Gora joan

Glokalia

Alba Garmendia Cataños
Alba Garmendia Cataños

Nirekin hamar bizilagun eta denera lau baserri zituen auzo batera jaio nintzen. Eskola Txiki batean hasi nintzen mundua ezagutzen. Eta beharbada horregatik dut gustukoago jende apal eta umila. Ttikitik idatziko dut hemen ere. Niretik baino gehiago, beste txiki-handi batzuen ahotsetik. Tartean, totalitario izateko joera hartu didan tesiak ihes egingo dit testuetara. Onartzen dut filosofiaz eta utopiaz ere arituko naizela; bidelagun atseginak dira, mundua eraldatzen jarraitzeko.

Kristalezko sabai pertsonala

«Zein da zure tesia?», galdetu zidaten duela gutxi. Erantzunak erraza behar luke, horretan daramatzat behintzat bi urte, buru-belarri. Espero izatekoa ere bazen. Baina erantzun ezinik aurkitu nintzen, urduri, zehaztasun akademikorik eskatzen ez zidan lagunarteko giroan izanda ere. Sorpresaz hartu ninduen galderari erantzun, erantzun nion; esanez ez nintzela ausartzen ezer ziurra esatera, informazio gehiegizkoak gaina hartuta nengoela, edo halakoren bat. Egia erdizka. Etxeko segurtasunean esatera ausartzen naizen tesia jendaurrean ezin agertzea ohikoegia egiten hasi zait-eta. Tesia edo ahotsa izatea, berdintsu zait. Haatik, amildegi baten aurrean bakarrik sentitzearen pareko ezinegon hau ez da arazo pertsonal bat. Edo bai, bada, atzean korapilo politikoa duten arazo pertsonalak baitira gureak.

Datu gutxi batzuk

Dirudienez, filosofiaren esparrua bereziki da esanguratsua. Arantza Etxeberriak artikulu bat argitaratu zuen iaz Dilemata aldizkarian. Filosofian zergatik dauden emakume gutxiago galdetzen zuen, baita datu batzuk eman ere. Euskal Herriko Unibertsitateko 2017-2018 ikasturtean, filosofian: (1) Graduko lehen urtean emakumezkoak ikasleen %50 izatera heltzear bazeuden ere, azken urteko ikasleen artean nabarmen egin zuen behera ehunekoak. (2) Master ikasleen %25-30 ziren emakumezkoak. (3) Doktoregaien %35. (4) Emakumeak ez ziren heltzen irakasle titularren %10 izatera. (5) Ez zegoen emakume katedradun bakar bat ere. (Esan gabe doa aurtengo egoera bera dela.)

2017an eta 2018an argitaratu ziren beste bi artikulu, Research Policy eta Nature Biotechnology aldizkarietan, doktoretzako ikasleen osasun mentalaz (ez soilik filosofiakoak). (1) Gainerako biztanleriak baino sei aldiz aukera gehiago du doktoregai batek depresioa edo antsietatea sufritzeko. (2) Emakumeak diren doktoregaiek gizonek baino %27 aldiz aukera gehiago dute arazo psikiatrikoak sufritzeko.

Ez dut topatu datu horien eta hizkuntzaren arteko ikerketarik. Interesgarria litzateke euskarak jokatzen duen papera ere aztertzea, ezta?

Zer dela eta?

Etxeberriak bi hipotesi jasotzen ditu, emakumeak filosofian gutxiengoa izatea azaldu dezaketenak. Batetik, estereotipo kontuak. Sozialki negatiboa den estereotipo bat barneratzen da, norbere burua zerbait egiteko ezgai ikustea dakarrena. Bereziki da eraginkorra estereotipoa esplizitua bada, generoarena, kasu. Bestalde, aspektu inkontzienteak daude, estigmatizatutako talde baten parte diren pertsonekin jokatzen dugun moduan eragiten dutenak. Hau da, haiek nola hautematen eta ebaluatzen ditugun eta nolakoa den haiekin dugun interakzioa.

Auzia ez da, noski, filosofiara mugatzen. Haizea Barcenillak jokamolde horien berri eman zuen Berria egunkarian (‘Matxismoa akademian’, 2018-11-13):

Adibidez, «gazte» deitzen didatenean, niri bakarrik, taldean nire adineko hainbat gizon egon arren.

