Umorea politikoa da. Horixe du abiapuntu eta ondorio Jakinen 220. zenbaki monografikoak. Norbere ertzetik, umorearen eraikuntzaren inguruan hausnartu dute Iñigo Aranbarri idazleak, Uxoa Anduaga soziologoak, Laura Mintegi idazle eta EHUko irakasleak, Unai Iturriaga bertsolari, gidoigile eta irudigileak eta Mario Zubiaga eta Edorta Arana EHUko irakasle eta EMAN ikerketa taldeko kideek. Nork zeri barre egin, zergatik eta zertarako, mugaren alde batean edo bestean kokatzen baitu umoreak hartzailea. Eta euskaldunak dantza horretan daramatza mendeak, artikulugileen hitzetan. Peñaflorida kondearen Txanton Garrote pertsonaiatik hasi, eta egungo Mission Pays Basque pelikula edo ETBren Euskalduna naiz eta zu? saioraino. Muga horien inguruan osatutako bost artikulu topatuko ditu irakurleak Jakinen zenbaki honetan.
'Umorearen zimurrak', Iñigo Aranbarri
'Umorearen sarrailez eta giltzez', Uxoa Anduaga
'Zenbait ohar umorearen gainean', Unai Iturriaga
'Umoreak ez die graziarik egiten', Laura Mintegi
'Tirabirak: euskal gatazka binetetan', Mario Zubiaga eta Edorta Arana
Egungo umore hegemonikoari buruzko ohar diakronikoak egiten dira, batez ere euskaldun xehearen gainean eraiki denaz.
Umorearen izaera politikoa jorratzen da, estatu eta naziogintzarekin duen lotura estua argitara ekarriz, Euskal Herrian ematen den umorea adibidetzat hartuta.
Bertsogintzak bertsolariari umorearekin harremantzeko eskaintzen dizkion modu ezberdinei buruz gogoetatzen da. Praktika teoriaren aurretik doa eta inprobisazioaren testuinguruak eta premiak erabat baldintzatzen ditu umorearekiko ikuspegia eta haren gaineko hausnarketak.
Adierazpen askatasunak politikagintzan, erlijioaren eremuan eta komunikazio sareetan dauzkan mugei buruzko eztabaidaz egiten da gogoeta. Blasfemia eta iraina erabiltzen dira mugatzaile, baina, hondoan, botere kontua da askatasuna edo askatasun eza.
EHUko EMAN ikerketa taldearen Tirabirak egitasmoa aurkezten da. Izan ere, euskal gatazkari buruzko egunkarietako tira komikoak aztertu ditu, umore politikoari lotutako hainbat ikerketa-lerrotan murgilduz: irudiaren adierazgarritasunaren analisia, umorearen eta satiraren funtzio politikoa, gatazkaren memoria eraikitzeko moduak...