Gora joan

Kultura

Shu Otero
Shu Otero

Filosofia gradura jo nuen ezin nuelako ulertu hausnartu gabeko izatea eta egitea; unibertsitatetik alde egin nuen ezin nuelako jasan eztabaidarako bizitzea, bizitzeko eztabaidatu ordez. Ordutik irudiaren eta hitzaren artean mugitzen naiz, gehienetan ohetik atera gabe bada ere, fatigatu kroniko guztion erara.

Mamuak topatzen ditudanean

2024-04-25

Mamua, bat

1. iz. Pertsona hil baten agerraldi naturaz gaindikoa.

Zenbait sare sozialetan topa daitezke istorioak, Google Maps aplikazioko kaleko bista erabiltzen gertatutakoak. Irudi bilketa autoek (edo, kasuan kasu, triziklo, elurretako motor, gamelu, ur azpiko tresneria ala, sinpleki, kameradun oinezkoek) sistematikoki ateratako milioika argazkiren artean, ustekabean, dagoeneko utzi gaituen pertsona baten aztarna topa daiteke, batzuetan. ‘Denboran bidaiatzeko’ funtzioa ere gehitu zuten aplikazioan, kale horien irudi zaharrak eguneratuagoekin ordezten jarraitzen dituzten bitartean, munduaren irudikapen dinamiko eta erabatekoa izateko aspirazioa duen espazio birtual horretan atzera begiratzeko aukera mantenduz.

Ezin konta mamuk habitatzen dute munduko ibilbideen erregistro birtuala, ezustean eta baimenik gabe harrapatutako momentuetan. Hunkigarria deritzote fenomenoa bizi izan duten hainbatek, baina badago ezinegona sortzen duen zerbait birtualitatean gordetako etengabeko erregistroak duen efektu fantasmatiko horretan, heriotzaren eta bizitzaren arteko dialogoaren intimitatea kontaminatzera iristen den inbasioaren aztarna, esperientzia existentzialaren eta teknokonpainia erraldoi baten datu-basearekiko mesfidantza justifikatuaren talka. Nor da, munduaren erreprodukzio birtual pribatizatuaren dimentsioan, kapturatutako oroimenaren jabe?

Historia ofizialeko faltsukeria eta zuriketei ahalik eta traba gehien jarri, bizitakoa prozesatu, justiziaren ideiaren bati heltzen saiatu.

Nik neuk izan nuen halako esperientzia fantasmatiko bat, ez hain intimoa agian, baina edonola ere ukitu ninduena. Zoriaren eskutik, ona edo txarra izango zen bereizten saiatu gabe, Mexiko Hirian egotea suertatu zitzaidan 2017ko irailean, intentsitate handiko lurrikara batek hiriburua bera eta beste zenbait estatu astindu zituenean. Irailaren 19an izan zen, aurretik hiriak ikusi izandako lurrikara hilkorrenaren 32. urtemugan. Gertakari naturalak zein erresonantzia historiak harrotutako aste horietan, lurraldearen irudikapena bortizki eraldatu zen; kalea, etxea, mugimendua, garraioa, harreman sozialak, beldurra eta ezinegona, zorua dardarka berriro noiz hasiko etengabeko paranoian, buruz behera jarri zen gure burua espazio fisikoarekin lotzeko modua.

Baina, pixkanaka, hauts lainoak desagertzen ari ziren bezala, normalitatearen paradigma (Mexiko Hirian, beste hainbat tokitan bezala, nolabaiteko etengabeko emergentzia egoera baten itxura badauka ere) berrezartzen joan zen. Hiriko bizitzak aurrera jarraitu zuen, lehenagokoekin nahasten joan ziren zenbait orbain gehiagorekin.

Espazio horietako memoria mingarria eskuz berregitea, irudiak berrinterpretatu, interbenitu eta zabaltzea, intentzio handiz egindako akzioa izan zen horretan parte hartu genuen guztiontzat. Datu bilketa eta zabaltzea, edozein formatan, ez da ekintza neutrala.

