Ostirala, 2024ko apirilak 26
Gora joan

Glokalia

Iñigo Martinez Peña
Iñigo Martinez Peña

Gasteizen jaio nintzen, Donostian ikasi nuen eta, egun, Bilbon bizi naiz. Hiritik hirira. Gure aita artzaina izan zen, nekazaritza mundutik zetorren. Ama eta biak zazpi seme-alabentzako igogailu sozialaren bila abiatu ziren hirira. Normalena hori omen zen, eta bihotzez eskertzen diet egindako esfortzua. Baina igo al gara? Batzuetan zalantzak izaten ditut. Eta, idatzi hauetan, normaltasuna zalantzan jarri nahiko nuke: normaltasun zaharra zein berria. Filosofiaren laguntzaz askotariko bidexketatik aritu...

Aurrera begira

Aurreikuspen poliziala

Aurreikus al daiteke pertsona baten etorkizuna? Jakin genezake nolakoak izango ote garen hogei urte barru? Badirudi prebentzioa dela egungo gizartearen obsesioa, mende honetako ametsa, idealik gorenetakoa. Urrutiegi joan daiteke, ordea, etorkizunari aurrea hartzeko helburua. Horren adibiderik eroena 2005ean egindako txosten batean topa dezakegu. Frantziako ikertzaile batzuek hiru urteko ume bat etorkizunean delitugile bilakatuko ote zen aurreikusi nahi izan zuten. Polizia prebentiboa sehaskara! Antza, haurren ezaugarri batzuk ikusita, deabrutxoak gaizkile potentzial gisa sailkatzeko aukera dago. Ondoren, noski, neurriak hartu beharko lirateke gizartearen onerako: antidepresibo, antsiolitiko edo somnifero moduko botikekin medikatu, eta adingabeen jarraipena egiteko ‘portaera txartela’ delakoa ezarri, Sarkozyk, Frantziako presidente ohiak, iragarri zuen moduan.

Ume txiki batek izandako kasketengatik, amorrualdiengatik, delitugile izateko susmoa pairatzera kondenatuko dugu betiko? Txosten horren defendatzaileen arabera, bi eta hiru urte bitarteko haurrek hoztasun afektiboa, manipulaziorako joera, zinismoa eta oldarkotasuna erakusteak moraltasun-indize baxuko umeak direla esan nahi du. Kontuz horiekin! Baina nahikoa irizpide al dira horiek etorkizuneko gaizkileak izendatzeko? Erabateko kontrola ezarri beharko genuke haur horien gainean? Nola interpretatzen dituzte zenbait helduren begiek umeen jokabideak? Ondo legoke, agian, txosten horren atzean dauden ikertzaileek haurtzaroari buruz dituzten aurreiritziak aztertzea. Agian, ez dituzte umeak gehiegi maite. Eta, agian, irakasleak, eskolako psikologoak, medikuak zein gurasoak polizia prebentibo gisa aritzea nahi dute.

Prebentzioaren ideologia esparru anitzetara zabaldu da eta, berarekin batera, bizitzaren gaineko ikuspegi poliziala.

Txostenak, zorionez, kontrako ahotsak eragin zituen eta bertan behera uzteko sinadurak bildu zituen komunitate pedagogikoak. Gogor kritikatu zen etiketak jartzeak dakarren estigma, edo haur txikien garapenean epe luzerako botikek izan dezaketen eragin ezkorra. Umeen portaerak, gainera, aldakorrak dira, ez dira zertan betikotu. Prebentzioaren izenean ‘delitugileak’ izatera (hori ere zer den definitzea oso eztaidagarria bada ere) kondenatu ahal ditugu. Kontuz prebentzio psikologikoarekin! Gogoratzen ditut eskola garaiko hainbat saio. Hezitzaileek, adibidez, drogen inguruko hitzaldi prebentiboak ematera etortzen ziren eta oraindik arrotz zitzaigun mundu horrekiko kuriositatea piztea lortzen zuten. Erakarri egiten gintuzten. Hobe da lo dagoen txakurrik ez esnatzea! Hala zioen Sigmund Freud psikoanalistak. Bere ustez, ez dira aurreratu behar buruan oraindik ez dauzkagun kezkak, piztu ez zaizkigun gatazkak, ustez etorriko diren ardura eta arazo posibleak. Norberak aipatuko ditu bere barruko zakurren zaunkak, benetan zaunka ari direnean. Bakoitzari bere arduren erritmoa jarraitzen utzi behar zaio.

