Osteguna, 2024ko apirilak 18
Gora joan

Telepolis

Gorka Julio
 Gorka Julio

Ikastolan lehenik, EHUko informatika ingeniaritza fakultatean eta UOCen Software Libreko masterrean ikasia; gradu eta graduondoko irakasle ere banaiz. Orain, Talaios kooperatibako partaidea eta bertan bereziki web garapenaz, informazio analisiaz eta estrategia teknologikoen diseinuaz arduratzen naiz. Jendartea eta teknologia uztartzea da nire pasioa, horregatik aspalditik hainbat hedabidetan parte hartzen dut.

Ikus-entzunezko berriak

2015-06-11

Youtube 2005ean sortu zen, eta urte bat beranduago Googlek erosi zuen 1.650 milioi dolar ordainduta. Momentu horretan dirutza hori ordaintzea harrigarria izan zen askorentzat, baina perspektibarekin hartuta ondo asmatu zutela argi dago.

Youtubek gidatuta, Interneteko bideo kontsumoaren garrantzia oso handia da eta fenomeno berriak sortzen ari dira bere inguruan. Youtuber-ak, adibidez, plataforma horretan bideo kanal bat duten pertsonak dira. Askok harpidedun gutxi dituzten arren, beren intereseko gauzak publikatzen dituzte. Jarraitzaile kopuru handia dutenek, aldiz, publizitate bidezko diru sarrerak lortzeko aukera dute, lanbide bilakatzeraino.

Youtuber famatuenetako batzuek –PewDiePie, Smosh, Vegetta 777, El Rubius, WillyRex...– hilabetean dirutza irabaz dezaketela estimatzen da. Socialblade.com ranking webgunearen arabera, PewDiePiek 61.000-975.400 euro bitartean irabaz dezake hilabetean, 731.600-11.700.000 urtean; El Rubiusek, aldiz, 23.200-371.000 euro hilean eta 278.300-4.500.000 bitartean urtean.

Oso gutxi dira beren ogibide egitea lortzen dutenak, baina argi dago fenomeno deigarria dela. Gaiak umorea, bideojokoak, aisia, bildumen ingurukoak eta baita arropa eta modaren ingurukoak dira, azken horiek bereziki nesken artean.

Dirua bakarrik ez, opariak jaso edo bidaiak egiteko gonbidapenak ere jasotzen dituzte horietako askok. Hedapena lortzeko estrategien barnean, garrantzitsu bilakatu ditu pertsona horiek.

Fenomeno horrekin batera, bideo egile horien artean, ‘Margotu nire bizitza’ (Draw my life) bideo mota berezi bat ere hedatzen ari da. Bideo horietan, pertsonaia bakoitzak bere bizitza kontatzen du marrazki bidez. Jarraitzaileek beren bideo egileei buruz gehiago jakin nahi izaten dute, eta bideoek pertsona horiek ezagutarazteko balio dute.

Herrialde batzuetan jendartea mailako erreferentzialtasuna lortzen ari dira. Orain arte zinemako aktore eta futbolariak erreferente publikoek adina jarraipen lortzen ari dira gazteen artean. Gazteen lanbide gogokoenen artean ere agertzen hasi dira Youtuber izan nahi dutenak, bideojoko probatzaile eta komunitate kudeatzaile lanbide berriekin batera arrakasta izaten ari direnak.

Bideojokoen mundua, aldiz, fenomeno propio bat da bideo kontsumoaren inguruan ere. Aipatutakoen artean jarraitzaile gehien duten bideo egileak arlo horretakoak dira. Jokoak probatzen edo egiten diren partidak komentatzen dituzten bideoek arrakasta itzela dute sarean.

Youtube ez ezik, plataforma berezituak ere erabiltzen dituzte horiek, Twitch.tv da horietako bat. Partidak zuzenean jarraitu daitezke bertan eta komentatu, baita beranduago ikusi ere. Ingelesez era honetako bideoek Gameplay izena hartzen dute. Joko ezberdinetako bideo emisio komentatuak kanaletan sailkatuak daude; batzuk oso landuak dira, baina beste askok jokoko pantaila eta grabatzen duen pertsonaren aurpegia albo batean erakusten dute soilik.

Machinima-k era horretako bideoen bertsio aurreratuagoak dira. Machinima ingelesezko machine eta cinema hitzen nahasketa bat da. Bideojokoen pertsonaiak erabiliz, film moduko bat osatzean datza. Bideoen protagonistak pertsonaia animatuak dira, egileak gidatuta, gidoi bat jarraitzen dutenak filma osatuz.

Bideo horiek guztiek gurean ere jarraipen handia dute; gutxiago dira, aldiz, sortzen direnak, euskaraz behintzat. Salbuespenak salbuespen, Gamerautsia.eus atarian, komunitate horretako kideek grabatuta, zenbait jokoren inguruko gameplay-ak aurki daitezke.

Gaztea irratiak Youtuberrak izeneko leihaketa ere martxan jarri du. Youtuben euskarazko kanal bat daukaten norbanako zein taldeek hartu dezakete parte. Urte bukaera arte bideoak jasotzen egongo dira eta sari ezberdinak ere emango dituzte: hileko bideorik onena, urteko bideorik onena eta kanalik onena saritzeko asmoa dute.

Fenomeno horiek guztiek argi uzten dute bideo produkzio eta kontsumo moldeak asko aldatzen ari direla. Bideoen gaiak eta hedatzen dituzten balioak batzuentzat ulertezinak izan badaitezke ere, ulertzeko esfortzu bat egitea beharrezkoa da.