Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 27
Gora joan

Soziolinguistika

Jaime Altuna Ramirez
Jaime Altuna Ramirez

Urteetan haur eta gazteen heziketan lan egin ondoren, antropologian murgilduta nabil. Agian, Atapuerca mendilerroan hazi zen amonak eta Ataungo amonaren abizenak zerikusia izan dute ibilbide berri honetan. EHUn Antropologia Feminista Ikerketa Taldean nabil, ikasten eta baita ikasitakoa desikasten ere. Egunen gurpilean nire izena agertuko bada ere, gaizki esanak nireak dira, ondo esanak kolektiboak.

Irlanda urrun

Óró, sé do bheatha abhaile.

Anois ar theacht an tsamhraidh.

’Sé do bheatha, a bhean ba léanmhar,

do b’ é ár gcreach tú bheith i ngéibheann,

do dhúiche bhreá i seilbh méirleach,

is tú díolta leis na Gallaibh.

 

Oh-ro, etxera ongietorria zara.

Orain uda ailegatu da!

Ongietorri oi atsekabetua zauden emakume hori,

zure esklabotza gure hondamendia da,

gure herrialde bikaina lapurren esku...

Eta zu atzerritarrei saldua!

Uda ailegatu da eta Galway hiriko kaian Marieke Huysmans Berthou pianojolea Óró sé do bheatha abhaile abesten ari da. Entzule batzuek kantuz lagundu diote. Gehienok, irlanderaz ez dakigunez, ez ditugu folklore irlandarraren abesti ezagunaren hitzak ulertu. Googlek ase du gure jakin-mina. Abestia XVI. mendeko Gránuaile edo Gráinne Mhaol izeneko irlandar pirata eta errebeldearen omenezko abestia da. Kantaren jatorria ez dago argi, XIX. mendeko irlandar abesti bilduma ezberdinetan agertzen da. Bertsio arrakastatsuena, ordea, Patrick Pearse-k egin zuen XX. mende hasieran. Pearse ingelesen aurkako 1916ko Pazko Matxinadan parte hartu zuen buruzagietako bat izan zen; ez da harritzekoa, beraz, berak berridatzitako kanta irlandar nortasunaren ikurretako bat izatea.

Bi egun geroago, «No ball games» idatzita duen afixa txukun baten ondoan eseri gara eguerdiko sandwicha jateko. Galwayko Unibertsitateko zelaian dagoen kartel horrek koloretako letrak dituen pegatina beltz bat itsatsita du: «Saol tri Ghaeilge atá uainn». Berriro ere, Googleri laguntza eskatu eta «bizitza irlandarren [sic] bidez nahi dugu» itzuli digu; gure euskaraz bizi nahi dut aldarriaren pareko mezua. Jakin-mina piztuta, Dublinen bizi den lagun irlandar bati whatsapp-a bidali diogu. Berehala iritsi zaigu erantzuna eta azalpena, baita Michael McCaughan idazleak prentsan idatzitako artikulu baten lotura ere.

Duela urte gutxi McCaughanek «sustraietara» itzuli behar zuela erabaki zuen: hil aurretik irlandera ikasi eta Irlandan hizkuntzarekin zer gertatzen ari zen ulertu nahi zuen. Artikuluaren izenburua adierazgarria da: «Ordua iritsi da, bizitza irlanderaz bizitzeko aukera aldarrikatzen dugu». Lerro gutxitan hizkuntza egoera zein den agerian uzten du. Idazlea Gaeltacht inguruetan egindako hizkuntza-bidaietan ohartu omen zen duela belaunaldi batzuk irlandera eguneroko bizitzaren hizkuntza zela: «maitasunaren hizkuntza, haurrak ohera eramatekoa, eguneroko borroken, lanen eta poesiaren hizkuntza». Gainontzeko tokietan bezala, lurralde horietan ere irlandera pixkanaka gain behera etorri zen, nekazaritza munduarekin eta txirotasunarekin lotuz, eta ingelesak hartu zuen bere tokia, «aukeren hizkuntza». 1916ko Pazko Matxinadak eta jarraian sortu zen Irlandako Errepublikak irlandera nabarmendu zuten; baina berpiztearen ardura guztia eskolen esku utzi zuten, eta, McCaughanen ustez, hori «ikasleen gorputz eta gogoetan min handiz inprimatuta geratu da». Emaitza agerikoa da: egun Irlandako haur guztiek jasotzen dituzte hainbat eskola irlanderaz, nahiz eta eskolatik at gazte gutxi diren gai elkarrizketa arrunt bat hizkuntza horretan kudeatzeko.

