Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 27
Gora joan

Kultura

Shu Otero
Shu Otero

Filosofia gradura jo nuen ezin nuelako ulertu hausnartu gabeko izatea eta egitea; unibertsitatetik alde egin nuen ezin nuelako jasan eztabaidarako bizitzea, bizitzeko eztabaidatu ordez. Ordutik irudiaren eta hitzaren artean mugitzen naiz, gehienetan ohetik atera gabe bada ere, fatigatu kroniko guztion erara.

Bizirik dagoen zerbait

2024-02-19

Bizitza non da

Duela aste batzuk gertatu zen. Txikitatik izan dudan gaixotasun kronikodunontzako baliabideak eskaintzen dituen elkarte baten bitartez kontaktatutako psikologa batekin saioan nengoen, online. Ulertezina egiten zitzaidan insistentzia batekin galdetzen zidan ea zenbatero ateratzen nintzen kalera, kafe bat hartzera espezifikoki, momentuan pairatzen ari nintzen antsietate eta ezinegonarentzat erremedio transzendentala izango balitz bezala. Galdetu nionean ea zergatik halako garrantzia kanpoan edo barruan egote horri, erantzun zidan: «Bizitza kanpoan dagoelako».

2020an Espainiako Estatua per capita medikamentu antsiolitiko, hipnotiko eta lasaigarrien legezko kontsumo tasa altuena zuen herrialdea izan zela, urteetan zehar agudo hazten doan joera.

Kronikoki fatigatua eta ohetik ezin altxatu egotera aspalditik ohitua nagoenez gero, bertatik bizi ugari eta askotarikoak asmatu, imajinatu eta haragiztatzen, ebazpen hori ez zitzaidan bereziki lasaigarria ezta lagungarria ere iruditu. Ez nuen profesional horrekin beste saiorik agendatu. Baina hurrengo egunetan buruan bueltaka jarraitzen zuen esaldiak, kolektiboki ‘postpandemiko’ deitzea erabaki diogun garai honetako irrealitateak hiru hitz horietan daukan erresonantzian pentsatzen.

Izan ere, kapazitismoaren erasoaldiari hala moduz aurre egiten gabiltzanontzako bereziki, ez da galdera makala ea ‘bizitza’ non den. Non sortu, non heldu, non bizigarri egin. Azken urteotan erantzuten zailagoa bihurtu den galdera ematen du, orokorrean, eta inguruko jendearengan topatzen dut ondoez horren arrastoa behin eta berriz. Ez dugu ahaztu behar 2020an Espainiako Estatua per capita medikamentu antsiolitiko, hipnotiko eta lasaigarrien legezko kontsumo tasa altuena zuen herrialdea izan zela, urteetan zehar agudo hazten doan joera.

Eta zuei ere ez al zaizue iruditu urte bereziki goibela, pasa den hori?

badirudi gutako geroz eta gehiagok nahiko agortuta daukagula atsekabe horietan murgilduta bizitza aurrera ateratzeko moduak asmatzeko gaitasuna.

Arrazoiak ez dira falta, arrazoiak ez dira inoiz falta izan. Baina iritzi nahiko zabaldua dela dirudi denboraren gurpilean momentu bereziki baxu bat bizitzen ari garela. Apenas hasi gara zehazten desesperantzak, desegonkortasunak eta datorrenarekiko ziurgabetasunak ezaugarritutako garai honek haragi zein espirituan (eta nork esan ahal du zehazki zein den diferentzia?) eragin dituen efektu eta sekuelak. Ageria da hori ‘kanpoan den bizitza’ horretan murgilduta dabiltzanentzako, Virginia Woolfek ‘zutituen armada’ zeritzon horrentzako. Kronikotasun eta zaurgarritasunaren bestaldean gaudenontzako, espezifikoki eta zalantzarik gabe, are zailagoa oraindik gure minen formak argitzen saiatzea, hain azkar ahaztuak, baztertuak, betiere konfinatuak, eta geroz eta sakonagoak.

