Asteazkena, 2024ko apirilak 24
Gora joan
Menua
Eskafandra

Emakumeen gorputza menperatzeko ituna

Maialen Berasategik itzuli du Carole Patemanen 'Kontratu sexuala' saiakera

2018-11-22

Emakume eta gizonen arteko desberdintasun sozialen erroetara jo zuen Carole Pateman politologo feminista britainiarrak The Sexual Contract saiakeran. 1988an argitaratua, emakumeen gorputza menperatzeko dagoen gizarteko hitzarmen patriarkala azaleratzen du liburuak. Jean-Jacques Rousseau pentsalariak izendatutako kontratu sozialaren oinarrian itun sexual-soziala baitago, egilearen hitzetan.

Izan ere, iraultza frantsesak liberté, egalité, fraternité aldarrikatuz ezarritako ordenak kontratu soziala jarri zuen indarrean, ustez askatasunean, berdintasunean eta elkartasunean oinarritzen zen ituna. Baina kontratu soziala ez da askatasunez egiten, ez berdinen artean, ez eta adostasunez ere, ez bada anaidiaren barnean; fraternité ez baita elkartasuna, anaien, gizonen arteko aliantza baizik.

Kontratu soziala libertateari buruzko fikzio politiko bat baino ez da; kontratu sexuala, berriz, menderakuntzari buruzko historia bat, gizonezkoek emakumeen gorputzez jabetzeko itundua duten sexurako eskubidea duelako oinarrian. Patriarkatua iraunarazteko itun bat baita kontratu soziala, eta, horretarako, ezkontza, enplegu, prostituzio eta haurdunaldi subrogatuaren kontratuak baliatzen ditu.

Carole Pateman politologo feministaren lanik esanguratsuenetakoa da Kontratu sexuala, orain euskaraz ere irakur litekeena Maialen Berasategi Catalán itzultzailearen lanari esker. Azala, aldiz, Dora Salazar artistak ipini dio. Eskafandra bildumaren bosgarren zenbakia da, eta demokrazia, sozialismoa eta askatasuna helburu, bide antipatriarkal berriak proposatu nahi ditu. Hori baita Carole Patemanen lanaren bokazioa.

ENTZUN Euskadi Irratirako egindako erreportajea.