Osteguna, 2024ko apirilak 25
Gora joan

Kultura

Nagore Amondarain
Nagore Amondarain

Ikastolen Elkartean egiten dut lan. Bestelako lantegietan ere aritzen naiz, euskal hedabide desberdinetan kolaborazioak egiten, adibidez, eta oraingoan, Jakinen arituko naiz. Egunak zein gauak uzten didan tartean, begi bat kulturari zabalik izaten dut, eta, Egunen gurpilean atalean, kulturari erreparatuko diot.

Eskola eta kultura

2014-12-03

Gehiegikeriaren kultura batean bizi gara, baina ez soilik ikasgeletako ikasleak, guztiok baikara kultura horren parte. Esan genezake kultura horretako identitatea oinarritzen dela bai marketinaren, bai kontsumoaren gehiegikerietan. Bizitza modu dibertigarri batean bizitzeko emana da eta teknologiaren abiadan doa, gainera. Identitate arazo edo zalantza eternaletan doa eta sarritan aurrekoarekiko liskarretan ezaugarritzen da. Horiek dira gure egunerokotasunean bizi ditugun ezaugarrietako batzuk. Eskolak, gainera, egungo praktika askoren kontrakoa den ideal bat erakutsi eta irakatsi nahi du, hau da: talde lana edo ‘elkarrekin bizitzen ikastearen’ konpetentzia. Jabetu gaitezen konpetentzia horren zailtasunaz, ez baikara ex nihilo batetik abiatzen, sistemak ezartzen duen pasibitatearen produktu baitira egungo ikasleak, gero eta gehiago. Ziur irakasle bat baino gehiago frustratua sentitu dela noizbait, ikasleei konpromisoaz hitz egitean. Bertute edo indar abstraktu bat denez, argi adieraziko baitizute beraiek ez dutela ikusten. Ez ikusi, ez ukitu, ez usaindu.

Hezkuntzan denboraren bilakaerak zerbait ona eman badu, honakoa da: egun, zorionez, hezkuntza ez dela goi mailakoen luxu bat, denen eskura dagoen eskubidea baita. Horrek beste hau ere ekarri du: konpromiso intelektualen doako izaera. Eta konpromisoa, ikasle askorentzat, izaki ikusezina denez, langintza intelektualak edo ikasgelako jardunak ere balioa galdu du.

Ikasketak, produktu baino, prozesu dira. Eta are gehiago, ikasketen prozesu hori ez litzateke selektibitatearekin edo baxoarekin amaitu beharko, prozesu horrek bizitzan iraun beharko luke, norbanakoa haziz joan dadin. Ezagutzaren kultura aldaketa handiak ari da izaten, gehiago oraindik azken garaietan. Ezagutzaren masa handi bat darabilgu egunero gure poltsikoetan edo etxeko (finko edo eramangarriak diren) ordenagailuetan. Ezagutzaren masa hori denen eskura dago egun, eskaintza hain askotarikoa izatea bera da arazo edo oztopo. Edo, harago joanda, hezkuntza zehatz bat jaso beharko genuke eskaintza hori sailkatzen ikasteko. Bestela, merkatuko merkantzia gisa ari zaigu iristen ezagutzaren kultura bera. Pilatutako ezagutza olde hori kaos garaikidea ari da bihurtzen, desordenaren laburpen bat bihurtu delarik ezagutza olde hori. Eta hori gehienon bizitzetan gertatzen bada, pentsa dezagun modu berean gertatzen dela gela barruan dagoen ikasle horren bizitzan ere. Hau da, aintzat har dezagun gelaz kanpoko denboran gainditu beharreko erronkek gero eta langa altuagoak dituztela gure ikasleentzat.

Egungo oztopoek hezkuntza bera berbideratzera eraman beharko lukete, eta pedagogia kritiko bat eraiki beharrean geundeke. Hezkuntzak ez duelako dimentsio bakarreko ikuskera bat, eskolak ez daude gatazketatik kanpo. Hezkuntzak hitza eskaini behar dio ikasleari eta, horrekin batera, preziatu eta praktikan jarri desberdintasunaren indar emantzipatzailea. Ikasleek honakoa barneratu beharko lukete: kritiko izateak esan nahi du orainaldian presente egonda, etorkizuna eraikitzea.