Aurreikuspena psikologian

Prebentzioaren ideologia esparru anitzetara zabaldu da eta, berarekin batera, bizitzaren gaineko ikuspegi poliziala. Baina nola gidatu eta zuzendu daiteke pertsona baten etorkizuna? Ekidin daitezke bizitzaren gorabehera guztiak? Galdera horien inguruan aritu zen Freud Analisi amaikorra eta amaigabea idatzian. Bertan, erabateko prebentzioa ezinezkoa dela ondorioztatu zuen: bizitzan beti suertatu daitezke ezustekoak. Ez dago gatazka psikiko orotatik guztiz babesteko modurik, ez daukagu etorkizuna aurreikusteko kristalezko bolarik. Nola ziurtatu daiteke psikoanalizatutako pertsona batek ez duela berriro sufrituko? Ez al da sufrimendua bizitzaren parte? Demagun, adibidez, tratamendu psikologiko baten ondoren pazienteari esaten zaiola: «Kontuz ibili zahartzaroan, zure izaera nartzisista dela-eta bereziki gogorra egingo zaizu eta». Horrela prestatu genezake 50 edo 60 urte betetzen dituen egunerako, eta, prebentzio gisa, noizbait zahartuko dela lehenbailehen onartzera animatu. Baina zein da esandako horren efikazia? Hutsaren hurrengoa. Zugan gatazka hori bizirik egon ezean, prebentzioak hotz utziko zaitu, jasotako informazioak ez zaitu ukituko. Zerbait jakiteak ez ditu aldaketa subjektiboak bultzatuko: hori da Freudek bere pazienteekin izandako esperientziaren ondorio zuzena. Erretzaile batek jakin badaki tabakoak biriketan kalteak eragin diezazkiokeela, baina horrek ez du zertan bere jokabidea aldatu. Gainera, norbaiten etorkizuna gidatu nahi badugu ere, pertsona horren erabakitzeko askatasuna kontuan izan behar dugu. Are gehiago, onartu behar dugu ezinezkoa dela jakitea beste pertsona batentzako zer ote den onuragarriena. Gure ideologiatik baino ez dugu egiten. Furor sanandis-en kontra hitz egiten du, zentzu horretan, Vienako medikuak: sendatzeko gehiegizko grinaren kontra, alegia.

Horixe dugu egungo adimen artifizialaren leloa: eguneroko bizitzaren erabateko gida algoritmikoa. Asmo onez mozorroturiko tirania digitala, interes ekonomiko pribatuek zuzenduta.

Aurreikuspen komertziala

Aurreikuspenaren ideologia asko garatu da marketinaren munduan ere. Gure nahiak aurreikustea eta merkantziak proposatzea da egungo enpresen helburu nagusia. Nola iragarri kontsumitzailearen desirak? Nola detektatu etorkizunean erosi nahiko lukeena? Amestutako bidaia hori, afaltzera joateko gogoko jatetxe hura... Xede horretarako, erabakigarria bihurtu da datu masiboen trataera: data mining edo datu-meatzaritza deritzotena. Horren bidez aztertuko dira, zehatz-mehatz, kontsumitzailearen ohiturak, haren mugimenduaren patroiak ondorioztatzeko eta erosketak proposatzeko. Erabat zaharkitua gelditu da filtrorik gabeko iragarki orokorrak ematen zituen propaganda. Propaganda digitala pertsonalizatuta dago: produktu zehatzak eskaintzen ditu sarean egindako mugimenduen arabera. Txileko bidaiari buruzko informazioa bilatu eta helbide elektronikora bertako hotelen propaganda helduko zaizu. Baina gu geu baino hobeto ezagutuko ote ditu Googlek gure desirak? Google Homek, adibidez, etxeko egongelan izandako elkarrizketak entzun, erregistratu eta, esandakoaren arabera, hainbat gauza proposatuko dizkigu: ikusteko filmak, entzuteko kantak edo afaltzeko pizzeriak. Horixe dugu egungo adimen artifizialaren leloa: eguneroko bizitzaren erabateko gida algoritmikoa. Asmo onez mozorroturiko tirania digitala, interes ekonomiko pribatuek zuzenduta.

Ez da fikzioa, benetako produktuak dira! Gure mugimendu guztiak datu bihurtu nahi dira, ondoren ustiatu ahal izateko.

Bizitza bideratze horren eredu nagusia konektatutako gailu digital berriak dira: smartphonera konektatutako koltxoiak, hortzetako eskuilak, komun-ontziak, baskulak, ispiluak edo bainujantziak, besteak beste. Eguneroko bizitzaren industriari ezin dio gure keinu batek ere ihes egin! Goizean, adibidez, smartphonera konektatutako smart koltxoiak esango digu zer moduz egin dugun lo eta zer egin dezakegun loaren kalitatea hobetzeko; esnatu ondoren hortzak garbitzen ari garela, hortzetako smart eskuilak gure haginen esmaltearen egoera aztertu eta gehien komeni zaigun hortzetako pasta berri bat proposatuko digu; smart komun-ontzian txiza egin eta gernu horren analisia prest izango dugu gure osasun egoeraz denbora errealean jabetzeko; smart baskulan pisatu eta egun horretarako kaloria kopuruaren, dieta zuzenaren eta egin beharreko kilometroen berri emango digu; smart ispiluak proposamen kosmetikoak edo psikologikoak egingo dizkigu gure aurpegiaren analisia egin ondoren; eta, hondartzara goazela, smart bainujantziak esango digu, eguneko eguraldia aztertuta, zein den hoberen datorkigun eguzkitako krema, modurik onenean belzteko. Ez da fikzioa, benetako produktuak dira! Gure mugimendu guztiak datu bihurtu nahi dira, ondoren ustiatu ahal izateko. Eta, keinuen azterketa etengabea egin ondoren, gailuen jarraibide argiak jasoko ditugu: bizitzan aurrera egiteko, ez dugu jada ezer erabaki behar! Oro aurreikus daiteke? Leibnizen metafisikak amestu bezala, mundu posibleen artean hoberena aukeratuko du adimen artifizialak gure ordez.

