Ostirala, 2024ko martxoak 29
Gora joan

Telepolis

Gorka Julio
 Gorka Julio

Ikastolan lehenik, EHUko informatika ingeniaritza fakultatean eta UOCen Software Libreko masterrean ikasia; gradu eta graduondoko irakasle ere banaiz. Orain, Talaios kooperatibako partaidea eta bertan bereziki web garapenaz, informazio analisiaz eta estrategia teknologikoen diseinuaz arduratzen naiz. Jendartea eta teknologia uztartzea da nire pasioa, horregatik aspalditik hainbat hedabidetan parte hartzen dut.

Internet sarearen neutraltasuna Europan

2015-12-03

Europak sarearen neutraltasuna kolokan jartzen duen erabaki bat hartu du. Berez erabakia sarearen neutraltasuna ziurtatzeko pentsatua bazegoen ere, aurkeztutako emendakinak ez onartzeak kontrakoa ekar dezake. Aurkeztu den era ere deigarria izan da, 2017an roaming-aren –orain arteko herrialde arteko datu trafiko garestia– amaiera nabarmenduz.

Hasieratik has gaitezen sarearen neutraltasuna zer den azalduz: Internet zerbitzua kontratatzean, sarera konexioa baino ez dugu ordaintzen. Gure konexioa posta elektronikoa irakurtzeko, pelikulak deskargatzeko, YouTubeko bideoak ikusteko, sare sozialetan ibiltzeko edo blogean idazteko erabili, zerbitzua ez da aldatzen. Konexioagatik ordaindu dugun prezioa berdina da, eta ez da aldatuko erabiltzen dugun zerbitzua edozein dela.

Enpresa hornitzaile askok orain arte neutraltasuna zalantzan jarri duten praktikak ezkutuan eraman izan dituzte; horregatik ere legedi bat beharrezkoa zen, baina beharbada ez hau.

Oraingo legearekin lotutako eztabaida gehienak proposamenak dakarren hizkuntza lausoaren ondorio dira. Onartu den eran, hitzetan «Internet libre eta ireki» baten aldeko apustua ezerezean gera daiteke. Horrek ekar ditzakeen arazoak zerrendatzen saiatuko gara:

  • «Zerbitzu berezituei» ateak irekitzeko aukera. Zerbitzu orokorretarako, lehen aipatutako egunero egiten ditugun horietarako, murriztapenik ez jartzea lortu da. Aldiz, ‘zerbitzu berezitu’ izendapen orokorpean, hainbat zerbitzuri (kalitateko bideokonferentzia zerbitzuak, telemedikuntza, IP bidezko telebista..., aipatzen direnen artean) izaera berezia aitortu ahal zaio eta, beraz, trataera berezitua eman, horrek ekar ditzakeen zerbitzu arteko desberdintasunekin.
  • Zero rating izeneko praktika aurrera eramateko aukera. Zenbait konexio hornitzailek Interneteko zerbitzuekin akordio pertsonalak gauza ditzakete, beraien trafikoa kontsumo arruntean ez kontabilizatzeko. Hau da, Telefónicak, adibidez, YouTuberekin izandako akordio baten ondorioz, YouTubeko aplikazioaren bidez ikusitako bideoak ez ditu kontuan hartuko trafiko kontsumoa neurtzeko garaian. Akordio horiek, noski, bezero horiei positiboki eragingo diete (beraien tarifetan ordainduko duten arren), baina akordio horiek sinatu ezin dituzten zerbitzu emaileei kalte.
  • Enpresa arteko zerbitzu bereziak eskaintzeko aukera. Arauaren idazketan badirudi enpresen arteko zerbitzu bereziak eskaintzeko aukera ere badagoela. Sarearen kongestioa egon gabe ere, enpresen arteko abiadura ezberdineko zerbitzuak eskaintzeko aukera emango du legeak. Azkenean, bi abiadurako Internet lortzeko ateak irekita geldituko dira.

Azken finean, legedi hori orain arteko legediak baino okerragoa da neutraltasunaren ikuspuntutik. Lengoaia juridikoan sartu gabe, badirudi, idazteko eragatik eta emendakinak onartu ez izanagatik, izenburuan markatu zuten helburuaren kontrako lege bat izaten bukatu duela.

Benetako helburua Europako merkatua homogeneizatzea da berriro ere; enpresa handiak europar merkatu guztian erraz mugitu ahal izateko legislazioa prestatzea. Enpresa handiagoak handiago egiteko, alegia, beraiek bakarrik egin ahal izango dituzte-eta legeak ahalbidetzen dituen azpiegitura inbertsioak. Helburu horrekin bat egiten du hainbeste aipatu den roaming-aren amaierak ere.

Ikusteko dago zer egingo duten zerbitzu hornitzaileek eta baita estatuek ere, baina atzo baino gertuago gaude bi edo hiru abiadurako Internetetik.