Denbora da poligrafo bakarra #BTX

Urriaren 6an irakasle bat baino gehiago egon omen zen badok.info atariari begira (Berria-ren euskal musikaren ataria), ikasleei primizia erakutsi nahian. Goizeko bederatzietan, Berri Txarrak taldearen single berria eskaini zuen atari horrek. Denbora da poligrafo bakarra lan hirukoitzaren single bat izan zen ordukoa. Oso ondo bideratu zen berria, goiz horretarako ikusmin handia sortu baitzuen abesti berriak. Goizeko 9etatik egun bereko gaueko 9ak arte 20.200 entzunaldi izan zituen Badok atarian. Ikastola, ikastetxe eta eskoletako irakasleak irudikatu nituen bat-batean, hormona gaindosidun ikasgela batean, nerabe taldearen aurrean. Zer nolako kultur erreferentziekin jantzita ote datoz ikasleak egun? (Eta norbaitek esan dezake: «eta irakasleak?».) Zelako kultur erreferenteak eskaintzen ditu eskolak? Eta nori dagokio kultur erreferente horien transmisioan eragitea?

Postmodernismoaren garai hauetan, zentzuaren krisi batek bizi gaitu. Ez dakigu sarritan errealaren eta itxurazkoaren artean diferentzia egiten. Norbanako identitateak krisian egon daitezkeela esan genezake, inoizkorik gehien. Norbanako identitateak baldin badira krisian daudenak, zer nolako identitate kolektiboak eratzen dira gure ikasgeletan, adibidez? Zein diskurtso darabilte, zein praktika eta zein interakzio dago beraien artean? Ohartu gaitezen identitate horiek hezkuntzan beharko luketen lekuaz. Identitatea etengabeko eraikuntzan dagoen ‘ni’ bat da, eta ardura hartu beharko genuke hasierako fasean jartzen diren mugarriez, hezkuntza formalean zein ez-formalean. Jabetu beharko genuke hasierako fase horretan eraikitzen ari den iruditeria sozial horretaz. Iruditeria hori gazteen arteko erlazioek zein helduen erreferenteek osatzen dute. Eta iruditeria hori kultura batek osatzen du. Musika artifizio garrantzitsu bat iruditzen zait, ez bada identitate kode bat. Musikaren komunikazio guztietan, adibidez; mezu bat ez eze, kultura bat, identitate bat eta erlazionatzeko modu bat ere transmititzen da.

Lagunarteko solasaldi askotan ateratzen den gaia da «zer nolako musika entzuten duten egungo gazteek», gai hutsa baino kezka izaten da gehienetan. Musika beti iruditu izan zait prozesu sozial bat, interakzio modu bat eta prozesu estetiko bat. Poztu egin nintzen 20 urteko ibilbidea duen talde baten azken lana aurkeztu zelako zenbait ikasgelatan. Asmo edo helburu asko lituzke ekintza hark nire ustez:

  • Belaunaldien arteko transmisioa: irakasleak berak, ikastolan zela, gazteen adin berdinarekin entzuten zuen taldea aurkeztea.
  • Bertako erreferente musikalen ezagutza: ezezaguna balitzaie taldea, euskal musika talde bat aurkeztea.
  • Irizpideetan heztea: kalitatezkoa izan daitekeen hori desberdintzeko ezagutzak ematea. Ikasle kritikoak hezteak musikan ere lekua beharko luke.

Irakasleek ez lukete berokiarekin batera erantzi beharko lantokitik kanpo direna, gelara eraman beharko lukete diren hori, beraien praktika errealak eta, zelan ez, praktika onak.

Argi izan behar dugu, eta onar dezagun, gazteek ezin dituztela beti eduki gureak bezalako gustu musikalak, gure inguruko jende guztiak guk bezalako musika entzuten ez duen modu berean. Musikaz gozatzea, dena delakoa ere generoa, sentitzea da. Baina sentitzearekin batera, esperientzia mental bat ere bada, irizpide kontu bat. Musikak kontenplazioa eta murgiltzea ere izan beharko luke, edo apreziazio intelektuala eta sentsoriala edo entzute erraza eta zaila. Horregatik esan berri dut musika jasotzeak izan behar duela sentimendutik eta burutik ere zerbait, hortik igarotzen garelako, ezinbestean, identitatearen eraikuntzara.

Denbora iragaitea ez litzateke debaldekoa izan beharko, norbere ‘nia’ mugikorra da denboran, prozesu bat da eta ez izate bat. Eta gure esperientzia musikalek ere gure ‘ni’ horren eraikuntzan izan duten garrantziaz ohar gaitezen. Hona hemen adibidez, Gorka Urbizuk dioena Berri Txarraken azken lanaren haritik, Argia-n eginiko elkarrizketan:

Izugarria da jendea kantuen bitartez bere bizitza lotzen sentitzea. Orduan, ulertzen duzu zergatik duen rockak hain lotura zuzena nerabezaroarekin. Lehenengo maitasun zirrararekin oso lotuta dagoen zerbait da rocka.