Nire bizipen partziala izango da, agian, baina badirudi gutako geroz eta gehiagok nahiko agortuta daukagula atsekabe horietan murgilduta bizitza aurrera ateratzeko moduak asmatzeko gaitasuna. Geroz eta gehiago, norbaitekin topatu eta, edozein elkarrizketa, edozein eztabaida, edozein ekintza abiatu baino lehen, beharra sentitzen dut momentu bat hartu eta elkarri galdetzeko:

Lagun, ondo al zaude?

Berriz min hau

Zer itxura izan du azken urteotan zuen ‘normalitate berriak’? Lehengoaren antza dauka? Zertan jo du hobera, eta non txarrera? Nola lortzen duzue han ‘kanpoan’ hiperestimulu eta kontraesanen laino artean bidea irekitzea? Nola lor daiteke ‘barruan’? Eta, ‘kanpoa’ errekuperatzeko presa horretan, iruditzen al zaizue agian merezi zuela zerbait guztiz desberdina egiten saiatzea? Sentitzen al du inork aukera galdu baten pisua erraietan?

Eta ez pentsa galdera horiek egiten ditudalako isolazionismo pandemiko zurrunaren nostalgikoa naizenik, edo ez dudanik ulertzen zer duen erakargarri normalitatearen doinuak, ezagunaren baltsamoak, zein ezinezko dirudien alaitasun konpentsatzaile txikienari ere uko egitea, ezezagunaren iluntasunean barneratzen ausartzea. Nik ere presa izan nuen behin baino gehiagotan ‘kanpora’ ihes egiteko, bestearen beroa eta azala berriz ere sentitzera, jatetxe eta tabernetara, musukoa etxean utzi eta kafea toki epel batean hartzera joateko (nahiz eta ez egin osasun mentalaren profesional batzuek egokia deritzoten maiztasunarekin). Nik ere nahi izan dut, munduaren arazo etengabeen artean, gutxienez bati bolumena jaitsi eta, pixkanaka, ahazten joan. Nik ere nahiko nuke kaleko arnasa biriketan hartu berriz ere modu indiskriminatuan, iragazkirik gabe, Sophie Strandek bezala materia nahasiarekin bat egin eta sendo adierazi, «I WILL NOT BE PURIFIED» (Ez naiz purifikatua izango).

Zutituak baino apur bat motelago, zutituagoak baino apur bat gutxiago, baina azken finean desgaitu guztiok izan dugu beti ‘kanpoan’ existitzeko aukera gutxiago, eta nik beste askok baino apur bat gehiago izan dut.

Nik ere nahi nion utzi egunkariak goizero elementu ulergarrietan desegiten saiatzeari eta alderatu eta konprobatu eta medizina eta farmazeutika eta politika publikoak eta heriotza tasak eta COVID luzea eta barianteak eta sekuelak eta txertoak eta heriotzak eta heriotzak...

Nik ere, hilabeteotan ‘berri’ deitzen diegun ‘Gaza’ hitzaren alboan iristen diren etengabeko heriotza-oharrekin gertatzen den bezala, hildakoak kontatzeari utzi nahi nion. Nik ere ikasi nuen ez kezkatzen eta kontagioa maitatzen.

Beste era batera esanda, erresistentzia gutxieneko bidea ibilitakoa naiz. Zutituak baino apur bat motelago, zutituagoak baino apur bat gutxiago, baina azken finean desgaitu guztiok izan dugu beti ‘kanpoan’ existitzeko aukera gutxiago, eta nik beste askok baino apur bat gehiago izan dut. Ez da ezer berririk, ezta?

Azkenean, niri ere lotsa eman izan dit musukoa erabiltzen jarraitzea, badirudienean, lehen ezinbesteko zaintza keinua zena, ingurukoentzat oroitzapen desatsegina besterik ez dela bihurtu. Lehen baino apur bat bazterrerago, apur bat bakarrikago, apur bat nekatuago, baina gehienbat ‘normalitatez’ betetako errutinak berrezarri dira, ia denontzat (eta esateko ugari atzeman beharko genuke ‘ia’ horren atzean).

