Osteguna, 2024ko martxoak 28
Gora joan

Glokalia

Ignazio Aiestaran Uriz
Ignazio Aiestaran Uriz

Angela Davis lehen aldiz Herbert Marcuserekin ediren zenean, azken honek itaundu zion: «Ziur zaude filosofia ikasi nahi duzula?». Erran nezake galdera horretan ezkutatzen denak eraman ninduela EHUn lan egitera. Kultura zaurgarritik zenbait lekutan idatzi eta idazten dut: azken urteotan Argia-ko blogean, orain Jakinen. Gorputzen lanean buru eta eskuaren arteko hausturarik ez, mundu global batean Paul Celanen meridianoari jarraitzen diot Iraultzaren Plazatik.

Karl Marx eta Kapitala Silvia Federiciren soflama baliogabetuen aurrean

Karl Marx eta 'Kapitala'-ren balioa

Egun, ezkerreko mugimendu anitzek ez dute Karl Marx aipatzen. Bertze kasu batzuetan bere izena aipuetan agertzen bada, ez da aintzakotzat hartzen bere ekarpen osoa. Klaseen arteko borroka ez da Marxen ikerketa osoa. Kapitalaren balioa aztertzen ez bada, Marxen ikasbidea erditik mozten da, eta bere sakontasun eta zorroztasuna galtzen dira. Hortaz, komeni da Kapitala idazlanean salgaien eta balio ekonomikoaren inguruko zenbait ikuspuntu agerian lagatzea, ikus dezagun zer suposatzen duen gizarte kapitalista batek.

Beste baten truke aldatzen den edozein ekoizpen da salgaia edo merkantzia. Edozein salgai alda daiteke edozein salgairen truke kapitalismoan. Salgai hau salgai horren truke edo salgai haren truke. Ez dago mugarik kapitalaren sistema ekonomikoan. Ikuspegi horretatik, salgai guztiak berdinak dira, salneurriak (eta objektuak) ezberdinak izan arren. Prozesu material hori diruarekin gauzatzen da. Eta horretan dautza kapitalaren indarra eta eraginkortasuna. Bizitzan objektuak (eta ekintzak) ezberdinak dira, baina kapitalaren merkatuan denak berdinak dira, denak trukagarriak dira, bata bestearen truke. Hori dela eta, kapitalaren prozedura unibertsala da, eta kapitalismoaren jomugak ez du mugarik.

Gizarte kapitalista deitzen da gizarte-mota bat non sistema ekonomiko hori inposatua izan den. Gizarte kapitalistan objektu guztiak berdinak dira, lan guztiak berdinak dira, baliokideak dira, alegia. Izan ere, baliokide unibertsal baten truke aldatzen dira: diruaren truke. Hori izugarrizko aldaketa historikoa izan zen, atzoko sistema komunitarioak aldatu, eraldatu eta gehienetan suntsituz. Lan guztiak berdintzen dira kapitalaren unibertsaltasun abstraktua dela bide. Hori dela eta, lan abstraktua da kapitalak balioztatzen duena –ez, ordea, lan zehatz edo konkretua, ezta ekoizpenen erabilera ezberdinak ere–. Balio ekonomikoa kapitalaren merkatuan salgaien trukean datza, salgaiak ekoizteko lanak ezberdinak izan arren. Sistema kapitalistaren ekoizpen-prozedurak lan-banaketa aurresuposatzen badu ere, sistema horren merkatuan denak trukatzen dira elkarrekin, lanen ekoizpenak baliokidetuz. Halaxe dio Karl Marxek Kapitala-n:

Erabilera-balio edo merkantzien gorputz desberdinen osotasunaren bitartez agerian jartzen da era berean askotarikoak diren lan baliagarrien osotasun bat, espezie, mota, familia, azpimotaldaera desberdineko lan baliagarriena –lanaren banaketa sozial bat–. Hori existentzia-baldintza bat da merkantzia-produkziorako, nahiz eta merkantzia-produkzioa ez izan, alderantziz, lan-banaketa sozialaren existentzia-baldintza. [...] Fabrika bakoitzean lana sistematikoki banaturik dago, baina banaketa hori ez dago bitartekoturik langileek beren produktu banakoak trukatzearen bidez. Lan pribatu autonomoen eta elkarrekiko independenteen produktuek bakarrik egiten diote elkarri aurre merkantzia gisa (Karl Marx, Idazlan hautatuak, Klasikoak, Bilbo, 2004, 315-316; aurrerantzean, IH).

Kapitalaren sistema abstraktuan trukatzen diren salgaien balioa lanetik dator, lan-ordutan zenbatuta. Hori dela eta, lan orokor abstraktua da funtsezko osagarria, gizarte kapitalista aztertzerakoan, sistema horrek balioztatzen duena balio abstraktu hori baita. Soldatarekin ordaintzen zaizkio langileari bere lan-orduak –gogora dezagun dirua baliokide abstraktua dela–, baina Karl Marxekin badakigu ez zaiola berak produzituriko balio osoa ordaintzen. Langileak kobratzen ez duen balioa gainbalioa izendatzen da. Bestalde, langileak ez ditu ekoizpen-baliabideak menperatzen edo kontrolatzen. Gizarte kapitalistan langilearen lana ez da langilearen ezer, bere lan-indarra merkatuan jarria eta esplotatua baizik.

