Gora joan

Glokalia

Joanes Igeregi Santamaria
Joanes Igeregi Santamaria

Bizitzak batetik bestera eraman nau, ala batetik bestera eraman dut. Uribe Kostak eta Bilbok irakatsi zidaten euskararen ertz batean euskaraz bizitzen, Debagoienan autoeraketarekiko interesa piztu zitzaidan, eta Abya Yalako lagun indigenekin ikasi nuen gurea ez dela munduan bizitzeko modu bakarra. Une honetan, hanka bat hizkuntza lankidetzan daukat, eta beste bat mugimendu ekologistan. Ibilbide horretan, denetik apur bat ikasi dut, ezertan espezialista izan gabe. Orriotan ikuspegi zabal horretatik begiratuko diot bizi gaituen garaiari.

Euskara, jalgi hadi sarera

Erantzun politikoki politak

Duela gutxi, Bilboko autobus geltokitik hurbil oinez nindoala, Radio Euskadiko esatari batek geratu eta elkarrizketatu ninduen, herritarrok Primeran plataformaren inguruan zer iritzi dugun jakin nahian. Aspaldion zeharo deskonektatuta ibili naiz, ez diet albistegiei kasu handirik egin, eta plataformaren berri eman behar izan zidan lehenik. Badaezpada ere, irakurleen artean ni bezalako pertsona despistaturik balego, ikus-entzunezkoen arloan euskarazko edukiak eta euskal edukiak zabaltzeko plataforma digitala da Primeran. Euskal Netflix, nolabait esateko.

Ikus-entzunezko euskal ekoizpenak zabaltzeko, oso funtzio garrantzitsua bete dezake euskara lehenesten duen streaming plataforma batek. Besterik da zein neurritan dagoen egitasmo hori estrategia global baten baitan. Gure egoera soziolinguistiko prekarioan apustu eraginkorra izan dadin, beste hainbat bide indartu beharko ditugu aldi berean.

Bote lasterrean eta kaleko elkarrizketa batek ematen duen tarte laburrean, edozein euskaltzalek eman lezakeen erantzun politikoki polita eman nion: ez naizela ni pantaila aurrean ordu asko ematekoa, oso noizean behin baino ez dudala film edo telesail bat ikusten, baina euskarak funtzio hori ere bete behar duela, euskaldunok euskaraz biziko bagara. Izan ere, zenbait ikerketaren arabera, mundu mailan egunean hiru ordutik gora ematen ditugu telebistaren aurrean batez beste, gero eta gehiago streaming plataformen bidez, eta euskaldunok mendebaldar homologatuak gara horretan ere. Hortaz, euskarazko eskaintzarik ezean, inguruko hizkuntza nagusietan betetzen dugu funtzio hori.

Ikus-entzunezkoen arloan zein kulturgintzako beste edozein esparrutan, beharrezkoa da, sorkuntza sustatzearekin batera, sortutakoa hedatzeko kanalak erraztea, are gehiago klik bakarrean eduki uholde bat eskura dugun garaiotan. Eta ikus-entzunezko euskal ekoizpenak zabaltzeko, oso funtzio garrantzitsua bete dezake euskara lehenesten duen streaming plataforma batek. Besterik da zein neurritan dagoen egitasmo hori estrategia global baten baitan. Gure egoera soziolinguistiko prekarioan apustu eraginkorra izan dadin, beste hainbat bide indartu beharko ditugu aldi berean: sektoreko profesionalak formatzeko euskarazko ikastaroak; sorkuntza, itzulpena eta bikoizketa handitzeko finantzaketa; zinemetan eta bestelako plataformetan euskararen presentzia bermatzeko laguntza eta arauak; euskarazko ekoizpenak ezagutarazteko jaialdi eta kanpainak... Ondo etorria, beraz, Primeran, eta norabide horretan garatutako beste hainbat ekimen!

Orain gogoak erantzun osoagoa ematera narama...

Eleaniztasunaren tranpa

Anbibalentea da euskararen egoera ikus-entzunezkoen munduan, pantailetan eta, orokorrean, biziberritze prozesuaren aurrerabideari dagokionez. Gure burua gurea bezalako hizkuntza gutxituen ligan kokatzen badugu, hiztun kopuruz legokigukeena baino presentzia handiagoa dugu Interneten, hedabide digital dezente daukagu, eta ikus-entzunezko ekoizpen eta kontsumo handi samarra. Badugu zer aitortua azken hamarraldietako biziberritze ibilbideari.