Baina azkenaldian iritsi da, niretzat behintzat, atzera indar berriz begiratzeko momentua, konfinamenduen garaiko autoritarismo zein kapazitismo distopikoak, zenbait ezbehar pertsonalekin batera, sorgortutako haragi-espiritua berpizten doan heinean. Begirada argitzen saiatu, aspaldi alde batera utzitakoetara itzuli eta lainoaren bestalde berriz ere lehengoa, urrundu nahi izanekoa topatu: mina.

Entzuteari eta irakurtzeari utzi nien desgaitu eta gaixo kroniko diren idazle, pentsalari, dibulgatzaile, youtuber, artista eta abarren mina. ‘Kanpokotik’ guztiz baztertuak gelditu direnen mina. Behingoz zaurgarritasuna benetan zentroan jartzea posible zela sinesteari utzi diotenen mina. Betirako gaixotu eta desgaituta (ni bezalaxe) gelditu direnen mina. Entzuteaz aspertu ginena errepikatzen jarraitu behar izan dutenen mina, hil ala bizikoa den borrokan jarraitzen dutenak, bitartean ospitaleak kolapsatuta eta zaintza-sistema ofizial zein autonomoak aspaldi ahaztuta.

Morala eta ortodoxiak alde batera utzi eta min horri espazioa emateko zereginean nabil paragrafo hauetan, hori da gauzatzen saiatzen ari naizen ariketa.

Etsipenaren mina, ikusi dugulako nola ez ginen eta ez garen gai izan ibili behar zen bidea irekitzeko, irisgarria eta zabala. Isolamendu amaigabea zein sozializazio zakarra onartu ezinaren mina, kanpoaren eta barruaren gerra, erdibideko, bestelako, sendo sustraitutako bizitza bat sortzearen ezintasunarena. Garaiaren hondamendi eta nahasmenduaren mina.

Morala eta ortodoxiak alde batera utzi eta min horri espazioa emateko zereginean nabil paragrafo hauetan, hori da gauzatzen saiatzen ari naizen ariketa. Eta, begirada horretatik, laino horren kausa zein efektu bezala agertzen denik, galdetzen dizuet: zein forma hartzen ditu gaur gure minak eta nola egiten diogu aurre?

Denok zaurgarri kontrakoa frogatu arte

Pasa den abenduan, CNT sindikatuaren egunkarian, Leonor Silvestri pentsalari, idazle, gaixo kroniko argentinarrak idazten zuen:

Lurrari arnasaldi bat emateko aukera izan genuen eta, lehortearen ondoren euriarekin birsortzen den lorategi bat bezala, berdatzen utzi gure gelditasun eta atsedenarekin, gure kontsumo eta produkzioaren abstinentziarekin.

Sistema immune konprometituarekin, isolamendu ia osotik behatzen eta idazten jarraitzen du, izan zitekeenari eta ez denari buruz, besteak beste.

Barrukotasuna kanpoarekin modu berrietan konektatu, zuloak ireki, espazio publikoa pribilegio immunitariotik askatzen joan, espazio pribatuak politizatzeko era berriak ezagutu.

Gelditu, egiteari utzi, kanpokoa birpentsatzeko aukera emango digun barrukotasun bat sortu, bizitzeko modu eta aukeren ezagutza zabaldu, dibertsifikatu, aberastu. Barrukotasuna kanpoarekin modu berrietan konektatu, zuloak ireki, espazio publikoa pribilegio immunitariotik askatzen joan, espazio pribatuak politizatzeko era berriak ezagutu. Pandemiaren bizipena elkar zaintzarako tresnak asmatu, gureganatu eta zabaltzeko abiapuntu bihurtu, narratiba propioak sortu, alarmismo zein tanatopolitikarentzako arma bihurtzen utzi ordez. Denok pixka bat prestuago ondokoa zaintzeko, batzuk denongandik zaindu behar ez izateko.