Ahanztura bultzatzen zuten instituzioen aurrean, gertatutakoari buruzko memoria kolektiborako lanean jartzea izan zen jende askoren erantzuna etorri ziren hilabeteetan, egunerokoaren etenaldietan ohiko narratibetan sortzen diren hutsuneak esperientzia baliotsu eta hausnarketa gogorrekin betetzeko nahian. Historia ofizialeko faltsukeria eta zuriketei ahalik eta traba gehien jarri, bizitakoa prozesatu, justiziaren ideiaren bati heltzen saiatu. ‘Hondamendi natural’ izenpean lurperatu nahi den giza hondamendiaren izen eta istorioei gogor eutsi, ez utzi desagertzen.

Horretan ibili nintzen ni ere, istorioak jasotzen, testigantzak biltzen, egun horietan kamerek kapturatu zutena eta ez zutena eskuz egindako irudietan berrinterpretatuz. Tresna oso baliagarria topatu nuen lan horretarako kaleen erregistro birtual horretan. Hiri osoa kontu handiz birtualki erreproduzitutako espazio horretan, lurrikarak txikitutako eraikinak hainbat ikuspuntutatik topa zitezkeen, auzoko bizitzaren beste elementu bat besterik ez zirenean, harri, hauts eta haragizko metaketa guneak bihurtu baino lehen. Espazio horietako memoria mingarria eskuz berregitea, irudiak berrinterpretatu, interbenitu eta zabaltzea, intentzio handiz egindako akzioa izan zen horretan parte hartu genuen guztiontzat. Datu bilketa eta zabaltzea, edozein formatan, ez da ekintza neutrala.

Teknologikoki mediatutako irudiek definitutako errealitatea da gurea. Mundu desliluratuan, mamu teknologikoen aroan bizi gara.

Hilabete gutxi batzuk geroago, mapa birtualeko irudi zaharren gainean ere berriak iritsi ziren, eta nire lanaren erdigunean zegoen desegindako eraikinaren tokian, grafitiz eta publizitatez estalitako hesiek inguratzen duten aparkaleku bat topa daiteke gaur egun. Hiri osoa Internet iristen den edozein tokitatik bisita daiteke birtualki lurrikara aurretik zuen itxurarekin eta ondoren gelditu zaionarekin, eta hor tartean hondamendiaren mamua mugitzen da hauts zuriko laino baten erara.

Fantasma, bi

2. iz. Gauzez mintzatuz, irreala dena edo irreala dirudiena.

Argazkigintzak, bereziki, ia sorreratik izan du heriotzaren eta espirituen erreinuarekin halako lotura bat, beldur existentzialak pizten dituen zerbait. Fantasma hitza etimologikoki ikusmenarekin erlazionatutako fenomenoa da. Teknologikoki mediatutako irudiek definitutako errealitatea da gurea. Mundu desliluratuan, mamu teknologikoen aroan bizi gara.

Eztabaida epistemologikoak alde batera utzita, gehiago interesatzen zait beti irudiak eta horiekin batera informazioa eta memoria sortu eta konpartitzen diren testuinguruari arreta jartzea. Nork, nola, zeinen mesedetan, zer helbururekin. Nola gorde eta nola berragertzen da, zer aldatzen da testuinguru berri horietan. Mamuak irrealitate bat irudikatu ohi du, gezur edo fantasia baten forman batzuetan, jada-ez-egotearen forman bestetan, baina gezurrak, fantasiak eta ez-egoteak beren efektuak dituzte; bada irrealitatearen errealitate bat. Statu quo-aren zaindari bezala agertu nahi dutenek mito legitimatzaileak sortzen dituzte, eta horiek sostengatzeko oinarriak filosofikoki fantasmatikoak dira. Iraganaren, orainaren eta etorkizunaren dimentsioetan mugitzen dira, beldurrarekin eta distortsioarekin elikatzen dira.