Hedabideetan, hezkuntzan edo arnasguneetan aski frogatuta geratu da euskarak espazio hegemonikoak behar dituela bizirauteko, nagusiki euskaraz funtzionatuko duten lurralde edo komunikazio esparruak.

Hala ere, inguruko hizkuntza hegemonikoen aldean gero eta txikiagoak gara, eta hor dago gure iraupenaren jokalekua. Euskarazko eskaintza handitu arren, arinago hazten da gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez. Duela ez horrenbeste, sei telebista katetik bat euskarazkoa zen; orain hiru dira, dozenaka kateren artean. Telebista konbentzionalean, euskarazko katea(k) %18 inguruko ikusle kuota izatetik %3 baino gutxiagora jaitsi dira. Are bazterrekoagoak gara Netflixen, Youtuben, Tiktoken... Nolabait esateko, uharte izatera kondenatuta gaude, bi (edo hiru) ozeanoren artean, eta urak gora datoz itsaso horretan ere. Globalizazioaren isla, nonbait.

Euskararen normalizazioaren talaiatik begiratuta, beraz, zer arrazoi dago Primeran plataforma ele bitan sortzeko? Gainerako plataformek ez al digute erdarazko eskaintza nahikoa ekartzen garen irla linguistiko honetara? Erdaldunak euskarara erakartzeko balioko du erabakiak, argudiatu ohi den moduan, ala euskaldunok erdalduntzeko? Hedabideetan, hezkuntzan edo arnasguneetan aski frogatuta geratu da euskarak espazio hegemonikoak behar dituela bizirauteko, nagusiki euskaraz funtzionatuko duten lurralde edo komunikazio esparruak. Erdarek plataforman beteko duten lekua argi mugatu ezean, formula baldin bada guztia ele bitan eskaintzea, arrisku handia dugu euskara bazter-bazterrekoa izateko beste behin. Egunkari elebidunen edo EITBren bilakaerak zerbait irakatsi beharko liguke elebitasunaren arriskuez.

Langileen urtetako borrokari esker, xix. mendetik hona hiru ordu eta erdi laburtu dela batez besteko lanaldia mundu mailan. Eta, aldi berean, egunean hiru ordu eta erdi igarotzen ditugula telebistaren aurrean.

Urrunago joanda, ez al litzateke zalantzan jarri beharko euskal erakundeek erdarazko telebista kate, irrati edo sorkuntza kulturalean gastatzen duten diru gehiena ere? Euskal Herrian bizi diren elebakarrek, euskal herritarron gehiengoak, eskubidea daukate kultura eta hedabideak bere hizkuntzan jasotzeko, noski, baina horretarako nahikoa baliabide sortzen da gure lurraldetik kanpo. Ekosistema kultural bizi eta osoa dago gaztelaniaz nahiz frantsesez, han eta hemen, bertako erakundeen laguntzarik gabe ere. Euskarak, aldiz, lur hau bakarrik dauka. Helburua oreka ekolinguistikoa bada, edo herritar guztion hizkuntza eskubideak bermatzea, erabili ohi den hizkeran, hemengo baliabide gehien-gehienak euskarazko ekosistema kulturala elikatzera bideratu beharko lirateke. Horrek baino ez gaitu hurbilduko benetako eleaniztasunera, hizkuntza komunitate bakoitzak bizitzeko behar dituen gutxieneko baldintzak bermatzera.

Hezur-haragizko sare sozialak

Jorge Riechmann filosofo eta poeta espainiarrari irakurri nion, langileen urtetako borrokari esker, xix. mendetik hona hiru ordu eta erdi laburtu dela batez besteko lanaldia mundu mailan. Eta, aldi berean, egunean hiru ordu eta erdi igarotzen ditugula telebistaren aurrean. Beste era batera esanda, lanaldiak laburtzeko gure aurrekoen borrokak balio izan duela, funtsean, guk telebistaren aurrean denbora gehiago eman ahal izateko. Hotzikara eragiten dit pentsatzeak aisialdiaren zatirik handiena gure buruak logaletzen pasatzen dugula, edo jakiteak denbora gehiago ematen dugula pantailei begira maite ditugunekin harremanetan baino. Pantailak euskaraz izatea beharrezko borroka ildoa da gaur egun, noski, baina pantailarik gabeko aisialdia sustatzea ere bai.

