Asteartea, 2024ko martxoak 19
Gora joan

Aldizkaria

Jakin aldizkari gisa jaio zen Arantzazun, bertako ikasle talde batek sortua 1956an. 1967an uzten du Arantzazu eta geroztik urte gehienak Donostian egin ditu.

Bi aldi bereizi ohi dira aldizkariaren bizitzan: 1956-76 eta 1977tik gaur artekoa.

Aldi gorabeheratsua izan zen aurrenekoa, birritan debekatu baitzuen administrazio frankistaren zentsurak. Jakin Taldeak, ordea, ez zuen etsi aldizkaria berriz lortu arte, nahiz eta aldizkari gabe bizi behar izan hainbat urtez. Azkenik, 1977an eskuratu ahal izan zuen berrabiatzeko baimena, Franco hil eta gero baina ez berehala. Ordudanik lantalde sendo batekin eta planteamendu profesional militantearekin egin du aurrera.

Jakin bere historian behin eta berriz berrasi da, berrantolatu da, berrasmatu behar izan du bidea. Baina guztietan agian zailena eta miresgarriena hasierakoa izan zen, nola asmatu zuten euskara ereduarekin eta aldizkari ereduarekin. Kultura, kultura modernoa, euskararentzat errebindikatu zuten. Euskara hizkuntza modernotzat eta erabilera-lehentasunekotzat jo zuten.

Jakin-en idatzi ez duen idazle gutxi dago. Milatik gora dira zerbait edo asko idatzi dutenak. Idazle berri eta gazte askoren irteera plataforma ere izan da, batez ere 56ko belaunaldiarentzat, eta hurrengoarentzat ere.

Jakin kultur aldizkari bezala definitu da beti, eta bete-betean kokatu da giza eta gizarte zientzien alorrean. Herri ekimenaren kezketatik bizi izan da, euskalgintzatik, kulturgintzatik. Eragile horien plataformatzat ere hartu izan du inoiz bere burua. Paperezko parlamentua deitu izan dio norbaitek.

Garaian garaikoari erantzunez, ulerterraza da hasierako urte haietako emaitzek eta azken aldikoek antzekotasun gutxi izatea askotan, nola ikuspegietan eta ideologian, hala gaien tratamenduan edo sakontasunean. Bere historian (2006 arte) gehien tratatu diren gai eremuen artean, lehen hirurak kultura, literatura eta hizkuntza dira; eta, ondoren, politika, filosofia, komunikabideak, hezkuntza eta beste.