Horrez gain, kapitalaren merkatuan ez dira lan guztiak balioztatzen, edo gutxienez ez dira lan guztiak ordaintzen. Kasurik deigarriena soldatapeko langile biziaren lan-indarra mantentzeko birprodukzio edo erreprodukzioa da, bere kontserbaziorako premiazkoa dena. Kapitala-n Marxek azpimarratzen du:

Lan-indarra soilik existitzen da norbanako biziaren gaitasun bezala. Haren produkzioak, beraz, horren existentzia aurresuposatzen du. Existentzia hori emanik, lan-indarraren produkzioa datza bere birprodukzio edo kontserbazio propioan. Bere kontserbaziorako norbanako biziak biziraupen-bitartekoen kantitate jakin bat behar du (Karl Marx, IH, 351).

Lan-indarra manten dadin, «giza muskulu, nerbio, burmuin, eta abarren kantitate determinatu bat gastatzen da». Halaber, zenbait «behar natural» bete behar dira lan-indar biziaren kontserbaziorako, behar horiek herriek moldatuak direlarik:

Biziraupen-bitartekoen baturak, bada, norbanakoa lanean mantentzera iritsi behar du horrelakoa den heinean, haren bizi-baldintza normalean. Behar naturalak berak –janaria, jantzia, berokuntza, etxebizitza, etab.– desberdinak dira berezitasun klimatikoen eta herrialde bateko gainerako baldintza naturalen arabera. [...] Gainerako merkantziekiko kontrajartzez, bada, lan-indarraren balioaren determinazioak elementu historiko eta moral bat dauka bere baitan (Karl Marx, IH, 351).

Beraz, biziraupen-bitartekoak eta bizia mantentzeko beharrak ez dira merkatuan agertzen, ez dira zuzenean neurtzen, baina beharrezkoak dira lan-indarrak bere funtzio ekonomikoa bete dezan. Janari, jantzi, berokuntza eta etxebizitzaren lanak ez dira merkatu kapitalistan ordaintzen, merkatu-mota horrek aurresuposatzen baditu ere. Horrekin Marxek zertzen du biziaren eta kapitalaren talka. Gatazka horretan Marxek ere deskribatuta zeukan nolakoak ziren merkatutik kanpoko eta etxe barruko lan-banaketa, zatiketa eta ustiaketa, Ideologia alemaniarra idazlanean adierazi zuenez:

Lanaren banaketarekin, zeinen baitan baitaude kontraesan hauek guztiak eta zeinak, bestalde, familiaren baitako lanaren banaketa naturalean atseden hartzen baitute eta gizartea familia desberdin kontrajarritan bereiztean, gertatzen da, aldi berean, zatiketa eta, zehazki, zatiketa desberdina, nola kuantitatiboa hala kualitatiboa, lanarena eta haren produktuena; hau da, jabetza, zeinaren lehen ernamuina, zeinaren hasierako forma jadanik familian baitago, non emaztea eta seme-alabak senarraren esklaboak baitira. Esklabotza, artean oso hasi-masizkoa, noski, familian latentea dena, jabetzaren lehen forma da, zeina, bestalde, jadanik hemen perfektuki baitagokio ekonomialari modernoen definizioari, zeinaren arabera inoren lan-indarraz baliatzeko eskubidea baita. Gainerakoan, lanaren banaketa eta jabetza pribatua adierazpen identikoak dira –batean jarduerari buruzko harremanean esaten dena, bestean jardueraren produktuari buruzko erlazioan adierazten da (Karl Marx, IH, 191).

Aurreko paragrafoan irakur daitekeenez, Karl Marxek garbi utzi zuen «emaztea eta seme-alabak senarraren esklaboak» izan direla, eta «esklabotza» hori latentea izan dela. Gainera, Kapitala idazlanari jarraituz, merkatu kapitalistatik kanpo balioztatzeke eta soldatarik gabe geratu dela lan-ustiaketa latente hori.

Silvia Federici eta kapitalaren metaketa

Beraz, familietan emakumeek egindako lana balioztatu ez izana Karl Marxi leporatzea ez da egia. Alta, horixe izan da Silvia Federici ekintzaile eta teorialariak egotzi nahi izan diona. Caliban eta sorgina liburutik horixe izan da eragozpenetako bat, lana erreproduzitzeko eta lan-indarra hedatzeko baliabide bihurtu zen emakumearen gorputzaz mintzatzen denean:

Metatze primitiboaren ezaugarri hori ez da ageri Marxen analisian. Familia burgesetako emakumeen erabileraz Manifestu Komunistan egiten dituen aipamenak salbu –familiako ondasunean transmisioa bermatzeko oinordekoen ekoizle zirela adierazi zuen–, Marxek ez zuen inoiz onartu ugalketa esplotazio-eremuaren eta, beraz, erresistentzia-eremuaren sinbolo izan zitekeenik (Silvia Federici, Caliban eta sorgina. Emakumeak, gorputza eta metatze primitiboa, Eskafandra bilduma, Elkar-Jakin, Donostia-Andoain, 2017, 160; aurrerantzean, CS).