Film on batek gure emozioak dardarka jar ditzake, nazio mailako hedabideek funtzio garrantzitsua betetzen dute komunitatea ehuntzen, eta tokiko hedabide batzuek eskualde mailako nagusitasuna lortu dute, erdarek libre utzitako espazio komunikatibo bat beteta.

Aro historiko honetako joera nagusiei kontra egin arren, esango nuke espazio fisiko jakin batean elkartzen gaituzten aisialdi moldeetan jarri beharko lukeela euskalgintzak arretarik handiena. Lehenik, ordu kopuruz pantailen aurrean denbora gehiago eman arren, elkar ukitzen dugunean kualitatiboki esperientzia esanguratsuagoak bizi ditugulako, bihotzaren geruza sakonagoetan eragiten digutenak. Bigarrenik, aurrez aurreko harremanek gaitasun handiagoa dutelako komunitatea trinkotzeko. Trinkotasun hori da gure herriaren iraupenaren gako nagusietakoa, eta, gainera, bizitza bizigarri batek harremanak indartzea eskatzen du, xxi. mendeak inposatu nahi digun gizarte fragmentazioa gaindituta. Azkenik, aurrez aurreko harremanetan eta ekimenetan, eremu lokaletik abiatuta, euskarak aukera handiagoa duelako hegemonia gune partzialak sortzeko eta erdarek betetzen ez dituzten funtzioak betetzeko.

Horrek ez du esan nahi, jakina, hedabide digital batek edo ikus-entzunezko ekoizpen batek ezin dutenik esperientzia esanguratsurik eragin, komunitaterik trinkotu edo euskararentzako espazio hegemonikorik sortu. Film on batek gure emozioak dardarka jar ditzake, nazio mailako hedabideek funtzio garrantzitsua betetzen dute komunitatea ehuntzen, eta tokiko hedabide batzuek eskualde mailako nagusitasuna lortu dute, erdarek libre utzitako espazio komunikatibo bat beteta. Ez ditut hemen euskarazko mundu digitala eta aurrez aurrekoa kontrajarri nahi. Kontua ez da bata ala bestea elikatu behar dugun, baizik eta bata eta bestea elikatu behar ditugula. Baina ez dezagun funtsezkoa ahaztu garrantzitsuaren alde egiteko, funtzio formalak geureganatzeko ahaleginean harreman informalak ahaztu ditugunean bezala.

Mundu digitalaren materialtasuna

Joera daukagu historia lerrozuzen baten antzera irudikatzeko, pentsatzeko geroa orainaren luzapena izango dela eta gaurko gizarte bilakaerak bere horretan jarraituko duela. Mundu ikuskera kristauaren ajeak. Edozeini galdetuz gero nolakoa izango den 2050eko mundua, gehienek gizarte teknologiko eta globalizatuagoa irudikatuko dute. Aurreikuspen gehienetan, aurrez aurreko harremanek garrantzia galtzen jarraituko dute, eta gero eta denbora gehiago emango dugu etxeko bakardadean, pantaila bati begira. Horrela balitz, agian, euskararen biziberritzeak mundu digitalean jarri beharko lituzke bere indar guztiak, historiaren kontrako borroka antzuan indarrak alferrik xahutu gabe.

Streaming bidez bi orduko film bat ikusteak 6,4 kilo karbono isurtzen ditu atmosferara, eta Internetek munduko abiazio zibil guztiak baino CO2 gehiago. Estatu bat balitz, klima aldaketan gehien eragiten dabilen seigarren herrialdea litzateke.

Historiak une disruptiboak izaten ditu, hala ere, indarrean diren joera gehienak iraultzen dituztenak. Eta itxura dauka krisi ekologikoa izango dela hurrengo hamarraldietako gertakari disruptiboenetakoa, baita mundu digitalari dagokionez ere. Asko hitz egiten da klima aldaketaz, zertxobait erregai fosilen amaieraz edo krisi energetikoaz, eta ia batere ez bestelako mineralen eskasiaz edo muga materialez. Era berean, Internet hodeian irudikatzen dugu, lebitatzen, gure bizitzetako beste esparru batzuen materialtasunetik salbu. Errealitatea oso bestelakoa da.

