Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 20
Gora joan

Glokalia

Iñigo Martinez Peña
Iñigo Martinez Peña

Gasteizen jaio nintzen, Donostian ikasi nuen eta, egun, Bilbon bizi naiz. Hiritik hirira. Gure aita artzaina izan zen, nekazaritza mundutik zetorren. Ama eta biak zazpi seme-alabentzako igogailu sozialaren bila abiatu ziren hirira. Normalena hori omen zen, eta bihotzez eskertzen diet egindako esfortzua. Baina igo al gara? Batzuetan zalantzak izaten ditut. Eta, idatzi hauetan, normaltasuna zalantzan jarri nahiko nuke: normaltasun zaharra zein berria. Filosofiaren laguntzaz askotariko bidexketatik aritu...

Denborari bueltaka

Errepikapenaren alde

Urte berria etorri zaigu, urtero bezala. Elkarrekin ari gara hazten, nagusitzen, zahartzen. Elkarrekin bizi dugu denboraren misterioa. Denbora. Horixe izan zen azkenengo Pentsatu! jaialdiaren gai nagusia, 2017az geroztik ospatzen dugun festa ederrean. Ospakizuna Donostian eta azaroan izaten da, filosofiaren aldeko nazioarteko egunarekin batera. Solasaldi filosofikoan animotsu aritzeko aukera bikaina izaten dugu, denboraren inguruan bueltaka aritzekoa, besteak beste. Oraingoan, iraganari, orainaldiari eta etorkizunari buruzko hiru mikroeztabaida egin ziren Tabakaleran, bata bestearen atzetik. Hamaika ideia entzun genituen, jorratzeko hari asko; eta, egun dezente pasa badira ere, oraindik endredatuta nabil horietako batzuetan. Argi dago: denbora gehiago behar dut denboraren inguruan hausnartzeko. Bizitza oso bat, akaso? Gaiari bueltaka zahartu egingo naiz? Antonio Casadok azaldutako l’esprit de l’escalier fenomenoa nire baitan konprobatu dut: eskailerak jaisten ari nintzela bururatu zitzaizkidan solasaldira gehitu nahiko nituzkeen hainbat ideia. Beranduegi. Orainaldia oso arin igarotzen da eta inprobisaziorako tarteak ihes egiten digu esku artetik...

Errepikapena erabat gutxietsita dago. Berrikuntza da gure lelo nagusia! [...] Zertan errepikatu? Lotsagarria dirudi etengabe eraberritze lanean dabilen mundu honetan. Etorkizuna, noski, aldaketarekin baino ezin dugu lotu, eta hobe, akaso, zientzia fikziozko politikaren irudi espektakularrekin bada. Eta, orainaldia?

Iraganari buruzko solasaldia hezkuntzaren inguruan zentratu zen: noraino ote da egokia buruz ikastea iraganeko kontuak? Orainaldiaz aritzeko carpe diem leloaren paradoxak azaldu ziren, baina ars vivendi, bizitzaren artea, orainaldian jarriz, Belen Altunak azaldu bezala. Etorkizunak, berriz, utopiaren zein distopiaren kontzeptuak izan zituen aztergai. Amaieran, hausnarketa sakon bat heldu zitzaigun publikotik, mikroeztabaida guztiak lotzen zituen galdera: zer dela-eta jorratu ziren gaiak modu horretan? Zergatik erlazionatu genuen hezkuntza iraganarekin, zoriontasuna orainaldiarekin, eta politika etorkizunarekin? Nola uler genezakeen askotariko ikuspuntu horien arteko aukeraketa? Pentsakor joan ginen, gaien arteko lotura ezkutua harrapatu nahian... Eta hauxe da eskaileretatik ateratzen zaidan hipotesi berantiarra: errepikapenaren ideia baztertzeak lotzen ditu hirurak. Azaldu beharreko kontua.

