Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 20
Gora joan

Kultura

Maialen Akizu Bidegain
Maialen Akizu Bidegain

Soziologia ikastea erabaki nuen erabakitzea kostatzen zaidalako. Egun doktoretzan, generoa eta politika kulturalak hizpide, eta gure amona kontentu, familian mediku bat dugula eta. Kulturgintzan aritzen naiz esparru desberdinetan eta esparru honetara ekarri nahi ditut kulturgintzak. Intuizioak limurtu egiten nau datorrenero.

Nola sartzen den mundua kanpotik barrura

Guri bost

Egongo da azalpenen bat, ikerketa, liburu edo autore dontsuren bat, zergatik bost –eta ez bi, hamaika koma hiru, edo hogeita sei– ditugula azaltzen duena, baina, hori beste baterako gai; kontua da sinistuta gaudela bost zentzumen ditugula, eta adostuta dago zein diren bostak: ikusmena, ukimena, usaimena, dastamena eta entzumena. Zentzumenen bidez kanpo munduaren berri izan eta erantzunak emateko kapaz gara, eta, hargatik, erabat lotuta daude zentzumenak kulturarekin. Kulturaren eta naturaren dikotomia setatsua hemen ere bai: ikusten, ukitzen, gustatzen zaigunak zenbat du gorputzaren erreakziotik, eta zenbat, ikasita ditugun premisa horietatik? Hori ere beste baterako.

Gaurkoan, hilabete hauetan jasotako inputak zentzumen batekin lotu nahi ditut. Jakitun begiek belarriak behar dituztela ikusteko, eta sudur-zuloak mingainaren maitale betierekoak direla. 7 eskale musika taldea «zentzurik ez daukaten gauza denen zale» zen; zentzua izatea posible balitz moduan.

Ikusmena

Arantza Santesteban mugitzen nauen ahots bat da. Bere esan, enkontru edo irakurritakoek oihartzun egiten didate gerora ere. Oroitzen dut nola irakurri nion burujabetza terminoak karranka sortzen ziola; berriz ere, gorputza albo utzi eta buruan jartzen genuelako fokua. Ordutik, eztabaidatu izan dut zein beste kontzeptu izan daitekeen ordezko. Proposamenik izanez gero, bota lasai.

Egungo ulerkera politikoak oinarri dituzten logika bitarrak zalantzan jarri: zer gara, heroiak ala traidoreak? Noiz gara bakoitza? Norentzat? Ezkerra ala eskuina? Non kokatzen gara «iraultza ala hil», «aberria ala hil» diogunean?

Apirilaren lehen igandean, aukera izan nuen Santestebanen 918 gau filma ikusi eta Tabakaleran eskainitako ondorengo solasaldian egoteko. Igande sargoria eta barrura sartzeko nagirik ez. Pelikularekiko espektatibak erlatibizatzea kostatzen ari zitzaidan. Iaz estreinatu zen film horrek nazioartean sari garrantzitsuak lortu ditu: DocLisboako Nazioarteko Film Onena, Torino Film Festibaleko Nazioarteko Dokumental Onena eta Pontevedrako Novos Cinemas-en Latexos saria.

65 minutuko tartean ikuslea begira egotera baino, behatzera gonbidatzen du pelikulak. Narratiba zuzenik ez dago; irudiak erakusten dira, teknika ezberdinen bidez hausnarketa proposatu, iradoki, galdetu. Pelikularen osteko kolokioan prozesu kaotikoa eta zaila izan dela zioen Santestebanek. Bere militantzia esperientzia du ardatz, baina helburua ez da izan Euskal Gatazka deiturikoaren errelatua osatzea; gehiago nahi izan du errelatu hori zein egungo ulerkera politikoak oinarri dituzten logika bitarrak zalantzan jarri: zer gara, heroiak ala traidoreak? Noiz gara bakoitza? Norentzat? Ezkerra ala eskuina? Non kokatzen gara «iraultza ala hil», «aberria ala hil» diogunean?

