2017ko azaroak 19
Gora joan

SyNAPSE

2014-10-15

Garuna inspirazio moduan hartuta sortutako txip arkitektura berria aurkeztu du IBMk. Orain arteko txipek Von Neumannen arkitektura izan dute oinarri; bada, hura gure garunaren diseinu biologikoan dago inspiratuta. Ideiaren garapenak izango duen arrakasta aurreikustea zaila bada ere, konputazio mota berri baten hastapena izan daiteke, txip kognitiboena.

Ikerketa prozesuan Cornell Tech-en laguntza izan dute, eta baita ere DARPA Defense Advanced Research Projects Agency agentziaren finantziazioa. Internet eta beste teknologia asko bezala, beraz, eremu militarretik abiatutako proiektua da hau.

Orain arteko txipak Von Neumannek asmatutako arkitekturan zeuden oinarrituta. Arkitektura horretako konputagailuek bost atal nagusi dituzte: unitate aritmetiko-logikoa (UAL), kontrol-unitatea, memoria, sarrera-irteerako sistema eta datu-busa, datuen garraiobidea eskaintzen duena atal guztien artean. Azken urteetan hobekuntzak egin bazaizkio ere, finean egituraketa bera mantendu izan du urteetan zehar.

IBMk, ikerketa talde anitz batekin batera, SyNAPSE Systems of Neuromorphic Adaptive Plastic Scalable Electronics txip kognitiboa aurkeztu digu orain. Garunean inspirazioa hartuta, neuronak eta horien arteko konexioak oinarritzat hartu dira diseinuan. Milioi bat neurona, 256 sinapsi, 5.400 milioi transistore eta 4.906 nukleo neurosinaptiko ditu txip berriak. Nukleo bakoitzak memoria, konputazioa eta komunikazioa gauzatzeko gaitasuna dauka, eta gertakarietan oinarritutako konputazio paraleloan erabiltzen du.

Txiparen funtzionamenduari esker, eskalabilitatea posible da. Hau da, txip askoren baturaz, beharren araberako sistema handiagoak eraiki daitezke. Hori frogatzeko, IBMk berak 16 txip barne hartzen dituen sistema bat ere aurkeztu du.

Funtzionamenduan 70mW bakarrik kontsumitzen omen ditu, txip normalekin alderatuz gero, askoz gutxiago. Energia kontsumo txikiaz gain, tenperatura ere asko jaisten da, denbora guztian funtzionatu beharrik ez dutelako. Horrek bereziki interesgarriak egiten ditu gailu mugikor eta sistema txertatuetan ere ezartzeko.

Zenbaki eta datuez gain, IBMk horren guztiaren garapena ziurtatzeko hardware eta software ekosistema propioa ere eskainiko du. Arrakasta izanez gero, kontsumoa eta izaera berezia kontuan hartuta, erronka berriei ateak irekitzen dizkieten txipak izan daitezke. Banatutako sentsore sareak, superkonputazioa, sistema paraleloak... arlo askotan bide berriak ikertzeko ateak irekita daude orain.

Horien artean, noski, makinen kontzientzia hartzearen gaia, singularitate teknologikoaren agerpena. Aspaldiko gaia izan da literatura eta zinean, baina, gero eta gertuago sentitzen dugulako edo, berriro ere interesa pizten ari dena. Horren erakusgarri, Transcendence filma, azken aldiko ekarpen interesgarrietako bat, hori bai, Hollywood estiloan. Ahal baduzue ikusi.