Astelehena, 2017ko azaroak 20
Gora joan

DSS2016 eta parte hartzea. Sarean zuloa

2016-03-02

Hasi bada hasi da. Donostia Europako Kultur Hiriburu dugu, jaun, andere eta bestelakook. Aspaldi sartu zitzaigun kontzeptua begi-belarrietatik, baina, hasi behar zuen eta hasi da. Giza eskubideak, elkarbizitza, elkartasuna, identitatea eta aniztasuna; prozesua eta legatua. Eta arrapaladan etorri dira danbor hotsak, pantaila erraldoiak, argiak, zubiak, topak eta brindisak.

Eta ez dezagun gure burua engainatu. Ez bageunden jakinaren gainean, jakin nahi izan ez dugulako da. Kultur Hiriburutzak eragin kulturala –eta, beraz– sozioekonomikoa izango du datorren urtetik aurrera ere, eta ez Donostian soilik. 2016 Desokupatu mugimenduak gonbidatuta Euskal Herrian izan zen Manuel Delgado antropologo katalanak horrela laburbiltzen ditu hiriburutzaren ondorioak 2015eko maiatzean eginiko elkarrizketa batean: prozesu honen legatua hiri garestiago, esklusibo, eta, beraz, baztertzaileagoa izango da. Bistan da lotura giza eskubideekin, elkarbizitzarekin, elkartasunarekin, aniztasunarekin eta identitatearekin.

Hasieratik eman du zer pentsatua proiektuak, eta nabarmenak izan ditu zenbait arrakala. Baina, badirudi inaugurazioan hasi zela dena. Inaugurazioek horixe dute ona eta txarra. Donostiako Piratak Alderdi Ederren topa egiten ari ziren bitartean, azken prestaketa lanak kontrolatzen ari zen Hansel Cereza, Bartzelonako 1992ko Olinpiar Jokoetako eta 2004ko Kulturen Forumeko inaugurazio ekitaldien diseinatzailea. Handik ordu batzuetara, mingainak mizto, zabalik espero gabeko ahotan ere. 660.000 euro horretan xahutu izanaren zentzugabekeria. Alderdi emozionalari garrantzia emango zion ekitaldiak inor gutxi hunkitu izana (jakinda gurean Baga, Biga, Higa entzunda oilo-ipurdia jartzea erreflexu eraikia dela). Cereza(ren) ulertu ezina. Etorri dira adierazpenak, artikuluak, eta eztabaida; eta kritika egin dugu argien erabileraz, fokua argietan.

Alde ederrekoa, Alderdi Ederren alfonbra urdin parodikoaren oinetan egindako herri-brindisa. Gutxi baitira, Piraten gisan, arreta produktutik haratago prozesuan jarri dutenak. Gorka Bereziartuak Argia-ko blogean idatzi duen bezala, ikuskizunaren beraren desegokitasuna «kontratazio-moduaren albo-kalte» gisa uler liteke; eta zentzu horretan, diskurtsoaren eta praktikaren arteko aldea da larria, Bereziartuaren ustez, ‘parte hartzea’ bezalako kontzeptuak aldarrikatzen dituztenengan.

Izan ere, DSS2016k bere zutoihal bihurtu du hiritarren parte hartzearen kontzeptua (orain, parte hartzea kontzeptua baita). Hala, Cerezaren esanetara, mila lagun inguru aritu ziren inaugurazio ekitaldiko entseguetan parte hartzen eta 300 bat boluntario aritu ziren egunean bertan lanean. Eta boluntarioak biltzeko kanpainak aurrera darrai, urte osoan zehar antolatuko diren ekitaldietarako. Boluntarioak ez, ‘saregileak', DSS2016ren hiztegia erabiliz. Alta, lehen aipatutako Manuel Delgadok ekitaldi handi horiek publizitate operaziotzat ditu. «Spot erraldoi» horietan hiritarrek figurante papera besterik ez omen dute izaten, makroekitaldi bakoitzari tokian tokiko kolorea emateko. Txalaparta hotsak eta lasto fardoak ez direlako aski balio unibertsal abstraktuen jokerrari zentzua emateko.

Tranpa bera ikusten dut, maila txikiagoan –eta aldi berean asaldagarriagoan– urtarrilaren 7ko Argi-gerrilla ekintzan. Potentzia handiko linternak, 30 boluntario, eta aurrez planifikatutako argi eszenak Donostiako txoko jakinetan. DSS2016ko komunikazio taldearen arabera, «herritarrek espazio publikoak eraldatzeko duten ahalmenaren erakusle da guerrilla [sic] lighting ekintza, izan ere boluntarioen parte hartzea behar-beharrezkoa da ekimena aurrera eraman ahal izateko». Izan ere, kausazko lokailua. Are gehiago: «Argi-ekintza honekin, beren ingurunean ikusten eta atzematen dutenaren sortzaile bilakatzen dira herritarrak». Sortzaile. Eraldatzaile. Gerrilla. Ekintza. Ezin burutik kendu Maialen Lujanbiok urtarrilaren 13ko Sinadura-n mahai gainera ekarritako sinonimoen ekuazioa.