Kepa Matxainek elkarrizketa bikaina egin zion Santestebani Argia aldizkarian. Bertan kontatzen zuen, ikuspuntu subjektibotik egindako pelikula izan arren, ez zuela pelikula intimista bat egin nahi; kolektibotasunak norbanako arduratsuak behar ditu, eta berak xede horrekin ondu du lana. Pentsamenduaren inguruan pentsatzeko beharra aldarrikatzen du Santestebanek, hausnarketari leku egitea, abstrakzioari, deskribapenari. Erakuts dezagun, azaldu beharrean. Erakutsi kartzelaren barruak, kanpotik jasotzen diren irudiak, betikotuta ditugun leloak, gutaz hitz egiteko imajinario berriak. Artea ez dagokio zerbaiti bakarrik; zerbait ere bada. Artelan bat gauza bat da munduan, eta ez munduari buruzko testu edo iruzkin bat bakarrik.

Tabakalerara bertaratu ginen lagunok bukaeran ikusitakoa konpartitzeko hitzak bilatu ezinda ibili ginen. Ulermenaren kodeetan deszifra ezin genezakeen obra bat zen hura, noraeza sortu eta mugitu gintuena. Zerbeza baten bueltan deigarri egindako eszenak atera ziren, bukaerak sortutako haustura, musikaren efektua, kameraren tekniken erabilera. Ez genekien ondo interpretatzen jaso genuena, baina, horixe da kontua, edo? Saiatzen gara aurretik genituen eskema eta kaxoietan kokatzen jasotzen duguna, edukiari heltzen; gustatzen zaigu eta lasaitzen gara hala bada, arraro edo inuzente sentitu bestela gertatzen denetan. Elkarrizketan Santestebanek zioen: «gustatzen zait jendea uztea ikusi duenarekin zer egin oso ongi ez dakiela». Gu geu halaxe utzi gintuen. Eta beste zerbeza erronda bat eskatu genuen arratsaldeko zortzietan hori delako egiten dena.

Ukimena

Piarres Xarritoni irakurri nion behinola Iparraldean ‘hunkitu’ Hegoaldeko ‘ukitu’-ren parekoa dela, ez besterik. Hegoaldeko egodunok, baina, azken urteotan ñabardura berri bat erantsi omen diogu: hunkigarria da bihotzean ukitzen (hunkitzen) gaituen hori.

Teknologiaren eta kulturgintzaren arteko harremana historikoki izan da gatazkatsua, eta alferrik desiratuko dugu hala ez izatea. Musika sortu, ekoitzi eta entzuteko moduak aldatu egin dira, eta, ezinbestean, musika ulertzeko eta ukitzeko moduak ere bai.

Gainerako zentzumenetan giza aberea ezdeusa da beste animaliekin konparatuz gero; ukimena, ordea, espezie honetan, bereziki garatu da. Ukimena, gainera, beste zentzumenak ez bezala, derrigorrean da alde bikoa: beste zer edo zer ukitzeak zerbait horrek zu ere ukitzea dakar. Ukimena da plazera, intimitatea zein lotura sozialak lortzeko bide, eta beroriek suntsitzekoa ere bai; torturek, bortxaketek, azala izaten dute laztura eta sufrimendu jo-puntu gehienean.

Ukitzea jotzea ere izan daiteke, baina jotzeak ez du beti min ematea esan nahi. Larrua jo egiten dugu, baita musika ere. Orain artean, musika jotzeko, gutxienez, instrumentua, ikaskuntza eta gaitasuna behar ziren; gaur egun, instrumenturik ukitu ere egin gabe jotzen dugu musika. Zakurraren biolina!

Halaxe eman zuten kontzertua Ines Osinaga, Olatz Salvador, Itziar Garaluce eta Lorea Argaratek maiatzaren 14an Galdakaon, bigarren urtez antolatu den Sormene egitasmoaren barruan. #Mauriziakezdauinorhil izenarekin, Mauriziaren kantak oinarri hartu eta, trikitia eta musika elektronikoa uztartuz, bestelako kopla zein kanta berriak eskaini zituzten. Ni neu tamainan harritu eta sobera mesfidatu izan nau oholtzetan estu-estu kabitzen ziren bateria, gitarra, baxu, trikiti eta enparauak bitrozeramika itxura hartzen diodan mahai batera sinplifikatzeak, baina aldatu zaizkit tamainak eta soberak.