Errepikapena erabat gutxietsita dago. Berrikuntza da gure lelo nagusia! Horregatik, buruz ikastea mesfidantzaz begiratzen dugu hezkuntzan. Zertan errepikatu? Lotsagarria dirudi etengabe eraberritze lanean dabilen mundu honetan. Etorkizuna, noski, aldaketarekin baino ezin dugu lotu, eta hobe, akaso, zientzia fikziozko politikaren irudi espektakularrekin bada. Eta, orainaldia? Une errepikaezina den heinean goraipatzeko joera daukagu, bereziki. Bertan omen dago zoriontasunaren gakoa. Beraz, eta errepikatuz, errepikapena zen iraganetik, orainalditik eta etorkizunetik baztertu genuena. Baina, benetan hain arbuiagarria al da? Prentsa onik ez badu ere, errepikapenaren aldeko argudio batzuk eman nahi ditut, argudio politikoak zein existentzialak.

Ez al dira errituak komunitateak errepikatzen dituen elkarguneak? Horiek ditugu, Byung-Chul Hanen arabera, denboraren etxeak. Eta, ez al dute haurrek ere ipuin berbera behin eta berriz entzun nahi? Dantzan aritzeko pauso batzuk errepikatzen ditugu, abesterakoan estrofak. Poema zaharrak ikasteko oso lagungarria da rapsoden metrika, bertsoen kadentzia errepikakorra. Eta zuhaitzak? Gure etxeko leihotik pikondo bat ikusten da, berarekin batera sentitzen ditut naturaren zikloak. Asko maite dut Bilbon dagoen zuhaitz galdu hori. Zuhaitz horretan urtaroak errepikatzen dira eta errepikatuko dira, aldaketa klimatikoak ez baditu behintzat guztiz izorratzen. Giza bizitza naturaren zikloarekin lotu genezake: haurtzaroa, helduaroa, zahartzaroa. Gure gorputzek bizitzaren garai ezberdinak errepikatzen dituzte eta gure aitona-amonen markak horietan islatuko dira, belaunaldiz belaunaldi. Zahartzaroa, zentzu horretan, udazkenarekin parekatu izan dute hainbat garaitako poetek eta margolariek.

Baina egungo happykrazia-k, Eva Illouzek adierazi bezala, gaztetasun eternoa saltzen digu, gimnasioen, kosmetikaren edo kirurgia estetikoaren logika ekonomikoan txertatuta. Are gehiago, transhumanista batzuen ahotan, hilezkortasuna erosteko aukera izango dugu, punta-puntako azken teknologiari esker. Nola, bada, zahartu eta bizitzaren zikloa bete? Ezta pentsatu ere! Errepikakorregia litzatekeelako? Buelta bat eman nahi diot zahartzaroaren ukazio horri.

Zahartzaroaren errepikapena eta zahartzaroarekiko mespretxua

Bizitzan bi bide baino ez daudela aipatzen zuen Goethek: zahartzea edo aurretik hiltzea. Hala ere, nahiko kuriosoa da zahartzaroarekiko dugun jarrera. Pertsona gehienon ohiko bidea bada ere, ailegatu orduko erabat arrotza egiten zaigu. Zergatik ez dugu gure patu gizatiarra onartzen? Gainbeherarekin lotu ordez, gizakion belaunaldien arteko errepikapen existentzialarekin lotu genezake... Baina ez: zahartzaroa, argi eta garbi, ez dago batere ondo ikusia gure gizartean. Agian berritze etengabearen ideologia zalantzan jartzen duelako? Produkzioaren amaiera dakarrelako? Horixe da, behintzat, Simone de Beauvoirren hipotesia, Zahartzaroaz bere liburuko kezka nagusia. Idazlanean, gizarte industrialen zahartzaroarekiko ikuspegi ezkorra salatzen du. Zaharrak ez omen dira errentagarriak, produkzio katetik kanpo daudenez gero. Bakardadea eta miseria gorria dute patu ekidinezin. Emakumeen kasuan, gainera, gogorragoa izaten da. Edertasunaren eredu zehatz baten mendeko objektu erotikoak izatera kondenatuta dauden heinean, zahartzea gizonezkoei baino askoz gordinagoa egingo zaie. Horri buruz sakon idazten du Anna Freixasek ere, Ni zaharra liburuan, emakume zaharren harrotasuna bultzatu nahian; edo Mari Luz Estebanek, edertasunaren askotariko distirak poetizatzerakoan. Nola duindu, beraz, giza bizitzaren ziklo osoa? Zikloa, errepikapena. Grimm anaiek kultura askotan errepikatutako kontakizun bat jasotzen dute. Egun batean, nekazari batek bere aita zaharra bazkaritik kanpo uzten du eta jateko egur zati batzuk baino ez dizkio ematen. Handik egun batzuetara, nekazari horrek bere seme txikia egurtxoak pilatzen ikusten du. «Zertan ari zara?» semeari galdetu, eta hara txikiaren erantzuna: «Makilatxo hauek gordeko ditut, zahartzen zarenean zuri jaten emateko». Hori entzunda, aitona senideen mahaikide izatera itzuli zen. Kontakizuna Beauvoirrek berak erabiltzen du zahartzaroarekiko elkartasuna eta enpatia pizteko.