Baina esanahien perbertsioaz akusazioak egiten ari naizen honetan, aitor dezadan: fede ona egon badago. Ezin pentsa liteke DSS2016ko proiektuan buru-belarri dabiltzan emakume eta gizon horiek guztiak kultura hegemonikoaren erreprodukziorako engainu baten alde ari direnik. Asmo on horien aterkipean proiektu eder askoak sortu dira, eta garatuko dira. Eta proiektua kritikatzen dugun askok dugu hanka bat lokatzetan, DSS2016k zuzenean edo zeharka finantzatzen duen egitasmoren batean parte hartzen dugulako. Parte hartzeak hori baitu. Sistema baten parte bihurtzen dela bat. Kontua da zein sistema motatan gauden, eta sistema horretan zein rol jokatzen dugun.

Bertso Eguna. Feminismotik sarea josten

Sare guztiak ez baitira berdinak. Ezta parte hartze guztiak ere. Azken aldian badirudi parte hartzeak berak bermatzen duela ekimen baten eraldatzailetasuna. Baina, parte hartze sare guztiak ez daude eraldaketarako diseinatuta. Sistemak norbere lekuari egozten dion funtzioak, balioek, estatusak eta norbere jarrerak definitzen dute (besteak beste) norbere agentzia maila. Eraldaketarik nahi ez duenak ederki babestuko du proiektuaren muina parte hartzaile soilen ekintzailetasunetik. Enara Garciak, DSS2016ko parte-hartze arduradunak, azpimarratu duenez, «laguntzaileek berebiziko lana egiten dute. Haiek gabe proiektuak aurrera egin ahal izango luke, baina, ez litzateke berdina izango». Garciaren hitzetan, «boluntarioak ez daude ezein langileren ordez. Are gehiago, uneoro izango dute kontratupeko profesionalen laguntza». Ezin izan dut Bertsozale Elkarteaz gogoratzea saihestu.

Beñat Gaztelumendik Argia-n argitaraturiko elkarrizketan dioen gisan, askotan saldu dute eta dugu Bertsozale Elkartea eredugarritzat, eta horrek ez nau oso eroso sentiarazten. Baina, ezin da ukatu bertsolaritzak jakin badu tokian tokiko eta unean uneko egoerara egokitzen gure kultur eta gizarte ekosistematxoan (eta ez naiz esaldi honetako «gure» definitzen ahaleginduko), musu-trukeko lanagatik izan dela hein handienean, zorionez. Baina, urtarrilaren 21ean Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako jardunaldietan agerian geratu zenez, badugu oraindik zer ikasia autoeraketaz eta ahalduntzeaz.

Feminismotik hartuta ekarri dugu ‘ahalduntzea’ gurera. Eta horretaz ere aspalditxotik ari da talde-gogoeta eraikitzen bertsolaritzaren inguruan, berriz ere, bertsolaritzaren mugimendua genero kontuetan eredugarri ikusteraino, barrutik zein kanpotik. Lujanbio txapeldun, Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegi diskurtsoaren bide-urratzaile, emakume bertsolari talde saretu bat eta Elkartean bertan genero batzordea. Eta egindako bidearen erakusle, genero-gaiak ardatz izan zituen 2014ko bertso egun polemikoa.

Pasa dira bi urte, eta urtarrilaren 30ean izan berri da 2016ko bertso eguna, eta aurtengoak ere eman du zeresana. Goizean saio musikatua izan zen Kursaal pareko taberna batean, eta arratsaldean ekitaldi nagusia Kursaalean. Hala, arratsaldeko saio osteko lehen tragoa hartzen ari ginela iritsi zen komentario –jo dezagun– anonimoa. «Saioa polita; egia esan urtero izaten da polita. Generoari buruzko hura izan ezik». Orduantxe esaten ari ginen saioa ez zitzaigula gustatu, eta genero ikuspegiari dagokionez, hutsune nabarmenak izan zituela. Bertsofeminaziak, kontzeptu gisa.