Manifestu Komunista-n emakumeen lekuaz geroago zerbait aipatuko dut. Federicik esandakoan egiarik eza nabarmentzea garrantzitsua da momentuz. Ideologia alemaniarra lanean ikusi dugu nola lotu zituen emakumea eta esklabotza Marxek, familia patriarkala kritikatuz. Bada, Bruno Bauer, Juduen Auzia testuan ere kritika zuzen eta gogorrak aurkitzen dira, emakumea menperatu gura duen «diru-gizonaren bertutea» salatzeko asmoz:

Sexu-harremana bera, gizonaren eta emakumearen arteko harremana, etab., merkataritza-gai bihurtzen da! Emakumea tratu-gai da (Karl Marx, IH, 75-76).

Gizonaren menpeko emakumea «tratu-gai» bilakatzen da, emakumezko gorputza «merkataritza-gai» bihurtzen da gizonezko diruarekin. Ezin argiago. Beraz, ulertezina da nola isilarazten dituen Silvia Federicik Marxen pasarte eta ideia horiek. Soilik ulertzen da Federicik lastozko txorimalo bat aurkeztu nahi duelako, Marx karikaturizatu bat atera gura duelako. Karikatura bilakaturik, hurrengo pausoa dator: Marxi leporatzea bere teoria androzentrikoa dela, «Marxek soldatapeko gizon proletarioen eta salgai-ekoizpena garatzearen ikuspuntutik ikertu zuela metatze primitiboa» (Silvia Federici, CS, 21), egia osoa ez delarik.

Halarik ere, Federiciren eta Marxen arteko ezberdintasunen artean beste deigarri bat topatzen dugu metatze primitiboaren eta kapitalaren inguruan. Caliban eta sorgina liburuaren hasieratik Federicik jakitera ematen du berak Karl Marxek Kapitala-ren lehenengo liburukian deskribaturiko «metatze primitiboa» baliatuko duela bere azterketa teoriko eta historikoan (ikus. CS, 21-22 eta 108 eta hur.). Kontzeptu hori dela medio, gizarte kapitalista ahalbidetu zuten egiturazko baldintzak aztertu nahi ditu, baina Federicik ez du Kapitala osoa erabiltzen, merkantzien balioari buruzko teorian ez delako sartzen. Horrek eramaten du hurrengoa erratera:

Marx garapen kapitalistaren izaera hiltzaileaz bizkor jabetu zen arren –haren historia «su eta odolezko karaktereetan idatzita dago gizateriaren urte-liburuetan», adierazi zuen–, zalantzarik gabe, giza askapeneko prozesuan eman beharreko pausotzat jotzen zuen. Haren iritziz, maila txikiko jabegoa eraisten zuen, eta areagotu egiten zuen lanaren ekoizpen-gaitasuna (beste sistema ekonomiko guztietan lortu gabeko neurriraino), eta, modu horretara, gizateria eskasiatik eta premiatik askatzeko baldintza materialak sortuko zituen. Halaber, iruditzen zitzaion hedapen kapitalistaren aurreneko faseetan nagusitu zen indarkeria harreman kapitalistak umotu ahala desagertuko zela, eta aurrerantzean lanaren esplotazioa eta diziplinatzea lege ekonomikoak lantzearen bitartez lortuko zirela batik bat. Erabat oker zegoen horretan (Silvia Federici, CS, 22).

Hori ez da inondik ere egia. Hor Federicik burgesia eta kapitalismoa nahasten ditu zentzu handirik gabe. Manifestu Komunista-n bezala, burgesia klase iraultzailea zelakoan zegoen Marx. Izan ere, burgesiak ordena feudal zaharra irauli eta suntsitu zuen, eta halaxe irakur daiteke manifestu ospetsuan; baina horrek ez du esan nahi kapitalismoarekin aurreneko faseetan hedatutako indarkeria umotu ahala desagertuko zenik. Gauza bat da burgesiaren izaera iraultzailea, eta bestelako bat da proletalgoaren askapena burgesiaren aurrean gizarte kapitalistan. Artikulu honen hasieran argi utzi dugunez, Kapitala izkiriatu zuenetik, garbi geratu zen salgaien merkatu kapitalistan ez zegoela/dagoela langileriaren askapenerako lekurik. Kapitala-n jorratutako ahalegina ordena kapitalistan salgaien indarkeria azalaraztea da, merkantzien fetitxismoa estalgabetzea. Eta helburua ez zen kapitalaren lege ekonomikoen diziplin(atze)a onartzea, baizik eta juxtu kontrakoa: zientzia ekonomiko kapitalista eta haren ideologia hankaz gora jartzea eta iraultzea. Kapitala-ren xedea, izenburuan baieztatzen zen modura, «ekonomia politikoaren kritika» izan zen. Salgaien trukean balio ekonomikoa desestali duen edozeinek daki hori. Haatik, Federicik hainbesteraino bortxatzen du bere argudioa, ezen bukaeran ematen baitu Marx kapitalista izan zela. Hona hemen argudioaren beste formulazio bat:

Hortaz, ezin dugu identifikatu metatze kapitalista langilea (emakumezkoa nahiz gizonezkoa) askatzearekin, marxista askok (eta bestek) egin dutenaren ildotik, edota kapitalismoaren sorrera ezin dugu hartu aurrerabide historikotzat (Silvia Federici, CS, 110).

Marxek deskribaturiko eta analizatutako balioaren teoria galtzen da horrela. Federiciren Marx hori baliorik gabeko Marx desitxuratu bat da. Kapitalismoaren metodologiaren eta historiaren aldetik bete ez duen hutsune bat da Federiciren azterketa. Horrek bultzatzen du Marx desitxuratzera. Jatorrizko metaketa lantzerakoan Federiciren xedea kolonizazioa, nekazariei euren lurrak kentzea eta sorginen jazarpena aztertzera bideratzen den arren, bidean balioa galdu du Kapitala-ren ikuspegi marxiarretik. Bidearen erdian geratu da. Hori dela eta jarduten du hainbeste Federicik komunalen desagerpena deskribatzen. Hala ere, komunalen zedarritze eta desagerpena ez dira azterketa osoa kapitalaren esplotazioaren aurrean (gogora dezagun artikulu honen lehenengo atalean azaldutakoa). Desjabetzearen bidezko metaketa-mota bat baizik ez da herri-komunen edo komunalen desagerpena. Hori ez da kapitalismoaren menpeko balio ekonomikoaren dinamika osoaren analisia. Karl Marxek oso ongi aurreikusi zuen. Gaztetan Rheinische Zeitung kazetan artikulu bat argitaratu zuen, ‘Egur lapurretaren kontrako legeaz’, non salatu zuen nekazarien egoera. Jabetza komunalak jabetza pribatu izatera pasatu ostean, behar gorrian nekazariek egurra biltzen jarraitzen zuten antzinako landa eta baso komunaletan, ohiko usadioei jarraituz. Praktika horiek zigortzen zituen legearen aurka idatzi zuen Marxek kazeta hartan.

Beraz, Marxek oso ondo zekien zer ekartzen zuten komunalen desagerpenak eta pribatizazioak, baina ez zen horretan geratu. Metaketa kapitalistan urrats bat gehiago eman zuen, trukerako merkantzien balioaren prozedura azaleratu arte. Horrela Kapitala idaztera heldu zen. Kapitalismoaren aurkako erasoan Silvia Federici eta Karl Marx kontrajarriak dira. Federicik ez du aintzat hartu balioaren garrantzia jatorrizko metaketa kapitalistan, eta komunalen desagerpen eta ustiaketara jo du. Marxek komunalen desagerpenarekin hasi zuen bere ikerketa, eta merkantzien trukearen bidezko kapitalaren balioa azaltzera eta biluztera ailegatu zen. Bi norabide desberdin.

Ez naiz gehiago luzatuko atal honetan. Zenbait apunte besterik ez. Komunalen desagerpenari eta pribatizazioari dagokienez, Federiciren lana on-ona eta zorrotza izan da, eta sorginen inguruko ikerketa bikaina eta erabilgarria izan da oso, baina bere oinarri ekonomikoak zenbait hutsune ugaritzen du. Kasu baterako, Caliban eta sorgina-n hurrengoa bota duenean: «erregimen kapitalista berrian herri-ondasun bihurtu ziren emakumeak» (CS, 173): ez nago ziur esapide horretan herri-ondasunen edo ondasun komunalen inguruko kategoria modu egokian aplikatua izan denik, jabego pribatuaren eta herri-ondasun zedarritzearen arteko zirkuitua ez baita «herri-ondasun» bilakatzea, baizik eta aurkakoa, pribatizazioa eta bazterkeria.