Adibidez, kanpoan ikasi eta pare bat erdaratan aritzen den gizon bati buruz eredu gisa aritzen direnean nire aurrean, jakintzat emanez ez naizela sekula nire sukaldetik atera eta lanpostua euskaraz jakite soilagatik lortu dudala.

Adibidez, bi hitzaldiren artean ondoan eseria dudan adin eta kategoria bereko gizonari galdera bat egin, eta hark bizkarra eman eta nire galdera beste aldean duen katedradunari erantzuten dionean.

[...]

 

Akademiara ere ez. 2015, Bertsolaritzako Emakumeen III. Topaketak. 16-65 urte bitarteko 39 emakume. Galdera: «Zer behar dugu bertsotan eroso aritzeko?». Bakarka erantzun zuten. «Konfiantza», gehiengoaren erantzuna. Emakundek 2016an egin zuen ikerketak (Emakume bertsolariak. Ahazturatik diskurtso propiora) ondorio bertsuak atera zituen: emakumeak plaza hartzeko alde emozionala giltzarri da, «autoestimua eta segurtasuna lantzea erabakigarria da [...] segurtasun falta izaten baita emakumeen bertsolaritza aktiboa uzteko arrazoietako bat», dio web orriak.

Baina nondik nora filosofiaren adierazgarritasuna? Bikaintasun edo jeinutasun idealek ezaugarritzea izan daiteke arrazoietako bat, Etxeberriaren esanetan. Diziplina zaila dela, gainera, pertsona(litate) berezi batzuentzako gordea. Filosofoaren irudia, bestalde, gizonezkoa da. Gizonezkoak dira irakasleak, testuen egileak, filosofiaren historia protagonizatzen dutenak, hizlariak... Are gehiago, portaera maskulinotzat ditugunekin identifikatzen da: agresibitatea eta konfrontazioetarako joera eztabaidetan, adibidez. Idealak berdinak dira gizon zein emakume izan, desberdina dena horien eragina da. Barcenillari «gazte» deitzen diote, bere adineko gizonezkoei ez bezala. Izan ere, akademiako gizon gazteak «aurreratuak» eta «jenioak» direla onartzen du sarkasmo-kutsuz, «euren adinerako lortu duten guztia» azpimarratzeko soilik gazte; «aurrez aurrekoetan, izena dute». Emakumea, beti adin txikiko objektu bailitzan, genero eta hizkuntza profilak betetzeko tresna baino ez da halakoetan.

Etxeberriak beste bi galdera egiten ditu: filosofiak emakumeek ez dituzten ezaugarriak eskatzen ote ditu? Emakumeek desberdin filosofatzen ote dute? Galderak erantzun beharrik gabe, pentsatzekoa da filosofia egiteko modua bera aldatu behar izatea. Emakumeen presentzia handitzea eta emakumeek egindako ekarpenak balioan jartzea erantzun ohikoak dira kasu horietan. Filosofia feministaren ekarpenak azpimarratu ditu Etxeberriak, filosofiaren oinarriak berak aldatzen ari direnak. Filosofiatik harago doa, ordea. Barcenillak hala dio, egunkari bereko beste artikulu batean (‘Zergatik egiten dute uko emakumeek?’, 2018-11-29):

Feministok estrukturetan sartzeak ez luke inoiz estruktura horietan errotuta dagoen paternalismo, maskulinismo eta hierarkiaren logika bermatu beharko; hori kolokan jarri behar du. Gu baginen lan hori egiteko prest, baina horrek instituzioaren aldetik moldaketak egiteko prestasuna ere eskatzen du.

Autozentsurari bertso

Kristalezko sabaia emakumeek beraien bizi laboralean gora egiteko duten mugaketari deitzen zaio. Hain zuzen, beraien ibilbide laboralean muga jartzen duen sabaia da, gainditzeko zaila eta aurrera jarraitzen galarazten diena. Gainera, ikusezina da, ez dagoelako araurik honen inguruan, ez mugaketa hau zehazten duenik ezta mugaketa hau debekatzen duenik ere (Wikipediatik).

Hemen esandakoak gutxi izanda ere, «ikusezina» den sabaia materializatzen lagunduko zutelakoan nago. Ez da ezer berria.

Kristalezko sabaia pertsonala ere badela esanez hasi naiz, baina. Bizi laboralean ez ezik, filosofian ez ezik, kalean ere hitza hartzea –nor izatea– eskatzen duen uneoro martxan jartzen den mugaketa. Besteek eraikia bezainbat norberak sustatua. Autozentsura asmakuntza handia da.