Teknologiaren eta kulturgintzaren arteko harremana historikoki izan da gatazkatsua, eta alferrik desiratuko dugu hala ez izatea. Musika sortu, ekoitzi eta entzuteko moduak aldatu egin dira, eta, ezinbestean, musika ulertzeko eta ukitzeko moduak ere bai: instrumentu eta farandulak ukitzeari muzin egin gabe, akaso hobe musikak Iparraldeko adieran ukitzen bagaitu.

Dastamena

Duela gutxi irakurritako ipuin bat.

Animaliak buru-muinak idortuta zebiltzan gauero begira izaten zuten ilargia nola dastatu pentsatzen: zer izango zen, gazia edo geza? Gozoa ala garratza? Biguna ala gogorra? Egun batean, dortoka txikia inguruko mendirik altuenera igo zen, besoak eta lepoa luze-luze egin, baina alferrik, ezin ilargira heldu. Orduan, elefanteari deitu zion: «Elefante, elefante, etorri hona eta igo nire oskol gainera, ea horrela ilargira heltzen garen». Ilargiak jolas bat zela pentsatu eta, elefantearen tronpa gerturatzean, ieup, jauzi txiki bat eginda tartea handitu zuen. Etsitzeko asmorik gabe deitu zieten animaliek jirafari, lehoiari, azeriari, tximinoari. Bata bestearen gainean jarri eta ahaleginak eta bi egin zituzten, baina ilargia salto eta zapart. Saguari deitzea bakarrik falta zen, eta halaxe igo zen sagu txikia kideen bizkar gainetara. Ilargia jolasarekin aspertuta zegoen ordurako. Sagu txikiak ez zion arriskurik iradoki, eta zegoen lekuan gelditu zen, kieto. Saguak, brinko handi bat eman eta, ñan-ñan, ilargiari zatitxo bat kendu zion.

Lagunen artean banatu zuten ilargiaren zatia. Ilargiaren zaporea ezin izan zuten adostu; bakoitzak gehien gustatzen zitzaion zaporea hartu zion ilargiari: sagutxoak gaztarena, elefanteak kakahuetearena, tximinoak platanoarena.

Usaimena

Hiru urteko itxaronaldiaren ostean, 2022ko martxoaren 31n abiatu zen Amurriotik Donostiara hogeita bigarren Korrika. Hitzekin izan da edizio honen leloa, eta Karmele Jaio idazleak irakurri zuen amaierako mezua. Hainbat ertzetatik hel diezaiokegu Korrikaren fenomenoari, baina, artikulu honetan zentzumenak hizpide, 2022ko Korrikaren ikus-entzunezkoa aipatu nahi nuke. Edizio honetarako Txakur Gorria sormen kolektiboak egin du lana. Ane Labaka Mayoz kolektiboko kidearen hitzetan, leloaren bi zatiak izan zituzten dokumentala osatzeko abiapuntu: «hitz» eta «ekin». Euskararen errealitate linguistiko eta emozionalaren argazki bat erakusten duten bederatzi lagunen hitzak biltzen dituzte, eta, segidan, hitzek mundua eraikitzeko duten gaitasunaz hausnarketa egiten da Korrikako irudi zaharrekin lagunduta Lorea Agirreren ahotsean.

Elkarrizketatuek etxeko janaria, baratzeko lur eta belar bustia, egunsentiko ihintza, amaren eta aitaren larruaren usaina hartzen diote euskarari.

Dokumentala sarean dago eta ikustera gonbidatzen zaituztet, baita proposatzen duten ariketa poetiko-politikoa egitera ere; galderak erantzutera, alegia. Koloreak dira lehen galdera-gai: Zein kolorerekin lotzen duzu euskara? Urliak dio kolore asko dituela gure hizkuntzak, Sandiak harrien kolorea jartzen dio, Berendiak laranja, eguzkiaren kolorea laranja delako. Galde egiten dute musikaz ere: Zein musika edo soinurekin lotzen duzu? Herri-musikarekin lotzen duenik bada, euskalkiekin eta isiltasunarekin lotzen duenik ere bai. Eta zein usain du euskarak? Elkarrizketatuek etxeko janaria, baratzeko lur eta belar bustia, egunsentiko ihintza, amaren eta aitaren larruaren usaina hartzen diote euskarari; bada belardi batetik behorrak pasa direla antzematen den usaina atxikitzen dionik ere. Batek, irrika, galdera hori oso zaila dela eta ez dakiela erantzuten dio. Nik ere arrastorik ez.

