Ostirala, 2024ko apirilak 19
Gora joan
Menua
Urrezko Domina

«Jakin plaza izan da»

Gipuzkoako 2018ko Urrezko Domina jaso du Jakin Taldeak pentsamenduan, kultur eragiletzan, argitalpengintzan, euskal kulturan, euskara batuaren bultzadan eta transmisioan egindako lanarengatik

2018-12-20

Joxe Azurmendik, Joan Mari Torrealdaik, Paulo Agirrebaltzategik eta Joseba Intxaustik osatutako Jakinen talde historikoari  eman dio Urrezko Domina Gipuzkoako Foru Aldundiak, pentsamenduan, kultur eragiletzan, argitalpengintzan, euskal kulturan, euskara batuaren bultzadan eta transmisioan egindako lanarengatik.

Esker onez jaso dute laurek Gipuzkoako bereizgarri gorena. Joxe Azurmendik Alemaniako etxetik eskertu du saria, gaitzaren erruz bertan geratu behar izan baitu: «Intelektualki, Jakin izan da nire etxea eta familia. Lau mosketari zaharrak ohoratzen dituzuen festan, ezin hor egon, berriro gaixotasunak ustekabean harrapatua, baina zuekin nago». Joan Mari Torrealdaik hitz egin zuen lauren izenean. Jakinen izaera zabala azpimarratu zuen:  «Jakin ez da izan pulpitu, ez katedra. Plaza izan da. Herriko plaza, gogoetaren plaza eta lankidetzarako elkargunea. Horregatik, pentsamenduaren geografia zabaletik hurbildu zaigu jendea». Topagune izatearen eta elkarlanaren indarra goraipatu zuen horregatik. «Jakinek erreferentzialtasuna, independentzia eta sinesgarritasuna erdietsi baditu, bateragune izateko bokazioagatik izan da».

Alaitz Aizpuru jakinlari eta Elkarreko kideak egin zuen sarrerako laudatio-a. Europako unean uneko pentsamendu eta eztabaidak gurera ekarri eta bertatik pentsatu eta jarduteko Jakinek egin duen lana zedarritu zuen Aizpuruk. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eman zien sarituei domina, eta bide berriak zabaltzeko Jakinek egin duen lana goraipatu zuen: «Hizkuntza, kultura, herri sentimendua iraunarazi eta belaunaldi berriengana iritsarazteko bideak irekitzea».

Zorion mezu ugari jaso ditu Jakinek. Horien artean Euskaltzaindiarena, Andres Urrutia euskaltzainburuaren izenean: «Zinez eskertuta dago Euskararen Akademia euskararen eta Euskaltzaindiaren alde eta mesederako Euskal Herri osoarentzat egin dituzuen ezin zenbatu ahaleko lan eta ahaleginengatik. Joseba, Joxe, Paulo eta Joan Mari, laurok zarete euskaltzain! Har itzazue, beraz, Euskaltzaindiaren partez goresmenak eta eskerrak. Lortu duzue behinola Arantzazun hasi zen asmo hura euskaldun guztiontzat errealitatea izatea, eta, gainera, ezinbesteko erreferentzia! Ekin eta jarrai!».

Ekitaldiari buruzko hedabideetako kronikak dituzue jarraian. Azpiko botoi gorrian klikatuz gero, Joan Mari Torrealdairen hitzaldia ere eskuratu dezakezue:

«Pulpitu ez, plaza izan da Jakin». Itziar Ugarte. Berria, 2018-12-20.

«Herrigintzan, euskaltzaletasunari aitortu behar zaio zentraltasuna». Amalur Artola. Gara, 2018-12-20.

Euskal Kultura modernitatean jartzeagatik. Jon Otermin / Ruben Plaza. Noticias de Gipuzkoa, 2018-12-20.

Urrezko Domina jaso dute «Jakineko mosketeroek». Felix Ibargutxi. El Diario Vasco, 2018-12-20.