Halaber, 2017an Continental Thought & Theory aldizkarian karrikaratutako ‘Notes on Gender in Marx's Capital’ artikuluan (euskaraz: ‘Generoari buruzko oharrak Marx-en Kapitalan’, in Silvia Federici, Soldataren patriarkatua. Marxismoari egindako kritika feministak, Katakrak, Iruñea, 2017; aurrerantzean, SP), artikulu horretan, alegia, agerian daukagu Federicik ez duela balioaren teoria marxiarrean sakondu, adibidez, Alfred Marshall eta Karl Marx maila berean jarri dituenean (SP, 84), edo artikulu berean oin-ohar batean Piero Sraffa aipatu duenean (Sraffaren erreferentzia-oharra ez da euskarazko bertsioan agertzen; bai, aldiz, ingelesezko jatorrizkoan). Sraffa erabili du hurrengoa adierazteko: «Langileek –Marxek hala irudikatzen du– soldata erabiltzen dute bizitzarako behar dituzten gauzak erosteko, eta behar horiek kontsumituz beren burua erreproduzitzen dute» (SP, 85). Karl Marxek ez zuen halakorik adierazi, ez nehon, ez nehoiz. Zentzurik gabeko korapilo ederra da, salgaien kontsumoa eta salgaien balioa nahastuz. Federicik buruan daukana Sraffaren Production of Commodities by Means of Commodities (Salgaiek ekoiztutako salgai-ekoizpena edo Salgaien bidezko salgai-ekoizpena) liburua da, baina gaizki asimilatua. Horretan ere Federiciren teoria ekonomikoa ez da marko neoklasiko edo neoricardianotik askatu, korronte horiekiko aldaketa marxiarra ulertzeke.

Prostituzioa, lumpena eta Parisko Komuna

Karl Marx desitxuratzeko eta zikintzeko asmoz, Silvia Federicik askotan aipamen historikoak manipulatzen ditu. Gogo horretarako, «prostituzioa» hartzen du aitzakiatzat. Kasu baterako, honakoa:

Prostitutei langile-izaera ukatzen die, eta emakumeen doilorkeriaren adibide hutsera zokoratzen ditu, «soberako biztanleen geruzarik beherenekotzat» irudikaturik, «lumpen proletariotza» hura (Silvia Federici, SP, 86 –ikus., orobat, SP, 112–).

Eta halakoa sostengatzeko asmoz, Marxen Louis Bonaparteren Brumarioko Hemezortzia lanari erreparatzen dio. Goazen aztertzera zer dioen Marxek benetan. Liburu horren azken atalean Marxek prostituzioa gogora ekartzen duenean, zentzu zehatz batetik eta testuinguru zuzen batetik egiten du. Napoleon III.aren kodearen menpe, zergak, bahiturak edo enbargoak, enkanteak eta bortxazko esleipenak gailendu ziren, eta biztanleriaren masak miseria gorrian geratu ziren. Multzo pobre horretan, zifra ofizialen arabera, lau milioi biztanle aurkitzen ziren, «haurrak» ere bai, diosku Karl Marxek: lau milioi pauvre, prostituta, eskale eta baliabiderik gabeko delitugile, eta bost milioi gehiago –nekazariak gehienak– pobreziaren amildegiaren ertzean. Beraz, prostituzioa ez zen lan arrunta, baizik eta esplotaziorik handienetako bat, kale gorrian egoten ziren emakumeen azken baliabidea (eta Marxen testua irakurriz, ziurki «haurrak» ere egoten ziren esplotazio-kategoria horretan). Eta halaxe tratatzen du Karl Marxek. Osterantzean, berak gogor kritikatu zuen prostituzioaren esplotazioa. Gogora dezagun zer zioen Manifestu Komunista-n:

Zertan bermatzen da gaurko familia burgesa? Kapitalaren gainean, lukuru pribatuaren gainean. Burgesiarentzat bakarrik existitzen da hura erabat garatua; baina proletarioen familia-gabezia behartuan eta prostituzio agerikoan bakarrik aurkitzen du bere osagarria.

[...]

Gure burgesek, aski ez dutelarik beren eskura edukitzeaz beren proletarioen emakumeak eta seme-alabak, prostituzio ofizialaz ez hitz egitearren, egundoko atsegina sentitzen dute elkarren emazteak seduzitzen (Karl Marx, IH, 256-257).

Eta Eskuizkribu ekonomiko-filosofikoak testuaren barruan, hirugarren eskuizkribuan, ‘Jabetza pribatua eta komunismoa’ izenburuko atalean, hauexek dira Marxen hitzak:

Prostituzioa adierazpen partikular bat besterik ez da langilearen prostituzio orokorrarena, eta prostituzioa harreman bat denez gero, zeinak hartzen baitu bere baitan ez bakarrik prostituitua baizik baita prostituitzailea ere –zeinaren doilortasuna oraindik handiagoa baita– horrela kapitalista, etab., kategoria horretan sartzen da (Karl Marx, IH, 429).

Marxen burutazioak Federicik islatu dituenak ez izateaz gain, beste ikasbide inportante bat daukagu: lumpen-proletalgo edo lumpenarena. Federicik Marxi leporatutako mespretxuzko iritzia ez da zuzena. Political Prisoners, Prisons and Black Liberation (Preso politikoak, presondegiak eta askapen beltza) saioan, Angela Davis ekintzaile eta filosofoak halaxe bereizi zituen lumpenaren lekua eta garrantzia Marxen lanean Parisko Komunaren ildotik:

Lumpenproletarioen izaera desklasatua gogoan, Marxek adierazi du haiek gai direla «ekintza heroikoenak eta sakrifizio gorenak egiteko, baita bidelapurreriarik makurrena eta ustelkeria zikinena egiteko ere». Berak nabarmendu zuen Parisko Komunean behin-behineko gobernuaren guardia higikorrak –24.000 inguruko tropa– hamabost urtetik hogei urtera doan adin-tarteko lumpenproletarioak izan zirela gehienbat. Marxista gehiegik Marxen oharpenaren bigarren zatiari garrantzi gehiegi emateko joera izan du –lumpenproletalgoa bidelapurreria makurrena eta ustelkeria zikinena egiteko gai dela gainbaloratuz–, bere lehenengo zatia, ekintza heroikoengatik eta sakrifizio gorenengatik lumpena txalotzen duen zatia, gutxietsi edo erabat ahaztu duten bitartean.