Filosofoak azaltzen duenez, gizarte baten benetako balio etikoak zaharrei emandako tratuaren araberakoak dira. Zein da guk egin nahi dugun apustua? Egunen batean, zahartzean, erabaki horien araberako existentzia izango dugu.

Kapitalismoa ez da izan, noski, zaharrenganako mespretxua bultzatu duen sistema bakarra: bere koordenatuak ezarri dizkio soilik, bere estiloaren araberako mespretxua aplikatuz. Badira historian zehar edadetuak abandonatu edo zuzenean erail dituzten gizarteak ere, kultura nomada asko ditugu horren lekuko. Zaila suerta zitekeen zaharrak beraiekin batera eramatea desplazamenduetan; beraz, agur eta hor konpon! Aldiz, eta kurioski, ez da gizarte nomada guztietan halakorik gertatzen. Elwyn Simmons antropologoak aztertutako hogeita hemeretzi kasuen artean, hemezortzitan topatu du zaharrekiko arduragabekeria hori. Erdia baino gutxiagotan. Izan ere, hainbat kultura nomadak zaharrak beraiekin batera joateko moduak topatu zituzten, bizkarrean eramateko motxila eta guzti. Badirudi, beraz, bizi-baldintzetatik harago, zaharrek jasotako tratua komunitatearen apustu etikoa ere badela. Edo maitasun kontu bat. Ez dago, ondorioz, kultura batek zahartzaroari emango dion tratuaren kausa soziologiko argi bat detektatzeko modurik. Sarritan ez dauka gizarte horren ondasunekin edo bizimodu ekonomiko oparoarekin harreman zuzenik. Kontrakoa ere gertatzen da! Askotariko adibideak topatzen ditu Simone de Beauvoirrek, egindako lan antropologiko izugarrian: nekazaritza gizarte aberats batzuetan, gosez hiltzen uzten dituzte. Filosofoak azaltzen duenez, gizarte baten benetako balio etikoak zaharrei emandako tratuaren araberakoak dira.

Zein da guk egin nahi dugun apustua? Egunen batean, zahartzean, erabaki horien araberako existentzia izango dugu. Gu izango gara zaharrak. Gorroto dugu izango garena horiengan aurreikustea? Izango garen hori onartezina egiten zaigu?

Beste buelta bat

Gorrototik maitasunera: maitasunez deskribatzen du Simone de Beauvoirrek bere aitonaren egunerokotasuna, erritual poetiko gisa. Emandako betiko paseoak, erosketak egiteko betiko denda txikiak, kafea hartzeko lagunak eta tabernak..., egunez egun errepikatutako agertoki atsegin bat irudikatzen digu. Zer dela-eta egiten du gora egunerokotasuna erritualizatzeko joerak zahartzaroan? Agian, segurtasuna gero eta gehiago eskertzen delako? Gero eta handiagoa delako ordenaren beharra? Ohiko hipotesi horietaz aparte, zahartzaroak nartzisismoaren gainbehera dakarrela aipatzen digu Beauvoirrek. Horregatik, errituetan nitasuna bigarren mailan uzten den heinean, bere aitonaren nitasuna bigundu egiten zen eguneroko ohitura horietan. Bere nitasuna apur bat ahazten zuen lagunekin eta paisaiarekin lausotuz, inguruarekin bat eginez.

