Osteguna, 2024ko apirilak 25
Gora joan
Menua
ALEKA BILDUMA

'Nik sinesten dizut', bortxaketa kulturaren erradiografia

2016ko sanferminetako erasoaren harira, bortxaketa kulturaren gaineko liburua osatu du Samara Velte kazetariak

2019-05-05

2016ko sanferminetako talde bortxaketa abiapuntu hartuta, indarkeriaren eta bortxaketaren kulturaren inguruko erradiografia osatu du Samara Velte kazetariak Nik sinesten dizut Aleka bildumako liburuan. «Ez da kronika liburu lau bat. Interesatzen zaiguna ez da hainbeste jakitea zer gertatu den Iruñean, baizik eta ulertzea zer esanahi ematen dizkiegun gertatzen diren gauzei», zehaztu du egileak. «Helburua da bortxaketaren kultura deitzen zaion hori aletzea, ulertzea eta deszifratzea; hain zuzen ere aldatzeko».

Lehenik gertakarien testuinguru politiko eta soziala deskribatu du Veltek, erasoaren inguruko interpretazio eta kontaketak jaso eta aletzeko ondoren. Epaiketaren kronika eta bertan erabilitako argudioei eta hedabideetan izandako jarraipenari ere eskaini die atala. Eta, azkenik, gertakari horren harira gizartean eta mugimendu feministan plazaratu diren galdera nagusiak jaso ditu liburuak.

Aditu, eragile nahiz kazetariak elkarrizketatu ditu horretarako: Zuriñe Altable, Iruñeko Indarkeria Sexisten Aurkako Plataformako kidea, Patricia Amigot Psikologia Sozialean doktorea eta NUPen genero masterreko irakaslea, Jabi Arakama gizon taldeetako prozesuen bitartekaria, Adela Asua Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko presidenteorde ohia eta EHUko irakaslea, Nerea Barjola Genero eta Feminismoetan doktorea, Zaloa Basabe Iruñeko Udaleko berdintasun teknikaria, Farrukas taldea, Paz Frances kriminologoa eta NUPeko irakaslea, Izaskun Gartzaron Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria, Aritz Intxusta Gara egunkariko kazetaria, Maitena Monroy autodefentsan aditua, Victor Sarasa Iruñeko Udalaren abokatua 2016ko sanferminetako bortxaketaren auzian, Ignasi Terrades antropologo juridikoa eta Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea, Begoña Zabala Emakume Internazionalistak taldeko kidea eta Amaia Zufia Bilgune Feministako kidea.

Jakin, Berria eta Elkarren artean osatutako bilduma da Aleka. Nik sinesten dizut liburuan, ordea, Txalaparta argitaletxearekin ere jardun dute elkarlanean, gaztelaniazko itzulpena argitaratuko baitu.