Jakina, Federicik ez ditu Angela Davisen hitz horiek irakurri. Davisen berbak funtsezkoak dira beste ikuspuntu baterako: Parisko Komunaren garrantzia Marxen pentsaeran. Angela Davis bezalako beste emakumezko ekintzaile eta filosofo batek, Raya Dunayevskayak, ikertu zuen zer eragin-mota izan zuen Parisko Komunak Kapitala-n (ikus. Raya Dunayevskaya, Marxism and Freedom. From 1776 Until Today, seigarren atala, eta Rosa Luxemburg, Women's Liberation, and Marx's Philosophy of Revolution, hamargarren kapitulua). Berak landu zuen nola aldatu zuen Marxek Kapitala-ren testua frantsesezko bertsiorako, 1875eko edizioan, Parisko Komunaren gertakizunak buruan. Salgaien fetitxismoari buruzko azterketa sakontzera iritsiko zen Marx, Komunaren demokrazia proletarioa ikusi ondoren. Garbiago ikusi zuen salgaien fetitxismoa balioan zetzala, eta izugarrizko kooperazio komunaren bidezko elkarketa askea posiblea zela, despotismo kapitalistaren ekoizpenetik at. Lana eta ekintza balio-produkziotik askatzea posible zela behatu zuen, eta hala irudikatu zuen Frantziako edizioan. Dunayevskayaren ildoari jarraituz gero, ondorio nabarmengarri bat atera dezakegu. Kapitala-n, industriagintza aztertzeaz gain, 1875eko ediziorako aldaketekin, Marxek irudikatutakoa Parisko Komunaren ahalegina eta eredua da. Horrela aurkeztuta, Silvia Federiciren zenbait eragozpen lurrera botatzen dira.

Kapitala-ri buruzko hurrengo objekzioak izkiriatu ditu Federicik:

Produkzio-eremuari lotutako generoaren auzia azaltzean, Marxek ez du aztertzen etxeko lanak desagertzeko zorian egoteak harreman kapitalistaren hedapenari komunitate proletarioan eragindako krisia (SP, 78).

Generoari buruzko kontuak bazterrean geratzen dira Kapitalan (SP, 78).

Zergatik ez zuen ezer esan Marxek etxeko lanei buruz? Ez zuelako ikusten indar sozialik etxeko lanak iraultzaren barruan kokatzeko gai izango zenik? (SP, 90).

Davisen eta Dunayevskayaren oharpenak aintzat hartzen baditugu, Federiciren adierazpen eta galderak baliogabetzen dira. Agian arazoa da Federicik Kapitala-n eta historian emakumeei eman dion lekua estuegia dela. Apika problema da Kapitala-ren garaiko iraultza, Parisko Komuna, emakume eta gizonek, lumpen eta proletarioek sortua, kontuan hartu ez izana. Akaso auzia da Federicik ez den lekuan begiratu duela. Kapitala eta Parisko Komuna lotzen baditugu, salgaien fetitxismoaren aurkako balioaren teoria eta kooperazio komun askatzailea elkarrekin aztertzen baditugu Dunayevskayaren irizpidearen eskutik, eragozpen anitz desagertzen dira. Agian ez dago etxeko lanei buruzko hainbesteko hausnarketarik, lantegiaren eta merkatuaren ekoizpena aztertu eta kritikatu ondoren, Kapitala-ren garaian Marxek gogoan izandako eredua emakume eta gizon askatuen Parisko Komuna izan zelako. Batzuetan Federici hain lanpetuta eta hain lotuta dago bere iraganeko operaismo edo langilerismoari, makina eta lana aztertuz, ezen ez baitu bide gehiagorik ikusten, Marxen balio osoa ezabatu ostean.

