Astelehena, 2017ko azaroak 20
Gora joan

'Irrintziaren oihartzunak'

2017-05-11

Sinopsiaren arabera, Irrintziaren oihartzunak filmak kontatzen duena Mirentxu Loiarteren (Iruñea, 1938) «sorkuntza-lanetan emandako erbestealdia» da. «Zinemagile nafarraren memoria eta obra miatu asmo dituen begirada bat da» lanaren abiapuntu.

«Nor da emakume hau?» da filmaren azpititulua (prentsa idatziaren zentzuan). Izan ere, Mirentxu Loiartek Irrintzi film esperimentala egin zuen 1978an. Esan beharrik ez da, orduan, orain bezala, ez zirela asko zinemagintzan zebiltzan emakumeak. Bada, Loiartek euskaldunon nortasun kolektiboari buruzko ikus-entzunezko metafora ausarta plazaratu zuen. Ausarta formaz eta edukiz. Are gehiago Espainiako estatuan kokatuz gero, 1970eko hamarkadan. Gaizki deituriko trantsizio garaiko kontraesanak medio, alde batetik filma Donostiako Zinemaldian estreinatu zenean Loiarte atxilotzera joan zen polizia, eta, bestetik, kalitatearen sari berezia eman zion Espainiako Zinematografia Zuzendaritza Nagusiak. Debekuak eta debekuen beldurrak medio, filma oso zinema gutxitan proiektatu zuten. Eta euskal filmotekako apal batean gelditu zen, plastikozko kutxa berde batean bilduta. Alta, Luis Iturriren lan batean oinarritutako lan hartan Gabriel Celaya, Gabriel Aresti eta Blas de Oteroren poemak erabili zituen Loiartek. Xabier Amurizaren bertsoak. Javier Agirresarobe izan zen argazki-zuzendari. Fernando Larrukert muntaketa-lanen arduradun. Denak ala denak ibilbide ezagunekoak. Mirentxu Loiarte bera izan ezik.

Historiaren orrietan ez baita Mirentxu Loiarteren izenik ageri. Erabat desagertu aurretik beste obra bat burutu zuen zinemagile nafarrak: Ikuska sailen garaia zen, eta Loiartek bere begirada antropologikoa erabili zuen berriz, Euskal Herriko emakumeak XX. mende amaierako gizartean zuen espazio soziopolitikoa aztertzeko euskarazko film labur dokumental baten bidez. Euskal emakumeak (1981) lanean, lurralde ezberdinetako hainbat emakumeren ahotsak, gorputzak eta begiradak ageri dira. Segiko genukeen Loiarteren lanak aipatzen; baina, gatazka politikoak erbestera eraman zuen eta ez zuen geroztik lanik ezagutzera eman. Zinemagintzan zebilen orduko jende multzoarekiko kontaktua galdu zuen. Etena. Ezabaketa.

Loiarteren izenik ez da geroztik ozen entzun harik eta Iratxe Fresnedak Irrintziaren oihartzunak (2016) filma aurkeztu zuen arte. Ikerketa akademikoen ildotik heldu zion hasiera batean Fresnedak Loiarteren hariari, artxiboetan arakatzen ari zela haren argazki bat ikusi zuenean. Orain tira, orain utzi, bederatzi urtez aritu da zinemagile horren ibilbideari buruzko ikerketa intermitentean. Baina akademia mailako argitalpenek baino ikusgarritasun handiagoa emango ziolakoan ekoitzi du orain –Saioa Etxebarriarekin batera– film dokumentala; marea igoaraziz berriz ere itsasoratu asmoz hondartzan ez atzera ez aurrera zegoen balea, «nor da emakume hau?» galdera maila pertsonaletik maila publikora ekarriz.

Memoriaren geruzekin jolasten du filmak. Ikuslearen eta pertsonaiaren arteko distantziarekin. Pertsonaren eta bere oroitzapenen artekoarekin, narratiba intimoen eta aldi berean kolektiboen eraikuntza bistaraziz. Nola izan den ahantzia Loiarte. Nola ahantziak dituen Loiartek berak garai hartako zenbait pasarte. Nola ez dituen oroitu nahi. Eta nola oroitu nahi dituen. Nola uzten dion kamerari pixkanaka hurbiltzen. Nola irensten duen kamera hurbiletik eginiko azken elkarrizketan. Eta ikusleari berriz datorkio, hain zuzen, hasierako galderaren oihartzuna: «nor da emakume hau?». Baina, dagoeneko ez da kuriositate xaloz eginiko galdera. Jakin-min sakonago batek dakar. Izan ere, badirudi halako memoria eta berreskurapen prozesuetan, izan artistiko ala bestelakoetan, oroituari egiten zaiola mesede. Zuzendariak, kasu honetan, opari bat egiten diola obraren bidez omenduari. Eta ikusleak xamurtasunez aintzatesten duela orain, hobe beharrez, ahaztutako hura. Maizegi ihes egiten digu omenduaren eskuzabaltasun ariketak. Izan ere, halako pertsonaia baten izena berriz ere plaza publikora ateratzearen onura, «nor da emakume hau?» galderaren atzetik etor litezkeen beste hainbatek ekar dezaketen sokaren onura, batez ere, beharrezko galdera horiek berreskuratu dituen gizartearena da.

Baleak hondartzan darrai, baina, marea badoa goraka. 2016ko Donostiako Zinemaldian Zinemiran aurkeztu zenetik, hainbat tokitan proiektatu da filma. Irrintzi filma bera baino gehiagotan, dagoeneko. Azkena Bilboko Loraldia festibalean. Izango da emanaldi gehiago. Ez galdu aukera. Denon onerako izango da.

Bide batez, Tabakaleran ere ikusgai dago gaur egungo zinema esperimentalean izenik nabarmenena duen euskal artistaren lana. Ana Diez, Arantxa Lazkano, Mirentxu Purroy, Helena Taberna, Begoña Vicario eta Elena Arzuaga bezala, emakumea da zuzendari hau ere. Eta gerora zinemagintzako emakumeen arkeologia egiten aritzea baino errazagoa denez, beharbada, gaur egungo zinemagileei erreparatzea, horratx aukera. Laida Lertxundi. 025 Sunset Red.