Benetan aurreikusi nahi dugu ala ez? Badirudi ziurgabetasuna erabat ekiditea nahiko genukeela kontu batzuetan eta, aldiz, beste alde batera begiratu hainbat kasutan. Zeren arabera?

Aurreikuspenaren paradoxa

Joerak joera, aurreikuspen batzuen inguruan nahiago dugu ezer ez jakin. Nola ulertu paradoxa hori? Benetan aurreikusi nahi dugu ala ez? Badirudi ziurgabetasuna erabat ekiditea nahiko genukeela kontu batzuetan eta, aldiz, beste alde batera begiratu hainbat kasutan. Zeren arabera?

Waze plataformak, adibidez, trafikoaren egoera zerutik kartografiatzen du eta ibilbide arinagoak iradokitzen ditu. Ez gaitzala auto-ilara batek harrapatu! Erraz onartzen ditugu eta arin makurtzen gara aurreikuspen batzuen aurrean. Ezustekorik ez! Beste batzuekin, ordea, kontrakoa gertatzen da. COVID-19aren pandemia aurretik, besteak beste, baziren aurreikuspen nahikotxo, baina neurririk ez zen hartu gaixoak eta hildakoak egon arte. Anthony Faucik, AEBetako Alergiaren eta Gaixotasun Infekziosoen Institutu Nazionaleko arduradunak, herritarren arteko distantzia fisikoa ezartzeko eskatu zion Donald Trump presidenteari pandemia puntu gorenera iritsi baino hilabete batzuk lehenago. Baina gobernuak ez zuen neurririk hartu: aurreikus zitekeen, baina nahiago izan zuen ez ikusi. Edo adibide argiagoa arazo ekologikoaren aurreko jarreran daukagu. Noiztik entzun dira aldaketa klimatikoaren ondorio katastrofikoak aurreikusten dituzten ahotsak? Eta zein neurri politiko sakon eta zintzo hartu dira horien aurrean? Ez du ematen logika neoliberala horrelako aurreikuspenei kasu handirik egiteko prest dagoenik.

Beraz, apur bat ilundu egin zait aurreikuspenaren logika. Nahiz eta indibidualki, gailu digital askotarikoekin, ziurtasunaren promesa saldu nahi diguten, ikuspegi politiko kolektiboari begira kontrakoa onartu behar dugula esaten digute –neurririk ez baitute hartuko–. Ziurgabetasuna dabil, azken urteetan, aditu guztien ahotan. Horrekin bizitzera ohitu eta egoera berrietara egokitu behar dugula diote. Egoera berri okerragoetara, noski, nahiz eta ez zaigun, espresuki, horrela esaten. Ziurgabetasun politikoa ekidinezina omen da: klimatikoa, energetikoa, laborala, birikoa, nutrizionala. Aurreikuspena, antza, eguneroko bizitzaren kudeaketa digitalaren inguruan baino ez da egin behar. Ziurtasun indibiduala, beraz, eta ziurgabetasun kolektiboa? Txanpon beraren bi aldeak ote dira kapitalaren logikaren barruan? Indibiduoari dena digitalki aurreikusi eta miopia politikoa handitu!

Adibide argiagoa arazo ekologikoaren aurreko jarreran daukagu. Noiztik entzun dira aldaketa klimatikoaren ondorio katastrofikoak aurreikusten dituzten ahotsak? Eta zein neurri politiko sakon eta zintzo hartu dira horien aurrean? Ez du ematen logika neoliberala horrelako aurreikuspenei kasu handirik egiteko prest dagoenik.

Nik, berriz, osasun publiko sendo bat aurreikusi nahiko nuke, ospitaleko oheak faltan izango ez dituena. Aurreikusi nahi nituzke, halaber, produkzio eredu batzuk alboratzen dituzten lege ekologiko irmoak. Lan baldintza duinak bermatzen eta desberdintasun ekonomikoak murrizten dituzten politika ekonomikoak. Elkarrekin bizi ahal izateko oinarrizko ziurtasun batzuk, alegia. Den-dena ezingo da programatu, ados; etorkizuna erabat bermatzea ezinezkoa zaigu. Baina, balio politiko batzuk landuta, ziurgabetasun existentziala murriztu daiteke, prekaritatearen mamua apur bat gainetik kenduz. Eguneroko bizitzan inprobisaziorako tarte handiagoak ere zabalduko lituzke horrek. Ezin da planetaren heriotzaren aurreikuspena, adibidez, interes gutxiko aurreikuspen digital ñimiñoekin parekatu. Edo gizaki digitalak gizaki politikoa ordezkatu nahi du?