Amerikako esklabo-lanaren auzia

Kapitala idazlanaren balioa gaizki ulertzeaz gain, Federici gezurretan ari da Marxi arrazismo-mota bat leporatu nahi dionean, hurrengo paragrafoan bezala:

Antzeko zerbait gertatzen da arrazarekin Marxen lanean. Marxek onartzen zuenez, «azal zuriak egindako lana ezingo da emantzipatu azal beltzak egindako lana laidoztatua den bitartean» (Marx, Kapitala); halere, ez zuen askorik aztertu ez esklabo-lana ez arrazakeriaren erabilera, biak ala biak esplotazio-eredu gogorragoak ezarri eta naturalizatzeko bide gisa erabiliak. Horrenbestez, Marxen lanak ezin zuen zalantzan jarri mugimendu sozialistan nagusi zen irudipena, alegia, gizonezko langile zuri soldatapekoaren interesak langile-klase guztiaren interesak ordezkatzen zituela; gaizki-ulertu horren ondorioz, kolonien aurkako XX. mendeko borrokalariek ondorioztatu zuten marxismoak ez zeukala zerikusirik beren borrokarekin (SP, 91).

Garbi dago zein den Federiciren helburu estrategikoa: fede txarrez Karl Marxi (eta marxismoari) «gizonezko langile zuri» baten aldeko ideologia leporatzea. Halako akusazioa ez da egia, ez mugimendu sozialistaren historiaren aldetik, ez Karl Marxen logikatik. Hasteko, Karl Marxek esklabotza salatu zuen Kapitala liburutik hartutako esaldian: «azal zuriak egindako lana ezingo da emantzipatu azal beltzak egindako lana laidoztatua den bitartean» (Karl Marx, Kapitala). Eta liburu horretan ere halaxe diosku Marxek:

Amerikan urrea eta zilarra aurkitzea, [Amerikako] aborigenak sarraskitzea, esklabo egitea eta meategietan hobiratzea, Ekialdeko Indiak konkistatzen eta harrapatzen hastea, Afrika azal beltzak ehizatu eta merkaturatzeko barruti bihurtzea [...] horiek guztiak funtsezko faktoreak dira metatze primitiborako (Karl Marx, Kapitala, I. liburukia).

Badakizue zer den bitxiena Kapitala-ren azken aipamen horrekin? Bada, Silvia Federicik Caliban eta sorgina lanean erabili izana (ikus. CS, 109). Bat-batean, Caliban eta sorgina-n erabilitako Marxen aipua orain desagerrarazi du apropos, eta dena Karl Marxen inguruan lastozko txorimalo (arrazista) bat fabrikatu nahi duelako. Halaber, Federicik ez du Raya Dunayevskaya irakurri. Azken horrek erakutsi digu Kapitala-n Karl Marxek egun-lanaldiaren iraupena sakondu eta landu zuela Amerikako Estatu Batuetako Gerra Zibilari esker (ikus. Raya Dunayevskaya, Marxism and Freedom. From 1776 Until Today, bosgarren atala).

Bide batez, Federicik ez du aipatzen Estatu Batuetako esklabotzaren aurka Karl Marxek eta garaiko langile-mugimendu sozialistak eginiko lana. 1865eko urtarrilaren 28an Abraham Lincoln presidente estatubatuarrari Langileen Nazioarteko Elkartearen izenean gutun bat bidali zioten, Karl Marxek idatzi eta askoren artean sinatu zutena. Langileen Nazioarteko Elkarteak gogor salatu eta ezbairik gabe kritikatu zuen esklabotza. Halaxe zioen gutun horren hasierak:

Amerikako herria zoriontzen dugu gehiengo handiz zu berriro hautatua izateagatik. Zure lehenengo hautapenean hitz gordea Botere Esklabistaren aurkako erresistentzia baldin bazen, zure berrautapenaren gerra-deiadar irabazlea «Akatu Esklabotza!» da.

Borroka amerikar titanikoa hasi zenetik instintiboki Europako langileek sentitu zuten bandera izardunak beraien klasearen patua burutzen zuela.

Dokumentu ofizial horretan Amerikako langileen eta Europakoen arteko batasuna aldarrikatzen zen, eta horretarako esklabotza desagerraraztea eskatzen zen. Ildo horretatik, gutun horren bukaera honakoa izan zen:

Europako langileek ziur deritzote, klase ertainaren igoaldian Independentziarako Gerra Amerikarrak garai berria hasi zuen bezala, Esklabotzaren Aurkako Gerra Amerikarrak langile-klaseen igoaldiaren garai berria sortuko duela. Etorriko den garaiko gurari sutsutzat jotzen dute Abraham Lincoln laguna, langile-klasearen buru argi-argiko semea, aukeratu izana, arraza kateatu bat erreskatatzeko borroka paregabearen bidez eta mundu sozial baten berreraikuntzaren bidez bere herria gida dezan.

