Osteguna, 2024ko martxoak 28
Gora joan
Menua

Jakin 226: Zenbat gara? Kultur kontsumoaren mugak eta aukerak

Josu Amezaga, Gorka Arrese, Arantxa Iturbe, Olatz Osa eta Joxemari Sorsek hausnartu dute kultur kontsumoaz. Liburugintzaz, aldiz, Joan Mari Torrealdaik.

2018-06-26

Galdera baten erantzuna da Jakinen 226. zenbakia: zenbat gara euskal kultura kontsumitzen dugunak? Elkar Fundazioak eta Siadeco Ikerketa Elkartearen eskutik etorri da lehen aldiz erantzuna, Euskal Herri osoa kontuan hartzen duen aurreneko ikerketa osatu baitute. Eta Jakinek datu horien atzealdean dagoenari begiratu nahi izan dio erronkak zehazteko. Josu Amezaga NOR ikerketa taldeko eta EHUko soziologia irakaslea, Gorka Arrese editorea, Arantxa Iturbe Euskadi Irratiko kazetaria eta idazlea, eta Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendaria ipini ditu horretarako hausnarrean. Ahoz gora aritu ziren aurrenik maiatzaren hondarrean egindako jardunaldian, eta orain gogoeta horiek artikulura ekarri dituzte. Sakonago eta mardulago. Siadecoko Juanjo Allur Dorronsorok eta Elkar Fundazioko Joxemari Sorsek ere ikerketaren laburpena egin dute sarrera gisa.

Galdera horri estuki loturik dator Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakariaren ikerketa. 1976az geroztik Euskal Herriko liburugintzaren argazkia osatu du Liburu Behatokiaren baitan, eta iazko ekoizpenari ere egin dio argazkia. Ekoizpenak apur bat egin du behera 2016an.

 

Datuek erakusten dutena
Juanjo Allur Dorronsoro eta Joxemari Sors

Euskal Herriko biztanleek irakurketari eta musikari dagokionez bereziki zer ohitura dituzten aztertu du Siadeco Ikerketa Elkarteak Elkar Fundazioaren enkarguz. Jakinerako datu horiek laburbildu ditu Juanjo Allur Dorronsoro ekonomialari eta Siadecoko zuzendariak. Eta horien gaineko irakurketa osatu du, berriz, Joxemari Sors Elkar Fundazioko lehendakariak: «Datu horiek erakusten digute merkatuaren neurri txikia, eta eskatzen dute euskal ekoizpena gizarteratzeko politika eraginkorragoak pentsatzea eta lantzea sektorearen eta administrazioaren artean».

 

'Euskarazko kulturaren kontsumoa ulertu nahirik'
Josu Amezaga

«Kultur krisia ez da azken hamarkadetan bizi izan ditugun krisi ekonomikoak baino txikiagoa, eta herri gisa dugun etorkizuna jokoan dago». Josu Amezaga NOR ikerketa taldeko eta EHUko soziologia irakaslearen ondorioa da. Siadecoren ikerketako emaitzak beste ikerketa eta datuekin erkatu ditu kultur kontsumoak, marko globalean nahiz Euskal Herri mailan izan dituen aldaketak ulertzeko. Esaterako, irakurketa ohitura eta hizkuntzaren lotura, euskararen sozializazioaren espazio aldaketak, komunikabideen garrantzia, euskararen balio soziala, motibazioa, digitalizazioaren eragina... Hainbat alorri erreparatu die Siadeco eta Elkarren ikerketa interpretatzeko. Eta ondorioa ez da xamurra, Amezagaren ustez: «Utzi beharra dago kultura aisialdi, luxu edo garai onetarako zerbait bezala ikusteari. Kultura eta hizkuntza dira euskaldunoi izateko motiboa ematen digutenak».

 

Kontzientzia, eragiletza eta elkarlana
Gorka Arrese, Arantxa Iturbe, Olatz Osa

«Etsigarriak» zaizkio ikerketaren datuak Gorka Arrese editoreari, errealitatea zifretara errenditzeak merkatuaren baitan aritzea dakarrelako, «bidean gauza asko galduz». Datuen argilunez gaindi, ordea, lehenik eta behin euskal kulturak bizi duen egoera diglosikoaz jabetu behar dugula deritzo: «Euskal herritarron %100 gara erdaldun». Eta horren aurrean, egoera irauliko duen kontratu soziala aldarrikatzen du, euskara lehentasunezko hizkuntza gisa ezarriko duena. Kulturaren zentralitatea bermatzea izango da bigarren urratsa: «Kontratu sozial horrek bigarren urrats baten premia izango du: Euskarazko Kulturaren Legea idatzi, onartu eta bete».

Ikerketaren oihartzunarekin ere kritiko Arantxa Iturbe idazle eta kazetaria. «Horrek eragiten du benetako kezka, kezka ekonomikoak. Ez derrigorrez kulturalak». Datuetatik haratago, baina, sortzaileak ahaztu egin direla uste du, eta edukien kalitatea bermatzearen garrantzia azpimarratzen du. «Txiki izatearen abantaila handienetako bat da arriskatzeko aukera». Era berean, hizkuntzaren atxikimenduaz gaindi, kulturarekiko zaletasuna sustatu behar dela ziur da, «katea osatzen duten katebegi bakoitzean», eta kopurua baino nolakotasuna izanik lehen helburua. Hedabideekin ere oso kritikoa da horregatik, «ebentoen eta kopuruen» arabera lortzen duelako kulturak medioetan ikusgarritasuna.

Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendaria bat dator Arrese eta Iturberekin: «euskaraganako hautua egiteak jarrera aktibo, kontziente eta politikoa eskatzen du». Gainera, kultur zaletasuna sustatzeko premia egon badagoela ere uste du, are globalizazioaren eragina sukalderaino sartu den honetan. Horren aurrean «ekimen berriak abiatzea» ezinbestekoa dela dio, kulturgileen eta hartzaileen artean zubiak eraikiz, «kalitatezkoak eta motibagarriak» diren lanak eskainiz, kultur proposamenentzako bozgorailu eta erakusleihoak bermatuz... Kultur ekosistema osatzen duten eragile guztien elkarlana sustatuz, alegia: «elkarreraginik ezean, alferrik xahutzen ditugu ekimen berriak abiatzeko urrezkoak liratekeen baliabideak eta indarrak. Berdin kultur politikekin».

 

'Euskal liburugintza 2016'
Joan Mari Torrealdai

2.061 liburu ekoiztu dira 2016an Euskal Herrian. Iaz baino %18 liburu gutxiago. Argazki hori atera du Joan Mari Torrealdai soziologo eta Jakin Fundazioko lehendakariak urtero egiten duen euskal liburugintzaren azterketan. Hezkuntza arloak jarraitzen du pisu nabarmenena izaten, %38. Eta horietatik erdiak baino gehiago Euskal Herritik kanpoko argitaletxeen emaitza dira. Horra larritzeko moduko datua, Torrealdairen ustez: «Euskarazko hezkuntza proiektu gehienak Euskal Herritik kanpo diseinaturikoak dira, beste eta bestelako curriculum proiektuen arabera landuak. Jatorri horren markak nonahi agertzen dira: geografian, historian, oraingo zatiketa administratibo-politikoan, ikuspegi euskaltzalean...». Argazki horrek, baina, baditu bestelako ertzak. Hala nola, argitaratzen diren liburuen datuak jasotzeko dauden lege aldaketa eta zailtasunak.