Hain zuzen, Txerra Rodriguezek, irailean Argia-n idatzitako artikulu batean, Irlandako hizkuntza plangintzari erreferentzia egin zion, Bernard Spolsky soziolinguista aipatuz. Spolskyk bi eredu alderatzen ditu: Irlandako hizkuntzaren aldeko lana, administrazioko nazio mailako egituretan zentralizatua, eta Israelgoa, non biziberritzeko lana herri mugimendutik elikatu den, baina baita estatutik ere.

Rodriguezen ustez, Euskal Herriko ereduak, «antza izatekotan, Israelekin izango luke», nahiz eta estatua falta izan. Hala ere, beste maila guztietan intentsitatea handitu beharko genukeela ohartarazten digu, esaldi iradokitzaile batekin amaituz: «Israeletik urrun gaude oraindik (Irlandatik ere, bide batez)».

Hizkuntzen negozioa

Galwayko Unibertsitateko jardinetan bazkaltzeko aukera izaten ez genuen egunetan, unibertsitateko jangelan bazkaltzen genuen. Bertan, motxila eta jertse horiak jantzitako gazteekin topo egiten genuen: ingelesa ikasteko asmoz, udan joandako nerabeak. «Aukeren hizkuntzaz» jabetu nahian Irlandara bidaiatzen dutenek ez dute irlanderaren berri handirik, ingelesa ikastera doazenek ez dute-eta beste hizkuntza batekin topo egitea espero eta, kasu gehienetan, ezta desio ere. Ingelesez bizi den komunitate batean murgiltzeko asmoz egiten dute bidaia.

Izan ere, azken hamarkadetan, irlanderaren biziberritze prozesuari kanpotik datorkion beste arazo bat gehitu zaio: ingelesa ikasteko asmoz urtero joaten den ikaslegoa. Marketing English in Ireland izen esanguratsua duen ingeles eskolen elkartearen arabera, Irlanda da biztanle bakoitzeko ingeles ikasle gehien jasotzen duen munduko herrialdea: 2017an 129.000 lagun jaso zituen. Gobernuaren arabera, horrek urtero 762 milioi euroko diru-sarrera ekartzen du, eta, ondorioz, administrazioak merkatu hori sustatzeko lan aktiboa egiten du.

Azken urteetan indartu den hizkuntzen industriaren adibide bat besterik ez da, Monica Heller antropologoak idatzi izan duen bezala, kapitalismo berantiarrean hizkuntzak geroz eta garrantzi handiagoa baitu. Hizkuntzaren merkantilizazioaren gaia jorratu izan du Hellerrek, eta ohartarazi du globalizatutako ekonomia berrian hizkuntza hainbat prozesu ekonomikoetako erdigunean kokatu izan dela. Mintzaira bera merkantzia bihurtu da: ekoiztu, kontrolatu, banatu, baloratu eta mugatu daitekeen baliabidea. Hellerrek hizkuntza merkantilizazio horrekin lotutako hainbat sektore zerrendatzen ditu (turismoa, itzulpengintza, marketina, kultur industria, hizkuntza ikasketa, dei-zentroak...), eta aipatzen du informazio eta komunikazio teknologien bidez hizkuntzen merkatua zabaldu dela.

Hain zuzen, teknologia horien negozioetan nagusi diren enpresa asko Irlandan topa ditzakegu. Dublingo kaleetan, motxila horia, arrosa edo berdea daramaten hizkuntza-eduturistak (language edutourism, Maia Yarymowich-i hartutako kontzeptua) informazio eta teknologia eraikinen artean ibiltzen dira, azken hamarkadetan multinazional teknologiko ugarik Irlandan jarri baitute egoitza. Facebook, Google, HP, Dell, Linkedin, Apple, Microsoft, Amazon, Yahoo eta abarrek Irlandak eskaintzen dizkien baldintza fiskalei probetxua atera diete. Beste arazo bat, beraz, ingeles elebakartasunari aurre egiteko, ez baitut uste mundu osoan ingelesez lana egiten duten eta munduan zehar ingelesa barreiatzen duten enpresa horiek irlanderaren aldeko hizkuntza-politika baterako aliatu egokienak direnik.

Online nabigatzen

Enpresa multinazional horiek kudeatzen duten online negozioaren hizkuntza dinamikei buruz aritu zen Donostian Helen Kelly-Holmes Limerick-eko Unibertsitateko irakaslea. Irail hasieran Irantzu Epeldek zuzendutako EHUko Gazteak eta eleaniztasuna izeneko uda ikastaroa Kelly-Holmesen hitzaldiarekin amaitu zen, informazio eta komunikazio teknologiaren arloan eta zehazki Interneten hizkuntza aniztasunaren eboluzioa zein izan den azalduz.

