Asteazkena, 2024ko maiatzak 08
Gora joan

Kultura

Miren Artetxe Sarasola
Miren Artetxe Sarasola

Inoiz ezagutu ez dudan jendeak eta lekuek nostalgia sortzen didate. Ezagututakoek ere bai. Zerbait gustuko dudanean, gustatzen zait gerora sentituko dudan nostalgia unean bertan sentitzea. Gauza askok asaldatzen naute, eta pozten naiz. Ulertzen ez ditudan gauzek begiak zabaltzen dizkidate. Hortik idatziko dut kulturaz blog honetan. EHUn nabil irakasle eta ikerlari. Nire amona zain dago biloba lanean noiz hasiko.

Bertsolari(tz)aren jokoa eta jolasa

Sarrionandiak Lapur banden etika ala politika saiakeran argi adierazten du nola bera haurra zen garaian ia anakronismoa zen bertsolaritza. Nola ez zuen bertsolaritzaren alde apustu egingo, handik berrogeita hamar urtera bizirik egongo ote zen galdetu izan baliote. Pentsatzekoa da apustu hura batek baino gehiagok galduko zukeela.

Alta, bizirik dago bertsolaritza. Oraintxe bertan, bizi-indar erakustaldi bete-betean, gainera. Hasi da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, andere-jaun-eta-bestelakook. Irailaren 23an abiatu zen Baigorrin, eta abenduaren 17an amaituko da BECen, Segura, Leitza, Zalla, Zumaia, Tolosa, Bastida, Irun, Maule-Lextarre, Durango, Amurrio, Donibane Lohizune eta Iruñetik igaro ondotik. Txapelketa. Bere irudi, bere sintonia, bere irrati-telebistetako tarte, bere final eta bere kiniela.

Eta esango dugu txapelketa ilusio bat dela, bertsolaritza ez dela BEC, finalaren biharamunean Barakaldon saio berbera antolatuz gero ez liratekeela ehun pertsona bilduko. Eta egia da, beharbada. Esango dugu txapelketaren eragina handiegia dela, bertsolaritza denaren eta ez denaren irudia definitzeko gehiegizko gaitasuna duela gauza onerako. Txapelketan sartzen ez den bertsolari eta bertsolaritza mota asko dagoela. Eta egia da.

Bertsolaritza vs Txapelketa dikotomia, ordea, dikotomia guztien gisara, eraikuntza bat da, bertsolaritza bera eraikuntza bat den bezala. Eta hain justu, guk hala pentsatu nahi izan ala ez, bertsolaritza bera, praktika kultural eta sozial gisa, ezin da ulertu txapelketarik –edo bederen lehiarik– gabe. Denis Laborde ikerlariaren arabera, XIX. mendean eman zitzaion bertsolaritzari kultur estatusa. Ordura arte paisaiaren parte zen praktika, garai hartan igo zen oholtzara; frontoitik antzokira sartu. Gaur egun ezagutzen dugun bertsolaritzaren antza orduantxe hartu omen zuen bertsolaritzak. 1850etik 1935era doan tartean Anton Abbadiak sorturiko Lore Jokoetako bertso-sariketen bidez, arian-arian, bat-bateko bertsolaritza antzemana eta izendatua izan zen, ikuskizun bilakatua, ebaluagarri egina. Eta lehiak berak eraman zuen bat-bateko bertso saioa modu jakin batean egituratzera, antzezpen antolamendu bat finkatuz. Ordukoa da, esaterako, puntu-erantzuna. Gaur egun plazako edozein saiotako ariketa ia saihestezina dena, 1880ko irailaren 26an sortu omen zen, zehazki, Donostiako Printzipal antzokian. Goizeko 11etarako lehiarako kantuan ziren sei bertsolari, tartean Pello Errota eta Udarregi. Saioan zehar azkar nabaritu zen bi horien artekoa zela norgehiagoka. Bertsoaldiak bata bestearen atzetik kateatu arren, ez omen zegoen modurik inor garaile jotzeko. Berdinketa hura hauste aldera, epaimahaiak ariketa bat proposatu zien bi bertsolariei: epaile bakoitzak bertsoaren lehen puntua jarriko zien bi bertsolariei, horiek hurrengo hiru puntuak atoan bota zitzaten. Pello Errota eta Udarregik erronka onartu, eta ezarian, bertso-sariketetako eskaletan sartu zen geroztik izerdi franko isurarazi duen ariketa.

Gaur egungo bertsolaritza ezin da ulertu, mugimendu gisa ere, Espainiako Gerra baino lehenagoko bi txapelketak (1935-1936) ez eta Euskaltzaindiak antolatutako txapelketak (1960-1982) aintzat hartu gabe. Ezin da azaldu gaur egungo bertsolaritza euskal gizartearen zati batek bertsolaritzari egotzi dion (eta bertso-mugimenduak bere gain hartu duen) funtzio sozial eta sinbolikoa kontuan hartu gabe. Txapelketa Nagusiko txapelak garaikur izatetik haratagoko esanahi hori ere baduela ulertu gabe.

Ezin da azaldu nola bilakatu den gaur egungo bertsolaritza gaur egungo bertsolaritza, besteak beste, Basarriren, Amurizaren, Egañaren edo Lujanbioren ekarpenik gabe. Eta ekarpen horiek ekarpen bilakatu dira, hein handi batean, txapelketak bere karga sinboliko osoz zilegiztatu eta erreproduzitu dituelako. Plazatik BECera eta BECetik plazara, behetik gorako eta goitik beherako eraginak daudelako, denean bezala, bertsolaritzaren sozializazioan ere.

Eta hala ere esango dugu lehiak ez duela zentzurik bertsotan, ezinezkoa delako bertso baten balioa zenbakitara ekartzea. Eta egia da. Are gehiago –edo ez–, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean.

Joseba Zulaikak hala zioen 1985ean:

Lehen mailako bertsolariek ez dute ia inoiz pottorik egiten, beren errimak txukuntasun miragarriaz osatzen dituzte, melodiaren erritmoa ederki gordetzen dute, eta jarritako gaiari paregabe lotzen zaizkie behin eta berriro. [...] Halaz ere, txapelketaren norgehiagokako probaleku estuan ikusi nahi ditugu. Eta hortarako juradu baten epaiketa behar, puntuazio bat eman, bertso ‘hobea’ eta ‘txarragoa’ bereizi. Baina bi bertso teknikoki errugabeak badira, eta bat bestea baino hobea dela erabaki behar bada, zeri begiratu behar dio juraduak? Bertsoaren ‘esanahia’, ‘gaiari lotzea’, ‘ziria sartzea’, ‘sakontasuna’, ‘grazia’, ‘bihotza’ eta holakoak hartu beharko ditu kontutan.

Hortxe dago koska. Epai ofizial eta ez ofizialen bidez, txalotzen dugunaren edo ez dugunaren bidez erabakitzen da txapelketan zerk ezaugarritzen duen bertso baten ontasuna. Txapelketan ez delako erabakitzen nor den bertsolaririk onena, baizik eta zein bertsolaritza mota izango den kanonikoa. Nondik nora eraiki nahi dugun bertsolaritza. Zein gizarteren ispilu izan nahi dugun, eta zein gizarte eraldatu.

Eta esango dugu pixka bat esajeratzen ere ari garela, txapelketa txapelketa besterik ez dela. Eta hori ere egia da.