Izan ere, ukitzen duguna deskriba dezakegu esanez lakarra dela, oliotsua, segaila; dastamena oinarrizko bost zaporetan banatzen da: gazia, gozoa, mingotsa, garratza eta umamia; entzuten duguna ere esan genezake grabea dela, arina, bortitza. Baina, usainak, nola deskribatu usainak? Euskarak ba al ditu bere usainak? Non dago kiratsaren eta lurrinaren muga?

Entzumena

Maite dut ibilian ibiltzea. Neure kasa joaten naiz gehienetan, baina aitortzen dut, aspaldian, bidean soilik egoten kosta egiten zaidala. Gure bizimoduaren penitentzia bada hori: gauza bakarra ezin, beti lau egin nahi. Kaskoak jarri eta irratia edo podcastak entzuten ditut, txorien kantuak bereizteari amore emanda.

Entzumena da gizakiok gureganatzen dugun lehen zentzumena, eta azkena galtzen duguna ere berori omen da; hil ondotik ere funtzionatzen du entzumenak. Horregatik hildakoari belarrira azken xuxurla egiteko ohitura edo gorpuaren bueltan isiltasuna mantentzeko eskaria.

Euskarazko podcasten artean bada non aukeratua. Gustura entzuten ditudanen artean dago Barruan gaude podcasta. Oier Aranzabalek gidatzen duen podcast hori ez da estudioan grabatzen; gonbidatu bat izaten du atal bakoitzean, eta haren etxean izandako solasaldia eskaintzen da tarteko soinu zein interferentziak disimulatzen saiatu gabe. Berrogeita zazpigarren atala Xabier Erkizia lesakarraren etxean grabatutakoa da: soinuaren, zarataren eta entzumenaren inguruko ordu eta erdiko argizaria.

Erkizia txikitatik liluratu du zaratak. Oroitzen du aitonak beti bizkarrean irrati zahar bat izaten zuela eta dialean munduko hainbat herrialde zeudela idatzita; erruleta biratu eta «Paris». Irratiaren karranka Parisen entzuten ari zena izatea sekulakoa zitzaion mutikoari.

Mota askotako lanak egin ditu lesakarrak, eta, bilduta dituen soinuen antzera, bera ere ez da erraza kalifikatzen. «Berandu iristearen artea» omen da berea; soinuak harrapatzen du bera, ez berak soinua. Mikrofonoarekin kalera atera eta grabatzeko botoia sakatzen baduzu, soinu bat helduko da zuregana; baina soinu hori hor zegoen jada, zu zara ondoren iritsi dena.

2022ko otsailean estreinatu zen Erkiziaren lehen film luzea, O gemer (Intziria). Filmaren akuilua, aitonak kontatutakoa: gerra garaian gurdien soinuek ba omen zuten bi aldeen momentuko su-etena iragartzeko soinu bat. Idi-gurdietan eraildakoak baldin bazetozen egiten zuen soinu hori gurdiak; gorpuak ez baitauka bandorik. Victor Hugoren Idi-orgaren karranka bidai kronika liburuan irakurtzean ere ohartu zen gurdi-soinuek kodeak zituztela garai hartan, eta motorrak eta industriak erabat aldatu zutela hiriaren soinua.

Entzumena da gizakiok gureganatzen dugun lehen zentzumena, eta azkena galtzen duguna ere berori omen da; hil ondotik ere funtzionatzen du entzumenak. Horregatik hildakoari belarrira azken xuxurla egiteko ohitura edo gorpuaren bueltan isiltasuna mantentzeko eskaria. Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala eleberriak hala dio: «Ez nengoen konturatuta: isiltzen-ek ere hiltzen darama barruan».