Osteguna, 2024ko apirilak 18
Gora joan

Kultura

Maialen Akizu Bidegain
Maialen Akizu Bidegain

Soziologia ikastea erabaki nuen erabakitzea kostatzen zaidalako. Egun doktoretzan, generoa eta politika kulturalak hizpide, eta gure amona kontentu, familian mediku bat dugula eta. Kulturgintzan aritzen naiz esparru desberdinetan eta esparru honetara ekarri nahi ditut kulturgintzak. Intuizioak limurtu egiten nau datorrenero.

Nola erantsi suari sua

-lakondik

Jakin aldizkarian, txo! Bi hilean behin begiak zabal-zabal esku artean hartu, arkatzarekin azpimarratzen hasi eta entresakak irakurtzen bukatzen duzun aldizkarian. Irakurri al duzu azkenengo zenbakia? Eta zuk, baiezkoa buruaz, klaro ba. Egun sekula baino gutxiago irakurtzen dela dioen ustearen aurka zaude, edo hala uste duzu. Irakurtzea, ordea, bihurtu da sekula baino gehiago jakiteko bide, eta, akaso, inoizko jakintzarako muga handien. Nahi dugulako jakin, baina nahi dugulako minetik urrun, eta euskararen esan kuriosoa da minaren positiboa: maitemina, herrimina, jakin-mina.

Narrats hasi haiz. Hasieretan beti ibiltzen haiz xelebre. Ez dun asmatzen noiz atera behar diren azeitunak, zer egin urtarrilaren 1ean, zer tokatzen den; Kaixo. Apa! Iepaleeii! Kosta egiten zain tonua topatzen. Badakin, hobe dela isiltasuna ez puskatu hobetzeko ez badun.

Ibon RG musikariak Ahotsa pieza esperimentalezko konposizioetan lantegia antolatu du Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan. Hainbat ariketa gauzatu dituzte, kasu, artikulatutako hitzak beharrean, gorputzak produzitutako soinuak erabiltzeko ariketa. Kraghwy (euskaratik egin dudan soinu honek w eta y dauzka). Iboni irakurri diot «gure ahotsa ez dugula ezagutzen», eta akordura etorri zait Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik saiakeran ahotsari eskainitako azpikapitulua. Nerea Ibarzabalek hala zioen: «ez daukat harreman ona nire ahotsarekin». Nik markinarraren tonuan irakurtzen nuen esaldia, eta poetiko bezain metafisikoa iruditzen zitzaidan, baina ez dut nahi bertsolaritza lerro hauetara ekarri, oraingoz, Segurolak (abizena pare-parera!) ezarriko nauelako IdPot (Ideia Potoloak) besarkatzen dituen bertsolari gutarra gisan (hire liburua esku artean diat!).

Nire ahotsetik atera ez diren nire hitz hauek, ordea, zio bat eta bakarra hautatu beharko balute, garbi daukat (beno ez, bi hautatuko ditut, badaezpada): zertarako kultura(z)? Eta nondik kultura(z)?

-lako

Arrazoiak beti doaz menpeko esaldietan. Eta gurean, konkordantziaren mesede, gehienetan atzizki bat daramate. Arrazoia aipatzen dudanean, zertarako galdetzen dudanean, kulturaren determinazioaz jardun nahi nuke. Raymond Williamsen hitzak neuretuz, kulturak edo kultur espresioak prozesu material gisa ulertu nahi nituzke eta eraldaketarako gaitasuna aitortu.

Jakinen azken zenbakia, azaro-abendukoa, arkatz eta azpimarra leitu nuen (hura bai), eta mahai bueltan banengo gisa jaso nituen Itziar Ugarte kazetariak ‘Pandemiaren urtea kulturgintzan’ izeneko mahai-inguruan ekarritako hitzak. Xabier Gantzarainek, bueltan-bueltan, hasieran aipatutako galdera jotzen zuen funtsezko: «zer da eta zertarako da kultura?». Katti Pocheluk zioen, eta bat nator, «zer da» hori ez dela horren garrantzitsua, (ez) garena egiten (ez) duguna delako edo izatearen galdera beti doalako definizio baten bila. 1952rako, Alfred Kroeber eta Clyde Kluckhohn antropologoek kulturaren 250 definizio bildu zituzten; xx. mendeko bigarren hamarkadan Telesforo Aranzadi eta Joxemiel Barandiaran ere aritu ziren euskal kulturaren definizioaren bilaketan, baina kulturaren ikuspegi estatiko eta idealizatua sortzen dute halakoek, gorpuztasunetik eta emozioetatik apartekoa.