Beraz, esklabotzaren aurkako jarrera ukaezina da. Era berean eta eztabaidarik gabe, leku ezberdinetan Marxek klaseen agerpenean eta moldatzean kolonizazioak kausatutako metaketa eta kolonizazioaren eragina azalarazi zituen, mundu-merkatu globalaren lehenengo hastapenetan kapitalismoaren menpe. Honakoa Ideologia alemaniarra lanetik hartutako lagina baizik ez da:

Manufakturak eta, oro har, produkzioaren mugimenduak gehitze eskerga izan zuten komertzioaren hedatzeari esker Amerika aurkitzearen eta Ekialdeko Indietarako itsas bidea irekitzearen ondorioz. Lurralde horietatik inportaturiko produktu berriek, eta batez ere zirkulaziora jaurtiriko urre- eta zilar-masek, erabat aldarazi zuten klase batzuen posizioa beste batzuekiko, eta aldi berean menturazaleen espedizioek, kolonizazioak eta, batez ere, merkatuak mundu-merkaturantz hedatzeak, zeina orain ahalgarri bihurtu baitzen eta egunean-egunean egikarituz baitzihoan, garapen historikoaren aldi berri bati hasiera eman zioten, zeina oro har ez baitugu tratatuko hemen. Berriki aurkituriko herrialdeen kolonizazioa pizgarri berria gertatu zen nazioen arteko merkataritza-borrokarako, eta horrek, beraz, hedapen handiagoa eta garatze handiago eman zion (Karl Marx, IH, 215).

Hori guztia dela eta, Karl Marxen aurka ‘Generoari buruzko oharrak Marx-en Kapitalan’ testuan Federicik aurkeztu dituen eragozpenak ulertezinak dira, nahi duenean bera historialari eta saiogile ona baita. Kasu batzuetan baliorik gabeko soflamak besterik ez dirudite.

Bukaera modura: Eleanor Marx, emakume ahaztua

Karl Marx ongi ezagutzen zuen egile handienetako bat Eleanor Marx izan zen. Bere aita hil zen urte berean, 1883an, Progress-en idazlan bat argitaratu zuen, non azaltzen zuen balioaren teoria marxiarra eta nola gainditzen duen horrek David Ricardoren teoria ekonomikoa, Kapitala liburuaren menderatzea erakutsiz. Eleanor Marxek Parisko Komunaren gertakizunak ere ezagutzen zituen, eta garaiko langileriaren mugimenduen egoera ere bai. Sindikalgintza berria eskatzen zuen sozialismotik, eta emakumeen lekua ere azpimarratu eta aldarrikatu zuen, bai sindikatuetan, bai langile-klasean.

1891n, Langileen Nazioarteko Elkartearen delegatuen izenean txosten luze bat idatzi zuen, Britainia Handiko eta Irlandako egoeratik azaldua. Idazlan horren atal batean, emakume langileen baldintzez eta jomugez aritu zen. «Gizon langileak etxeko emakumea etxe-aberetzat jotzen» zuela salatu zuen hor, gizonaren «jabego pertsonala» izango balitz bezala. Idazlan horretan emakumeen esplotazioa ere kritikatzen zuen, eta horrek ekarritako ondorioa mahaigaineratu zuen: emakumeek ez zutela ez denborarik, ez desiorik izaten, bilerak sortzeko eta elkarteak edo sindikatuak antolatzeko, ordu luzez lan egin ondoren. Alta, Eleanor Marxen orrialde horietan zenbait grebatan eta sindikatutan emakumeek lortutako aitzinamenduak agertu ziren, eta, bide batez, bertze ikuspuntu zorrotz bat gehitu zuen: lehen aldiz gizonak ohartu zirela emakumeak ahaztea oker bat izan zela.

Clara Zetkin ezagutu zuen, eta emakumeei buruzko haren testua itzuli. Halaber, Emakumearen auzia lana idatzi eta plazaratu zuen –senarrarekin batera–. Gas-langileen eta portu-zamaketarien sindikatuen alde egin zuen lan, eta alderdi sozialistetan ere bai, Europan zein Amerikan. Beti emakumezko langileen aldekoa izan zen bere ikuspegia. Interesgarria da Eleanor Marxen jarrera emakume sufragisten aurrean. Behin baino gehiagotan adierazi zuen emakume sufragisten kanpainei laguntza eman behar zitzaiela, baina emakumezko langileria ahazteke, zeren emakume langileen arazoak ez baitziren botoekin konpontzen soilik. Orobat, emakumezko burgesia kritikatu zuen. Kasu baterako, zenbait emakume burges sufragista agertu ziren lan-orduak murriztearen aurka, eta Eleanor Marxek hitz zuzen eta kritikoak bota zizkien ezbairik gabe, euren klase-interesak azaleratuz eta arbuiatuz.

Eleanor Marx ere arduratu zen bere aitaren idazlanez, hura hil eta gero eskuizkribuak sailkatuz eta argitaratuz. Zalantzarik gabe, Eleanorrek bere aitaren akatsak ezagutzen zituen, bai haren testuetan, bai haren bizitzan. Haatik, gauza izan zen Karl Marxen hoberena ateratzeko eta bultzatzeko. Langile-klasearen alde, emakume langileen alde, kapitalaren balio ekonomikoaren aurka, buruan izan zuen nola askatu emakume-gizon esplotatuak, lan produktiboan nahiz erreproduktiboan, etxean zein elkartean, hala alderdian, nola sindikatuan. Jakina, Silvia Federicik ez du Eleanor Marx aipatzen ohi bere lan historiografikoetan. Hainbat marxistak ere ez. Emakume ahaztua.