Ostirala, 2024ko apirilak 19
Gora joan

Telepolis

Gorka Julio
 Gorka Julio

Ikastolan lehenik, EHUko informatika ingeniaritza fakultatean eta UOCen Software Libreko masterrean ikasia; gradu eta graduondoko irakasle ere banaiz. Orain, Talaios kooperatibako partaidea eta bertan bereziki web garapenaz, informazio analisiaz eta estrategia teknologikoen diseinuaz arduratzen naiz. Jendartea eta teknologia uztartzea da nire pasioa, horregatik aspalditik hainbat hedabidetan parte hartzen dut.

Ana eta Mia

-

2015-07-01

Ana eta Mia eufemismoekin ezagutzen dira sarean anorexia eta bulimia sustatzeko webguneak. Gaitz horiek dituzten neskak eta mutilak biltzen dituzten webguneak dira, eta horietan pisua gutxitzeko estrategiak, argudioak, gomendioak... ematen dira. Beren legalitatea jokoan dago, Espainia eta Frantzian errealitatea ezberdina delarik. Jende asko webgune horien aurka dago, gaixotasun horiek sustatzen laguntzen dutelako.

Jende gutxik ezagutzen du azpimundu hori. Komunitate moduko izaera duten webgune horietan, anorexia edota bulimia duten pertsonak batzen dira. Beren hitzetan, beren «bizi eredua» erakusten dute, baina gaixotasun horien apologia egiten da gehienetan.
Hiztegi propio bat dute, Ana eta Mia akronimoez gain; beren buruak printzesatzat dituzte (gehienak emakumeak dira) jaten ez dutenean, bestela zerriak deitzen diete beren buruei. Kolore kode bat ere badute, gorria anorexiarentzako eta morea bulimiarentzako. Kalean beraien artean ezagutzeko, kolore horietako pultserak erabiltzen dituzte batzuek.

Edukien aldetik, beren «bizi eredua» indartzen duten informazioa eta bereziki irudiak publikatzen dituzte maiz. Irudi horietan, erabateko argaltasuna erakusten duten pertsonak islatzen dira, pertsona horiek eredugarri bezala jarriz eta gizentasun txikiena ere erasotuz. 
Beraien artean badirudi anorexia dutenek garrantzia handiagoa dutela, eta mezuetan ere nagusitasun hori azpimarratzen dute. Ezer jaten ez duenak irabazten du; horregatik, bulimia dutenetako batzuek anorexia dutenen nagusitasun hori errespetatzen dute, momentu batean jauzi hori ematea lortzea helburutzat ikusten dutelako batzuetan.

Larriena, baina, igortzen diren mezuak dira. Hemen bulimiari buruzko mezu horietako bat: «Bizio bat da, behar bat, ohitura bat. Mozteari, erretzeari edo alkohola edateari utziko ez diodan bezala, hau ere ez dut utziko. Mantso-mantso suntsitu, akabatu nahi dut nire burua gehiago sufritzeko, benetan sufrimendu hau guztia merezi dudalako».

Webgune asko dago, eta oso erraz topatzen dira sarean Ana eta Mia bilatuz gero (hemen gaztelerazko webguneen zerrenda eguneratu bat, adibidez: http://listadeblogsactualizadosanaymia.blogspot.com.es).

Espainian webgune horiek legalak badira ere, erregulatzeko eskariak eta saiakerak daude. Frantzian, aldiz, 2008tik ilegalak dira, arduradunek hiru urteko kartzela zigorra eta isunak jaso ditzaketelarik. Kezkatzeko modukoa, baina Interneten zentratu baino, eraikitzen ari garen jendarteari, sustatzen diren edertasun kanonei eta finean eratzen den dominazio sistemari begiratu beharko genieke. Webgune horietan icebergaren punta besterik ez gara ikusten ari.