Alabaina, funtsezko izatea funtsezko bihurtu da, eta kulturaren funtsezkotasunaz galdetzea interesatzen zait ez hainbeste erantzun bat topatzeko, ezpada kulturaren agentzia eta balio politikoa jomugan ipintzeko. Hasi gaitun potolokeriatan.

Bai zera potolokeriak. Belarri ertzean burla-haizez ari zait kilkerra gu gera Euskadiko gazteri berria kantari. Potoldu dezakedan bakarra, hor nonbait, Pello Lizarraldek Argiantza bere azken nobelaren karira utzitako titularra: literatura light-a nagusitu da. Tripak mugitzen omen zaizkio Lizarralderi irakurritako zerbait gustatu eta inork polita dela esaten badu. Pooolita, polit-polita. Niri ere polita ez zait bereziki kategoria polita iruditzen, Porrotxen ahotsean entzuten dut irakurri ahala; nahiago ederra edo latza edo tumatxa (tumatxa nola ez dugu gehiago erabiltzen?), baina zalantza daukat bat etorriko ote nintzatekeen Lizarraldek izendatzen duen literatura light-arekin. Kultura eta entretenimenduaren aferari heldu zion, besteak beste, Plaza Hutsa Jardunaldietan Herri kontakizuna birsortzeko bulkada kulturala izenburuan egindako saioan Ximun Fuchsek ere. Fuchsen ustez, kultura abertzaletasunarekin lotzen asmatu behar dugu; entretenitzea izan daiteke bigarren mailako sintoma, baina kulturak/arteak berezko duten «garratza» izan behar omen da helburu. Euskaraz, garratza mina ere bada. Gavin Turk artista plastiko britainiarrak zioen artearen munduko lana oso zaila dela egun, entretenimenduaren, aisialdiaren industriarekin alienatu delako, eta entretenimendu gisa, bereziki, ez delako entretenigarria.

Nik ere, ordea, behar ditut, Ane Garciak Berria egunkariko ‘Zimikoa’ artikuluan aipatu bezala, Divinity egunak. Garciak zioen: «Batzuetan bizitza igande arratsalde errugabe bat izan zedin desiratzen dut». Bis-bis. Katixa Agirrek ere, tarteka, «ez-produktibo» izatea aldarrikatzen zuen. Ez nuke produktibitate eza entretenimenduarekin berdinduko, baina nabarmena da nire ustez, orokorrean, gai honetan generoak duen papera (beste baterako).

Esku artean duzun aldizkaria zintzo demonio irakurtzen ari bazara, ohartuko zinen ez dela Divinity egunetarako idatzia. Estatuenak ez beste mugak baina, lauso. Hauxe duela gutxi gertatua: Zaldi urdina ikustera joan dira bi lagun. Bat, calendarrean jakinarazpena jarrita, sarrerak ahalik eta azkarren erosita, okasiorako txamarra vintage-a jantzita joan da; bigarren laguna, hamar gutxitan, hantxe. Bukatu eta lehena begiak bekainarekin bat eginda, flipatzen, buah, buah, buah, hau gure historia da, superidentifikatuta nago, buah, nire amari galdetu behar diot honetaz… Buah. Bestea, pozik. Guay, ondo, divinity!

Aditzera eman nahi dudana da hartzailearen politak ez duela literatura light-a egiten halabeharrez. Egun, gainera, esango nuke artearen (eraldaketarako gaitasuna duen prozesu materialaren) eta estetikaren (plazer sentsorialak helburu dituen) eremuen artean gero eta diferentzia gehiago dagoela. Begoña Martinez Goyenaga Guggenheim museoko komunikazio eta marketin zuzendariak, Euskal Telebistak egindako elkarrizketa batean, apirilera bitarte egongo den Olafur Eliasson artista daniar-islandiarraren erakusketaren arrakasta aipatu zuen: Eliassonen erakusketak gazte eta familia talde handiak bildu ditu. Arrazoia: bere artea «argazkietan oso ondo ateratzen» dela.

