzue salgai Jakinen argitalpenak. Ekar dezagun Landakoko berotasuna plaza digitalera.

[PODCAST] Egiari bizkar emanda bizi gara

Egia-ostearen garaian gaudela dio Irati Zubia Landa filosofian graduatuak irratirako Jakingunea podcastean

2020-11-03

Egiarekiko interes eza gure garaiko ezaugarrietako bat dela dio Irati Zubia Landa filosofian graduatuak Jakinerako idatzi duen artikuluan. Egia-ostea deitutako garaian bizi baikara, dioenez. Kezkagarria da hori: «Egiarekiko axolagabetasuna dela medio, egiaren ahalmena galdu dugu, besteak beste duen ahalmen salatzailea. Galera handia da hori». Egiak deserosoak baitira maiz, eta horri esker ekar ditzakete gizarte aldaketak.

Egia, ordea, iritziarekin nahastuta eman ohi da, irrati tertulietan, esaterako, eta 'norbere egiei'  jaramon egiteko gero eta joera handiagoa dute herritarrek; sare sozialek are gehiago hauspotuta, besteak beste. Horregatik, klima aldaketa gertatzen ari dela jakin arren, auzi horri bizkarra eman eta geldiarazteko beharrezkoak diren neurriak hartu gabe jarraitzen dugula dio Zubiak, adibide gisa.

Hori guztia jaso du Miren Rubio Iturria Jakineko kazetariak Euskadi Irratiko Jakingunea atalerako osatu duen erreportajean. Entzun podcasta!

[PODCAST] Dena ez da distopia bat

Distopia zer den eta zer ez, horri buruz jardun du Alba Garmendia Castañosek Jakinguneko erreportajean

2020-10-28

Distopia hitza ahoz aho dabil. Telesailak, pandemiako egoerak... distopikotzat jotzen dira sarri. Baina dena jo liteke distopiatzat? Ezetz dio Alba Garmendia Castaños filosofian doktoregai eta utopia kritikoei buruzko ikasketetan aditua den Jakin-eko kolaboratzaileak. «Amaitzera doazen munduekin edo mundu apokaliptikoekin lotzen dugu distopia, denbora bukatzera doazen munduekin. Baina, distopiek ez dute zertan halako baldintzarik bete».

Horri buruz, distopia zer den eta zer ez, jardun du Garmendiak Euskadi Irratirako Miren Rubio Iturria kazetariak egin duen erreportajean. Hain zuzen ere, Egunen gurpilean egindako hausnarketak oinarri hartuta. Entzun!

2020-10-18

Pandemiaren osteko egoera distopikoari begiratzeko beste modu bat eskaini nahi du Jakin-en 239. zenbakiak Mario Zubiaga Garate, Arantza Etxeberria Agiriano, Joseba Azkarraga Etxagibel, Irati Zubia Landa, Joseba Gabilondo eta Harkaitz Canoren testuekin.

Klima eta ekologia krisia, bidaia ezezagun baterako kronika

Klima eta ekologia krisiari buruzko saiakera idatzi du Iñaki Petxarroman kazetariak

2020-10-14

Klima eta ekologia krisi betean bidezidorrak zabaltzeko ahalegina egin du Iñaki Petxarroman Berria-ko kazetariak Ezezagunerako bidaia Aleka bildumako saiakerarekin. Gaiaren inguruan elkarrizketatutako adituek ideia horixe erabili baitute ahoz aho, egilearen hitzetan: «Lurralde ezezagun batean sartzen ari da Lur planeta eta, harekin batera, baita bertan bizi garen guztiok ere. […] Sekula baino informazio gehiago daukagun belaunaldi bateko partaideak izanik, klima aldaketa antropogenikoaren prozesu konplexu eta atzera-bueltarik gabeko batean murgildu gara».

Aldaketa klimatikorako bidean emandako urratsak, akatsak eta erabakiak aztertu ditu Petxarromanek adituen iritziak eta azterketak jasoz, eta gaur dugun etorkizunerako gako batzuk eskaini ditu, aldaketa moteltzeko lasterbidea egon badagoelako: «Jadanik ez erabat, baina oraindik parte handi batean bai, gure esku dago murgildu garen ezezagunerako bidaia hau ahalik eta hobekien joatea, izango diren astinaldiak ahalik eta gehien gutxituz eta haietara egokituz».

Berria, Elkar eta Jakinen elkarlanaren emaitza da Aleka bilduma. Gaurkotasun gaiak lantzen dituen bildumako hamargarren zenbakia da Petxarromanena.

[PODCAST] Pandemia eta kale protestak Jakingunean

Jakinek lantzen dituen gaiak jasotzen ditu Jakingunea irrati atalak

2020-10-08

Ikasturte berriarekin itzuli da Jakinen eta Euskadi Irratiaren elkarlari esker sortutako Jakingunea irrati tartea. Jakinek lantzen dituen gaiak eta hitzaldiak uhineratzen ditu bertan hilero Miren Rubio kazetariak.

Lehen atal honek 2020ko Jakin Jardunaldian Teresa Larruzea filosofian graduatu eta Sorbonako Unibertsitatean filosofia politikoko masterdunak emandako hitzaldia jasotzen du. 'Estatuarekiko obedientzia eta erresistentzia pandemian zehar' izenburupean, pandemia garaian izandako kale mugimenduak aztertzen ditu Larruzeak, herritarren eta estatuaren arteko harremanak eta talkak azaleratzeko. Entzun erreportajea hemen.