Garapen horretan lau etapa bereizten ditu Kelly-Holmesek. Lehena elebakartasunaren aroa da. Interneten hastapenean inplizituki ‘ingelesez soilik’ politika linguistikoa nagusitu zen, eta hizkuntza horren lingua franca globalaren estatusa indartu zen. Mendearen aldaketarekin, bigarren aroaren hasiera dator: eleaniztasunaren aroa. Pixkanaka, beste hizkuntza batzuek tokia hartu zuten sare globalean, baina aro horretako eleaniztasuna partziala eta paraleloa zen. Partziala, hizkuntza gutxi batzuek lortu zutelako presentzia esanguratsua, eta, paraleloa, ingelesaren nagusitasuna mantentzen zelako. Web 2.0 izenarekin ezagutzen den teknologien garapenarekin batera hasiko litzateke hirugarren etapa: hiperlingualismoaren aroa. Tresna berriek hizkuntza anitzei tokia hartzeko aukera eman zieten: teknologikoki ez dago arazorik edozein hizkuntza Interneten egoteko, nahiz eta guztiak ez egon, eta daudenak ere modu berean ordezkatuak ez egon.

Kelly-Holmesen iritziz, gaur egun hiperlingualismoa indartu egin da, baina, era berean, hizkuntza-isolamendua areagotzen ari da. Horregatik, laugarren etaparen hasieran gaudela uste du: idiolingualismoaren aroa. Hizkuntzaren kudeaketa teknologiko hori marketinean erabiltzen den ‘norberaren merkatuaren’ (market of one) adierazpenetako bat litzateke: pertsona bakoitzak sarean mugitzen denean bere hizkuntza jokaera propioa aktibatzen du. Horrek aukerak ematen ditu, posibilitate berriak zabaltzen ditu, baina, mugatu ere egiten du. Beste hizkuntzekin harremanak edukitzeko aukerak murrizten baitizkigu: ez gara hizkuntzen ‘merkatu zabalean’ sartzen, norberarentzat egokitutako merkatuan bakartuak geratzen gara.

Norberaren hizkuntza-indibidualizazioranzko bidea egiten ari gara, eta, Limerickeko irakaslearen aburuz, horrek arrisku garbia du gutxiagotutako hizkuntzen bizitzarako: hizkuntza eskubideak dituen komunitatea izatetik kontsumitzaile eskubideak dituzten hiztunengana pasa gaitezkeelako.

Irlanda gertu

 

Óró, sé do bheatha abhaile,

Tá Gráinne Mhaol ag teacht thar sáile,

óglaigh armtha léi mar gharda,

Gaeil iad féin is ní Gaill, Frainc ná Spáinnigh,

is cuirfidh siad ruaig ar Ghallaibh.

 

Oh-ro, etxera ongietorria zara.

Gráinne Mhaol itsasotik dator,

bera babesteko bere gudari armatuekin,

irlandarrak dira, ez atzerritar, ez frantziar, ez espainiar...

Eta atzerritarrak garaituko dituzte!

Gránuaile irlandarra zen, ez frantziar, ez espainiar, ez ingeles. Baina kontatzen dutenez, irlanderaz gain beste hainbat hizkuntzetan hitz egiteko gai zen: latina, gaztelania, frantsesa... Behin, Isabel I.a erreginarekin aurrez aurre negoziatzen aritu zen Ingalaterrarekin zituen gatazkak konpontzeko. Garai hartako lingua franca erabili zuten: latina.

Udazken hasierako egun epel hauetan, Gránuaile irudikatu dut Inishbofin uharte ondoan nabigatzen. Hego haizeak klima larrialdiaz protestan ari diren gazteen oihuak dakartza. Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak itsasoaren maila etengabe igotzen ari dela berretsi du. Berotzeak egungo joerari eusten badio, 2100erako metro bat baino gehiago igo liteke itsas maila. Gránuaile imajinatu dut urte gutxi barru ur azpian desager daitekeen Trá Gheal hondartza txikiari begira. 2100erako zenbat igoko da ingeles hizkuntzaren zabalpen maila? Zenbat hizkuntza itoko dira olatu handi horren azpian? Irlandera horietako bat izango al da? Eta euskara?

Euskal Herrian eta Irlandan nabigatzaile eta surflari bikainak ditugu. Hizkuntzaren olatua surfeatzeko gai izango al gara? Gure hizkuntzetan nahi adina nabigatzeko aukera izango al dugu?