Zertarako galderari tiraka hasi naiz eta hementxe nabil nahas-mahasean, emankor izan guran deseroso. Behe-laino itxia sartzean bezala, askotan iruditzen zait zertarako galdera bilakatzen dela nondik. Banoa hara.

-(n)dik

Orain artean euskal kulturarik ez dut aipatu, baina aitor dezadan kulturara ere euskaratik iritsi naizela. Munduaz hitz egitean, mintzatzen naiz territorio honetatik, baita lotsaz edo urdinaz dihardudanean ere. Behe-lainoaren metafora kutrea berrekarriz, nondik galdera erantzuteko, hizkuntza segi.

Herri hau euskaratik eta euskaraz sortzen jarraitzeko gonbita luzatu zigun Maialen Lujanbiok 2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako final jendetsu (gaurtik are jendetsuago) hartan. Borobil-borobila iruditzen zait esaldia, eta momentu historiko hartako sentsibilitatea bete-betean biltzen asmatu zuelakoan nago. Jakinek kulturaz aritzeko aukera eman dit. Itsaso beste ur azaldu zait parez pare, baina, neurria hartzeko, derrigorra iruditzen zait kulturaz beste politikaz eta ekonomiaz ere aritzea (aho uhalak nahi eta hain zabiltza aho ahul).

Uhalak eta hariak. Intersekzionalitateaz pentsatzeak bultzatu gaitu hari desberdinak lotzera, eta ohartu korapiloak egiteko baino soka indartzeko balio digula horrek. Kulturgintzan sumatzen dut kultur esparru desberdinak elkarrekin aritzeko eta elkartzeko inoizko borondaterik gehien, eta testuingurua aldez eta moldez horrenbeste baldintzatu duen pandemia bezalako gertaerak asmo hori indartu duela esango nuke. Jar daitezke adibide gisa greba digitalaren kontsentsua, edo Sormene, abenduan Galdakaon lekututako sormen-arloko egitasmoa, baina egia da oraindik zailtasunak topatzen ditudala kultura eremu diferentzial eta autonomo gisa ez kokatzeko. Kulturatik zer egin Donostiako Alde Zaharreko polizien bortizkeriaren aurrean? Kulturaz nola hitz egin adinekoen egoitzetako langileen asanbladan? Nola elikatu neketik kultura?

Sumatzen dudana da, ‘bestea’ zein jendartea arrisku leku bihurtu den honetan, kulturak eman diezaiokeela lekua kolektiboari. Iruditzen zait desberdin bizitzen ari garela gure etxeko mantapean ikusten dugun pelikula alternatibo kritiko demasa edo herriko antzokian biltzera garamatzan edozer. Eta horrek betetzen nau nolabait. Azken hilabeteetan kultura bizi/kontsumitu/partekatu dudan ekitaldietan sumatu dut, denbora eta leku batean nengoela, kolektiboa eta norbanakoa momentu berean izateko aukera eta handik atera eta noranahi joateko gogo falta (ados, horretarako aukerarik ere ez dagoelako bada). Byung-Chul Han filosofo korear sonatuak Erritualen desagertzea saiakera argitaratu zuen, itxura, COVIDaren usainik hartu gabe artean. Erritualek mundua ‘etxe’ bihurtzeko gaitasuna zutela zioen Hanek; erritualen bidez komunikaziorik gabeko komunitatea lortzen zela dio, justuki, komunitaterik gabeko komunikazioa nagusitu den honetan, eta bizitzarentzat erritualak gauzentzat lekuak bezain beharrezkoak direla uste du.

Gure kultura kristauan, Gabonak, urte amaiera da erritual sozial-espiritual gehien pilatzen den epealdia. Osasun-neurriak alapikulatunpaire doitu arren, aurten inoizko Gabonik lauenak pasa ditugu: ez fitxatu beharreko familia-elkartzeak, opariak justuan, gehiegikeriak neurtuta. Eta ingurukoei galdezka, sentsazio konpartitua izan dugu oso ondo zein egunetan ez geunden jakitea, «aiba, bihar lanera».

Horregatik uste dut datozen urteetan harremanak elikatzeko eta politizatzeko helduleku izan daitekeela kultura. Eta bai, galdetu diezadakezu zer ulertzen duzun ‘politizatzearekin’ eta nola egiten den hori, baina kilkerrak jarraitzen du kantari eta ez zaitut entzuten.