Joan Mari Torrealdairi Euskal Herriko Unibertsitateak esker onez
Torrealdairen heriotzaz idatzi du UPV/EHUko Jon Zarate Sesmak

Getze Ibargoitin (Nafarroa) lagunartean familiarekin harrapatu nau Joan Mariren heriotzaren berriak. Bi emozio batu dizkit albisteak, lehenengo tristura eta gero poza. Tristura handia, minez betetako tristura, hutsunez betetako tristura, euskaltzale guztiok erreferente handi bat galdu dugulako. Tristuran murgildurik ordenagailua piztu dut eta poza sentitu dut. Asteazken arratsaldetik pendiente neukan Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluan Jakin Fundazioarekin elkarlanerako onartu genuen hitzarmena digitalki sinatzea. Uztailaren 29an Joan Marik sinatutako dokumentua daukat pantailan eta
gaurko datarekin (2020ko abuztuaren 1ean) Joan Marirenaren aldamenean sinatu dut. Euskal Herriko Unibertsitatea osatzen dugun guztion izenean, eta errektore den Nekane Balluerkaren ordezkari gisa, sinadura honen bidez gure omenaldi xume eta apala egin nahi diogu Joan Mariri.