Indarkeriaren marka darama hustasun horrek, tragediaren oihartzun burrunbatsua, suzko armek txikitutako hondakinetan, eutsiagoa, hesitutako etxe okupatu kolektibo desalojatuan, edo isilagoa, nekazari-exodoek hustutako herri txikian, adibidez.

Memoria eta irudikapena ezagutzaren esparru boteretsuak dira, egiaren, gezurraren eta denboraren mugak itxuragabetzen dituzte. Askapen zein zapalkuntzarako, erresistentzia zein intimidaziorako ahalmena daukate. Mamuak memoriaren guda-zelaiko indarrak dira.

Fantasma, hiru

3. iz. Hiriez, herriez eta kidekoez mintzatuz, hutsik, jenderik edo biztanlerik gabe dagoena.

Birtualitatean harrapatutako mamuen presentziak ekartzen badu heriotzaren arrastoa denboran izoztutako ingurunera, espazioa habitatzen zutenen ausentziak, ez-egoteak, sortzen du efektu fantasmatikoa etxe eta hirietan, irudipena hustasuna betetzeko beharrak bultzatuta. Indarkeriaren marka darama hustasun horrek, tragediaren oihartzun burrunbatsua, suzko armek txikitutako hondakinetan, eutsiagoa, hesitutako etxe okupatu kolektibo desalojatuan, edo isilagoa, nekazari-exodoek hustutako herri txikian, adibidez.

Baina mamu horiek gordetzen duten memoria bera ere suntsitzeko interesa ez da falta. Balakrishnan Rajagopal etxebizitza eskubidearen Nazio Batuen errelatore bereziak ‘domizidio’ kontzeptua erabiltzen du, auzo eta herri osoen suntsiketa sistematiko eta indiskriminatua gizateriaren kontrako krimen bezala onar dadin nazioarteko legerian. Genozidioarekin batera, gizatalde baten suntsiketa bilatzen duten ekintzak barnebiltzen dituena, belaunaldien sarraskiak iragan, orain eta etorkizunaren forma eraldatuz, herri baten txikitzea haren memoria materialaren suntsiketarekin konpletatzea da domizidioaren helburua.

Suntsitu nahi den bizitzaren estentsio materiala desagerrarazi, irabazleen istorioak soilik geldi daitezen, lurralde hori habitatzeko beste edozein moduren memoria erabat deuseztatu. Hitz hauek idazten nituen bitartean, @PutoMikel youtuberrak Como Israel borra a Palestina (Nola Israelek Palestina ezabatzen duen) izeneko bideoa argitaratu du, prozesu hori arkeologiaren ikuspuntutik sakonago azalduz.

Populatze kolonialismoaren mito legitimatzailea: ez zegoen ezer hemen gu iritsi ginen arte. Mamurik ez da lehenago bizitza inoiz egon ez den tokian.

Mamua, bi

2. iz. Arrisku edo mehatxu modura hartzen den irudipena.

Duela gutxi, ustekabean, bilatu gabe, dokumentu bat topatu nuen beste bide bazter birtual batean, Subjective Atlas of Palestine (Palestinaren atlas subjektiboa) izenekoa. Elkarlan tailerren bitartez, munduko hainbat tokitako mapaketa prozesuak garatzeko argitalpen proiektu zabalago baten parte da, bertan bizi direnek lurralde horren errepresentazio bisual heterogeneo eta pertsonalak sortu eta zabaltzeko. Palestinakoa, zehazki, 2007an egin zen. Artean sortu berri zen Palestinako arte akademia internazionalaren zuzendari artistikoa zen Khaled Houraniren hitzetan, mapa multzo bat egitea baino, Palestinan bizitzearen errealitatearen inguruko irudi eta testuzko mapaketen bilduma bat sortzea zen asmoa.