Biktimismo-paternalismo olatuetan ez itotzeko, ordea, zer egin? Gai horien eta beste hainbaten inguruan dabil emakume bertsolarien kolektiboa, bertsotan egiteari utzi gabe (‘Ber oholtzan jarritako oina’, Berria, 2018-08-11). Hau da, autoestimua eta konfiantza lantzen-pentsatzen-indartzen ari diren une berean ateratzen dira plazara. Egingo al dugu bertsotan?

Nahiago irrealista bagara

Utopia for Realists (Errealistentzako utopia) liburua 2016ko bestseller bat da. Ideia zoro batzuek mundua alda dezaketela aldarrikatzen du idazleak, 2017ko TED Talks-en top ten-ean egon zen Rutger Bregmanek, alegia. Hiru dira liburuko proposamenak: oinarrizko errenta unibertsala, hamabost orduko lan-astea eta mugarik gabeko mundu bat.

(Karikatura kutsua du hain hitz gutxitan egindako liburu iruzkinak. Letra txikia irakurtzera gonbidatuta zaudete.)

Bat: dirua musu truk. Oinarrizko errenta unibertsalaren aldeko datuz eta adibidez beteta daude liburuaren lehen orriak. Inongo baldintzarik gabe ematen den diruak onura argiak dakartza: pobreziak behera egiten du, osasuna hobetzen da (alkohol eta tabako kontsumoa eta ospitalizazio kopurua jaisten dira), ez du alferkeriara bultzatzen: ikasten edota enpresa txikiak martxan jartzen ematen dira orduak... Eta, batez ere, alternatibak baino merkeagoa da. Paternalismo kutsua alboratzen da, gainera, pobreari zer behar duen erabaki eta hura ematearen ordez, diruarekin batera erabakimena ematen zaiolako. «Eta horrelaxe hasten da progresua». Liburuaren izenburuak eszeptizismoz ireki behar nuela ohartarazi banau, ondorengo aipuak kontuz irakurtzera gonbidatu nau:

Gizarteak ezin du funtzionatu desberdintasun maila bat gabe. Pizgarriak beharrezkoak dira oraindik lanerako, lehiatzeko eta nabarmentzeko, eta dirua oso pizgarri eraginkorra da. Inork ez du bizi nahi zapatariek medikuek adina irabazten duten gizarte batean. Hobeto esan, halako leku batean bizi den inork ez luke gaixotzeko arriskua hartu nahiko.

Bi: hamabost orduko lan-astea. 1930ean John M. Keynes-ek Madrilen eman zuen konferentzia batean iragarpen harrigarri bat egin zuen nonbait: 2030ean historiako erronkarik handienari erantzun beharko zaio, denbora libreari. Oraingoan ere, lanaldi murriztuaren aldeko datuak eta aurpegi ezagunak (H. Ford eta W. K. Kellogg, tartean). Oraingoan ere, abantaila eztabaidaezin bat: produktiboagoak gara lan-ordu gutxiago sartzen ditugunean. Lan gutxiago egiten dugunean zoriontsuago ere bagara, lan istripuak gutxitzen dira, CO2 isurpenak erdira jaisten, langabezia murrizten... Biztanleriaren zahartzeari erantzuteko, berriz, 80 urtera arte egin dezakegu lan.

Eta hiru: «Herrialde bakoitzak onartzen duen etorkin kopurua %3 handituko balu, munduak 305.000 milioi dolar gehiago izango lituzke gastatzeko». Migrazioaren kontrako falaziak deseraikitzerakoan, zilegi liratekeen neurrien artean aipatzen ditu Bregmanek etorkinei estatuaren laguntzak ukatzea, edo urte kopuru baten ondoren ematea soilik, edo zergetan diru kopuru jakin bat ordaindutakoan; bertako hizkuntza eta kultura ikasteko eska dakieke; botoa emateko eskubidea ukatu; lanik topatu ezean, aberriratu. «Bidegabea dela? Beharbada bai. Baina ez al da askoz bidegabeagoa sarrera erabat ukatzea?».

Euri asko egin du Marxek eta Engelsek sozialista utopikoei kritika egin zietenetik. Fourier, Owen eta Saint-Simonen sozialismoa irrealegia zen nonbait. Kritika hartatik utopia errealista honetara, ordea, idealismoari ez ezik idealei ere uko egin diegula dirudi. Ez da debalde ateratzen: utopia aldarrikatu, denak berdin jarrai dezan.