Asteazkena, 2024ko apirilak 24
Gora joan
Menua

Bertsolaritza genero ikuspegitik

Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolariek eta Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabarrek eta Mariñe Arbeok osatu dute horma-irudia

2018-11-27

Salneurria: 6 euro Durangoko Azokan / 8 euro Internetez

Non: Jakinen postuan / Idatzi jakinkide@jakin.eus helbidera

 

Genero ikuspegitik, bertsolaritzaren azken lau hamarkadak errenditu dituzte horma-irudi bakarrean Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolariek eta Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabarrek eta Mariñe Arbeok; «modu artistikoan» irudikatuta eta begi-kolpe azkarrean jasotzeko moduan.

«Publikoki bertsotan egiten zuen emakumerik ez ezagutzetik emakume bertsolari belaunaldi oso bat plazetan ikustera igaro gara», zehaztu dute sortzaileek. «Emakume bertsolariek, plazan lekua hartzeaz gain, begirada feminista ekarri dute bertsotara, bertsolaritzaren sistema berrikusteko premia nabarmen utziz». Begirada horri esker aldaketa eta proiektu nabarmenak gertatu dira, eta horien ibilbidea laburtzen du horma-irudiak. «Genero ikuspegia bertsolaritzan txertatu denetik, kultur adierazpen horretan izan diren ekarpenak eta eraldaketak ikusaraztea du helburu: pentsamendu eta praktika feministek emakume bertsolariengan izandako eragina eta horiek bertsolaritzaren sisteman izandakoa. Horrez gain, beste helburu hauek ere baditu: bertsolaritzaren historia genero perspektibatik berrikustea; bertsolaritzaren definizio berrien beharra adieraztea; emakume bertsolariek kolektiboki egindako lanaren onuradun bertsolaritzako espektro guztia dela ohartaraztea; eta bertsolaritzaren bueltan diharduten emakumeen arteko sarea sendotu, berregituratu, harremanak sakondu eta etorkizuneko asmo berriak akuilatzea».

Horma-irudiak ahalik eta zabalkunde handiena izan dezan, Lanku, Berria, Argia eta Jakinen babesa jaso du. Infografiaren neurria 59,4 x 85,1ekoa da, eta Durangoko Azokako Jakinen standean ere izango duzue eskura 6 euroren truke. Baita argitaratzaile guztien bidez ere. Helbide honetara idatziz ere erosi dezakezu 8 euroko salneurrian: idatzi zuen harremanetarako datu guztiekin (izen-abizenak, telefonoa, helbidea) jakinkide@jakin.eus helbidera, zuekin harremanetan ipiniko gara eta etxera bidaliko dizugu horma-irudia.