Ez soilik ez dugula lortu geldotasunaren eta zaurgarritasunaren iraultza hori modu eraginkor batean gauzatzea, baizik eta kontrakoa gertatu izana. Zaintzara eman eta sozializazio ‘normaletik’ erretiratzera bideratutako bizi-proposamena egoera guztiz gorrotagarri, jasangaitz, biziezina dela ondorioztatu izana gizartearen gehiengoak (eta egoera horretan kronikoki bizi direnei galdetzeko saiakerarik egon al da?).

Tristeagoa da ‘normalitate’ postpandemikoa, aktiboki borrokatu baikenuen betiko infernu horren alde, bizitzeko era berri bat gauzatu ezin izanagatik.

Hemen ikusten dut nik ahul eta zaurgarri ezagutzen garen askoren minaren formetako bat: Johana Hedvak Sick Woman Theory-n (Emakume gaixotuaren teoria) iragarritako gaixotuen greba amaiezina gauzatzeko aukerak esku artetik alde egin digula jakitearen atsekabea. Are gehiago, aukera hori inoiz existitu denik ere egunero ezeztatzen dela ikustea. Berdin gorputzaren zaurgarritasuna imajinatzeko gai ere inoiz izan ez diren negazionistek zein zuzentasun politiko txertozalearen zaindariek, musukoa eramateagatik ero deituko zaituztenak lehen ez eramateagatik egiten zuten bezala.

Fatiga pandemikoa ez zen ezer asko izan fatigatu profesionalontzat, baina zein indibiduala, zein zibiko eta desaragiztatua zaurgarritasunarekiko harreman soziala, zein menderatua, zein gatzgabe eta nekagarria.

Beste behin

Beste negu bat ospitaletako itxarongelak gainezka, musukoen erabileraren derrigortasunarekin aurrera eta atzera, osasun sistema publikoaren kolapsoaren erdian. Fatiga pandemikoa ez zen ezer asko izan fatigatu profesionalontzat, baina zein indibiduala, zein zibiko eta desaragiztatua zaurgarritasunarekiko harreman soziala, zein menderatua, zein gatzgabe eta nekagarria.

Duela gutxi herriko farmazian sartu zen auzokidea, botikaria eta biok musukoarekin ikusterakoan, sumindutako hasperen batez kexatzen zen, «Berriz ere derrigorrezkoa al da hau?», eta hori izango da inguruan gaiari buruz entzungo ditudan iritzi guztien tonua.

Bizirik egoteko eta egin behar dena egin ahal izateko komunitate faltaren mina, indibiduorik gabeko bakardadea eta sozializaziotik haragoko elkartasuna topatzeko ezintasunaren zauri irekia, erraietako galdera, sustrai izoztuena, berdatzeko euri faltaduna.

Zapatistek aspaldi zabaldu zuten mezua, aurpegia estaltzea aldi berean ikusgarri eta ikusezin bihurtzeko bidea izan daitekeela. Duela gutxi ospatu zuten beren 30. urteurrena, hamarkadetan zehar zaintzaz eta autodefentsaz babestu dituzten komunitateetan, betiere eraso bortizpean aurrera egiten. Eta zein etsigarria ikustea zer gutxitarako gauden prest hemen ‘kanpoan’, zein urria gure zaintza eta autodefentsaren lengoaia, zein hondatua.

Eta minetik aritzeko proposamena egin dudanez, amaitu dezagun honekin:

Bizirik egoteko eta egin behar dena egin ahal izateko komunitate faltaren mina, indibiduorik gabeko bakardadea eta sozializaziotik haragoko elkartasuna topatzeko ezintasunaren zauri irekia, erraietako galdera, sustrai izoztuena, berdatzeko euri faltaduna.

Minetik sortzen dira galderak eta minetik erantzun beharko dira. Bizirik dagoen zerbait sortuko bada, ez du ezagutzen dugunaren itxura izango, baina zaurgarri ezagutu beharko da, bizi den oro bezala. Ezezagunarekin eta zauriarekin adiskidetu arte, jarraituko du triste izaten bideak.