Osteguna, 2017ko irailak 21
Gora joan

Édouard Louis Fronte Nazionalak irabazten duen herrian

2017-06-29

Azken urteetan Frantziako Errepublikaren iparraldean Fronte Nazionalak irabazi du arazorik gabe herri txiki batean. 2017ko hauteskunde presidentzialetan 1.106 hauteslek izan zuten botoa emateko eskubidea Hallencourt herrian. Lehenengo txandan abstentzio-tasa %20,07 (222 pertsona) izan zen, eta emaitza ofizialak halaxe geratu ziren:

• (Front National) Marine Le Pen hautagaiak: %33,72 = 289 boto

• (Les Républicains) François Fillon hautagaiak: %16,92 = 145 boto

• (La France Insoumise) Jean-Luc Mélenchon hautagaiak: %16,69 = 143 boto

• (En Marche) Emmanuel Macron hautagaiak: %16,45 = 141 boto

• (Debout La République) Nicolas Dupont-Aignan hautagaiak: %6,77 = 58 boto

• (Parti Socialiste) Benoît Hamon hautagaiak: %5,02 = 43 boto

• (Nouveau Parti Anticapitaliste) Philippe Poutou hautagaiak: %1,28 = 11 boto

• (Union Populaire Républicaine) François Asselineau hautagaiak: %1,17 = 10 boto

• (Résistons) Jean Lassalle hautagaiak: %0,82 = 7 boto

• (Solidarité et Progrès) Jacques Cheminade hautagaiak: %0,70 = 6 boto

• (Lutte Ouvrière) Nathalie Arthaud hautagaiak: 0,47 %= 4 boto

Bigarren txandan abstentzio-tasa %21,61 (239 pertsona) izan zen, eta hurrengo emaitzak ekarri zituzten hauteskundeek:

• (Front National) Marine Le Pen hautagaiak: %54,69 = 414 boto

• (En Marche) Emmanuel Macron hautagaiak: %45,31 = 343 boto

Bi txandetan lehena izan zen Fronte Nazionala, eta bigarren txandan Le Pen eta Macronen arteko aldea kasik 10 puntukoa izan zen Hallencourten.

Herri horretan, non Fronte Nazionala hegemonikoa den, jaio zen Édouard Louis idazlea. 24 urte ditu, baina 16 urterekin bere jaioterria utzi zuen, bullying edo jazarpena pairatu ondoren. Bere eskarmentu homosexuala kontatu zuen 2014an karrikaratutako En finir avec Eddy Bellegueule eleberrian. Louisen familia pobre-pobrea izan zen, langilea eta iritzi askotan matxista eta xenofoboa.

2017ko martxoan, The Guardian-en plazaratutako elkarrizketa luze batean, idazle frantsesak hauteskunde presidentzialak eta bere jendartea aztertu zituen argitasun zorrotzez. «Klase sozial bakoitzari ‘politika’ hitzak gauza ezberdinak adierazten dizkie», zioen Édouard Louisek han. «Klase baxuenetan politika hil ala biziko gaia izan da beti». Klase sozial horietan zaudenean, bestelako bizitza sortzeko gai da laguntza sozial bat, baina horrek ere esan nahi du pobreak erakunde politikoen eta administrazioaren menpean geratzen direla, larritasunak jota. 15 urte zituelarik, bere aita lehen aldiz dentistarengana joan zen, gobernuak osasun-laguntza berri bat sortu zuelako. Louisen haurtzaroan, beraz, politikak dena alda zezakeen. Politikaren erritmoaren arabera mugitzen ziren bere senitartea eta bere herria: halaxe mugitzen dira behartsuen bizitzak, ekaitz batean bezala. Louisek erabilitako metaforan: haien buruen gainean ekaitz bat topatzen zuten egunero, urtero. Ekaitz hori, ordea, ez zen klase gorenen buruen gainean hedatzen. Miseria pobrezia ez dela baieztatzean, ez dugu askotan behatzen miseriak hori baino gehiago adierazi nahi duela: munduan zure lekuari buruzko estutasun itolarria da, etengabeko larritasun bizi-bizia. Bukaeran, miseria presondegi bat bezalakoa da: miseriak herriak inbaditzen dituenean, herriak ez dira jadanik herriak, presondegiak baizik. Hiritar burgestu posmodernoek ez dute arazo hori ulertzen erraz. Halaxe zioen Louisek elkarrizketa horretan:

Parisko burgesen artean, konturatu nintzen politikak ez diharduela batere biziaz edo heriotzaz, ezta jateko eta zainketa medikoa izateko kapable izateaz edo ez izateaz ere; konturatu nintzen gobernu ezkertiar zein eskuindarrak egiten duen zernahik ez diela bizitzea, jatea galaraziko. Eta burgesia munduko edozein lekutan klase menderatzailea izanik, amnesia-mota bat dago beste jendearekiko politikaren esanahiaz. Gertatzen dena gertatzen dela, ezein gobernu ez doa modu erradikalean haien bizitzak aldatzera, pobre eta menderatuekin gertatzen ez den bezala.