Iruditzen zait iraungitze data izaten dutela gazteen egungo gustuko musika talde askok, jarraitzen dituzten talde edo bakarlariak apar-aldian daudenean ezagutzen dituztela. Eta talde horiek, sarritan, desagertzeko joera izaten dutela, behin apar-aldia pasata. Elkarrizketa berean honakoa dio Gorka Urbizuk:

... helmugetara iristeko presarik ez izateko filosofiarekin. Hori surrealista da berehalako etekin eta emaitzen diktadurapeko munduan.

Hamar urte beteko dituen taldea da Willis Drummond, eta Gara egunkariaren Internet bidezko kontzertu-elkarrizketan ere antzekoa entzun daiteke. Ia gauza bera diote Jurgi Ekiza eta Joseba Baleztenak ere:

Talde bat erreferente bihurtzeko daude bi manera; edo ateratzen duzu kristoren single bat, marketing ekipo itzel batekin atzetik, edo bestea da irautea. Musikaren ibilbidea lana egin eta egin da, eta ez nekatzea. Erritmo bat hartzea eta jarraitzea.

Gelaz kanpoko eremua eta denbora

Esaten da ikasle garaia dela bizitzako denbora bakarra egin behar den guztia ez egiteko aukera ematen duena. Gela barruak ezartzen dituen orduetatik libre dagoen denbora da gelaz kanpoko eremua, beraz. Gela barruan, modu akademikoan, lantzen da musika eta, egia esan, material txukuna da Ostadar (Elkar-Ikastolen Elkartea). Baina musikaren esperientzia partekatua denean sortzen dira identitateak, ‘niaren’ eta ‘besteen’ jabetzea, kolektiboen eratzeak.

Etorkizunerako dugun nahi kolektibo hori euskaraz eta euskaratik izatea nahi badugu, arduratu egin beharko gaitu egungo inguruak. Erdarek hartu dituzte denbora libreko kultur esperientzia asko. Norzzone rap abeslariak Badoken dion moduan:

Kaleari pultsua hartzeko musika izan da beti rapa, isilarazita zeudenek erabiltzen zuten auzoan eta euren guneetan euren arazoak zabaltzeko. Euskaldunak garen heinean ez dut ulertzen rapa, errebelde musika hori, gaztelaniaz egitea.

Eta, berriz, Gorka Urbizuren elkarrizketara etorrita:

Batetik ez ditugu gure artistak ezagutzen, eta bestetik 80ko hamarkadarekiko dependentzia izugarria daukagu.

Hezkuntzako denbora librean kokatzen dira, adibidez, udalekuak edo egonaldiak. Eta egokia da espazio hori lan kontziente bat egiteko, aurrena oharturik ditugun gabeziez. Ikastolen Elkarteko aisialdi taldearen udako eskaintza bat da Gazte Egonaldiak: astebeteko egonaldi bat, nerabezaroan sartuak dauden gazteentzat atondurikoa. Gazte Egonaldiak egitasmoan, modu kontzientean, erakusten eta eskaintzen diren erreferente batzuk zerrendatuko ditut:

  • Gaztezulo aldizkaria: gure gazteek euskaraz bizitzeko aukerak izan ditzaten, euskarazko erreferenteak ezagutu beharko dituzte. Eta aldizkari hau diziplina askotariko erreferenteen erakusleiho da. Edukiaz gain, egokia du diseinua agerkari honek. Gaztezulo-rekin lotutako ekintzek aldizkaria ezagutzea eta berorren irakurle egitea dute helburu.
  • Badok.info ataria: web atariaren aurkezpena egitean, ataria bera ezagutzea da aurreneko helburua. Bertan ezagutu ditzakete ikasleek bertako bakarlari zein musika taldeak. Badok atarirako, gainera, gazteek egun entzuten dituzten taldeen zerrendak sortzen dira.
  • Musikarien hitzaldi-kontzertuak: gazteei kontzertu bat eskaintzen zaie eta musikariekin solasaldi bat izateko aukera egoten da. Musikariek beren sorrerak zelakoak eta zelan izan ziren kontatzen dute.

Eta horrekin batera, hori guztia taldean biziz eta gozatuz sortzen da esperientzia kolektiboa. Gustu edo zaletasunak ez datoz predeterminatuak, hau da, ez daude norbere sentsibilitatearen baitan. Hain bukolikoak ez diren arrazoiek gidatzen dituzte gure zaletasunak: klaseak edo inguru sozialak. Beraz, gustu kulturala ez da inozentea. Musika forma kultural egokiena iruditzen zait, bai mugak apurtzeko, bai tokiak definitzeko ere. Joseba Sarrionandiak Gara egunkariari eskaini dion azken elkarrizketan dioen moduan: «Euskal Herririk ez da izango euskaldunek egiten ez badugu».