Aipatuko nuke arratsaldeko saioan, hots, ekitaldi nagusian, nabarmena izan zela emakume ‘kupoa’ bete nahia, eta aurten ere ez genuela bi emakumeren artean osatutako saiorik aditu ahal izan. Esan behar dut gai irekiak ere egon zirela, bi gizon bikote eta guraso paperean, esaterako, eta gero eta erosoagoak ari direla bilakatzen horrelakoak (bertsolariek ez zuten sentitu ‘ama nor zen’ zehazteko beharrik). Rol estereotipatuak makina bat izan ziren, ordea (esaterako, jubilatu motak aipatzerakoan, beste askoren artean ageri zitzaizkigun haurrak zaintzen zituen emakumea, batetik, eta «oraindik lanean» ziharduen gizon igeltseroa, bestetik). Goizeko saioan, aldiz, oso agerikoa izan zen genero ikuspegiaren lanketa, kupotik haratago. Estitxu Eizagirrek gidatutako saioan Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi, Miren Amuriza, Nerea Elustondo eta Rosi Lazkano aritu ziren kantuan, eta Idurre Eskisabelen testuek ederki jantzi zuten bertsolarien jarduna. Esango nuke arratsaldekoa baino dezentez saio gustagarriagoa izan zela –ikuspuntu ez bertsofeminazi batetik ere–. Arratsaldekoaren aldean xumeagoa, intimoagoa, eta merkeagoa. Hori ere ez da kasualitatea.

Joshua Fishman eta Angela Davis (oh, Angela gurea) koktel-ontzian sartuz, iruditzen zait ‘genero arnasguneak’ sortzen ari direla bertsolaritzan ere, baina oraindik ez diotela sistema osoari (batzuek) nahi adina eragiten. Denbora behar dela esango dit batek. Gogoa behar dela beste batek. Eta biek izango dute arrazoi.

Maskaradak, buhaminak eta ikusezintasuna

Parte hartzea, jarraitutasuna eta berrikuntza. Zuberoan badakite zerbait horretaz. Aurtengo maskaradak (ere) horren adibide. Euskal Kultur Erakundearen hitzetan, «Xiberutarrak bizitzeko kostaldera joatearekin gelditu baldin baziren ere, berriki berriz bizi-bizi hasi dira, tradizioa eta modernismoa nahasten jakin duten tokiko jendeei esker». Aurten sohütarrek (gehienbat Hoki baserri-auzoko euskal hiztunek) eskainiko dituzte maskaradak, hamahiru urte eta gero, berriz. 2003an eman zituzten azken aldiz, eta orduko kherestua da maskarada hauetako bi errejentetako bat (hots, bi gizonetako bat). Belaunaldi berri bati egokitu zaio lekukoa hartzea oraingoan, eta 38 lagun ibiliko dira, urtarrilean hasi eta apirilera arte, ohiturak eta aldaketak gorpuzten.

Beti berdintsuak diruditen arren, maskaradetako berrikuntzak esanguratsuak izan ohi dira urte batetik bestera, maskaradek inauterien funtzio soziala betetzen segitzen duten heinean, eraldaketarako eragile ere badirelako. Aurten, adibidez, ez da jaunaren ezpata zorroztuko duen xorrotxik. Horien ordezko, bi artzain izanen dira. Emakumeak biak. Eta artzainek eta artaldeak osatuko dute maskarada hauetako buhame taldea edo, Allande Sokarrosek definitu gisan, Buhamina taldea. Izan ere, denak emakumeak dira, eta horietako baten peredikuak kutsu feminista ere ba omen du (ez gaitezen asalda: «maskaraden moldean, bromaz josia», beti ere). Are gehiago: neskak gehiengoa dira aurten parte hartzaileen artean. Sokarrosen artikuluan atentzioa eman didana, ordea, lerro-burua da. Testuan zehar argi ageri bada ere aurtengo aldaketa nagusietako bat emakumeen presentziaren eta rolaren ingurukoa dela –esan beharrik ez da Zuberoan ere espazio publikoa ez dela bereziki emakumeen esparrua izan, inauterietan ere–, horratx, lerro-burua: «Gaztetasuna eta berezitasuna». Ikusezintasuna, bi zentzutan. Ai, Angela, pasa zaitez Oskixeko gainetik ere.

Ez baita erraza. Terminologia modernoa erabiliz, lurra prestatu egin behar da goldea –eta ez arrabola– pasatzeko. Generoaren eta parte hartze esanguratsuaren gaiek gogoeta eskatzen dute gugandik. Baina, onar dezagun: zer egingo genuke horrelako buru-lanik gabe? 2016 honek plazaratzen dituen zalantzetatik abiatuz berriak sortuko zaizkigu, zorionez. Lujanbiok bertso-eguneko agurrean bota zuen gisan, dudak ditugunez bizirik gaude. Pena metonimiko bakarra, hausnarketa-lagun izan ohi dugun kafea garestiago ordainduko dugula aurten.