Idazle gaztea jaio zen herrian, bere aitak egin zuen lan, eta bere aitonak, eta bere birraitonak ere. Bere amak 14 urterekin utzi zuen eskola, bere anai-arrebek ere bai. Kate historiko batean irentsiak geratzen dira emakume eta gizonak, eskuliburuek deskribatzen duten determinismo ekonomikorik txarrenean bezala, amesgaizto batean bezala. Guk, berriz, badakigu determinismo historiko eta ekonomiko hori ez dela zeruetatik jaitsia, baizik eta lurreko gizonen eta emakumeen ondorioa. Eta hortik datoz miseria jasaten dutenen iraina eta amorrua, egoera itolarria iraultzeko gauza ez direnen azken errekurtsoa, azken oihua, azken deia. Hori dela eta, Fronte Nazionala eta Le Pen kritikatzeaz gain, Louisek sozialdemokrazia frantziarra ere salatu zuen gogor:

Gaur ez dut Marine Le Pen iraindu nahi, Manuel Valls eta François Hollande eraso nahi ditut, nire aita halako egoeran jarri izanagatik. Haiek salatzen ditut modu zuzenean. Nire aitak Le Peni botoa ematen diola ikusten dudanean, egungo gobernuak eta haren akatsek nazkatzen naute. Jakina, eskuinak nazkatzen nau, baina ez nuen nehoiz espero eskuinak zerbait egingo zuenik klase baxuen alde, baina ezkerrak... ezkerrak pobreziaz, miseriaz eta bazterketaz mintzatzeari utzi dio. Karrera presidentzialean Le Penek irabazteaz mintzatzen da jendea, baina Fronte Nazionalak azken 20 urtez irabazi du, nire ama bezalako jendea ordezkatu beharko lukeen ezker horrek abandonatu duelako.

Karl Polanyi: faxismoa kapitalismoarekin bat dator

Frantziako hauteskunde presidentzialetan Emmanuel Macron atera zen irabazle, beldur-kanpaina erabili ondoren: «Macron ala Le Pen», «demokrazia liberala ala faxismoaren itzala», «Europa ala xenofobia», «X hautagaia ala anabasa». Komunikabide handienek hautesleen eta ikusleen kontzientzia onak astindu zituzten, beldurra aitzakiatzat. Presidentetza eskuratuta, telebistek eta egunkariek atzean laga zituzten etorkinekiko ardura eta arreta. Orain berriro migratzaileen aurkako indarkeria poliziala etorri da Calaisera. Hollande presidentearekin agitu zen bezala, Macronekin gauza bera suertatzen ari da: L’Auberge des migrants eta Utopia 56 elkarteek salatu dute, baina ez dira lehen orrialdeko berria izanen egunkarietan. Beldurretik euforiara pasatzen den demokrazia hauetan, amnesia eta miopia dira nagusi. Eta Macron irabazle demokratikoa izan denez, orain edozein iritzi botatzeko eskubidea dauka eskandalurik gabe, 2017ko ekainean Ételeko Cross zentroan etorkin komoretarren kwassa-kwassa itsasontziez trufatu zenean bezala. Horrek ez du gaizpiderik eragin, nahiz eta kwassa-kwassaz 7.000-10.000 komoretar ito diren 1995 eta 2012 artean Mayotte irlara heldu nahian, Frantziako Senatuaren datuen arabera.

Hori guztia dela eta, liberalismoaren propagandaren aurka baieztatu behar da «kapitalismoa ala faxismoa» hautatzea tranpa bat dela. Karl Polanyi ekonomialariak ezin hobeto azaldu zuen faxismoa bat datorrela kapitalismoarekin: benetako erabakia ez da «faxismoa ala kapitalismoa», baizik eta «demokrazia ala kapitalismoa», edota «sozialismoa ala faxismoa», demokraziaren bide naturala sozialismoa delako. Honela argudiatu eta laburtu zuen Karl Polanyik zehaztasun osoz 1934an, nazismoa hegemoniko bihurtu baino lehen (‘Marxism Re-Stated’, New Britain III/58, 1934, 159. or.):

Joan den astean terminologia marxista berritutik faxismoa zedarritzen saiatu ginen. Emaitza hurrengo tesietan gauzatu zen:

Demokraziaren eta kapitalismoaren arteko elkarrezintasunetik sortzen da faxismoa jendarte industrial guztiz garatuan.

Langile-klasearen eraginaren tresna bilakatzen ohi da demokrazia. Ekoizpena jabeen autoritatearen menpean geratzen den esparrua da kapitalismoa. Itopuntu bat halabeharrezkoa da.

Supituki, funtzio politiko eta ekonomikoen korapilo dohakabeak jendartea zemaitzeari ekin dio.

Ekonomian interferentzia politikoa eta politikan interferentzia ekonomikoa arau bilakatu dira. Funtzioen perbertsio horrek guztion segurtasun politikoaren eta bizi-maila ekonomikoaren galera dakar.

Demokraziak desagertu behar du, ala kapitalismoak. Kapitalismoa ukitu gabe uzten duen itopuntuaren konponbidea da faxismoa.

Beste konponbidea sozialismoa da. Kapitalismoa desagertzen ari da, demokraziak badarrai.

Esfera ekonomikoan demokraziaren luzapena da sozialismoa. Hortaz, berez funtzionala da. Faxismoa kontrakoa da. Faxismoak funtzio politiko, ekonomiko eta kulturalen zirkuitulaburra dakartza jabe berekoien talde gobernatzaile ñimiño batean. Halako jendartea ezingo da epe luzera existitu.

Antza, Hallencourten ez da Karl Polanyi irakurtzen. Parisen ere ez. Eta Europa honetan oso gutxi.