Ordenagailuan film bat ikusi ahal izateko, gure ordenagailuaren ekoizpenean 240 kilo erregai, 22 kilo material eta 1.500 litro ur erabili dira. Horretaz gain, azpiegitura erraldoiak eta energia kontsumo izugarriak bermatzen du datuen etengabeko joan-etorria: itsas hondoko zuntz optikoko kableen 1,3 milioi kilometro, milaka satelite, milioika zerbitzari, antena eta ordenagailu... Greenpeacek egindako ikerketa baten arabera, Interneteko datuen joan-etorriak munduko elektrizitatearen %7 kontsumitzen du, azpiegituraren eraikuntzan erabilitako energia kontuan hartu gabe. Ondorioz, streaming bidez bi orduko film bat ikusteak 6,4 kilo karbono isurtzen ditu atmosferara, eta Internetek munduko abiazio zibil guztiak baino CO2 gehiago. Estatu bat balitz, klima aldaketan gehien eragiten dabilen seigarren herrialdea litzateke.

Mundu digitalaren indarraldia historikoki laburra izango balitz ere, hizkuntza baten iraupenak ezin du belaunaldirik saltatu. Belaunaldi bakoitza euskaldundu behar dugu, bizi den testuinguru soziolinguistikoan, euskara hurrengo belaunaldiari helaraz diezaion.

Erregai fosilak eta beste hainbat material kritiko agortzeko bidean dauden honetan, zalantzazkoa da energia eta materialetan hain intentsiboa den digitalizazioak orain arteko martxari eutsi ahal izatea; are zalantzazkoagoa martxa hori komenigarria izatea. Intuizio historiko nagusien aurka, oso litekeena da hemendik gutxira datuen fluxua txikiagoa, hurbilagoa eta motelagoa izatea. Horrela balitz, eskala lokalagoan eta astiroago funtzionatu beharko lukete kulturgintzak, hedabideek eta gizakion arteko harremanek. Oro har, gurea bezalako hizkuntza komunitate txikientzat berri ona litzatekeela iruditzen zait.

Ura eskutik eskura

Gorago esandakoetara itzulita, krisi ekologikoak hedabideen eta kulturgintzaren mundua errotik alda lezake. Tokiko hedabideek eta euskarri fisikoek garrantzia har lezakete, eskala handiagoko eta teknologia konplexuagoko hedabideen kaltetan. Aukera ona litzateke hori euskararentzat, hedabide esparru horretan baitauka posizio erreal eta potentzialik onena alboko erdaren aldean. Ez da aringarri txikia, bestela ere, hizkuntza hegemonikoetan datorkigun uholdea txikitze hutsa. Plataforma digitalei dagokienez, etorkizuneko agertoki horretan, ikus-entzunezkoak sortu eta banatzeko zirkuituak oso bestelakoak izan litezke: liburutegi publikoak, bideoforumak, herriko zinemak, bideoklubak...

Dena dela, ez dezagun aurreko paragrafoa neurriz kanpo interpretatu. Nahiz eta etorkizuneko prospektiba hori oso kontuan hartu beharko genukeen, ez nabil defendatzen EITBk Primeran plataforma itxi eta berehala bideoklub sare bat zabaldu beharko lukeenik. Etorkizuneko baldintza soziolinguistikoen gainean pentsatu eta etorkizun horren beharretara egokitzeaz gain, epe laburrean ere bermatu behar dugu gaurko belaunaldiak euskaraz sozializatzea, eremu digitala ahaztu gabe. Mundu digitalaren indarraldia historikoki laburra izango balitz ere, hizkuntza baten iraupenak ezin du belaunaldirik saltatu. Belaunaldi bakoitza euskaldundu behar dugu, bizi den testuinguru soziolinguistikoan, euskara hurrengo belaunaldiari helaraz diezaion. Baina, ura eskutik eskura pasatzeko ariketa kolektibo horretan, maila lokaleko harreman hurbilak bereziki zaindu beharrekoak iruditzen zaizkit. Hor bizi izan da euskara milaka urtean, hor dago bizien oraindik ere, eta, seguruenik, hor biziko da, bizitzekotan.