Horrela, urtero elkarrekin zahartzen joan nahiko nuke, ahots zaharrak eta etorriko diren ahots berriak gogotsu entzunez.

Horiek dira erritualen ezaugarri nagusiak: komunitatea eta errepikapena. Nitasunaren eta denboraren kontra egiten dute. Nola hala, iragana, orainaldia eta etorkizuna batu, eta denborak, errepikapenaren zirkunferentziaren bidez, eternitatera seinalatzen du. Gure gizarteak, berriz, denboraren aprobetxamendua exijitu eta nitasunaren etengabeko hazkundea gurtzen du. Nola ez dira bada erritualak txarto ikusiak egongo? Ez badira selfieak ateratzeko ekitaldi merkantilista behintzat. American way of live! Etengabe produzitu eta etengabe informatu: horiek dira egungo bizimoduaren oinarrizko ardatzak. Byung-Chul Hanek, Erritualen amaiera saiakeran, gure gizartean komunikazio asko baina komunitate gutxi dagoela salatzen du. Nik ere hala sentitzen dut.

Garai likidoan heldulekuak izan daitezke erritualak? Mugarriak, denboraren jario etengabean? Agian hori da Pentsatu! jaialdian Alba Garmendiak adierazitakoa, utopiak denbora lineal kronologikotik ateratzeko beharraz mintzo zenean. ‘Utopiak’ leku ona eta ez-lekua esan nahi du, metafora espaziala dugu. Utopiak espazialki pentsa daitezke, tenporalki pentsatu beharrean! Beraz, ez ditugu zertan etorkizunean eraikitako gizarte batean irudikatu, aurrerapenaren zein apokalipsiaren lelopean, azken aldian joera hori hartu badugu ere.

Erritualen errepikapena, dena den, ez da errutina gisa ulertu behar. Erritualetan intentsitatea dago, eta, gainera, ez ditugu sekula modu berberean errepikatzen. Ez al zaigu hori gertatzen gustuko kanta behin eta berriz abesterakoan ere? Horixe dugu errepikapenaren paradoxa. Heraklitok esan zuen moduan: eguzkia beti berbera da baina egunero berria. Kierkegaarden iritziz, benetako errepikapena aurrerantz doan oroitzapen bat da. Abestutako kanta hura etorkizunean berriro abesteko edo entzuteko gogoa bizirik mantentzen dugu gure oroimenean... Uste dut horrela planteatu zutela buruz ikasteari buruzko auzia Jonathan Lavillak eta Marta Garciak jaialdian. Ondare kulturala jaso bai, baina sekula ez da modu berberean transmitituko. Zer izango litzateke, halere, aurreko belaunaldien ondare kulturalik gabeko hezkuntza?

Nik Pentsatu! jaialdia errepikatzeko eta datorren azaroan berriro bueltatzeko gogoa daukat. Jaiek erritualen tankera daukate: ez dira lana, ezta lanetik deskantsatzeko unea ere. Maila goreneko denbora dira, bizitzaren ospakizuna, komunitatearekin lotzeko bidea. Erritu bilakatu al zaigu Pentsatu! jaialdia? Urtero errepikatzearen poderioz, gure artean ohitura behintzat bada, komunitatea eraikitzen du eta intentsitatea nabarmena da bertan. Beraz, denborari bueltaka hasi naizen honetan, bueltatu nahi dudala argi daukat. Bueltatu eta komunitate filosofiko ireki horren parte izan. Horrela, urtero elkarrekin zahartzen joan nahiko nuke, ahots zaharrak eta etorriko diren ahots berriak gogotsu entzunez.