Palestinak metafora bezala potentzial aberatsa duela, bertako biztanleek denbora eta espazioarekin duten harreman torturatuak giza kondizioaren inguruko zerbait ikasteko aukera eman dezakeela.

Etxe, kale, jende, sinbolo zein objektuen argazkiak marrazki eta testuekin nahasten dira. Brodatuari, garbantzuei, trafiko seinaleei eta beste hainbat gairi buruzko atalak. Urte hartako apirileko kultur ekitaldiak jasotzen dituen aldizkari baten orrietan, besteak beste, Mozart eta Ekialde Hurbila izeneko festibalaren datak, Jerusalem mendebaldeko auzo arabiarren bisita gidatuak, zapalduon antzerki sasoiaren barruan Demolizioa piezaren emanaldiak.

Aida izeneko Ramallah hiriko emakume batek sinatuta, Jnaid espetxean zegoen bere senarrari 2002an bidalitako gutun baten argazkian irakur daiteke:

Egunen batean zurekin berriz ere elkartzeko zain nago, nire bizitzan egunak geldituko ez balira ere.

Palestinaren hondamendiak 1948tik aurrera munduko kontzientzia kolektiboaren gainean izan duen pisua azpimarratzen du liburuari buruz idazten duen kazetari batek. Hassan Khader idazleak sarreran adierazten du Palestinak metafora bezala potentzial aberatsa duela, bertako biztanleek denbora eta espazioarekin duten harreman torturatuak giza kondizioaren inguruko zerbait ikasteko aukera eman dezakeela. Zer ari gara ikasten orain giza kondizioaren inguruan?

Baina gogaikarria litzateke bizirautearen esperientziak metaforetan murrizten ari den audientziaren posizioa hartzea, erabilgarri deritzogunaren kriteriopean neurtzen. Transmititzen den hori ez da urruneko kontenplazio atzetuaren eskuetan uzteko sortua. Metafora bizirik da, oraingoz.

Mamuek historiako gezurrei buruz hitz egiten digute, normalitatearen irrealitateaz, egunerokotasunaren azpitik zabaltzen den hondamendiaz.

Mahmoud Darwishen 1986ko Lur honetan poeman irakur dezakegu:

Badugu lur honetan bizitza bizitzea merezi izatea egiten duena: apirilaren duda-muda, ogiaren usain gozoa egunsentian, emakume baten gizonezkoei buruzko ikuspuntua, Eskiloren obra, maitasunaren hasiera, harrietako belarra, flauta baten hasperenean bizi diren amak eta inbaditzaileak memoriei dien beldurra.

Fantasma, bat

1. iz. Mamua.

Mamua ez-dagoenaren eta egongo-ez-denaren beldur bezala agertzen da, galdutakoaren mina eta gal daitekeenarena. Mehatxu bezala ager daiteke, izan etsai fantasmatiko desitxuratua, izan iragana, oraina eta etorkizuna metodikoki suntsitzeko gaitasunaren espektakulua, baina baita ere ahazten ez duten herrien indarra.

Mamuari forma ematen dion memoria ezagutzen ikasi behar da. Borreroek beren burua mehatxupean egotearen fantasmaren atzean ezkutatzeko ohitura dute, gezurra egia historiko bihurtzeko ere. Hondamendigileak abilak dira paralisia sortzeko moduko ikara pizteko mamuak sortzen, pisu jasanezinaren aurrean ahanzkortasuna eta autosuntsiketa bultzatzen dutenak.

Mamuek historiako gezurrei buruz hitz egiten digute, normalitatearen irrealitateaz, egunerokotasunaren azpitik zabaltzen den hondamendiaz. Tragedia gerta daitekeela gogoratzen dute, baina horregatik ere bizitza bera irudika dezakete, bizirik jarraitzeko aukera, deuseztatzen ez bada. Existentzia miragarria, eta galdu den ororen memorian bere burua ezagutzeko gai direnen erresistentzia, hildakoak ohoratzen.